Gabonetan denok jaio behar dugu

Begira itsasora,
begira mendira:
bizitza etengabe
jaiotzen ari da,
begira garadira,
begira sasira,
nazuna ttipia ere
jaiotzen bizira.

Gabonetan jaioko
da Jesus haurtxoa,
Gabonetan jaioko
zaigu astotxoa,
Gabonetan jaioko
da, berdin, eltxoa,
Gabonetan jaioko
izadi osoa.

Gabonetan jaioko
handi eta txiki,
eta zein den gehiago
zeinek erabaki?
Jainkoak ez du behar
uste adina toki,
guk ez dakigu baina
bihotzak badaki.

Etagabe jaiotzen
ari gara denak,
Jesusen pare gara
birsortzen garenak,
harekin bat eginik
betitik gaudenak,
eman izan dizkigu
berririk onenak.

Bizitzaren batailan
galdu ohi dugu maiz,
halabeharrez neu’re
hoietakoa naiz;
bihotzari entzuten
diot begi alaiz:
“oraindik ume haiz-ta
noizbait haziko haiz”.

Barneko haurtxoari
arren egin kasu,
ahalegindu ematen
egunero musu,
uste ez duzu baina
eske ari zaizu,
hori eginik, berriz
jaioko zara zu.

Ibaietan barrena
biziaren ura,
zuhaitz tantaiek ere
bizi-ihintza gura;
dena bat den lekuan
zertarako muga,
alderik ez badago
kanpotik barrura?

Besterik ezer gabe
izan eta izan,
guztia ongi dago
DENAren elizan.
Nahiz eta entzungo dugun
“hemen ibili zan”,
beti egongo gara
betiko gerizan.

Kalkutako Teresa
daramat barnean,
baita Pinochet ere
bere aldamenean;
horretaz konturatzen
hasten naizenean
jaioko naiz berriro
Gabon Egunean.

Luzatzen badizute
beren eskutxoa,
ez utzi eman gabe
ahal duzuntxoa;
aurrera irten liteke
alderdi zintzoa,
egunero entzunez
Gabonen mintzoa.

Nabaritzen baduzu
inguruko hotza,
nabaritzen baduzu
bakardade motza,
esan nahi du hor dela
bidean jaiotza,
Gabonek berrituko
dizute bihotza. 

Egunero jaiotzen
bagara gu berriz,
gero eta alaiago
bagaude aurpegiz,
egunero jantzirik
bozkario-argiz,
beti Eguberriak
zinez eta egiz.

Esta entrada fue publicada en 1 Bertsoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s