‘Usteak erdia ustel’

Ohituak gaude hotsik handiena ateratzen duenak daukala arrozoi pentsatzen

Badoa igandean, bozkatzera. Lagun zahar batekin egin du topo atean. Kontuak esanez miatu dute boto-txartelen feria osoa. Gero, kafe bana hartuz, aitortu diote elkarri sekretua, eta, kasualitatea!, biak alderdi “berari” eman diote botoa. Baina laster ohartu dira zerbaitek huts egiten duela, batak eta besteak aipatzen duten zerrenda-burua ez baita bera. Gaia sakontzean jabetu dira txartel bateko euskarazko siglak eta besteko erdarazkoak berdinak direla. Orain badakite zein nahastu den. Hasieran, tripa jaten jarri da. Gero baretu da, ordea; ez omen du hainbesteko hanka-sartzea egin, zurian eman omen du-eta botoa. «Total…!», kontsolatu da gizona.

Bat-bateko hanka-sartzea da aurrekoa. Izaten dira jarraipen luzeko hanka-sartzeak ere, eta gizartean zeharo itsatsiak daudenak. Adibidez, esperientzia handiko bertsolari batek beste aholkurik ez zien ematen hasi berriei: «Altu kantatu». Ez zien esaten ez belarrirako gozo kantatzeko edo suabe eta ondo kantatzeko. Izan ere, ohituak gaude hotsik handiena ateratzen duenak daukala arrozoi pentsatzen. Tabernako eztabaidan, telebistako debatean, plazako mitinean, elizako sermoian… marru handiak atereaz gero, uste dugu garaipena edo arrakasta ziurtatua dagoela. Ez dakit zer garen, pentsamolde horren seme-alabak ala biktimak, edo biak.

Ideologia erradikalekin berdin gertatzen da. Espainiako jende askori iruditzen zaio PPk, askoz ere diskurtso erradikalagoa daukanez, Espainiaren batasuna hobeto defendituko duela Europan. Eta irudipen horrek boto “asko” eman dizkio PPri. Baina pentsa ote daiteke, pelikularen puntu honetaraino iritsita, PSOEk (Rubalcabak edo Patxi Lopezek), bere eskaintza federalista eta bestelako guztiekin, zalantzan ipin dezaketela Espainiaren batasun santua; portzierto, elizgizon batzuek bedeinkatua eta ia-ia ‘dogma’ bihurtua?

Euskal Herrira itzulita, antzeko gauza gertatzen zaigu. EH Bildu da erradikaltasunaren paradigma, eta askok uste du bera dela Euskal Herria ongien defenditzen duena. Esate baterako, lurraldetasunari buruz eta, konkretuki, Nafarroaren gainean egiten duen diskurtsoak jendea erruz erakartzen du. Baina diskurtso hori, gaur gaurkoz, dagoen indar-erlazioa ikusita, ez da errealista. Egia da, idealismo apur bat ere behar dela bizitzan. Gauza askotan, ordea, nahiago dut, adibidez, PNN-EAJren pragmatismoa. Musean bezala da: beti ez dago ‘ordagoka’ aritzerik. Are gehiago, gehienetan ‘enbido’ baino ez dago jotzerik.

Bai Horixe, DV: 140529

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s