Ebanjelioren bozkarioa

Berrikitan Frantzisko aita santuak ebanjelizatzearen gainean egindako Exhortazio-gutunetik espresio batzuk.

a) Evangelii Gaudium (Ebanjelioaren Bozkarioa)

Bera (Jesus) ere hiritarren artean bizi da, balore hauek sustatzen: solidaritatea, Anaitasuna, onginahia, egia- eta justizia-egarria.

Gazte asko da munduko zorigaitzen aurrean solidarizatzen dena eta hainbat militantzia-forma eta boluntario-lanetan sartua dagoena.

Elizak ez du ebanjelizatzen, bera etengabe ebanjeliza dezaten uzten baizik.

Egia da, munduarekiko erlazioan, esperantzaren gure oinarria azaltzera gonbidatuak gaudela, baina ez inor seinalatu eta kondenatzen duen etsai moduan.

 b)

Iturburura itzuli eta ebanjelioaren freskotasun originala berreskuratzen saiatzen garen bakoitzean, bide berriak sortzen dira, metodo kreatiboak, beste espresio-forma batzuk, seinale argiagoak, gaurko munduarentzat esanahi berriz beteriko hitzak. Egia esateko, benetako ekintza ebanjelizatzailea beti berria da.

Elizak onartu egin behar du Hitzaren askatasun atxiki-ezin hori, efikaza baita bere erara, eta forma diferente askokoa; gainditu ohi ditu aurreikuspenak eta hautsi eskemak.

Dena transforma dezakeen misiolaritza amesten dut: ohiturak, estiloak, ordutegiak, hizkuntza eta eliz egitura guztiak bide zuzen eta egoki bihur daitezen; ez, noski, Elizaren beraren iraupenerako, gaurko munduaren ebanjelizatzeko baizik.

Misio-klabeko pastoralak urrundu egin nahi du ‘beti horrela egin da’ delako irizpide eroso horretatik. Ausartak eta kreatiboak izatera gonbidatzen zaituztet guztiok… Debeku eta beldurrik gabe.

Horretarako, batzuetan, aurretik ibiliko da, bidea erakutsi eta herriaren esperantza zaintzeko; beste batzuetan, aldiz, denen erdian egongo, bere hurbiltasun xume eta errukitsuarekin; eta hurrengoan, berriz, herriaren ondoren joango da, atzera geratu direnei laguntzeko eta, batez ere, artaldeak berak ere sena baduelako bide berriak aurkitzeko.

Gaurko kultur aldaketa bizkor eta handiek etengabeko arreta ipintzea eskatzen dute, betiko egiak beste hizkuntza batean espresatu eta beren berritasun iraunkorraz ohartzeko. Askotan, formulazioarekiko leial izan bagara, baina substantziarik eskaini gabe. Hori da arriskurik handiena. «Egia izan daiteke forma askotakoa, eta beharrezkoa da espresatzeko formak berritzea.» (Juan Pablo II).

Ez dezagun izan (ohiturak) berraztertzeko beldurrik. Bestela hilobiko psikologia garatzen da, eta, apurka-apurka, museoko momia bihurtzen ditu kristauak.

Batzuetan, beldurrak gehiegi paralizatzen gaitu. Zalantza eta beldurrari gure ausardia ito dezaten uzten badiegu, litekeena da, kreatiboak izan ordez, erosotasunean erortzea eta aurrerabideari ez eragitea.

 c)

Gaur egun ere, Jesusek dioen «Zoazte horretan» presente daude Elizaren misio ebanjelizatzailearen eszenatoki eta erronkak –beti berriak–, eta denok gaude deituak misiolaritza-irteera berri horretan parte hartzera. Kristau bakoitzak eta komunitate bakoitzak jakingo du zein den Jaunak eskatzen dion bidea; baina denok gaude gonbidatuak deia onartzeko: norbere erosotasunetik irten eta Ebanjelioko argiaren beharrean daudenen ingurumarira iristen ausartzeko.

Irteteko prest dagoen Eliza, noski, ateak irekita dauzkan eliza da. Beti exodoaren eta dohainaren dinamikan, bere baitarik irteteko dinamikan, bideari berriro heldu eta behin eta berriz zerbait ereiteko dinamikan, beti haratago jotzeko gogoz.

Gehiegitan portatzen gara graziaren kontrolatzaile moduan eta ez grazia errazteko agente moduan. Baina Eliza ez da aduana, Aitaren etxea da non baden leku bat pertsona bakoitzarentzat, dena delako bere bizitzarekin hantxe sartzeko.

Nahiago dut, kalera irtetegatik, Eliza zauritua, minberatua eta matxuratua, eta ez segurtasunen erosotasun eta itxikeriaren babesean gaixo dagoen Eliza. Ez dut nahi gauza guztien zentro izatearekin kezkatua dagoen Eliza, edo hainbat obsesio eta prozeduraren sasian trabaturik amaituko duen Eliza. Espero dut hanka sartzeko beldurrak ez eramatea gerizpe faltsua baino ez diren egituretan ixtera, epaile bihozgogor bihurtzen gaituzten normak gidaritzat ez harraraztea, lasai sentiarazten gaituzten ohituretan ez murgilaraztea, kanpoan jende-multzo handia goseari ihes egin ezinik dabilen bitartean, jakinik Jesusek behin eta berriz hau errepikatzen digula: «Zeuok eman jaten.» (Mk 6,37).

 d)

Bere erreforma etengabera irekitzen jarraitzeko eredu gisa aurkeztu zuen Vatikano II Kontzilioak Elizaren konbertsioa.

Seminarioak ez dago betetzerik edozein eratako motibazioz, eta are gutxiago horiek ez-segurtasun afektibo, botere-nahi, giza ospe edo ongizate ekonomikoarekin  erlazionaturik badaude.

Ez gaitezela gera ohitura eta egituren nostalgian ainguraturik, ez baitira bizi-gida eta bide gaurko munduan

Lehenaren konbertsioan ere pentsatu beharra daukat. Badagokit, Erromako Gotzain naizen aldetik, Jesusek eman nahi izan zion zentzu eta ebanjelizatzearen gaurko beharrekin, nire ministerioko jardunean, fidelago izatera bideratuta dauden iradokizunetara irekirik egotea.

Ez da komenigarria Aita Santuak gotzainak ordezkatzea.

 e)

Gaur ezetz daukagu esan beharra esklusioa eta desberdintasuna dakarren ekonomiari. Ekonomia horrek hil egiten du. Ezinezkoa da kalean hotzak hiltzen duen zahar bat notizia ez izatea eta, aldiz, burtsak bi puntu galtzea bai.

Batzuek, oraindik ere, ‘isurketa’ teoria defenditzen dute; beren ustez, hazkunde ekonomiko orok, merkatu-askatasunak bultzaturik, bere kasa eragiten du munduan berdintasun eta inklusio sozialik handiena. Iritzi horrek, egintzek inoiz baieztatu ez dutena, botere ekonomikoa dutenen ontasunarekiko eta agintzen duen sistema ekonomikoarekiko konfiantza zentzugabe eta inuzente bat espresatzen du.

Gutxi batzuen irabaziak esponentzialki hazten diren bitartean, gehiengoarenak oso urrun geratzen dira gutxiengo zorioneko horren ongizatetik. Merkatuen autonomia absolutua defenditzen dutenen ideologiatik eta espekulazio finantzaritik dator desoreka hori… Horri guztiari erantsi behar zaio ustelkeria zeharo zabaldua eta ebasio fiskal egoista, zeinek dimentsio mundiala hartu duten. Botere-goseak eta gauzak edukitzeko egarriak ez dute mugarik. Edozein gauza ahul, hauskor, adibidez ingurumena, defentsarik gabe geratzen da jainkoturiko eta arau absolutu bihurturiko merkatuaren interesen azpian.

«Bere ondasunak pobreekin ez konpartitzea lapurtzea eta bizia kentzea da. Ez dira gureak dauzkagun ondasunak, beraiena baizik.» (San Joan Krisostomo).

Solidaritate desinteresatua eskatzen dizuet, eta gizakiaren aldeko etikan oinarritzen diren ekonomia eta finantzetara itzultzea

Larrialdiei erantzuten dien asistentzia-planek egon beharko lukete pentsaturik, soilik, bat-batean sortzen diren ustekabeko eta momentuko beharrei erantzuteko. Pobreen problemak errotik konpontzen ez diren bitartean, merkatuen autonomia absolutuari  eta espekulazio finantzariari uko egiten ez bazaie eta desberdintasunen kasu estrukturalei gogor eraso egin ezean, ez dira konponduko munduko problemak, eta, garbi hitz eginda, ezta problema bat bakarrik ere. Justizia eta berdintasunik eza dira gaitz sozial guztien sustraia.

Jada ez gaitezke fida indar itsu eta merkatuaren esku ikusezinean.

Jaunari eske nagokio oparitu diezazkigula egiak, gizarteak, herriak, pobreen bizitzak… min emango dieten politikoak!

f)

Gaur egun, leku askotan segurtasun handiagoa erreklamatzen da. Baina, gizarte eta herri diferenteen artean, esklusioa eta ezberdintasunari buelta ematen ez diegun bitartean, ezinezkoa izango da indarkeria… erradikatzea. Gizarteak –tokian tokikoak, nazionalak edo mundialak– bere parte bat bazterrera botata uzten duenean, ez da izango programa politikorik edo polizia- eta inteligentzia-baliabiderik, lasaitasun mugagabea ziurtatzeko. Hori ez da gertatzen, soilik, ezberdintasunak sistematik kanpo utzitakoen artean indarkeria-erreakzioa probokatzen duelako, baizik eta sistema soziala eta ekonomikoa, erro-errotik, injustua delako ere bai.

Ezberdintasunak, lehenago edo geroago, biolentzia eragiten du; eta hori ez da konpontzen arma-ugalmenaren bidez eta inoiz ere ez dute konponduko armek eta errepresio bortitzak; konponbidea ekarri ordez gatazka berri eta okerragoak sortzen dituzte.

Munduko leku askotan, hiriak protesta masiboen eszenatoki dira; milaka lagun atera ohi dira, askatasuna, parte-hartzeko eskubidea, justizia eta beste hainbat errebindikazio erreklamatzera; eta, ez badira zuzen interpretatzen, ez dira isildu ahal izango indarraren bidez.

g)

Nire bizitzan ikusi ditudan poz-atseginik eder eta berezkoenak, kasik zeri heldurik ere ez duten oso pertsona pobreenak izan dira.

Batzuetan, herri osoen garrasia entzun behar da, lur honetako herri pobreenen garrasi ozena, zeren «bakea ez da oinarritzen gizakiaren eskubideen errespetuan bakarrik, baita herrien eskubideetan ere.» (Pontificio Consejo Justicia y Paz).

Bada seinale bat inoiz huts egin behar ez duena: azkenekoekiko hautua, gizarteak marjinatu eta bazterrera uzten dituen haiekiko hautua.

Eliza pobrea eta pobreentzakoa nahi dut. Asko irakats diezagukete. Ezinbestekoa da ebanjeliza gaitzaten. Ebanjelizazio berria gonbita bat da, beren bizitzen indar salbatzailea aitor dezagun eta (Elizaren) bidearen erdi-erdian ipin ditzagun. Deituak gaude Kristo beraiengan aurki dezagun eta beren kausetan gure ahotsa presta diezaiegun.

h)

Pastoralak, misiolaritza-klabean, ez dauka obsesiorik loturarik gabeko doktrina multzo bat transmititzeko eta behin eta berriz errepikatzearen poderioz inposatzen saiatzeko.

Errukiaren lehentasuna ahanzten bada, iragartzen dena ez da Ebanjelioa izango, baizik eta hautabide ideologiko jakin batzuetan oinarrituriko doktrina-kutsu eta moral-zantzuko zerbait. Bere freskotasuna galdetzeko arriskua du mezuak eta utzi egingo dio Ebanjelio-usaina izateari

Ateismoa baino areago, gaur egun planteatzen zaiguna da nola erantzun egoki jende askoren Jainko-egarriari, egarri hori proposamen alienatzaileetan itzali nahi izan ez dezaten, edo haragirik gabeko Jesukristorengan, eta bestearenganako konpromisorik gabe. Elizan ez badute aurkitzen sendatu eta liberatu ahal dituen eta biziz eta bakez bete ditzakeen espiritualtasunik, aldi berean elkartasun solidarioan eta misiolaritza aberasgarrian murgilarazteaz batera, engainaturik amaituko dute, gizabidean ipintzen ez dituen eta Jainkoari loriarik ematen ez dioten proposamen erruz.

Ikus dezatela denek elkar nola zaintzen duzuen, batak besteari hats nola ematen diozuen eta elkarri nola laguntzen diozuen.

Debaldeko errukiaren egoitza izan behar du Elizak, non mundu osoa ongi hartua, maitatua eta barkatua sentituko den, eta Ebanjelioko berri onaren arabera bizi dadin lagundua.

Diagnostiko apokaliptikoetan adituak edo arrisku eta desbideratzeak detektatzen ahalegintzen diren epaile ilun baino areago, hobe ikusiko bagintuzte proposamen baikorren mezulari alai moduan.

Berez txikiak baina indartsuak Jainkoaren maitasunean, Asisko Frantzisko bezala, kristau guztiak deituak gaude herriaren eta bizi garen munduaren ahuldadea zaintzera.

Beren erroreengatik kuestionatuak izan daitezkeen pertsonek ere egin lezakete ekarpenik eta ez da galtzen utzi behar.

 Giza miseria uki dezagun nahi du Jesusek, uki dezagula besteen haragi sufritzailea

Fedea bada Hari sinestea ere, egia dela maite gaituela (sinestea), bizi dela, gai dela misteriotsuki interbenitzeko, ez gaituela abandonatzen, gaizkitik ongia ateratzen duela bere ahalaren bidez eta sormen infinituari esker.

Burua altxatu eta berriro ekiten uzten digu Hark, inoiz desilusionatuko ez gaituen eta beti alaitasuna emango digun samurtasunez.

i)

Atentzioa ematen du itxura batera hain konbikzio doktrinal eta espiritual sendoak dauzkaten batzuk ere hala-holako bizi-estiloan erorita ikusteak: edozein medio da ona, segurtasun ekonomikoa, botere-espazioa eta giza ospea lortzeko, misio-lanean besteengatik bizia eman ordez.

Uste dute besteak baino gehiago direla, arau jakin batzuk betetzarren edo estilo katoliko zaharrarekiko fideltasun haustezina erakusten dutelako. Halako doktrina- edo diziplina-segurtasun bat litzateke hori, eta horrek elitismo nartzisista eta autoritariora eramaten du, non, ebanjelizatu beharrean, egiten dena den besteak juzgatu eta sailkatu, eta, graziarako irispidea erraztu partez, kontrolatzen xahutzen dira energiak oro.

Batzuengan dagoena da liturgiaren, doktrinaren eta Elizaren prestigioaren erakutsi nahi harro bat, baina ez dira saiatzen Ebanjelioak benetako toki bat izan dezan Jainkoaren herri fidelarengan eta historiaren premia konkretuetan. Horrela, Elizaren bizitza museko pieza bihurtzen da edo gutxi batzuen posesio.

Ez gaitezen arduratu, soilik, doktrina-erroreetan ez erortzeaz, baizik eta bizi eta jakinduriazko bide argitsuarekiko fidelak izateaz ere bai. Zeren «ortodoxiaren defendatzaileei, batzuetan, hauxe leporatzen zaie: pasibotasuna, induljentzia edo konplizitate erruduna injustizia-egoera jasanezinekiko eta egoera horri eusten dioten erregimen politikoekiko.» (Fedearen Doktrinarako Kongregazioa, 1984).

j)

Kultura berri bat jaio da.

Eta hau da behar dena: Jainkoarekin, besteekin eta espazioarekin erlazionatzeko modu berriei argi egingo dien ebanjelizazioa, eta oinarrizko baloreak indartuko dituena. Nahitaezkoa da paradigma berriak eta gertaera berriak egosten ari diren tokira iristea.

Errealitate honetarako ez dira egokiak eta zuzenak programa eta estilo uniformeak eta zurrunak.

Fedearen, arrazoimenaren eta zientziaren arteko topaketaz ari gara. Sinesgarritasunari buruz beste diskurtso bat garatu behar da, apologetika original bat. Kristau-predikuak, beraz, ur bizien iturria aurkituko du herriaren bihotz kulturalean, zer esan behar duen jakiteko eta esateko modua topatzeko.

Predikaria Hitzaren kontenplatiboa da, eta herriaren kontenplatiboa ere bai.

k)

Elizaren historian ikus dezakegunez, kristautasunak ez dauka kultur forma bakarra.

Egia bada ere kultura batzuk hertsiki loturik egon direla Ebanjelioaren hedakuntza eta kristau-pentsamenduaren garapenarekin, mezu errebelatua ez da bereziki inorekin identifikatzen, eduki transkulturala dauka. Iragartzen dugun mezuak beti dauka bere kultur jantzia, baina batzuetan Elizan geure kultura propioaren sakralizatze harroan erortzen gara, eta horrela normala da suhartasun ebanjelizatzailea baino askoz ere fanatismo gehiago erakustea.

Ezin dezakegu pentsatu kontinente guztietako herriek, kristau-fedea espresatzean, Europako herriek historiaren momentu jakin batean aurkituriko moduak imitatzea, zeren fedea ez dago ixterik kultura jakin baten konprenitze- eta espresio-mugetan.

Ez da uste izan behar ebanjelioa beti aldez aurretik ikasitako formula berdinekin transmititu behar denik, edo eduki guztiz aldaezinaren berri ematen duten betiko hitz zehatzen bidez azaldu behar denik.

l)

Inolako ñabardurarik gabeko doktrina monolitikoa amesten dutenei, hau irudi dakieke dispertsio inperfektu bat. Baina egia hau da: ugalmen horrek lagundu egiten du Ebanjelioko aberastasun amaiezinaren hainbat alderdi hobeto garatu eta ager daitezen.

Geu garenean, gure giza planekin, batasuna eraiki nahi dugunak, uniformetasuna eta homologazioa inposatzen ditugu azkenean. Horrek ez dio laguntzen Elizaren misioari.

m)

Gogoan izan behar dugu, beti, erromesak garela, eta bidea elkarrekin egiten dihardugula.

Jesusen iragarpena jaso ez duen jende-multzo horrek ez gaitzake indiferente utzi. Hainbat eta hain baliosak dira elkartzen gaituzten gauzak! Eta zinez eta benetan sinesten badugu Espirituaren ekintza libre eta eskuzabalean, zenbat gauza ikas ditzakegun elkarrengandik! Dohain-trukeari esker, Espirituak hurbil gaitzake, gero eta gehiago, egiara eta ongira.

Egiara eta maitasunera ireki nahiak eman behar die erlijio ez-kristauetako fededunekiko elkarrizketei kutsu eta ukitu berezia, oztopo eta zailtasun guztien gainetik: batik bat, nola sail bateko hala besteko fundamentalismoak. Erlijioen arteko elkarrizketa hori ezinbesteko baldintza da munduko bakearentzat; beraz, betebehar baztertezina, kristauentzat.

Fededunok gertu sentitzen gara, inongo tradizio erlijiosotakoak direnik aitortu ez arren, prestutasunez egiaren, ontasunaren eta edertasunaren bila dabiltzanekin, ezen guretzat bere espresio-formarik gorena eta iturria Jainkoa den.

n)

Inork ez dauka Ebanjelioaren monopolioa. Ez dut uste Aita Santuaren magisteriotik ere espero behar dugunik arazo guztien azken hitza eta osoa.

Ez Aita Santuak eta ez Elizak daukate monopolioa errealitate sozialaren interpretazioan edo gaurko problemak konpontzeko proposamenen interpretazioan. Errepika dezaket hemen Paulo VI.ak hain argitsu zioena: «Hain egoera ezberdinen aurrean, zaila zaigu azken hitz bakar batez dena egitea, baita balio unibertsaldun konponbidea proposatzea ere.»

Estatua eta gizartearekiko elkarrizketan, Elizak ez dauka konponbiderik arazo partikular guztientzat.

 Oharra: «Una selección reordenada de Evangelii Gaudium (por José Arregi)» lana oinarri hartuta, laburtu eta itzulpen librean moldatua.

 

Esta entrada fue publicada en General Castellano. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s