Beti da Ilargira begira dagoen Norbait

Nire hipotesia hau da: ez dauka ezerk izaterik, inork ez badaki existitzen denik. Beraz, zerbait existitzen den momentu beretik, edo lehenagotik, existitu beharra dauka kontzientziak. Hara nola otu zitzaidan ideia hori: behin batean, sasi-tarte itxian betaurrekoak galdu nituen. Oraindik ez dira azaldu. Baina ziur nago norbaitek badakiela non dauden. Hori baino zailagoak eta irrealagoak iruditzen zaizkit beste ideia asko.

Gauza bat galtzen dugunean, hiru gauza gerta litezke: a) galdu duenak berak aurkitzea, b) beste batek aurkitzea, c) dagoen tokian geratzea, goragoko kontzientziaren begiradapean. Hiru hipotesiak dira posible. Zeinek dauka posibilitaterik gutxien egia izateko? Zergatik? Norbaitek esango du laugarren bat ere badagoela: dagoen tokian geratzea, eta inork deus ez jakitea. Azkeneko hori, niretzat, ezinezkoa da. Gauza beraren jiran beste buelta bat ematea bada ere, esango egingo dut: existitzea eta hautematea ekintza bera eta bakarra da.

Einsteinek galdetu omen zion beste zientzialari bati ea uste al zuen berak begiratzen zuenean bakarrik zegoela Ilargia han. Nik baietz esango nuke. Edo beste era batean esatea hobe: beti da Ilargira begira dagoen Norbait. Nik Kontzientzia esaten diot norbait horri, baina dei geniezaioke beste mila modutara: Dena, Misterioa, Presente eternoa, Tao, Hutsa, Izan erreala, Jainkoa…

Orain arte adierazitakoarekin kontraesanean dagoela ematen du, baina… bi gauza ez ditzakegu esan: gure zentzumenek atzematen ez dutena ez dela existitzen, eta gure zentzumenek atzematen duen moduan eta modukoa baino ez dela errealitatea. Urte mordoa da honako hau planteatu nuela: dilema ez da “izatea” ala “ez-izatea”, “horrela-izatea” ala “ez-izatea” baizik. Orain, beste pauso bat emango nuke, esango nuke dilema dela “nirekin-izatea” ala “ez-izatea”. “Nirekin” horretan, berriro ere, kontzientzia ipiniko nuke.

Erlatibitate osoan bizi gara. Adibidez, existitzen al dira: tamaina bere baitan eta kolorea bere baitan, forma bere baitan? Ez da existitzen objektu baten tamaina bere baitan, modu erlatiboan baizik, beste batzuekin konparatuta. Ez dago kolorerik bere baitan, objektu batean txertaturik baizik. Zer dira tamaina eta kolorea? Kontzeptu guztiz abstraktuak, hitz egiteko modu bat, ideia mentalak. Edo, kolorearen kasuan, gure begira frekuentzia jakin batean iristen diren uhinak edo… horrelako zerbait. Kontuan izan gizakiak ez ditzakeela hauteman kolore eta argi guztiak (uhin ikusgarrien espektroa oso laburra da).

Tamainarekin gauza bera gertatzen da. Behin batean, idatzi nuena gogoratuko dut: “Betaurrekoak ditudanetik gertatzen zaizkit gauza hauek. Betaurrekoak jantzitakoan, handiagoak ematen dute objektuek. Zein da benetako neurria?” Ez dago neurri absoluturik?

Edo modu erlazional osoan bizi gara, gauza batek bestea inplikatzen duela. Ez dago aita edo amarik seme edo alabarik gabe. Espazioak denbora inplikatzen du, katetoek hipotesuna. Denborari berriro helduta, ohartzen bagara bi gauza gertatzen dira: berdin litzateke orratza ibili ordez esfera ibiliko balitz (eta posible da), ordua berdin-berdin jakingo genuke; bestetik, erlojua ez da orratz bat espazio batean jiraka besterik, ontzat jotzen badugu digitalizazioa horren sofistikazioa baino ez dela.

Azken gogoeta bat egingo dut. Demagun badela gure unibertsoko ez dakit zein galaxiatan eguzki-sistema bat bere planetekin, eta han badela bizi adimenduna. Baina hango biztanleek bost zentzumen izan ordez lau dituztela: ez dute ikusten. Nolakoa izango litzateke hango errealitatea? Guztiz diferentea gurearekin konparatuta. Nik nirean jarraitzen dut. Pentsatzen dut egon behar duela kontzientzia bat hango errealitateren berri dakiena.

Era berean, imajina dezakegu, ordea, beste planeta bat zeinetan bizi direnek sei zentzumen dituzten. Orduan ere gure errealitatea diferentea izango litzateke. Bada, jarraitzen dut pentsatzen badela Norbait, guk seigarren zentzumenik ez dugulako, ezagutuko ez genukeen errealitate hori ezagutzen duena.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s