EGIAREN ESPIRITUA

Pazko Igandea VI, 140525, Jn 14,15-21

«Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana».

*****************************************

EGIAREN ESPIRITUA, BATASUNAREN ESPIRITUA
(Ikuspegi ez-duala, transpertsonala)

Laugarren ebanjelioarentzat, ‘beste Paraklito’ bat da Espiritua, zeren I. mendearen hondarreko komunitate haientzat garbi zegoen Jesus bera zela ‘lehen Paraklitoa’.

Parakletos termino greziarra ‘Defendatzaile’ adierarekin itzuli ohi da. Hitzez hitz, hau esan nahi du: ‘ondoan dagoena’, defenditzeko, laguntzeko, kontsolatzeko, zutik eusteko… Motibo hori dela bide, norbaitek adierazi du itzulpenik egoki eta zuzenena litzatekeela  ‘abokatu defendatzailea’ edota, bestela, ‘gizarte-laguntzailea’. 

Komunitateen bilakaerarekin batera, adituek ‘bitasun eklesiologikoa’ deitzen diotena erneko da, hots, gero eta gehiago markatu ziren komunitatearen eta ‘kanpokoen’ (mundua) arteko aldeak. Idazleak (berandu samarrekoa, alajaina!) ez du galdu nahi egokiera, eta behin eta berriz azpimarratuko du Jesusen dohaina dizipuluen komunitateari zuzendua dagoela: «Zuek ezagutzen duzue», baina «munduak ez du ezagutzen…»; «zuek ikusiko nauzue baina munduak ez nau ikusiko»…

Talde sektario guztietan markatu ohi den distantzia da (ez dugu esaten, noski, zentzu peioratiboan, etimologikoan baizik), eta askoz ere nabarmenago ikusi ohi da taldea pertsegitua denean.

Anekdota historikoak alde batera utzita, ‘egiaren Espirituari’ esaten zaio hemen Paraklitoa. Eta egia —badirudi dioela gero— da «ni Aitarengan nago, zuek niregan eta ni zuengan».

Egiak batasun-zaporea du. Hitzak falta zaizkigu egoki adierazteko, baina batasuna ez da batuketa edo justaposizioa. Batasuna ez da produzi dezakegun zerbait, ezta maitasunari esker ere. Ez da, era berean, ezeren ‘emaitza’.

Alderantziz baizik: lehenengoa batasuna bera da. Dena bat da. Gainerakoa —maitasuna, hurbiltasuna, taldea…— jadanik badenaren ondorio soila baino ez da.

Batasuna hauteman daiteke lotura edo kidetasun sakon moduan, maila psikologikoan baino mila aldiz modu sakonagoan.

Izate-mailako lotura da: kontua ez da bat egiten garela, ezta bat sentitzen garela ere. Baizik eta bat gara.

Egiaren Espirituak beste izen hau ere har dezake: Batasun Espiritua. Baina ez entitate separatu gisa, gure buruak pentsatuko lukeen eran. Batasun Espiritua deitzen badiogu, guztiok parte hartzen dugun Misterio bakar hori delako da, denok konpartitzen dugun Misterioa non denok bat garen.

Konprenitze eta bizipen horren emaitza ez daiteke izan maitasuna baizik. Ez, ordea, mugimendu sentikor edo emozional gisa ulertu behar den maitasuna, baizik eta beste guztiarekiko ez-separatu moduan atzematen den kontzientzia gardena. Beraz, enpatia eta erruki bilakatzen da maitasuna.

Baina konprenitzea, nahitaez, norberaren identitatearen pertzepzio egokiarekin uztartua dago. Zeren, nire identitatea egoak osatzen duela pentsatzen jarraitzen dudan bitartean, maitasunari ateak ixten dihardut, ez dut-eta hauteman ahal izango garen batasuna. Egoaren baitarik, portaera egozentratua ipiniko dut, beti, martxan. Egoa ez naizela konprenitzen dudanean, soilik, aldatuko ahal izango dut errotik nire ikusmoldea.  Hortik aurrera gauzak ez ditut ‘neurtuko’ nire egoaren interesen arabera, baizik eta konpartitzen dugun identitate zabal eta bakarretik. Eta deskubrituko dut sarritan nire egoarentzat ‘txarra’ dirudiena izan daitekeela onena. Eta alderantziz ere bai: nire egoak halako indarrez tirriatzen duena ez da, agian, benetan eraiki eta osatzen nauena.

Eta hemen Jesusen beraren hitzek, jakinduriaz beteriko berbek, konprenitzearen barren-barrendik irtendako eleek, oihartzun sakona dagite gure belarrietan: «Bere bizia salbatu nahi duenak [Psike, ego] galdu egingo du, baina bere bizia galtzen duenak salbatu egingo du. Eta zertarako balio dio bati [egoari] mundu osoa irabazteak, bere bizia galtzen badu. Zer eman dezakegu guk biziaren truke?» (Mk 8,35-36).

Ez dira mehatxu-hitzak, ezta exijentzia- eta mortifikazio-hitzak ere. Jakinduriaz beteriko hitzak dira, ‘esnatzera’ hots egiten diguten hitzak, murgildurik gabiltzan engainuetatik irteteko gonbite-hitzak; gure buruaren ikusmolde hertsia absolutu bihurtu izanaren ondorioz murgildu ere engainuan; eta, azkenik, Bat garela erakusten digun egia distiratsua deskubritzera gonbidatzen gaituzten hitzak dira.

                                                                       www.enriquemartinezlozano.com
rufinoiraolagarmendiaren itzulpen librea.

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s