Oilarra: metafora eta sinbolo

Igartzetan (Igarzaeta) izan nintzen herenegun (14.03.13). Patxi eta Roman bizi dira Igartzetan. Patxik oiloak dauzka; Romanek idiak. Idien peskisan joan nintzen Igartzetara, Romanek apustua egin baitu. Baina artikulu honen motibazioa oilarra da.

Patxik bi oilar dauzka: handia eta txikia. Handia, zuria; txikia, gorria. Biak dotoreak. Sanson eta Goliat.  Goliatek mendean dauka Sanson. Nire begi bioz ikusia.

Dena den, txiste hau Romanek kontatu dit: «Errezilgo andre-gizonak han daude atarian oiloei begira. Oilarra igotzen da oilo baten gainera, estaltzen du, jaisten da. Igotzen da beste baten gainera, estaltzen du, jaisten da… Horrela, segi eta segi.

Eta Emazteak senarrari:
—Zuk erronka, baina horrek sasoia!
Senarrak emazteari:
—Ikusi al duzu oilo beraren gainera bi aldiz igotzen?».

Patxik bi oilar dauzka: zuria eta gorria. Zuria, handia; gorria, txikia. Dotoreak, biak. Oilar handi zuria, Sanson, igo da oilo baten gainera, eta han dator deabruak harturik oilar gorri txikia, Goliat, mokoan eta kabitzen zaion toki osoan benenozko grina txarra duela. Ematen dio mokokada, harrapatzen duen lekuan (korporal eta geografikoan), ateratzen dio mokokada luma zuri, eta oilar handiak oilategi barrura erretiratu behar, txikiak mokoka jango ez badu. «Egin nahi badu, barruan zeukak saiatu beharra; kanpoan jai zeukak», dio Patxik.

Eta ikuskizun xume eta sotil horrek nola ipini ditu nire begien eta gogamenaren aurrean horrenbeste argudio eta horrelako gidoia, hari-matazari tiraka hasteko?

Estreinako konklusioa da, nola ez?, hurbilenekoen artean sortzen direla borrokak maiz eta errazen: oilo-talde berean dabiltzan oilarren artean, harrapakin bera banatu behar duten putreen artean, larre berean bazkatu behar duten ardien artean, aska beretik jan behar duten txerrien artean, lurralde bera konpartitu behar duten lehoien artean… Horrelakoetan, beti, gori eta ugari ikusiko ditugu lehia eta jeloskortasuna.

Gizakia ez da salbuespen. Korporatibismoa bai, baina bestelakoa gehiago. Edo korporatibismo abstraktua eta lehia konkretua. Oso gutxi hitz egiten da jeloskortasun profesionalez, baina izan badirela esango nuke. Irudikatzen dut postu bera lortzeko oposizioak egiten dihardutenen arteko “gerra” isila, espektro sozial berean botoak bildu behar dituzten alderdi politikoen sentimendua, merkatu berean ogia saldu behar duten okinen lehia eta, oilarrak bezala, oilanda beraren atzetik dabiltzan mutilek elkarri dioten begirunerik gabeko begirada.

Gauzak gaizki espresatzen ditugu, askotan. Norbaitekin, ideologikoki edo pentsamenduz, erabateko oposizioan gaudela esateko, “hori nire antipodetan dago”, esan ohi dugu, bata hego-poloan eta bestea ipar-poloan bageunde bezala. Bada, ez! Oposiziorik handiena, benetako oposizioa, gertukoen artean dago. Bilduri bost axola zaio PP elektoralki. Edo EAJri PSOE. Benetako borroka Bildu eta EAJren artean dago, edo PP eta PSOEren artean. Oposizioa, azkenean, hurbiltasuna da. Txanpon beraren alde-ona eta alderantzia da oposizioa.

Orain hobeto ulertzen dut gauza bat. Aspaldi batean, LKIko adiskide batek sarritan esaten zidan: “Ni euskaldunek zapaltzen nautek”. Alegia, nagusi euskaldunek. Jakina, pentsalari handi batek definitu zuen eran, hau ‘klase-borrokaren marko autonomoa’ baldin bazen. Zapaltzekotan, nork zapalduko zaitu? Gertuen dagoenak, nahiz eta oso urrenetik datorren karramarroaren tentakulua izan. Tentakuluen sorburua ez da ikusten, amaierako mutur-punta baizik.

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s