Lagunartean, giro

Politika, askotan, benetako errealitatea maskaratzeko modua baino ez da

Kontatu nahi dudana kontatzeko, nahiago nuke Basarri edo Txomin Garmendiaren estiloa neureganatua banu. Haiek egiten zituzten ederki estilo honetako kronikak: alegia, lagunarteko ospakizunei buruzkoak. Ez litzaidake gaizki etorriko joan larunbatean Gaintza eta Zaldibiako kintoek egin genuen “bileraren” berri emateko. Dena den, nik, kronika hutsean gera ez dadin, datu batzuk ere eskaini nahi nituzke, gure gizarteak egin duen bidea, bilakaera, apur bat bistaratzeko.

Herriko plazatik irten eta Amundarain ibaiak gidaturik, Aiestaranerreka auzoan barrena iristen da Lakaoetxe baserrira, gaur egun agroturismora dedikatua eta jatetxe bikain bihurtua. Bide batez esanik, askok ez dute jakingo baserri hori Lazkaoko lurretan dagoenik. Guk beti Zaldibiakoa kontsideratu dugu, izan ere Lazkaora biderik ez daukan etxe bat, mendian gora ez bada, kontsidera al daiteke hangoa? Bertakoek ere beren burua zaldibitartzat daukate. Beraz, Trebiñoren kasuan dago Lazkaoetxe, salbuespen batekin: elizaz Zaldibiara tokatzen da. Sekula ez ote dute hitz egin Lazkao eta Zaldibiako udalek, naturalki dagokion tokian kokatzeko?

Aurrez pentsatua eta erabakia geneukan bezala, Gaintza eta Zaldibiako 66ko kintoak, hau da, aurten 69 (ez dut txiste txarrik egin nahi) betetzen ditugunak, 1945 jaikotakoak, 17 gizonezko eta 8 emakumezko. Bizitzan zehar ibilbide diferenteak egindakoak, baina funtsean kultura eta espektro sozial bertsutik gatozenak. Esango du norbaitek: «Hau zer ari da, kinto-bazkari baten berri ematen, inork sekula egingo ez balu bezala?» Egia. Baina gureak badu berezitasun bat: bizitza osoan hirugarrena genuen. Orain 25 urte egin genuen lehenengoa. Hori bai, hemendik aurrera urtero egingo dugu.

Eguraldia lagun, egun bikaina igaro genuen, umore ederrean eta solas gustagarrian, aspaldian ikusi gabeko lagun zaharren inguruan. Baita, bakarren bat, ezagutzen ez genuena ere, umetan herritik kanpora joan zelako. Aurten etorri izan ezin zutenak datorren urterako gonbidaturik daude. Betiko joan direnak ere ahaztuak ez, erabat betiko ez baita inor joaten.

Beste gogoeta bat ere egin eta komentatu genuen: han eserita geunden 25etatik, 19 edo 20 baserritarrak eta artzain familiakoak ginen jaiotzez eta, kulturaz, denak esateko moduan. Ariketa hau egin nuen mentalki: gu altxatu eta geunden toki berean gure seme-alabak eseri izan balira, panorama zeharo aldatuko zen. Zenbat ote dira baserrian jaioak? Zifra irauli egongo litzateke. Eskuko hatzak sobera eta gehiegi, seguruenik, kontatzeko.

Datu gehiago ere eman genezake, euskararen transmisioari buruzkoa hau: %100etik gora ateratzen da, bazelako tartean erdaldunen bat ere seme-alabak euskaldunak dituena. Eta nola gabiltza erlijio kontuan? Gure belaunaldiaren aldaketa askoz ere nabarmenagoa izan da, bai gure gurasoekiko eta bai seme-alabekiko. Gurasoek aldatu beharrik ez zuten izan, berean segituko zutelako, eta seme-alabek aldatu beharrik ez dute izan, guri gurasoek eta orduko giroak irakatsitakotik, oro har, oso gutxi eman diegulako, batez ere  egintzaz eta jokabidez.

Eta politikan? Politika, maiz asko, benetako errealitatea maskaratzeko modua baino ez da. Nahiz eta gure artean, gaurko parametroen arabera, “ideologia” diferenteak egon daitezkeen, ziur nago funtsean ez dagoela halako alderik. Uste dut berdintsu sentitzen dugula Joxe Migel Barandiaranek gizabidea edo euskal arima deitu ohi ziona. Beraz, elkartu ginenoi erreparatuta, ondorio hau atera daiteke: politikak bereziko gaitu gainazalera begiratuz gero, baina sakoneko gure identitatea ez al da berdina, ez al da bera?     

Bai Horixe, DV: 140313, moldatua

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Una respuesta a Lagunartean, giro

  1. Pozten nauk urtero ospatzea erabaki duzuelako. Guk amezketar koadrilak, gu zuek baino bi urte lehenagokoak (zaharragoak ez esateko), larraitzen ospatzen diagu, urtero, txintxo, 50 urte bete genituen urtetik, bat uzti gabe… aurten 27.a izango diagu. Larraitzko ermitan meza, hori sinpalta, eta gero bertako Larraitzgainen bazkaria. Sano gabiltzanok (gaiso ez dagonak, alegia) han konplitzen diagu, formal asko… Data gogoan hartzeko, urriko azken larunbata seinalatu genian, eta urteko lehen konpromixo seinalatua, horixe izaten diagu… Segi formal zuek ere…

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s