Zer esan dezakegu erlijioaz?

Horri erantzun aurretik, diagrama bat (Wilber) azaldu behar dugu. Zientzian bi gauza dira, derrigorrez, kontuan hartu beharrekoak: metodo zientifikoa eta eremu zientifikoa. Metodoa: informazio lortu, egiaztatu, kontrastatu… eta abarretarako tresna. Eremua: azter daitezkeen barrutiak. Adibidez, bost mailatako diagraman: A(1), fisikak materia aztertzen du; B(2), biologiak bizia; C(3), psikologiak burua; D(4), teologiak arima; E(5), mistikak espiritua. Gainera, eremu bakoitzak aurrekoa bere baitan hartu eta gainditu egiten du; adibidez, biologiak fisika.

Beste hitz batzuetan esanda, ‘espeleologoaren bekokiko argia’ litzateke metodoa, eta miatu nahi den ‘kobazuloa’, eremua. Ez da ahaztu behar argi berarekin kobazulo diferenteak azter daitezkeela, eta gauza ezberdinak aurkitu: urrea, estalaktitak, sagu-zaharrak… Epistemologiari (ezagutza ikertzeko sistema) dagokio metodoa, eta ontologiari (izate-katea) eremua.

Erlijioaz mintzatzen garenean, kasu honetan, ‘D’ eta ‘E’ mailako ezagutzari buruz ari gara. Eta hori har al daiteke ezagutzatzat? Har al daiteke ezagutza zientifikotzat? Aplika al dakioke metodo zientifikoa eremu horri? Ken Wilber-en ustez, bai. Eremu guztiak (bostak) dira deskubrimendu esperientzialerako gai. Existitzen da esperientzia erlijiosoa, eta ez esperientzia psikologikoa edo sentsoriala baino ziurtasun gutxiagorekin.

Zentzu horretan, zilegitasun osoz mintza gintezke erlijioaren zientziaz, fisikaren edo biologiaren zientziaz bezainbat. Baina beharrezkoa da gauza bat argitzea: fenomeno erlijiosoak, ‘D’. eta ‘E’ mailan sailkatu ditugunak, kontzientzian, zuzenean, atzematen dira. Bi eremu horietako fenomenoak, esperimentagarriak izateaz gain, publikoak ere badira. Posible da kontzientzia entrenatzea, esparru horretako gorabeherak atzemateko. ‘Meditazoa’ edo ‘kontenplazioa’ esaten zaio entrenamendu horri. Horrela entrenaturiko kontzientzia, ezbairik gabe, publikoa, partaidetzakoa eta intersubjektiboa da: baldintza horiek eman ezean, ez legoke entrenatzerik.

Esperientzia erlijiosoa barne bidez baino ez daitekeela atzeman esateak ez du adierazi nahi zeharo pribatua denik. Adibidez, ezagutza matematikoa eta logikoa gogamenaren bidez bakarrik atzeman daitezkeela esateak ez du adierazi nahi inolako transzendentzia gabeko fantasia pribatuak direnik. Ezagutza matematikoa ezagutza publikoa da. Hori bai, formazio- edo heziketa-maila berekoak izatea eskatzen du.

Pitagorasen teorema (c² = a² + b²) baieztatu edo ezeztatzeko, gutxieneko maila izan behar duzu. Bestela, bi gauza ditugu posible: sinetsi ala ez sinetsi.

Harrigarria den arren, zientzian ere, %99,99ri ez zaigu gelditzen ‘fededunak’ izatea beste erremediorik. Zenbat teoria zientifiko froga ditzakegu geure kabuz? Oso gutxi, ez baitaukagu gisako formaziorik horretarako. Dakigun guztia, edo kasik guztia, jakintza bikarioa da.

Itzul gaitezen erlijiora, konkretuago espiritualtasunera. Ezagutza matematikoa publikoa den bezalaxe, kontenplaziotik datorren ezagutza ere publikoa da, gai horretan entrenatu denarentzat. Pauta berdin batzuk jarraituz gero, denok ondorio edo egoera berdinetara iritsiko gara. Esate baterako, horren froga ukaezina da Budaren ‘iluminazioa’ transmititu eta gaurko maisu budistenganaino iritsi izana.

Horrek ez du esan nahi “ezagutza erlijioso” guztiak gai direnik zientifikotasun-testa gainditzeko. Baieztapen dogmatikoak, norbere sinesteak eta frogarri ez diren baieztapen teologikoak izan daitezke, bakoitzarentzat beretzat (inori kalterik egiten ez dioten bitartean), baliagarriak, baina ez zientifikoki demostragarriak edo ezeztagarriak.

Aitzitik, meditazioari buruzko Ekialdeko testu gehienak eta kontenplazioari eta barne otoitzari buruzko Mendebaldeko testu asko jo daitezke tratatu zientifikotzat. Arau batzuk dituzte, eta arau horiek zintzo eta leial jarraituz gero, lor ditzakegu kontzientziako datu batzuk edo ezagutu kontzientziako fenomeno jakin batzuk, erraz asko froga daitezkeenak (onartu ala gaitzetsi), horretarako formazio edo heziketa egokia daukaten pertsonen aldetik, geometrian formazio edo heziketa egokia duen batek Pitagorasen teorema onar edo ezezta dezakeen bezalaxe.

 Zientzia eta erlijioaren artean gatazka?

Egia estimatzen badugu, ez dezakegu esan gatazka erlijioaren eta zientziaren artekoa denik. Beheko eta goiko eremuen artean, ‘A’ eta ‘B’ren artean, egon litezke alde handiak, bai, baina ez gatazkatsuak. Benetako aldeak daude egiazko ezagutza edo egiaztagarrien eta ezagutza dogmatiko edo ez-egiaztagarrien artean. Beste era batean esanda, benetako zientzia eta zientzia faltsuaren artean eta benetako erlijioa eta erlijio faltsuaren artean. Kasu honetan, eta guztietan, esperimentagarriari (egiazta edo bazter datekeena) esaten diogu ‘benetakoa’. Eta sasi-zientzia dagoen bezalaxe egon daiteke sasi-erlijioa ere.

Beraz, erabat zilegi da fisikaren zientziaz, psikologiaren zientziaz edo espiritualtasunaren zientziaz mintzatzea. ‘Zientzia’ hitza aipatzen denean, ez gara ari eremu jakin bati buruz, baizik eta metodologiari buruz, eta metodologia hori edozein eremutan aplika daiteke, esperimentatu eta onartzeko edo esperimentatu eta baztertzeko.

 (Cf. Cuestiones cuánticas, Kairós,Ken Wilber, 33-45. or.)

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s