Isiltzeko garaia da

Hemen askotan esan zaigu terrorismorik gabe edozertaz mintza daitekeela: nik nahi dudana da hori gogoan izatea eta praktikan ipintzea

Pello Salaburu, bat baldin bada, oso pertsonaia eta pertsona ezaguna da Euskal Herrian, anitz eremutan eta, horien artean, artikulugile moduan. Hain zuzen, denbora gutxian, bi artikulu dedikatu dizkio desarmeari: “El parto de los montes” (22.02.14) eta “El desarme” (26.02.14). Lehenengoaren tesi nagusiaren parte garrantzitsuenak hauek lirateke: ezker abertzaleari interesatzen zaio eszenifikazioa; egin dutenak ez du ezertarako balio, egiztatzaileen beraien ‘curriculum’a puzteko ez bada; guri ETA ez zaigu jada axola eta has gaitezen beste zerbait produktiboagoan pentsatzen. Bigarrenean, laburrago esanik, Salabururen hitzetatik ondoriozta daitekeenez, egiaztatzaile horiek ez dute efikazia handirik erakutsi munduko gatazken konponketan eta ez dute merezi sinesgarritasunik. Eta berriro dio aurreko artikuluan zioena: zergatik ez gara dedikatzen interes handiagoko gauzetara?; eta egiaztatzaileak doazela beste norabait.

Bada, nik hitza hartuko diot: zergatik ez da bera ere dedikatzen gauza produktiboagoetara, interes handiagoko aferetara? Izan ere, esaten dituen gauzak mila aldiz errepikatu dituzte beste batzuek. Frogatu nahi duenak hortxe dauka zerrenda, adibidez, ‘Fundación para la libertad’ portalean: Isabel San Sebastián, Eperanza Aguirre, Antonio  Elorza, Aurelio Arteta, Fernando Savater, Edurne Uriarte, eta abar, eta abar. Zer interes arraio dauka Pello Salaburuk horien artean kokatzeko? Ez dut ulertzen. Ez ote dauka beste gairik, euskaldunoi eskaintzeko, gainezka datorren erretenera ur gehiago bota gabe? Berriz diot: ez dut ulertzen.

Nire ustez, isiltzeko garaia da. Ondo baino hobeto ikusten nuen, jardun armatua aktibo zegoen bitartean, horren alde zegoen guztia gogor kritikatu, salatu eta kondenatzea, eta ahaleginak eta bi egitea jardun hori amai zedin, baina behin ETAk bere borroka bertan behera utzi ondoren, susmagarria iruditzen zait zenbait jenderekin lerrokatzea, horien interesak, nire uste apalean, zeintzuk diren ikusita, Savaterren tesiei men egitea baita. Behin baino gehiagotan esan duenez, “ez da aski terrorismoa borrokatzea, ezinbestekoa da horren oinarri den nazionalismoa borrokatzea ere”. Ez nator bat. Hemen askotan esan zaigu terrorismorik gabe edozertaz mintza daitekeela: nik nahi dudana da hori gogoan izatea eta praktikan ipintzea.

Hemen batzuek irentsi ezin dutena da —ez dakit Salaburu posizionamendu horretan dagoen— militarki ETA menderatu ostean, Bilduk bozketan arrakasta izatea. Nik neuk emango ez diodan arren, behin borroka armatua amaituta, berdin dit Bilduk boto asko ateratzen baditu ere. Demokrazian sartzen da besteen emaitza onak onartzea ere. Hori da oraindik askok ikasi ez duena, eta funtsezkoa elkarbizitzarako. Kointzidentzia ideologikoa edo politikoa ez da kondenagarria, baizik eta ideologia politikoa aurrera eramateko modua eta medioak, baldin eta demokratikoak ez badira edo biolentzia erabiltzen bada. Hauxe zen dena!

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s