Estraktuak

Enrique Martínez Lozano: igandeko ebanjelioen iruzkinetatik ateratako estraktuak [2012.10.12—2013.12.29]

 Ego psikologikoa garela pentsatuta funtzionatzen dugun bitartean, kaiolan dagoen hamsterraren antza izango dugu, barnean daukan gurpilaren jiran etengabe bueltaka. Ez da inora iristen eta du lortzen itxituratik irtetea (2012.10.14)

Egoarekin identifikatzerik libratzea da sine qua non baldintza bere tiraniapetik atera eta askatasun eta soseguan kokatzeko. Zeren, edozein olatu mental edo emozionalen azpitik, naizena beti salbu dago. Hor amaitzen dira egozentrismoa eta sufrimendua, egoarekiko identifikazioa eta bere protagonismo-exijentziak desagertu egiten baitira (2012.10.21)

Bizitzen hasten gara benetan ikusi nahi dugunean. Determinaziorik ezean, ezjakintasunean iraungo dugu, nor garen ez dakigula, besteengandik eta mundutik bananduta gaudelakoan; eta… bila jarraituko dugu, bilaketa konpultsiboan, distrakzio eta konpentsazio bila (2012.10.28).

Maitasun bakarra dago. Eta, klabe erlijiosoan, ezinezkoa da Jainkoa maitatzea lagun hurkoa maitatzen ez bada, geroago Joanen Lehen Gutunak jasoko duen eran: «Ikusten duen bere anaia maite ez duenak ez dezake maita ikusten ez duen Jainkoa.» (1 Jn 4,20). Hemen aipatzen dugun maitasuna ez da mugimendu sentikorra, ez egoera emozionala. Gure funtsezko izaera —erreal guztia konpartitzen dugun hondo sakonean— eder eta amultsua delako pertzepzioa da  (2012/11/04).

Zorionez, nahiz eta gure benetako identitatea lokarturik edo, agian, gainerako ahots guztiak itotzen dituen egoaren pisuaz zanpaturik geratu, ez da desegin. Horregatik, jarrai dezakegu esperimentatzen, irrika edo desira moduan bederen edo, nahi bada, satisfazio falta moduan. Hain zuzen, satisfaziorik eza, desenkantua edo asperdura izaten dira zinez garen haren bila hasarazten gaituztenak, eta asebetearen zaporea du. Negatiboki ezerk ere erasan ez diezaiokeen hori, beti salbu dagoena, eta efikaziaz desegozentratzen gaituena (2012.11.11).

 (…), apokalipsia, zinez, errebelazioa da; esaten digu, historiaren gainazalean gerta daitekeena gorabehera, eta harantzago, badela gogor eusten digun beste Errealitate egonkor bat, eta esperimenta dezakegula “haitz sendo” moduan, non koka gaitezkeen zuzenean eta modu ebidentean (2012.11.18).

Jesusen, buruzko, onarpenarekin nahastu dugu egia (horrela ulertzen zen, oro har, fedea), eta behin onarpena emanez gero, noski, egia absolutuaren jabe egiten zen bat automatikoki, eta horrek esan nahi du gehiago izatea, gehiagotasun morala, onarpena eman ez dutenekin alderatuta  (2012.11.25).

Sufrimendua da lo gaudelako seinalerik nabarmenena. Zeren mina saihestezina den bezala, sufrimendua beti aukerakoa da: ez garenera murrizten garenean azaltzen da (2012.12.02).

 (…) Nikolas Chamfort-ek idatzi zuen eran, «plazera oinarri daiteke ilusioan, baina zoriona egiaren gainean eraikia dago beti». Halatsu zioen Stendhal-ek ere:  «Uste dut ezbehar oro erroretik datorrela eta zoriona, aldiz, egiak ematen digu» (2012.12.09).

Monika Cavallek, berriz, hauxe dio: «Auto-ezagutza da praktika espirituala». Ez daiteke beste modu batean, inola ere, izan; bada, hortxe jokatzen dugu dena. Kontua da “nor naiz ni?” galderari egoki erantzutea. Hasteko eta behin, “espirituala” izateak ez dauka zerikusirik egiten dugunarekin (nahiz eta hori ere islatuko den nahitaez), garenarekin baizik. Eta, izateko, ezinbestekoa da, lehenik, ezagutzea (2012.12.16).

Zoriona ez da “eranskin” bat; urrun dago hortik, gure identitatearen beste izen bat da. Gure eskumenean dago beti, horixe gara-eta. Hori ez jakitea eta hortik urrun bizitzea da ezbehar eta sufrimendu ororen iturri. Identitaterik sakonena zorionak osatzen duela esateak, geure barnean aurkitzen dela aitortzea adierazi nahi du. Ez dago kanpo-faktoreen baitan, ezta gainazaleko olatuen mende ere (2012.12.23).

Mariarenganako debozioak sentimentalismoaren akatsa izan baldin bazuen, antzeko zerbait gertatu zen “Familia Santuaren” irudi eta debozioarekin ere. Egia esateko, ebanjelioek ez dute datu handirik ematen aldeko interpretazioa egiteko. Alderantziz baizik. Erreferentzia fidagarrienen arabera, etxekoek ez zuten Jesus konprenitu, kontrakoa baizik: «Senideak bila joan zitzaizkion, etxera eramateko, burutik nahastuta zegoela zioten» (Mc 3,21) [2012.12.30].

Irakurketa horiek adierazten duten jakinduriarekin geratu beharko genuke, hitzez hitz onartu partez. Hemen ez dago “zerutik datorren” salbatzailerik, baizik eta eredu bat non islatzen den, eta ikusten dugun, guztiok garena, zeinengan  DENAREN Hondo bakar eta komuna modu pribilegiatuan manifestatzen den (2013.01.06)

Zinez eta benaz, biziarekin zerikusia duen guztia gerundioan jokatu beharko litzateke, izanez baita dena (2013.01.13).

Charles Dodd-ek, laugarren ebanjelioaren ikerketan espezialistarik onenetariko batek, dio Kanaango Ezteiak deritzon kontakizuna, hasieran, parabola izango zela, eta gero, beranduago, “gertaera” bihurtu. Hain irakurketa murriztaileak ikusita, beharrezko deritzot ebanjelioa jakinduriaren liburu gisa hartzea, zeinek irakatsiko digun esnatu eta bizitzen (2013.01.20).

Zuzen esanda, Gaur bakarrik existitzen da: Gaur, Orain, Presentea. Gure buruak linealtzat hartzen du denbora —ez dezake beste inola—, baina den-dena presentean gertatzen da, dena bere baitan hartzen duen “espazio” gisa, “denbora” deritzoguna barne. Horregatik, Jesusen arrazoi du hau aldarrikatzen duenean: «Gaur betetzen da Eskritura hau». Zinez eta egiaz, gaur betetzen da dena. Oraina baino ez dela existitzen jabetu, buruan bueltaka jarduerari utzi eta iraganean zer gertatu zen edo geroan zer gerta litekeen kezkatu gabe bizitzen hasten garenean, orduan ikusiko dugu presentea asebetea dela, ez zaiola ezer falta (2013.01.27)

Errutinak jarrera estatikoetan kokatzen gaitu, gauzak guk ikusten ditugun bezala direla pentsatzeraino kokatu ere, ahazturik “ikusi” diogun hori ez dela “intepretatu” baizik (2013.02.03).

Transformazio sakonak ez dira etortzen asmo on eta inolako boluntarismotatik, baizik eta konprenitzen jakitetik jaiotzen dira: ikusten dugunean, aldatzen gara. Aldatzea ez baita urruneko helbururen bat lortzea, edo zama berria gainean hartzea; aldatzea da arinkeria eta azalkeriatik irtetea, sakonean garena bizitzeko. Baina horrek ikustea eskatzen du (2013.02.10).

Ez dago zalantzarik, premiazkoa dugu lan psikologikoa, geure buruarekiko harreman positiboa eraikitzeko, horri esker senti dezagun gustura eta maitekiro bizi garela geure baitan, etxean gaudela. Bestela, segur aski, energia gehienak alfer-lanean ahituko zaizkigu, barne hausturak sorturiko egonezina jasaten, geure burua arrotz sentitzen dugulako, edo ordezko konpentsazioen bila, baina horiek ere, noski, frustrazio-eragile (2013.02.17).

Egon ezinik, aztoratuta edo molestaturik baldin bagabiltza, seinale garbia buruarekin identifikaturik gaudela, gure kontzientziaren eremuan azaltzen diren pentsamendu eta sentimenduekin identifikaturik gaudela, pentsamendu horiek garela sinesteraino (2013/02/24).

Jesusek ideia tradizional hau desmuntatzen du: ezbeharrak eta, oro har, oinazea bekatuaren ondorioa lirateke. Uste horrek ez zuen egiten egoera mingarriei erruduntasuna eta angustia eranstea baino (2013/03/03).

.Maila psikologiko-sinbolikoan, bi semeek adierazten dutena da edozein pertsonaren bi dimentsio: zorionaren bila “etxetik” kanpora eta urrun garamatzan antsietatea, eta itxura hutsean biziarazten gaituen  eta legea  betearazten digun irudia, superegoaren balizko “zigorra” saihesteko. Geure baitan mugimendu horiek ikusi eta, garen egiatik,  apalki onartzeko gai garen heinean bakarrik izango gara kapaz integrazio psikologiko osasungarrian aurreraka egiteko (2013.03.10).

Horrenbeste epai eta bai kondenen azpian, beti –gaur irakurri dugun testuan bezalaxe–, ez dago segurtasun falta erradikala baizik, mozorrotzean guztiz alderantzizko itxura hartzen badu ere, hau da, segurtasun osoaren itxura. Arrazoi izateko premia sentitzea bera eta egiaren jabe garela uste izatea ez dira sustraian daukagun desegurtasunaren seinale nabarmena besterik, nabarmena eta jasanezina. Horregatik, fanatismoa ez da disimulaturiko desegurtasuna baizik, inor baino, gehiago izan nahiak gutxiagotasun-sentimendu mingarri bat estaltzen duen bezalaxe, justifikazio txit ‘nobleez’ jantzita bada ere (201/03/17).

Behetik gorako kristologian, aldiz, garbi dago, lehenik eta behin, Jesusen gurutzea ez dela Jainkoaren mendeku-asmo eta -gogoa, baizik eta bizitzeko modu jakin baten ondorioa, bizitzeko modu hori jasanezina delako garai hartako agintedunentzat, eta, ondorioz, Nazareteko maisua paretik kendu beharra sentitu zuten. Ikuspegi horretatik —hain zuzen historiarekin ondo, hobeto, uztartzen dena— gurutzearen irakurketa erradikalki aldatzen da: Jesusek eskaintza gisa biziko du —maitasunezko fideltasun bizitza erabatekoan— zapalkuntza eta injustu eta guztiz ez-humanoa izan zena (2013/03/24).

Monika Cavallek ederki esaten du: «Jakintsuan ez du sentitzen “bizia bizi duenik”; Bizi bakarraren korronteak bizia duela sentitzen du. Eta ziurtasun horretan hartzen du atseden, harritu eta txunditurik Bizia “nire” bidez eta den guztiaren bidez osatzen duen obrarengatik. Bizi-espresioak gara, Biziak gaitu bizi» (2013.03.31).

Charo Rodríguezek ( “La luz de la niebla”)  gauza bera honela espresatzen du:

Jainko aurkitua bakarrik,
ez dago egiazko Jainkorik irakatsia denean,
irakatsia denean
Jainko aurkitua bakarrik

izan daiteke egiazkoa.
(2013/04/07).

Laugarren ebanjelioaren Eranskin honetan, berriro azaltzen da lehenengo komunitate haiek hainbeste maite zuten irudia: arrantza. Katekesia da, aurrekoak baino askoz ere landuagoa, taldearen jardunaren (misioaren) erdian, nola ez?, Jesus dela, eta, bereziki eukaristian (arrain eta ogiarekin azaldua). Komunitatearen sinboloa da arrantza-ontzia —gaur oraindik sarritan aipatzen da “Pedroren ontzia, Eliza esateko— eta arrantza zen, berriz, misioaren irudia (2013.04.14).

Tradizio judu-kristaua bi mila eta bostehun urteko aldi luzean artzainaren irudiarekin bueltaka ibili bada, begi-bistakoa da horrek kristauon irudikarian bere arrastoak utzi dituela. (…). Buruzagiok ez dute inoiz alferrik galtzen beren buruan artzain moduan azaltzeko aukera: artzaina da dakiena, gidatzen duena, gainetik dagoena, kontrolatzen duena eta, “behar izanez gero”, zigorra ezartzen duena. Ez dirudi kasualitatea denik gaztelaniazko “obispo” hitza grezierako “epikopos” hitzetik etortzea: begiralea esan nahi du. Egia da esan nahi izan dezakeela, baita ere,  jaten ematen duena. Alabaina, horrek ez al du are eta dependentzia-kutsu handiagoa eta okerragoa? (2013/04/21).

Gorputz-atal batek maite du beste bat: buruan min hartzen dugunean, eskua han doa azkar eta agudo laguntzera, kasik pentsatu gabe edo pentsatzerako. Zeren gauza bera, gorputz bera, direlako kontzientzia garbia du. Horrek esan nahi du Kontzientzia maitasuna dela. Jesus kontzientzia-maila transpertsonalean bizi zenez —ego indibiduala baino haruntzago— BAT sentitzen zen errealitate ororekin: Azken Funts/Hondo edo Jainkoarekin (Aita eta biok bat gara; ni ikusten nauenak Aita ikusten du), gizaki guztiekin (hauetako bakoitzari egin zeniotena, niri egin zenidaten), ogiarekin, den izan erreal guztiaren sinbolo den aldetik (hau ni naiz: hau nire gorputza da) [2013/04/28].

Lehenengoan, Jesusek badaki ez dagoela denbora eta espaziorik, banaketarik ez
dagoen bezalaxe: maila horretan, dena Bat da (Aita eta biok bat gara);
Jesus Aitarengana doa;  zinez eta egiaz, ordea, inoiz ez
zen aldendu Aitarengandik. Baina formen munduan ez daukagu espresatzeko beste modurik, baizik eta denbora eta espazioari lotuta. Ez dago beste erremediorik. Honetan datza klabea: inoiz ere ez murriztu formetara, maila sakona ahazturik; maila sakon horretan dago den eta garen guztiaren egia, oinarria (2013/05/05).

Kontzientzia mitikotik begiraturik, literalki honela interpreta daiteke Igokundea: Jesus zerura igo da, handik etorri baitzen. Maila mitikoa gainditzean, irakurketa horrek ez du balio, haur-ipuinak literalki hartzea bezala da. Barne muinean dagoen jakinduriaz beteriko esanahia ez du, ordea, inolaz ere galtzen. Sinbolikoki —eta gure kontzientzia-mailatik ez dezakegu bestela ulertu— Igokundea zentzu osoa duen irudia da, gure benetako identitatea adierazten duen neurrian. Errealitate erreal ororen dimentsio sakona ahazturik giza izatea zeharo pobretzen duen materialismo purtzilaren aurrean, Igokundeak bihotza ukitzen digu eta gogorarazten: gauzak ez dira ematen duten bezalakoak, uki dezakegunaz gaindi ere badago-eta beste zerbait, dena ez da hor amaitzen (2013.05.12).

Dena Espiritua da, forma infinituen joko-moldean manifestaturik, ez-dualtasun miresgarrian islaturik. Espiritua eta gu ez gara bi. Beste behin gehiago Pierre Teilhard de Chardinen hitzetan esateko, gara «izaki espiritualak giza abentura bizitzen» (2013/05/19).

Ez-dualtasunaz hitz egiteko beste forma bat da Hirutasuna. Bada besterik ere gauza bera esateko: Erlazionaltasuna. Termino horien artean ez dago oposiziorik; baliokideak dira (2013.05.26).

Segurtasunagatik, erosotasunagatik eta, azken finean, ezjakintasunagatik, nahiago du argiak sortzen digun bertigotik urrundu. Joera ezagun eta zaharra, hori: dena kontrolpetan eduki behar! Funtzionatzeko modu horrek, oso ohikoa bestalde, ederki azaltzen du kristauok Jesusekin egin genuena. Geure burua harekin bat eginda ikusi ordez, kultu-objektu bihurtu genuen, urru ipini —gurutzean, estatuetan, sagrarioetan…—, haren babesa ziurtatzeko baina, aldi berean, bere existentziak eskatzen duen konpromisotik babesteko. Javier Mellonik esaten duen eran, osoki Jainko eta gizon da Jesus, eta horixe gara gu guztiok ere. Kristautasunaren bekatua beldurra da; Jesusek garbi esan zigun zer ginen, baina ez gara ausartzen aitortzera (2013.06.02).

Errukiak osatzen du, dohaintasunarekin batera, Jesusen mezuaren bizkarrezurra. Eta ez da jakinduriaren edo konprenitzearen beste aurpegia baino. Ikusten duen pertsona errukitsua da, eta, ikusteko, bide egokia da errukia praktikatzea. Errukia ez da azaleko sentimendu iragankor eta paternalista bat. Da besteak sentitzen duen moduan sentitzeko gaitasuna, haren tokian jarririk, gauzak hark ikusten dituen moduan ikusten saiatzea. Horregatik, errukiak, era berean, esan nahi du oinazea dagoen tokian maitasuna ipintzeko gaitasuna (2013.06.09).

Bigarren engainua are sakonera handiagokoa da oraindik, nahi izaten delako ongia eta gaizkia, eta horien gainean buruak pentsatzen duena bat etortzea. Erlatibismo garbia nabari da hor, hain zuzen egiaren jabe direla harro esanez ibili eta besteen “jarrera erlatibistak” salatzen dituztenei oharkabean ihes egiten dien erlatibismoa (2013.06.16).

«Nor naizela diozu?» Nor da Jesus niretzat? Erantzuteko garaian, dudarik gabe, faktore askok eragingo digute: psikologiko, kultural, erlijioso… Horien artean, nabariena pertsonaren kontzientzia-maila izango da, eta zein hizkuntza-moldetan (mitikoa eta abar) gabiltzan. Erantzuna gure barnean dago, eta ez da zenbait kulturatan egiten den agurretik oso ezberdina: «Zu beste ni bat zara.» Perspektiba ez-dualean, Jesus ez da guztiok garena islatzen duen ispilua baino. Bera ikustean, geure burua ikusten dugu; izan ere, aurpegi guztiak ez dira, zinez, Aurpegi bakarra baino  (2013.06.23).

Lehenengo [irakaspena] da edozein tipotako fanatismoaren kontrako alegatu isila —fanatismoa ez da beldurraren eta harrokeriaren espresioa baino, egoaren ezaugarriak biak—. Ego desegurrak disidentzia borrokatzera joko du, zeren, bere ideia ahulentzat, mehatxu handia da, eta gehiago dela edo egia absolutuaren jabe dela sentitu behar du (2013.06.30).

Tristezia —bakardade, frustrazio, hira, beldur, jeloskortasun, haserre, egoismo eta abarren antzera—, gauza bakar honexen sintoma da: gure benetako identitatea ahantzi dugula eta ez garenarekin identifikatu garela. Finean, oker erantzuten ari garela nor naiz ni? galderari (2013.07.07).

Esan ohi da, eta arrazoiz esan ere, errukia dela bide espiritualaren zinezkotasuna adierazten duen testa. Ez hori bakarrik. Egiten dugun hautuaz mintzatzen ari gara; aldi berean, benetan efikaza da desegozentra gaitezen, errukiak ez gaitu engainatuko. Albert Einsteinek honela adierazten zuen: «Heldutasuna nabarmentzen hasten da geureganako baino besteenganako kezka handiagoa dela sentitzen dugunean» (2013.07.14).

Konpromisoa kontenplaziorik gabe, aktibismo huts bilakatzen da, egoaren itxaropenek gidaturik, eta ez daiteke ezer onik espero. Zeren, Jhon R. Pricek esaten zuen eran, egoa transzenditu arte, ez duzu egingo munduaren eromenari su gehiago ematea baino (2013.07.21).

Zer emaitza espero zitekeen hortik?, bada horixe… eske-otoitza ateo-fabrika izugarria bilakatzea besterik ez. Eta ez bakarrik, sarri askotan, eskea erantzunik gabe geratzen zelako eta otoizgileak frustrazioa ulertzen ez zuelako, baizik eta sartu-sartu eginda zeukan Jainkoaren irudiagatik beragatik ere bai (2013.7.28).

Abariziaren muinean, badirudi hustasun afektiboa dagoela, segurtasunik ezaren esperientzia goiztiarra eta, azken finean, deskonexioa gure egiazko identitatearekiko. Hustasun afektiboak, jakina, konpultsiboki betetzea eskatzen du: antsietate-iturri da, eta molde askotako mendekotasunak sortzen ditu —horietako bat izan liteke dirua edo ondasun materialak—. Alde horretatik, kodizia edo abarizia ase nahia da; ase nahi antzua, noski (2013/08/04).

Jesusen hitzek ez dute adierazten inolako mehatxurik, ez exijitzen perfekzionismorik; ez dute elikatzen superegorik, eta ez bultzatzen merituen ideiarik. Aitzitik, jakinduria-hitzak dira, garen Errealitatera esna gaitezen gonbidatzen dutenak (2013/08/11).

Bi testu horien arabera, Erreinuaren metafora bezala ikusi beharko dugu sua. Hori bera esan nahiko luke Lukasen ebanjelioko esaldiak, Jesusen nahimen argia, hau da, jada erretzen egon zedila azpimarratzen duenean. Kontuan hartzen badugu Nazareteko maisuaren bizitza eta misioaren ardatza Erreinuarekiko irrika eta pasioa izan zirela, are nabariago agertzen zaigu esanahi hori. Jesusek ez du grina sakon hau baino: Erreinua presente egin dadila munduaren errealitatean (2013/08/18).

Bizia ez da betebeharrak ongi konplitu dituen egoarentzako saria, baizik gure benetako identitatea. Ez da daukagun zerbait, garena baizikNolanahi ere, gure identitate sakon (sakonena) gisa esperimentatu eta identitate horretatik geure burua bizi ahal izateko, ezinbestekoa da engainu hau desegitea: “besteengandik bananduriko norbait”, ego indibidual eta autonomoa, garelako ustea (2013/08/25).

Egoa, beti, bere behar eta beldurren artean dabil, hortik mugitzen da —beharra eta beldurra: errealitate beraren bi aurpegiak—; horiek dira existitzen delako sentsazioa ematen diotenak. Eta hortxe sortzen da engainua berrelikatzen duen zirkulu biziosoa: behar eta beldurrek ‘neu’  sentiarazten naute // ‘neu’ sentitzean, ezin diet uko egin ‘nire’ beharrei eta ‘nire’ beldurren biktima naiz. Behar horien guztien artean, seguruenik, oinarrizkoena da aitortua eta onartua izateko premia; lehenengo izan nahia dakar horrek, lehenengo izan nahia eta dena egoa eta bere interesen inguruan bueltaka ipintzea edo ipini nahia (2013/09/01).

Dualismoak banandu eta zatitu egiten du errealitatea. Saihestezina da ondorio absurduetara iristea, Izan Erreala unitarioa baita. Horregatik diogu burua ederki moldatzen dela objektu bananduen munduan, baina erratu egiten da objektuen gaindi zer dagoen esplikatu nahi duenean (2013/09/08).

Jesusen mezuaren nobedadea eta jakinduria argi eta garbi nabarmentzen dira ikusmolde ez-dualetik inguratzen gatzaizkionean. Jesusek ez zuen inor konbertitu nahi, ez zitzaion-eta interesatzen proselitismoa, eta ez zegoen zenbakiez eta botereaz kezkaturik. Horregatik mintza zitekeen askatasun osoz. Gustura egiten zituen otorduak bekatari eta zergalariekin, eta nola eskandalizatzen ziren fariseuak eta lege-maisuak! Mugarik gabeko Bozkario gisa aitortzen zuen Jainkoa, ordainik gabeko Dohaintasun  moduan, bazterketarik gabeko Maitasun bezala (2013/09/15).

Egoren eta bizitza egozentrikoaren irudia da dirua: Jarrera horrek gauzak edukitzea eta norbere onura ditu beti xede. Izan Errealaren azken Misteriorantz begira jartzen gaituen hitza da Jainkoa, den guztia osotzen duena eta gu geu ere osatzen gaituena.  (2013/09/22).

Indiferentzia, beste ezer baino lehen, itsutasuna da, inkontzientzia baita. Jakina, defentsa-mekanismoa da, eta horrekin blindatzen dugu geure burua, lagun hurkoaren premia eta oinazearen aurrean —begiek ikusten ez, bihotzak sentitu ezin—, baina, azken-finean, honetan datza gakoa: bestea niregandik ez-separatua dela ez jakitetik jaiotzen da. Eta bai egiten ematen diodan mina (egiten diodan kaltea) eta bai egin gabe uzten dudan ongia, neure buruari egiten ari natzaio. Horregatik, aberatsak, ematen duen neurri berean jasotzen du (2013/09/29).

Gure konprenitzeko ohiko erak ezin du ulertu oraindik fedearen ahala, baina esperimentu zientifikoak ere hori baieztatzen hasiak dira; alegia, fedeak ezin esan halako ahala duela. Diotenez, kontzientziak eragin ukaezina du materiaren gainean. Jakina, eragin horiek ikertzen jarraitu beharko da, baina gero ziurragoa dirudi kontzientziak errealitatea sortzen duela. Beraz, ez da gezurra harako esaldi hura: «Alda ezazu ikusteko era eta ikusten dituzun gauzak ere aldatu egingo dira» (2013/10/06).

Errukia eta Esker-ona, bi jokaera funtsezko. Batetik, pertsonaren heldutasuna adierazten dute, eta, bestetik, elkarbizitza harmoniatsu eta konstruktiboa ahalbideratzen dute (2013/10/13)

Bada, jainkoaren horrelako irudien aurrean errebelatu eta asaldatu egin behar da, eta gogor eta tinko errebelatu eta asaldatu ere: horrelako jainkoak ez du gure federik merezi. Ez dago sinesterik geu baino okerragoan litzakeen jainkoarengan (Voltaireren gomendioa). Nola sinetsi, gizakiaren premiekiko sentiberatasunik ez badu eta norbait eternitate osorako kondenatzeko gai bada? Gisa horretako jainkoa asmakizun hutsa da, beldurrean eta gizakiaren ahultasunean oinarritua. Gizaki beldurti eta ahulak zeru goietatik baletoz bezala, hau da, “Jainkoaren hitza” balira bezala sinetsi ditu mezu erru-sorrarazle horiek (2013/10/20).

Bai indiferetzia eta bai meritua, egoaren zantzu bereizleak dira; egoaren zeinu bereizgarriak, bizitzaren eta erlijioaren aurrean kokatzeko. Egoak ez du erruki- eta enpatia-gaitasunik: bere oskolean sartuta bizi da, dauzkan behar eta beldurren mende, ahalik eta izate atseginena lortu nahian, beste edozein irizpidetik at. Era berean, ez da gauza dohaintasunerako: egiten duen guztiaz jabetu nahi du; kalkulatzailea da, eta ez dauka bere egintza guztiei etekina atera gabeko onik. Hori erlijiora eramaten badugu, oso erraz ulertuko dugu, erlijioa ere, bere beharrentzat erantzuna aurkitzeko erabiliko duela: seguru sentitu, merezimenduen jabe, salbatua, beste batzuen gainetik… Eta Jainkoak bere ahalegin guztiak neurrian ordainduko dizkion esperantzari eutsiko dio.  (2013/10/27).

Jesusen jokabidearen guztiz kontra, Eliza, sarri askotan, agintedunen eskutik, errezeloz beterik, epaile eta deskalifikazio-joerekin azaldu zaigu. Badirudi garbi dituela gauza guztiak, eta badakiela non dagoen “zintzoen” eta “guk esaten dugunera” konbertitu behar dutenen arteko lerroa. Hori dela medio, egia absolutuaren jabe direla uste dutenen moralkeriak (moralina) ordezkatu du Berri Ona. Jesusek proposatzen duen bidea zeharo kontrakoa da: begirada gizatiar sakonetik abiatzen da, pertsonaren bihotz garbia ikusten dakien begirada —hau edo hura egiten zuen zelatan ibili gabe— eta —etsaiak sortzeko arriskua gorabehera— pertsona horrekin solidarizatuko da, haren etxera gonbidarazita (2013/11/03).

Badirudi ezin dutela ikusi, hain zuzen ere, absurdua hau dela: heriotzaz haratago dagoena oraingo eta ohiko gure kategoriekin imajinatzea. Nolabait esateko, lo egon eta esna gauden garaiko bizia imajinatzea bezala izango litzateke hori. Bestetik, ematen du Jesusen hitzak ere horra begira daudela: batetik, gauzak ez dira guk hemen bizi ditugun bezala; bestetik, oinarrizko baieztapena da Jainkoa Bizia dela. Horrela, bada, heriotza ikusteko modurik egokiena da, agian, esnatze baten antzean hartzea. Lotatik esnatzean identitate berri batekin topo egiten dugun eran (ametsetakoaren aldean ezberdina), hiltzean, ‘beste identitate sakonago batera jaiotzen gara’, non gure egoa betiko desagertzen den. Baina ez hil delako, baizik eta, gure buruko pentsamedutik at, sekula existitu ez delako. Heriotzatik Gertuko Esperientzia bizi izan dutenak, ñabardura ezberdin batzuekin bada ere, kontzientziaren halako zabaltze batez mintzo dira. Eta diote egoera horretatik zeharo modu berrian hautematen dela dena. Badirudi guztiz deseginik geratzen direla denbora, espazioa, banaketa eta dualtasunari buruzko gure ideiak. Perspektiba horretatik ikusita, film batean bezala, modu miragarrian gertatzen da dena: gauza guztiek badute beren zergatia eta, azkenean, ongi amaitzen da dena (2013/11/10).

Buruko ileen metaforak ziurtasun osoa izateko bidean ipintzen gaitu; badugu heldulekua: benetan garenari ez diezaioke ezerk erasan negatiboki. Garena beti eta arrisku guztietatik zaindu eta gordea dago. Zeren, azken finean, ez baita ezberdina DENArekiko (2013/11/17).

Ikusten ez dutenek, egoaren garaipen bezala ulertzen dute salbazioa: uste dute ego ‘desegina’ bizi amaituaren sinonimoa dela. Horregatik,  salbatu eta gurutzetik jaisteko esaten diote Jesusi, iseka-tonuan. Ahaztu egiten zaie inork ez daukala salbatu beharrik, jada denok salbaturik baikaude. Benetan garena ez dago inongo zirkunstantzien mende, ez dakioke erasan ezta norbait gurutzetik zintzilik agonian dagoenean ere. Kontua ez da, beraz, zirkunstantziak aldatzea, bizitzen ikastea baizik, hau da, ohartu eta gure benetako identitateari konektaturik jarraitzea (2013/11/24).

Arreta amultsua, gure egia osoarekin adiskidetu ahal izateko, geure buruaren lagun gisa bizitzeko eta gure barnean finkaturik egoteagatiko gustu sakona kontzienteki esperimentatzeko. Kontzientzia argia, gure buruak uste duen ego deusgabe hori ez garela ohartzeko, gizonaren semea baizik, Osotasun mugagabea, mugarik gabeko Bizia, tenporalki gure ego indibidualaren forma hartu arren (2013/12/01).

Baina posible da beste esanahi bat eman edo hartzea ere, beste kontzientzia maila batean dagoenarentzat, errealitatera ikusmolde ez-dualetik inguratzen denarentzat. Kasu horretan, non dena denaren isla moduan hautematen den, josturarik gabeko batasunean, gizadi osoaren Metafora da Maria: Misterio ikusezina (Jainkoa) espresatzen eta manifestatzen den parte ikuskorra, Semea munduratzea da Mariaren eginkizuna; eta Semea, aldi berean, guztiok garen Jainko-gizakien batasunaren metafora. Ikusmolde horretatik, gu guztiok, aldi berean, Maria eta Semea gara. Mariak esan nahi  du asebetea erdituko duen prozesuaren eragilea 2013/12/08).

Ez dago zalantzarik Jesusen portaerak erreakzio eskandalizatuak eragin zituela, batez ere judu erlijiosoenen sailean, eta agintarien artean ere bai. Erreakzio horien aurrean, egintzetara begiratzeko dio Mateok: «Itsuek ikusi egiten dute, eta elbarriak ibili egiten dira; legendunak garbi geratu, eta gorrek entzun egiten dute; hildakoak piztu egiten dira, eta behartsuei Berri Ona iragartzen zaie». Eta abisu esanguratsua: «Zoriontsuak ni naizelako eskandalizaturik sentitzen ez direnak». Jesusen erantzunak ez du bere baitan inongo eta inolako hitzezko azalpen edo justifikaziorik; ez du elaboratzen inolako teologiarik ere, baizik eta ekintza askatzaile bat erakustea besterik ez du egiten, ekintza askatzailea biziaren eta pertsonen zerbitzuan 2013/12/14).

Emmanuel deritza Semeak (Jainkoa gurekin): Izan Erreal osoaren batasuna espresatzen da harengan: Ikusten ez dena (Jainkoa) eta agerikoa (gu). Birjinarengandik jaiotzeak adierazi nahi du DEN guztiaren jatorri birjinala, zentzu honetan: transzenditu egiten du —besarkatuz— formen maila. Guztiok gara Seme hori, Izan Erreal osoa da. Gizaki forma dugu, forma horretan espresatua dago, tenporalki eta modu iragankorrean, benetan garena eta betidanik —izan garena— 21013/12/22).

Hasierako aitortza horretatik abiatuta bakarrik izango da posible mitoa oker ez irakurtzea. Gure kasuan, Logos termino grekoa —zein latinez Verbum bezala itzuli zen—, ez da Taotermino txinatarretik urrun egongo, zeinen bidez taoismoaren jarraitzaileek adierazi nahi duten Hasiera, Iturria, Jakinduria eta denaren Ordena. Hitzen gainetik, beste errealitate bat apuntatu nahi da: DENAren azken Misterioa (2013/12/29).

 

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s