Krisia eta hazkundea

Ez da gauza bera armen produkzioari esker ala minbizia sendatzeko farmakoak produzituz haztea

Herenegungo ‘Nazioaren Egoera’ debatean oso baikor agertu zen gobernua. Ez dakit arrazoiz ala motibo handirik gabe. Dakidana da oposizioa ez zegoela ados; egia esan, inoiz ez da egoten. Alde horretatik, beraz, nobedade gutxi. Dena den, Madrilgo kongresuko hemizikloan zer esan eta zer entzuten den baino interesgarriagoa litzateke herri xumeari, zer pentsatzen duen baino areago, nola bizi den galdetzea; bizitzea, azken finean, egoera larruazalean sentitzea baita eta ez hausnar handietan galtzea. Esperientzia horretatik zenbat ote datoz bat gobernuaren baikortasunarekin?

Hau ere badakit: krisiari aurre egingo bazaio, ekonomiak hazi egin behar du. Alabaina, haztea bakarrik ere ez da aski. Ondo banatzen ere jakin behar da. Horretan ere baikor ote da gobernua? Eta oposizioa? Ala tabernako solas askotan entzuten den moduan, diruak diruarekin elkarteko joerak jarraitzen du, huntza hormari atxikitzen zaion moduan? Ondorioz, tabernako hizketaldi informal —politiko askorenak baino formalagoak— horietan aditzen den moduan,  banatzen denean ere, noizbait zerbait banatzen hasten bada, kontrola dutenek nahi duten eran banatuko da?

Beraz eta agi denean, ‘haztea ala ez-haztea’ da kuestioa. Baina, Vicenç Navarro katedratikoari irakurri diodanez, ez da gauza bera energia berriztagarria kontsumituz ala gabe haztea. Ez da gauza bera armen produkzioari esker ala minbizia sendatzeko farmakoak produzituz haztea. Eta politikaren esku dago, teknologiaren baitan baino areago, nola hazi. Politikaren esku! Herri batean zer-nolako aginte-modua dagoen eta zein talde sozialek kontrolatu eta banatzen duen produkzioa, esate baterako energia, horren arabera funtzionatuko du ekonomiak. Hortaz, zentral nuklearrak egin ala energia berriztagarriak bultzatu, politikoki (kapitalak) erabakitzen da.

Eskuinaren ideologia ekonomikoa, nik dakidanez, beti berdina izan da: asko produzitu, ahalik eta merkeen, asko irabazteko, eta dena ondo doala hots egin lau haizetara. Eta ezkerra? Ezkerrak zer egin du? Nik esango nuke banaketa zuzen samarrarekin konformatu izan dela, hein handian, eta hori ere lortu ez, gehienetan.

Eta sindikatuak? Hauxe da sarritan egotzi izan zaien bekatua: saiatzen dira “lana dutenen eskubideak” defenditzen, baina, zenbaiten ustez, langabeziari benetan aurre egiteko formulen bila oso gutxi ahalegindu dira. Horrenbeste jende, lanera barik, kale-kantoian ikusita, agente sozial eta politikoak, bereziki sindikatuak, maiz etortzen zaizkigu gogora. Hemen demokrazia politikoaz asko hitz egiten dela, baina ekonomiari buruz, nola produzitu eta nola banatu dagokionean, ez dago batere demokraziarik. Aginteak, den erakoa dela, komeni zaion tokiraino bakarrik uzten du soka luzatzen. Eta agudo mehatxatu: «Kontuz tira egin, gehiegi tenkatu eta eteten bada, auskalo zer gerta litekeen». Dena euren alde.

Orain, Txinara begira daude denak. Hura da eredua, merke produzitzeari dagokionez. Umetan, itsulapikotik atera eta bidaltzen genizkien pezetei etekin bikaina atera diete. Batzuek, noski. Besteek lehengo moduan edo okerrago jarraitzen dute. Hango kultura berriak aberats asko sortu du, baita pobrea ugari ere, desberdintasun ikaragarriekin. Hori ez ote hona datorrena ere?

Bai Horixe, DV.140227, luzatua

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s