Hirugarren begia

 II. Igandea, Denbora Arrunta 140119, Jn: 1,29-34

 (…)

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.
Nire ondoren beste gizon bat dator, nire gainetik dagoena, ni baino lehenagotik existitzen baita.
(…)
Espiritu Santua jaitsi eta gizon baten gainean pausatzen  ikusiko duzu, huraxe da Espiritu Santuaz bataiatu behar duena.
Nik ikusi dut, eta aitormen egiten dut  horixe dela Jainkoaren Semea

***************************************************

IKUSTEKO GAITASUNA LANDU

Sinoptikoek bezalaxe, Joanek ere, laugarren ebanjelioaren egileak, Jesusen bataioa gertaera handitzat jotzen du, eta horrekin hasten da Jesusen jardun publikoa. Beste aztarna bat gehiago, ez bakarrik gertaeraren historikotasunari dagokionez, baita Jesusen giza eboluzio eta espiritualean izan zuen garrantzi eta ondorio erabakigarriengatik ere.

Bestalde, laugarren ebanjelioan ere antzematen da Bautistaren dizipuluekin izandako polemika. Autoreak zer egingo eta Nazareteko Jesusen nagusitasuna azpimarratuko  du, eta Bautista ‘kristau’ bihurtuko, alajaina!, zeinek ‘ikusi duen’ eta ‘aitormen egin’ Jesus ‘Jainkoaren Semea’ dela.

Badakigu ‘ikusi’ eta ‘aitormen egin’ bi espresio oso joanikoak direla. Dizipuluaren izatea eta eginkizuna definitzen dituzte: ‘ikusi duen’ norbait da dizipulua eta, beraz, ‘aitormen egin’ dezake.

Horrela ageri da ebanjelioaren hainbat zati diferentetan eta Joanen Gutunetan ere bai: ‘Guk ikusi egin dugu eta aitormen egiten dugu’  (Jn 19,35; 21,24; 1Jn 1,1-3).

Zer ‘ikusi’ du Joanek? Gizon bat Espirituz jantzia. Hau da, Espiritua gizaki forman bizitzen. Niri iruditzen zait horrela irakurri behar dela kontakizun hori, eta ez ‘usoaren’ irudi mitikoari loturiko literaltasunean.

Litekeena da Joanek ikusi ahal izatea, Jesusen beraren gardentasunari esker. Izan ere, nire iritziz, Jesusi buruz esan den gauzarik ederrenetarikoan Jean Sulivanek esan zuen eran, ‘Jesus da Jainkoak gizakian oztoporik gabe hitz egiten duenean gertatzen dena’.

Pertsona ‘gardenarekin’ topo egiteko suertea dugun guztietan —‘perfektua’ ez, umila baizik—, errazago da bere barnean hartzen gaituen Misterioa ezagutzea, antzematea eta ‘ikustea’.

Baina ez da aski horrelako batekin topo egitea, baizik eta ezinbestekoa da ‘ikusteko gaitasuna’ landu eta garatzea ere, hau da, ‘begiratzen jakitea’, zeinek gainditzen duen errealitate material eta mental oro.

Buruaren baitarik bakarrik begiratzen badugu, Jesus berari bada ere, ez dugu ikusi ahal izango izaki separatu bat baino, nahiz eta etengabe ‘Jainko’ esaten isilduko ez garen. Zeren buruak, nahitaez, ikuspegi apurtzailea eskaintzen digu eta, beraz, distortsionatua ‘izan’ errealarekiko. Buruarentzat dena banandurik dagoenez, engainu maltzurrean murgilarazten gaitu: sinestarazten digu buruak berak pentsatzen duen bezalakoa dela errealitatea.

Hala eta guztiz ere, buruak eskaintzen diguna ez  da ‘izan’ errealaren ‘fotokopia’, baizik eta bere ‘interpretazioa’ soilik; jakina, filtro mugatzaileen bidez zeharo baldintzatua. Hau da, pentsatzen dugunak ez dauka inolako zerikusirik denarekin.

Jakintsuak beti izan dira kontzienteak eta garbi adierazi dute errealitate-maila diferenteak daudela. Eta ezagutza-organo ezberdinen bidez irits gaitezke horietara. Horrela, behin betiko san Buenaventurak finkatuko zuen espresio batean —nahiz eta lehenago, XII. mendean, Hugo eta Rikardo San Victor monjeek erabili zuten—, ‘haragiaren begiaz’, ‘arrazoimenaren begiaz’, ‘espirituaren begiaz’ (‘kontenplazioaren begia’ edo ‘hirugarren begia’) mintzo dira. (Oraingo gure aldi honetan, Ken Wilber-ek heldu dio berriro gai orri liburu hauetan: ‘Los tres ojos del conocimiento. La búsqueda de un nuevo paradigma’, Kairós, Barcelona 1991; ID., ‘El ojo del espíritu. Una visión integral para un mundo que está enloqueciendo poco a poco’, Kairós, Barcelona 1998).

Pobretu egiten gara ‘haragiaren begira’ murrizten garenean —positibismo zientifizistaren antzeko zerbaitetan murgildurik—, eta berdin ‘arrazoimenaren begira’ murrizten garenean. Giorgio Nardone psikologo italiarrak idatzi duen eran, «adimenaren perbertsioa da arrazoimenak dena konpontzen duela uste izatea».

Derrigorrezkoa da ‘hirugarren begia’ errekuperatzea. Edo beste era batean esanda: ‘adimen operatiboaz gain’, hil ala bizikoa zaigu ‘adimen espirituala’ lantzea. Izugarri daukagu jokoan, hauxe dena besterik ez: «Nor naiz ni?» galderari egoki erantzuteko posibilitatea.

‘Adimen espiritualak’ —klasikoen ‘hirugarren begiak— baino ez gaitu trebatzen, errealitatea bere dimentsiorik sakonenean ‘ikusteko’, inguratzen gaituen guztian Misterioa nabaritzeko, geu barne. Eta, Joanek bezala, ikusitakoan baino ez dezakegu ‘aitormen egin’.

Modu horretan ‘ikusten’ jakitearen baitan daude giza kalitatea, eta gizadiaren eta planetaren etorkizuna.

Jesusi hortik begiratzen diogunean, ikusten duguna da —Baustistak Bezalaxe— Espiritua. Eta hori inolako banaketarik gabe; horregatik, aldi berean, geure burua ikusten dihardugu: aurpegi bakoitza gure aurpegia da. Zeren, existentziaren korapilo anekdotiko guztien gainetik, irauten duena, egoen nahasketak gorabehera, Espiritua da, bere buruarekin topatzean eta balizko sasi-masien gainetik BAT sentitzean, eztiki irribarre egiten duen Espiritua.

             www.enriquemartinezlozano.com
rufino iraola garmendiaren itzulpen librea

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s