Katuaren portaera

Gizakiak duen tresnarik baliagarriena izango da arrazoimena, baina iruzur egiten trebea ere bai

Gure baserri zaharrean bazen katu zahar bat, gaiztoa baina maitagarria. Sukaldera lapurretara baizik sartzen ez zena. Egun batean —suposatzen dut auzo-etxeetan ere ibiltzen zela—, hanka hautsia arrastaka zuela azaldu zen. Orduan “miau” suminak egiten zituen. Baina sendatu zitzaion, eta ez zuen gehiago “miaurik” egiten. Egun batean, pauso laxo eta lasaian sartu zen ganbaran, mandioko atetik. Belar pilaren gainean etzan zen. Egun batzuen buruan, azkeneko aldiz begiak ireki zituen, gero itxi eta patxadarik baketsuenean gastatu zen, heriotzaren larririk gabe, ez beldur eta ez beste. Hori uste dut, behintzat.

Denboraren joanean, eta neu urteetan sartu ahala, pasarte horrek gogoeta eragin dit. Zeinen portaera diferentea katuarena eta, oro har, animaliena gizakiaren jokabidearekin  konparatuta. Behin sendatzean, katua ez zen gehiago gogoratu hautsitako hankaz, eta berriro hausteko beldurrik gabe jarraitu zuen, lehen bezalaxe: lapurretan, saguen talaian, eguzkia hartzen eta, txakurrak estutzen bazuen, arbola gainera igotzen. Guk, lehen egindakoren damu gehiegi edo nostalgia handiegia izan ohi ditugu. Eta bihar zer gertatuko, beti beldurrez gaude.

«Jakina, katuak ez du-eta heriotzaren kontzientziarik», esango didazue. Konforme! Baina gauzak gaizki esplikatu direlako ere bada. Bizitza eta heriotza elkarren oposizio eta kontrario bezala azaldu, esan, proposatu, adierazi, irakatsi, eta barnerarazi dizkigute, heriotzaz hitz egitea tabu bihurtu arte. Eta ez bata bestearen jarraipen, segida, lotura… eta ‘continuum’ gisa. Jaiotza eta heriotza bizitzaren parteak dira; txanpon beraren bi aurpegiak. Abereek horrela bizi dute.

Gizakiak duen tresnarik baliagarriena izango da arrazoimena. Baina baita iruzur egiten trebea ere. Tranpak egiteko sarriegitan erabiltzen du bere trebezia. Horietako tranpa bat da dena ‘bitan’ banatzea. Ez dago elementurik, ez handirik eta txikirik, bere kontrarioa ez duenik, ‘anti-partikulak’ eta ‘anti-materia’ barne.

Nik uste dut ‘gure jatorrizko bekatua’ ez datorrela Adam eta Evak sagarra jan zutelako, baizik eta Adamek, Jainkoaren aginduz noski, gauzei izena ipini zielako. Izena ipintzeak bereiztea esan nahi du. Lehenik, familia handietan banatuko du kreazio osoa. Gero, familia handiak txikiagoetan eta, azkenik, banaka eta elkarren oposizioan. Banaketa, mugak jartzea da, eta mugak jartzea, gatazka. Gatazka psikologikoa geure buruarekin eta era guztietakoak besteekin.

Bai Horixe, DV: 140403

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s