Patxi Meabe: «Azkenean, beti gailentzen da egia»

Joan den asteartean (14.03.18), Patxi Meabe Etikarte Fundazioko kideari entzuteko zoria eta zortea izan genituen. Baketze-prozesua eta horren inguruan kokaturik, honako hau jorratu zuen: ‘Elkarbizitzaren osasun demokratikoa’. Zaldibiara oso gustura zetorrela esan ondoren, hau izan zen bere ekarpena bakearen alde:

Diagnosia

«Baketzea, normalizazioa eta elkarbizitza demokratikoa lortzeko, lehenik diagnosi egokia egin behar da. Ez dira elementu isolatuak, beste gertaera sozial batzuen ondorio baizik. Azken hitzik ez dago, elkarrizketa baizik. Beharrezkoa da gauzak etikaren ikuspegitik planteatzea, nahiz eta bolo-bolo ibili hau ere: bi gauza diferente dira etika eta politika. Arazo politikoei etikatik at eman behar zaie irtenbidea. Guri komeni zaiguna egin behar da. (Machiavello asko dago oraindik). Hori ez da posible. Jakina, etikaren barnean ere iritzi politikoak eman beharra dago, eta zilegi da. Edozein kasutan ere, bizi garen testuinguru eta egoeratik abiatu behar da: Zaldibian Zaldibiakotik.

Giza baloreen krisia

»Giza baloreak ezinbestekoak dira elkarbizitzarako, kirol-jokorako arauak adinaxe. Ez dago jokatzerik arauak onartzen ez dituenarekin edo errespetatzen ez dituenarekin. Honetaz gutxi hitz egingo badut ere, aipa dezadan: krisi ekonomikoa. Elkarbizitzari gogor erasaten dio. Ondorioak badakizkigu: lantegiak itxi, zerbitzu sozialak murriztu, soldata eskasak… Hemen ez gara ari planteamendu erlijiosotik. Eta esan egin behar da, zeren batzuei, horretaz mintzatzean, “sakristia usain” apur bat darie.

Elkarren aurka

»Elkarren aurka jarduteko joera ez da berria Euskal Herrian. Aski da edozein desadostasun, sua pizteko. Elkarbizitza sanoak ez du esan nahi berdin pentsatu behar dugunik, diferentzia onartu egin behar dugula baizik. Ezberdinen artean osatu behar dugu etorkizunerako bidea. Elkarren aurka jarduteko grina horretatik, zoru etiko bat finkatzera jo behar dugu. Iragana aitortu eta etorkizuna finkatu, denok onar ditzakegu oinarri minimum batzuk ipini ondoren.

»Gauzarik printzipalena da gaizki egin duguna zuzentzea, eta ez analgesikoak aplikatu edo amnesian murgildu, izan den oinazea ahanzteko. Gertatu dena gertatu da, ez diogu inori konturik eskatuko, baina presentea eraikitzeko balio izan behar digu, ez dugu nahi errealitate birtualik.

»Bada Beduinoen esaera bat: ni anaiaren kontra, anaia eta biok lehengusuaren aurka; anaia, lehengusua eta hirurok auzokoen aurka…Jarrera horiek gaindituko dituzten jokabideak bultzatu behar dira.

»Aurreiritzi gehiegirekin bizi gara. Batekin hitz egitea ez da bestearen aurka egotea. Askok uste du planteamendu etikoa egitea bestearen ideia politikoen kontra jotzea dela. Ez da horrela. Zatiketa dago hemen, apurtuta gaude Euskal Herrian. Horrek konponketa behar du, eta horretan saia gaitezen. Lehenengo gauza, behintzat, irainak eta kalumniak desagertu beharko lukete gure bizitzatik: egin ezin dena da: hemen elkarri eskua eman eta gero herriko hormetan pintadak egin elkarren aurka. Kontrario politikoa ez da inoiz etsaitzat hartu behar. Komunikabide sozialek ere laguntzen diguten baino gehiago lagundu beharko ligukete elkarbizitzarako markoa osatzen.

Euskal arazoa deiturikoaren definizioa eta debatea

»Badakigu, ez dago esan beharrik, ikuspegi ezberdinak daudela. Baina gauza bat da beste guztien gainetik dagoena eta onartezina: giza eskubideen urraketa. Ez dago eskubiderik, ez hemen eta ez beste inon, politikaren izenean besteari bizia kentzeko. Gatazkari honela begiratzen diote batzuek eta besteek: a) ETAk bere ideia politikoak aurrera ateratzeko hiltzen du, asasino hutsak dira, b) blokeoa dago Estatuaren aldetik eta blokeo horri eman zaion erantzuna da ETAren borroka armatua, sustraietara jo behar da. Gatazkari buruz hitz egitean darabilgun hizkuntzari berari buruz ere akordioren bat beharko litzateke.

»Zalantzarik ez dago ETAk egindakoa gaitzetsi beharrekoa dela, baina Estatua ere ez da errenditu eskubide-estatuak exijitzen duen mugetan. Dena esan behar da. Estatuaren aldetik eskubideak zapaldu direnean ez da izan gauza puntual bat, baizik eta sistematikoa eta gobernuak kontrolatua. Bestetik, ETA, azkenean, oztopo izan da euskal gatazka politikoa deritzonari irtenbidea emateko. Hor asko dago eztabaidarako. Bazirudien ad infinitum luzatuko zela ETAren jarduna, zeren akordioa eskatzen baitzuen armak uzte aldera; baina, azkenean, akordiorik gabe gertatu da, aldebakarki. Badaezpada, hori ere argi gera dadila.

Biktimak

»Biktimen kasua oso arazo mingarria da. Tragikoa! Edozein azterketa politikoren gainetik dago, ez baitago biziaren gainetik ipin litekeen proiektu politikorik. Ez dira biktima, defenditu zutenagatik, baizik eta beren giza eskubideak urratuak izan direlako, izenik gabeko sufrimendua eragin zaielako. Biktimek esanahi morala dute; ez dago dudarik.

»Beren eskubideak aitortu behar zaizkie, manipulazio eta politikoki aprobetxatu gabe, noski. Gauza ederra litzateke inguratu eta esatea: zurekin nago. Ederki lagunduko liguke elkarbizitza eraikitzen. Ez da bidezkoa biktimak indiferentziaz hartu edo gatazkaren testuinguruan kokatu eta kalte kolateraltzat jotzea. Terrorismoaren kontrako borrokan tortura onartu ezin den bezalaxe (Landak behin baino gehiagotan idatzitakoa interesgarria da). Alde bateko krimenek ez dute justifikatzen besteko jardun-modu ez-legala eta giza eskubideen aurkakoa.

»Beste gauza bat ere garbi dago: ez dira uztartu behar printzipio eta ideologikoak eta borroka armatua. Batzuek, gaitzesten hasten direnean, dena gaitzesten dute: terrorismoa eta azpian dagoen ideologia politikoa. Ideologia politikoa zilegi da, armaz defenditzea ez, indarrez inposatzea ez. Baina…, egia osorik esateko, beste biktimarioak ere, “unionistak” (komatxo artekoa nirea da, ez da despektiboa), proiektu politiko bati lotuak zeuden. Bakea eta justizia ez dira inoiz osoak izango biktimei zorrak kikatu gabe.

Presoak

»Inork ez du zalantzan ipintzen ETA dela hilketa krudel askoren erantzule eta arduradun. Hala eta guztiz ere, pertsonak diren aldetik, beren eskubideak dituzte. Espetxe-politikak legala eta humanoa izan behar du. ETAko presoen eskubideak defenditzeak ez du esan nahi, inolaz ere, haien jokabidearen alde zaudenik. Ezta gutxiagorik ere! Errukia eta laguntza humanitarioak ez gaitu lotzen, derrigorrez, inoren ideiekin. ETAk krimenak egin ditu, horrek ez dauka diskusiorik. Gainera, ona da presoei entzutea ere. Pikabea presoren hitzak gogoratu zituen (hark erdaraz, nik euskaraz, gutxi gorabehera): Egunen batean semeak galdetzen badit inor hil dudan, baietz esango diot (…), baina hau ere esango diot “ideia batzuen izenean ez dago inor hiltzerik”.

»Beste arazo bat. Hau ere larria. Jende asko kartzelan sartu da, ETArekin kolaboratu duela esanda, prentsako jendea eta abat, benetako frogarik gabe. Hori ere esan egin behar da. ONUk ere esan du: neurriz gora pasatzen den politika antiterrorista batek sinesgarritasuna galtzen du.

»Durangokoa bezalako ekintzak ez dira txarrak: legea onartuko dutela esatea eta abar. Gertatzen dena da gauzak, beste aldetik, oso mantso joango direla, bestela ere sekulako problemetan sartua baitago gobernua: krisia, korrupzioa alde guztietan, erregearen inguruko desprestigioa, biktimen elkarte batzuen jarrera, eskuinetik atera zaizkion “garatxoak”… Baina, pixkana-pixkana, aurrera egingo dugu.

Elkarbizitzarako balore etikoak

»Solidaritatea, topaketa, bizikidetza, berdintasuna… indartuko duten jarrerak bultzatu.

»Egia esan. Bizitza publikoan egia esatea ez da, soilik, kategoria politikoa, etikoa ere bada. Gezurrak  errentagarrienak izanda ere, ez dira onargarriak. Zorionez, ordea, azkenean beti gailentzen da egia.

»Eredugarri izatea beti da positiboa, kultura hori bultzatu behar da. Inportantea da jardun publikoak prestigioa eta sinesgarritasuna berreskuratzea.

»Ahaleginak egin, saiatu. Etorkizunari aurre egiteko konfiantza eskuratu.

(Azkeneko eztabaidan norbaitek esan zuenez, optimista izan behar da, eta adinean aurrera egin dugulako ez geratu etxean, gure belaunaldian sortu da arazoa eta konpontzen ere ahalegindu behar dugu. Presentean bizi eta presentetik jorratu geroa).

» Elkarbizitzarako heziketa sustatu.

Konpromiso zehatzak hartu, modu solidario eta itxaropentsuan».

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s