Maitasunaren eguna

 

Maitasuna ez da emozio itsu bat, batasun-sentimendua baizik: norbaitentzat izan

Gaur, Ostegun Santu. Kristau-tradizioan maitasunaren eguna: «Maita ezazue elkar, nik maite izan zaituztedan bezala». Lastima egunero ez izatea maitasunaren eguna! Eta ez soilik kristau-tradizioan, munduko erlijio eta ideologia guztietan baizik. Baina, tamalez, gu hezi gintuzten erlijioan ere non geratu da Maisu handiaren gomendioa?

Askatasunezko atxikimendua predikatu hark, eta guk dena dogma bihurtu. Konfiantzaz bizitzeko eskatu hark, eta beldurraren mende jausarazi gintuzten. Beldurraren bidez sartu nahi izan gintuzten arrastoan, eta horrela esnarazi eta itsatsi zuten gure baitan erlijioaren premia. Hortik dator Jainkoaren kontzepzio moralista. Jainkoak zaindu, babestu, saritu… eta zigortu ere bai.

Bestetik, indibidualismoa zentro eta gida dela eraikia izan da, oro har, gure erlijioa. Pertsona jakin batzuek bakarrik lortzen dute maila horretatik gora jotzea. Horiek existentzia indibidualista, eta antropozentrikoa, presondegi gisa ikusten dute, eta nahi dutena da unibertsoa esperimentatu gauza esanguratsu bakar bezala. Garai guztietan izan dira dogmarik onartzen ez duten jenio erlijiosoak eta Jainkoa gizakiaren antz eta irudira ikusten ez dutenak. Horrelakoak, kasu batzuetan, hereje edo ateotzat hartu izan dira; eta, beste batzuetan, santu mistikotzat.

Eta, hain zuzen, errukiaren Jainkoa da Ostegun Santuko Jainkoa. Munduko errukarri eta zapalduen alde diharduenak beste modu batean ikusten ditu Jainkoa eta erlijioa. Maitasuna ez da emozio itsu bat, batasun-sentimendua baizik: norbaitekin eta norbaitentzat izan. Denekin eta Denarekin bat eginik bizi.

Eranskin batekin amaituko dut, nahiz eta gaitik apur bat atera. Azken boladan, emakumeak (“intsumisoak”) irain dezente ari dira jasotzen elizgizon batzuen aldetik. Ez dira ulertzen hori eta emakumearen kontrako beste jarrera asko, Pazkoaren inguruko “Misterioan” ebanjelioek emakumeei aitortzen dien protagonismoa ikusita. Entzun diezaiogun E. Martínez Lozanori: «Kontuan hartzen badugu emakumearen hitzak, kultura hartan, ez zeukala inolako testigantza-baliorik, erraza da ondorioztatzea protagonismo hori ez zutela “asmatu” idazleek. Zerbait nabarmena gertatu izango zen emakume jarraitzaile haien artean, Berpiztuaren “lehen iragarpena” beraiengandik jaiotzeko. ‘Historikoki’ ez dugu, ordea, daturik, zerbait gehiago esan ahal izateko. Kontakizunaren esanahi sinbolikoa geratzen zaigu, eta horrek gugan esnatzen dituen “oihartzunak”».

Bai Horixe, DV: 140417

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario