Ortzi urdina

Urtzi urdinaren zale gara guztiok. Baina hodeiek eta lainok estali egiten dute askotan. Era berean, gure gizartea ere hodeiek eta laino beltzek estaltzen dute sarriegi. Beldurra, ezjakintasuna, haserre-ekaitza, indarkeria, oinazea eta sufrimendua dabil gure inguruan usu, usuegi. Baina hodeien gainetik edo hodeiek baino haratago ortzia beti urdin dago. Horretaz oroitze hutsak gogor eusten digu etsipenean ez erortzetik. Eta ohartzen garenean geuk asko egin dezakegula zeru urdina azal dadin, momentu horretatik aurrera egoera aldatu egiten da. Gure beldurrak, loturak, dependentziak, haserreak… indargabeturik geratzen dira, gelditu egiten dira. Eta lainorik gabe, egunez, ikusiko dugu eguzkia; eta hodeirik gabe, gauez, ilargia.

Gelditzeari damutzea esaten zaio beste kultura batzuetan. Gelditzea, edo damutzea, da egoismoa dagoen tokian solidaritatea ipintzea, gorrotoaren lekuan errukia ipintzea, loturak diren tokian, askatasuna; beldurraren ordez konfiantza izatea… Damutzeak adierazi nahi du, beste era batean esanda, berriro ekitea; esan nahi, batez ere, besteak aintzat hartzea. Gizon txikia mespretxatuta handi izan nahi duena deskuidaturik dago. Horretarako, benetako espiritualtasunaren iturriko ur gardenez ase behar da egarria, eta, bide batez, barrena garbitu gorroto, urguilu eta inorenganako mespretxutik. Azal zaharra bota eta azalberritu. Burua freskatu eta bihotza otzandurik, berriro hasi; hobekuntza handia nabarituko dugu.

Jakingo bagenu nola aldatu eta transformatu etsipena, gogorkeria, beldurra, desesperazioa, gorrotoa…, zerua urdin-urdin azalduko litzaiguke begien aurrean; denok ikusiko genuke: guk geuk eta ingurukoek ere bai. Bila ibili gatzaizkion guztia hemen eta orain aurkituko genuke. Posible izango litzateke gure begioz Jainkoaren Erreinua ikustea, gure belarrioz entzutea, gure eskuoz sentitzea, gure buruaz atzematea.

Kontzentratzen garenean, gure buruak eta gorputzak bat egiten dute. Orduan, oso gertu gaude Zeruetako Erreinutik. Ukitzen dugun edozer, arreta ipintzen diogunean eta libre bagara, Zeruetako Erreinuan dago. Ez dio axola edozer hori elurra, garo-orria edo beste zernahi izan. Era berean, orduan, txorien kantua, haizearen soinua edo astoaren arrantza Zeruetako Erreinuaren eremukoak dira. Beldurra, desesperazioa, haserrea gainditzen dugunean eta objektuekiko loturetatik askatzen garenean, Jainkoaren Erreinuarekin konektaturik gaude. Gure komunitate eta gizartetik beldurra, gorrotoa, gogorkeria… aldentzen eta uxatzen saiatzen garenean, Jainkoaren Erreinuari hauspoz eragiten ari gara.

Egonkortasun, sendotasun, alaitasun eta askatasunari bultza egiten diegunean, ostarte eta oskarbi-gune handi eta zabalak azalduko dira gure ortzian. Jende sail batek, batu eta elkarrekin, bide horretan aurrera egitea erabakitzen duenean, gizarteari laguntzen dihardu. Besteei begi errukitsu eta, gure begiradarekin, ulertzen diegula esaten ari gatzaizkienean, Zeruetako Erreinua sustatzen ari gara. Baita kontzienteki arnasa hartzen dugunean ere. Uneoro dugu aukera Jainkoaren Erreinua ager dadin laguntzeko. Etsipena eta desesperazioa dira baztertu beharrekoak.

(cf. MIEDO, Thich Nhat Hanh)

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s