Ohartuz bizia luzatu

Burua arratsaldeko futbol-partidan duzula ari bazara bazkaltzen, ez zaude inon, lainoetan ez bada

Hamaika aldiz entzunak gara: «Lotan egotea denbora galtzea duk». Izaten ziren beste ofizio eta eginkizun batzuk ere denbora galtzea kontsideratzen zirenak; adibidez, soldaduska, ordain ekonomikorik ez duen ‘hobby’ edo kapritxozko lanen batean jardutea, apusturako abereak edukitzea, eta abar; oro har, irabazi edo etekinik ematen ez zuen edozein jardun-mota.

Baina denbora galtzeko modurik deigarriena, eta segur aski tristeena, da egiten ari zaren haren kontzientziarik ez izatea. Bere kasako jarduna edo espontaneoa oso baliostzat jo izan da gure artean, baina erruz laburtzen du bizitza. Esate baterako, burua arratsaldeko futbol-partidan duzula ari bazara bazkaltzen, ez zaude inon, lainoetan ez bada. Seguruenik, etxeko mahaikideentzat aspergarria izango da otordua. Gainera, badauzka beste ondorio txar batzuk ere: denbora horretan ez gara bizi izan. Denbora hila da hori. Eta auskalo horrelako zenbat izan dugun bizitzan zehar!

Bada, hori dena kendu egin behar zaie ‘bizi’ izan garen urteei. Kontuak egin ahal bagenitza, a ze sorpresa hartuko genukeen: nire 68 urteotan, agian, ez naiz bizi izan ezta erdia ere, kontzientzia osoarekin bizi izan ez naizen etenaldi horien erruz. Jakina, loarena ez dago deskontatzerik, baldintza fisiologiko horrekin sortuak baikaude, eta berdin, adibidez, klinikan korderik gabe emandako egunak, saihestezinak baitira. Eta, aldiz, soldaduskako denbora ez dago zertan kendurik, denboran horretan ere bizi daiteke bat. Bizitzeko, aski da kontziente izatea, arnasa-kolpe bakoitzean biziaren oparia jasotzen ari garela ohartzea.

Oharkabean eta pilotu automatikoa piztuta bizitzeak dituen ondorioez ari gara hemen, eta esan nahi dugu gauzak egin eta egin ez garela geratzen, zertan ari garen ez badakigu ere; alegia, ez garela kontziente eskuartean dugunaz. Errutinaren mende bizi garela. Ez gara kontziente, kezken kezkaz, pentsamenduek iraganera bultza egiten digutelako edo geroko ametsek uzten ez digutelako. Eta batera eta bestera begira, oraina galtzen dihardugu. Noski, denbora hori ez bizitako bezala apuntatu beharrekoa da.

Adibide batekin amaituko dut. Sarritan entzun izan dugu halakok arreta ezagatik, despitatu delako, izan duela istripua; trafikoko estatistiketan maiz azaltzen den datua da. Gorputza tokian batean eta burua bestean ditugulako gertatzen da hori. Ondo bidez, gorputzak eta buruak batera joan behar dute, eskuartean duten hartan atentzioa ipinirik.

DV, Bai Horixe: 2014.01.23

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s