‘Olegi’ toki-izena

Denetan azaltzen da ‘Olaegi’ bariantea; kasu guztietan, herriak ‘Olei’ ahoskatzen du

Olegi baserrian jaioa izanik, toki-izen hori beste inon ba ote den aztertzen hasi nintzen. Behin, hizpideak hartaraturik, Xabier Aranzeta (G.B.) lankideak esan zidan Elgetan bazela Olegi izeneko baserria, lau bizitzakoa, eta han bazela, ni bezalaxe, Rufino zeritzan pertsona bat: Rufino Askasibar. Amezketan eta Idiazabalen ere badira Olegi izeneko etxe bana. Azkenik, oraingoz, Bermeon aurkitu dut Olegi deritzon parajea. Altzagan badago Olagi izeneko sagardotegia, baina ez dauka zerikusirik beste guztiekin, berria da, honela osatua: Ola(no) + (Arre)gi.

‘Ola’ + ‘(h)egi’ elkartzetik dator ‘Olegi’ hitza. Bermeko toponimian ikus daitekeenez, forma asko ditu:  Olegui, Oleegui, Olaegui, Olegi, Oleya, Oley. Gure etxearen izena, adibidez, Olegui u Olategui da eskrituretan. Denetan azaltzen da ‘Olaegui’ bariantea, baina ‘Olategui’ gurean bakarrik. Eta, kasu guztietan, herriak ‘Olei’ ahoskatzen du.

Amezketako Olegi, agirietan, paraje-izen bezala dator. Dena den, ‘sarobea’ aipatzen da, eta seinalea eraikia bazegoela. XX. mendean aterpe xume bat zegoen, eta deitura askokoa: Ittaun, Txabola, Akerretxe, Otamuttei. 1955ean, Karlos Zubeldia tolosarrari eman zitzaion lurra. Gaur egun, eskuartean dudan argazkiaren arabera, etxe zuri ederra da.

Bermeko Olegi San Migel auzoan dago. Ganeko Landalo azpia, Bilborako errepideko bihurgune nagusiaren behealdean. Handik doan errekari, Etxebarrierrekarainoko tartean, Olegi erreka esaten zaio. Dirudienez, gaztainadi ugari zen paraje horretan, otadi eta mendi-larreekin batera. Sarritan eta bariante askorekin aipatzen da “castañal de Olegui/Olaegui…”

Esan bezala, Idiazabalen ere bada Olegi. Etxegarate aldera goazela, ‘Gaztelu’ jatetxe parean behera hartu eta ehun metro baino lehen aurkituko dugu. Iparragirretarrak izan dira horko biztanleak: bi neska eta mutil bat azkenekoak. Orain Olegin bizi dena ere Iparragirre; hain zuzen, hiru senide horietako baten (mutilaren) semea. Argazkian ikusten denez, etxea berritua dago. 1953an eraikia da. Orain bizi denaren aitonak egin zuen. Familiak ez digu argitu zergatik ipini zion Olegi izena.

Elgetan, Olaegi Handi eta Olaegi Txiki dauzkagu; bina bizitzakoak dira; batekoak, Irazabal eta Osoro; bestekoak, Askasibar eta Bolinaga. Bi bizitzatan bizi da oraindik jendea. Uriarte Auzoan dago kokaturik, Elgeta-Bergara errepidearen ondoan, Elgetatik bi kilometrora.

Zaldibiako Olegi (gure jaiotetxea) herritik kilometro eta erdira dago, Larraizko bidean, Olaeta auzoan. Hutsik, baina ordainez, beheraxeago dago Olegi Berri eta hemen bost familia, denak senideak (Iraola) bizi dira. 

Bai Horixe, DV: 140221 Oharra: goiko argazkian agertzen den horixe da Zaldibiako Olegi.

 

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s