Jainkoaz hitz egin?

Jainkoari buruz ez daiteke ezer esan. Beno!… Zuzendu egingo dut. Has gaitezke zerbait esaten baldin eta, soilik, onartzen badugu pentsatzen dugun deus ez daitekeela izan Jainkoa, Jainkoaren ideia baizik. Izan daiteke lurraldea seinalatzen duen mapa, baina inolaz ere ez lurraldea bera. Zabaldu egingo dut kontzeptua. Agian, ezezka definitu beharko genuke Jainkoa, zer ez den esanez. Gaizki esan dut. Definitu ez, urrats txiki-txiki batzuk eman bide horretan. Jainkoa, definizioz, definitu ezina baita. Jainkoaz mintza gintezke baldin eta aitortzen badugu, lehenengo eta hasiera-hasieratik, ez garela oso urrutira iritsiko. Jainkoa ez da, bere “kontzepzioari” buruz, ados jar gaitezkeen zerbait.

Jainkoa ez da “zugandik” kanpora ezer. Denaren misteriotik at, deus. Jainkoa ez da filosofo eta teologoen ezbai sutsuetan erabakitzen den ezer. Existitzen ez den jainkoa ukatzen zuten Marx-ek, Nietzsche-k, Freud-ek… Eta Marx-ek, Nietzsche-k eta Freud-ek… ukatzen zuten jainkoa, suharki, defenditzen beste batzuek. Kafkianoa! Ezjakintasuna ala ausarkeria? Jainkoa ez da Historia Sakratuan erakutsi eta irakatsi ziguten “aitona bizar-zuria” edo triangelu baten erdian azaltzen zen begia. Ez dago jainko pertsonalik, den guztiaren Misteriotik kanpo. Ez da Jainkoa jainkoaren ideiarekin erlazionaturiko giza konstruktua.

Ez da Jainkoa zeinen izenean egin diren mundu zabalean krimen eta basakeriarik handienak. Ez da Jainkoa Elizek (pluralean) adoratzera behartu gaituzten jainkoa. Ez da Jainkoa zeinen izenean ezarri zaigun, eta oraindik  ezartzen zaigun, moral zapaltzaile bezain onartezina. Ez da Jainkoa zeinen izenean ikuspegi erlijiosotik inposatu nahi zaigun “etika unibertsala”. Ez da Jainkoa fedearen jainkoa, fedea da. Zerbaitengan eta norbaitengan fedea izateak ez du demostratzen horren existentzia. Fedea, hala ere, ez dugu arbuiatzen, Jainkoa arbuiatzen ez dugun bezalaxe. Fede-esperientzia sanoa ez da arbuiagarria.

Ez da Jainkoa gizakia kondenatu eta zigortzen duena. Jesusen ebanjelioak, ikusi nahi duenarentzat, aski garbi uzten du hori. Eta Jesus nahiko mapa fidagarria da. Altxorraren ondo-ondoraino, bertaraino, garamatzana. Eta guztiok gaude islatuak bere portaerak (ez beste deusek) gurutzera eraman zuen harengan. Jesusez aparte, badira beste mapa fidagarri batzuk ere. Tintontzian inor ez uztearren, ez dut izenik emango. Dena dela, gure herrian, egunotan hil da 52 urteko gizaseme bat. Uste dut harengan antzeman zitezkeela mapa fidagarri horren zantzu edo arrasto batzuk. Herri osoak baieztatu du gaurko (14.03.31) hileta-elizkizunean… Eredu dena zoriontsu izaten da, eta zoriontsu dena eredu. Gauza bera da.

Ez da egia ateoei arrazoi ematen ari naizela. Ez da egia teologoek mapak egin ez ditzaketenik, baina, horretarako, ez da aski ateok ukatzen dutenarekin konformatzea. Hori, izatekotan ere, abiapuntua da. Mistikoek horrela egin dute. (cf. ¿Existe Dios? ¿Qué Dios?, Joxe Arregi, bloga). Beraiek ere sarri ukatzen dute, hitzez ez bada egintzaz, teologo ofizialen jainkoa. Ez da egia ateoen eta teologo ofizialen gaindi deus ez dagoenik. Aipatu dut mistikoen jarrera. Jainkoa existentzia bera bada, ez da “existitzen” eta ez da “ez-existitzen” Jainkoa ez dago: ez urrun eta ez gertu. Presentzia bada, hori ezinezkoa da. Jainkoa ez da ezer munduaren bihotz taupakariaz gain. Jainkoa ez da Den guztiaren arnasa besterik. (cf. ¿Existe Dios? ¿Qué Dios?, Joxe Arregi, bloga). Eta ez da gutxi. Jainkoa ez ezer izanarazten gaituen eta eginarazten digun “espiritutik” kanpo.

Jainkoa ez da deus errukitik kanpo. Jainkoa ez ezer batzen eta anaitzen gaituen hartatik at. Jainkoa ez da ezer gosetiaren mahaia ogiz betetzen ez duenean, jainkoa ez deus negartiaren malkoak lehortzen ez dituenean, jainkoa ez da ezer oraindik amaitu ez den munduaren egoera hobetzeko indarrik ematen ez digunean. Indar hori da Jesusen berri ona, Jainkoaren Erreinua.

Korruptuen ahoan bolo-bolo badabil, ez da jainkoa, gotzainek defenditzen duten berbera bada ere. Ez da jainkoa zintzo iraunarazten ez diguna. Gure jainkoa, nahiz eta hitzez mila modutara aitortu, arau etiko minimo batzuk errespetatzeko gai ez bagara, jainko faltsua da.

Eta zer da Jainkoa?

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s