Zahartu, gaixotu, hil

«Jaiotzeak hiltzea zor.» Egunero berritzen den esaera zaharra. Naturaren arabera bizitzeko sortuak gara. Eta gure naturak, ezagutzen dugun denbora-espazioan behintzat, lege hau ezarri digu: zahartu egin behar derrigor. Baldin bada beste dimentsiorik, non denbora eta espaziorik ez den, eta inoiz iristen bagara, hitz egingo dugu. Edo, agian, hizketarik ere ez dago dimentsio horretan. Nola mintza gintezke, ordea, gauza horiei buruz? Egia da, gu ez gara, ni ez behintzat, bereziki adimentsuak, horrela hitz egiteko. Baina bizi subatomikoaz edo fisika kuantikoaz zertxobait entzunda bagaude (entzun bakarrik, jakitea ezinezkoa da-eta), edozer izan daiteke.

Dena dela, zahartu beharra daukagu, eta beldur diogu zahartzeari. Eta beldurra uxatzeko, ostrukaren moduan, burua hareatan sartzen dugu. Ez dugu onartu nahi beldur garenik. Erretiro-planak eta enparauak zer dira, ba, azken finean? Zahartzaroari diogun beldurra inbertsio soinekoz mozorrotuta.

Mila modutan ahaleginduko gara beldurra ukatzen. Behar izanez gero, erreprimitu egingo dugu, baina pentsamendu txarrek beti aurkituko dute guganaino iristeko zirrikitua eta gu aztoratzeko modua. Sarritan, ahaztu nahian, «bizio txarrekin parte.» Kontsumitu gabeko onik ez: jana, edana, jokoa edo zernahi. Eta kopeta beltza, haserre. Lehengo komatxo artekoa Xepelarrena zen, eta oraingoa ere bai: «ardoarekin adiskide eta senarrarekin zapuztu.» Beldurrari ihesi ibiltzeak, ordea, areagotu baino ez du egiten beldurra; ihesaren motiboa ikusten eta nozitzen ari zaren bitartean ez dago ahanzterik. Eta ez dakar sufrimendua areagotzea baino.

Egia benetan onartzen dugunean hasten da beldurra aldentzen; gure izatea zer den benetan jabetzen garenean, naturaren arabera bizitzeko prest jartzen garenean, eta ez zaharrak beti besteak balira bezala, zahartzaroa gurengandik beti urrun balego bezala. Egoera gainditzeko klabea hau da: «zahartzen ari naiz, egia da, baina egun bakoitza bizitza osoa balitz bezala biziko dut.» «Presentean bizi behar dut», esatea bezala da hori.

Eta gaixotzeko jaioak gaude. Jakinduria handia adierazten duen espresio batean laburbiltzen dute zaharrek: «Horiek denak guretzat daude.» Guretzat daude gaixotasunak, eta elbarri utz gaitzaketen istripuak, infartuak, eta abar. Ez dugu jasotzen aldez aurretik abisurik, ez dago zeinezkorik. Askotan, zeharo harritzen gara: «Mundua bizkarrera altxatzeko moduko mutila, edo neska, eta hori atarramentua!» Maiz asko, kirolaririk indartsu eta zailduena, igual, betirako gurpildunean jarrita.

Zahartzaroarekin bezala gertatzen gaixotasunarekin ere: beti besteak dira gaixo daudenak. Begiratzen diegu eta bat bera ere ez dugu osasuntsu ikusten. Aterako diegu akatsen bat handik edo hemendik. Segituan hasiko garan juzkuak egiten zer hartu beharko duten eta zer ez. Ai!, baina egun batean geuri esango digute prostata ez dakit zenbat hazia dugula, belarrian janari baten izeneko sindromea, gauean begiak bete lo egin ezin, pixa egiten nekea, hezurretako mina… eta medikua «sabeletik ongi libratzen al zara» galdezka, eta  zu lotsetan gorritua. Hala ere, oinazetan baino hobe!

Ez engainatu, geure burua idisko bat baino sendoago ikusten dugulako. Ez da komeni momentuko sendotasunari eta osasun-itxurari kasu gehiegi egitea; edo, itxura ona gorabehera, hobe da egun batean gaixotu egingo garela onartzea eta prestatzen hastea. Harrokeriak utzi beharra dago, eta onartzen hastea ez da seinale txarra. Bide zuzenari heltzeko ordua da, eta gure gorputza eta burua honda ditzaketen jardun eta jokoak aparte uztekoa. Baina beti presente izan egun batean gaixotuko garela, eta egun horretan ez harritzeko moduak egin behar ditugu, beldurrik gabe.

Azkenik, heriotza. Hiltzeko programaturik jaiotzen gara. Heriotza tabu bihurtu dugu, ez dugu horretaz hitz egin nahi, beldur baitiogu heriotzari ere. Gure subkontzienteak ere eginahalak egiten ditu ahazteko. Baina egia hor dago, eta aurre egin beharko diogu. Ez dakit zein den aholkurik onena, baina txarrena ez presentean bizitzen saiatzeko esatea. Pentsatu ohi dut heriotzaren ostean ere, gutxienez, mundura etorri aurretik adina izango naizela. Batzuen ustez, gure egoa da hiltzen dena; gainontzean, beti izan garena izaten jarraituko dugu.

Heriotzaren ondorio zuzena da guretzat garrantzitsuak izan diren gauzak utzi beharra: etxea, ingurukoak –guretzat oso inportanteak diren pertsonak–. Ez ezer dugu ezer hemendik ezer eramaterik izango, goazen tokira goazela. Hala entusiasmoz zaindu dugun guztia galduko dut, bakarrik ekin beharko diogu bidaiari.

Horregatik –orain esatera noana oso gogorra irudituko bazaizue ere–, nahitaezkoa da uko egiten ikastea; ez bakarrik gustuko ditugun objektuei, baita maite ditugun pertsonei ere.

Esan dugu beste mundura ez dugula deus ematerik izango. Hala eta guztiz ere, ez gara eskarmentatzen: ez gara nekatzen dirua eta objektuak pilatzen, fama lortzen. Urteekin behera egiten ez duen gutizia da. Gaixo jartzean, berdin jarraitzen dugu, jarrera izpirik aldatu gabe. Gauzak akumulatzea zentzugabekeria da, berez, baina azkar justifikatzen dugu: «ondorengoentzat ere utzi beharko zerbait, ahal dela behintzat!»

Ziur ez dakit non irakurri nuen, baina badakit hurrengo pasadizo hau Budarena dela: «Ez zaitezte identifika lo egiteko babesa ematen dizuen arbolarekin. Gai izan behar dugu edozein arbolaren azpian jarri eta lo egiteko.» Gure zorionak ez du egon behar leku baten baitan, nonahi zoriontsu izateko kapaz izan behar dugu. Toki guztiak uzteko prest egon behar dugu. Praktika da klabea eta sekretua: uztarririk pisuena eta askatzeko ariketak egin behar ditugu, gure zoriona eta askatasuna oztopa ez ditzan. Horrela ez jokatzean edo prestaturik ez egotean, arrisku handia dago sufrimenduaren atzaparretan erortzeko.

Aske eta bakean bizi eta joateko formula nahi baduzue, begira: «Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.» (Mt 6,34).

.

 

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s