Arduraz jokatzea hobe

Nazioarteko desarme-egiaztatzaileen presentzia dela eta, Andoni Unzalu eta Pello Salabururen artikulu bana irakurri dut aste buru honetan. Ez zait gustatu ez bataren eta ez bestearen tonua. Eta, batez ere, ez zait gustatu erakusten duten gutxieste erradikala. Uste dut 30 edo gehiago indarkeriaren aurka aritu, eta bakea eta errekontziliazioa lortzeko irrikaz geundenok inmobilismo antzua baino zerbait gehiago merezi dugula; baita estilo aldetik ere. Gainera, errespetu faltaz gain, uste dut irresponsablea ere badela jarrera hori. Harritu eta dezepzionatu egiten nau, hainbat urtetan gurekin gurdi berean ibili diren batzuek, bakearen alde eta biolentziaren kontra ahal zena egiten, orain horrelako arinkeriaz gauza hauek hartzea, armen eskasiaz trufa egiteraino. Ez nuke esango probokazio absurdo eta zentzugabea ez denik ere.

Gauza guztiak bezala, egiaztatzaileen lana bere neurrian baloratu behar da, puztu edo gutxietsi gabe, egutegi baten barnean. Denbora gehiegi irudi dakiguke, baina apur bat itxaroteko ere ez gaude gaizki, armak isilik daude eta. Unzalu eta Salaburuk ez diote, agian, garrantzirik emango, baina nik nahi dut ikusi inbentario hori, mamurik txikiena ere uxatzeko, eta, bestetik, desarmea eta desegitea direlako bai Madrilgo gobernuaren eta bai Gasteizkoaren exijentzia.

Ez dakit zer irudituko zaien Andoni eta Pellori BBCren irudietan azaldu diren egiaztatzaile horiei deklaratzera deitu izana. Nik neronek, suabe samar esatearren, esperpentoa esango nioke. Non ikusi da horrelakorik? Harreman hori, seguruenik, Espainiako geografiatik kanpo gertatuko zen — eta, ikusiak ikusi, hurrengoak ere hala izango dira—. Inork behar badu inmunitaterik, nazioarteko bitartekari eta egiaztatzaileek behar dute. Ikusiko dugu fiskala eta epailearen jokabideak zer erantzun izaten duen aurrerantzean (deklaratu dute).  Izan ere, hari horretatik tiraka hasiz gero oso urruna irits gintezke. Adibidez —dakigun azken kasua aipatzearren—, Norvegiako gobernuari ere deitu beharko lioke epaileak, lurralde horretan izan direlako, hango gobernuak ontzat emanik, azken kontaktuak, prentsaren arabera, Manikkalingam, Powel eta ‘Josu Ternera’ eta abarren artean.

Unzaluk badu beste arrangura bat ere: sekulako bonboa eman omen zaio gertakariari hemengo prentsan. Andoni, otoi, ez al duzu ikusi zer-nolako bonbardaketa mediatikoa izan den Madrilen, ekintza boikoteatu eta egiaztatzaileak desprestigiatu nahian?

P.D. Armak, prezintaturik, erakutsi eta inbentarioa egin ostean, berriro organizazioaren eskuetan geratu zirela esaten ari dira komunikabideak. Begiratu batera, horrek ere ez dirudi serioa. Pentsatzen nago segurtasun-problemak eta arazo tekniko serioak izango direla tartean. Sinesgarritasunik ez galtzeko, arma horiek horrelaxe, prezintaturik, azaldu behar dute, eta espero dezagun hala izatea, arazo teknikoak konpondu eta berriro eskatzen zaizkienean. Dena den, aurreneko parte osoari komarik ere kendu gabe, bigarren honek beste artikulu bat merezi luke.

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s