Daukazuna edo dakizuna eskaintzea da benetako erlijioa

Giza jeneroak egin duen guztiak bi gauzekin dauka zerikusia: sentitzen dituen premia sakonak ase eta oinazea arindu nahia. Ezinbestekoa da bi gauza horiek aintzat hartzea, mugimendu espiritualak apur bat ulertu nahi baldin baditugu. Bai, sentimendua eta irrika dira giza ekintzaren motorrak. Egin dezagun jauzi, galdera honen aurrean hobeto kokatzeko: zein dira, orduan, gizakiari erlijioaren premia sentiarazi dizkioten sentimendu eta irrikak?

Gizaki primitiboari gagozkiolarik, zalantzarik gabe, esan dezakegu beldurra dela erlijioaren premia esnarazten dion sentimendua. Hainbat forma diferente hartu ohi ditu beldurrak: gosearena, piztia eta munstroarena, gaixotasuna, heriotza… Beraz, erlijioaren lehen egitekoa ez zen paradisua bermatzea, baizik eta munduko premien aurrean laguntzea.

Gizakiak, zalantzarik gabe, kontzientzia duen momentutik ezagutzen du gaizkia, eta defenditu egin nahi du. Horretarako, izaki aliatu imaginarioak eraikiko ditu, bere irudi eta antzera. Kristau dotrinak dioenaren alderantzizko fenomenoa gertatzen da hemen: gizakiak sortzen ditu izaki zerutiarrak bere irudi eta antzera. Gizakiak babesa eta faboreak espero ditu izaki sortu berri horiengandik.

Ondoren, zikloa osatzeko, apaiz-kasta sortuko da, gizakiaren eta entitate imaginario horien arteko bitartekaritza egiteko. Eta, denbora asko baino lehen, azken hau, talde hegemoniko bilakatuko da; botere osoa eskuratuko du, ez erlijiosoa bakarrik, baita politikoa eta soziala ere. Edo lider politikoak azaldu eta indartzen doazen neurrian, horiekin konpartituko dituzte interes komunak.

Bada beste arrazoirik ere. Gizakiak premia larria bezain berezkoa du maitatua eta onartua sentitzeko premia. Horrek beste dimentsio hau ematen digu: Jainkoaren kontzepzio morala. Jainkoak zainduko gaitu, babestu, saritu eta zigortu ere bai. Jainkoa da esperantza, Jainkoa, azken finean, salbazioa. Beraz, beldurraren erlijiotik moralaren erlijiora igaro gara. Herri zibilizatu guztietako erlijioak, bereziki ekialdekoak, moralean oinarritzen dira. Beldurraren erlijiotik moralaren erlijiora urrats handia egon arren, kontuz ibili behar da, moralismo integrista  merkeegian eror ez gaitezen.

Jainkoaren ideia antropozentrikoa dauka, jeneralean, gizakiak. Pertsona jakin batzuek bakarrik lortzen dute maila horretatik gora jartzea. Sentimendu kosmiko erlijiosoa. Existentzia indibiduala presondegi gisa ikusten dute, eta nahi dutena da unibertsoa esperimentatu gauza esanguratsu bakar bezala. Garai guztietan izan dira jenio erlijiosoak zeinek ez duten onartzen dogmarik eta ikusten Jainkoa gizakiaren antz eta irudira. Horrelakoak, kasu batzuetan, hereje eta ateotzat hartu izan dira; eta, beste batzuetan, santutzat.

Nonbaitetik jaso eta apuntaturik daukat Demokrito, Asisko Frantzisko eta Spinozak, adibidez, afinitate izugarriak dauzkatela euren artean.

Erlijioa eta zientzia, historikoki, antagonikotzat jo izan ditugu. Zientziaren aldetik, kausalitate-legearen alkantzu unibertsalaz konbentziturik dagoenak ez dezake onartu, inolaz ere, norbaitek eskua sar dezakeenik gertaeraren katea eten eta desbideratzeko. Horrentzat ez dauka inongo zentzurik beldurraren edo moralaren erlijioak. Ez zaio buruan sartzen saritu edo zigortu dezakeen Jainkorik. Gizakiaren portaera etikoak errukian, solidaritatean eta enpatian oinarriturik egon beharko luke.

Bere seme-alabengatik dena emateko gai diren pertsonak, hurkoaren alde,  oihan batean munduko errukarrien alde ari direnak, edo hiri handi bateko aterperik gabekoen alde, edo laborategiak orduak eta orduak sartzen ari diren zientzialariak gizadiaren alde zerbait asmatu nahian… Horiek Jainkoa eta erlijioa beste modu batean ikusten dituzte. Maitasuna ez da emozio itsu bat, batasun-sentimendua baizik: norbaitekin izan edo norbaitentzat izan.

Edo zeru-lurren sekretuak norbaitentzat deszifratu, birus edo galaxia baten portaera aztertu, daukazuna edo dakizuna eman behar duenaren alde… hori da sentimendu kosmiko erlijiosoa, benetako indar erlijiosoa. Denekin eta DENArekin batu. Beti dago guregatik lanean diharduen norbait guk jakin gabe. Guk beste horrenbeste egin beharko genuke, trukean ezer eskatu gabe. Ez da gauza berezirik egin behar, dakizun hura baizik, amodio osoz.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s