Denboraren aferatik Presente Hutsera  

‘Denbora’ beti izan dut gogoeta-gai, eta sekula ez dut aurkitu ate horrentzat maratilarik. Batzuetan pentsatu izan dut denborarik ez dela. Zenbakien antzeko zerbait dela: sinbolo bat, hitz egiteko era, kontzeptu hutsa. Beste batzuetan, pentsatu izan dut badela denbora. Are gehiago, sarritan otu izan zait bi denbora direla: bata, kronologikoa; eta, bestea, Presente Hutsa.

Nire nahasmenean, behin (1981), bertsoak ipini nizkion denborari. A posteriori egindako azterketa batean, ohartzen naiz, nire bertsoek, aldez edo moldez, bi denborak markatzen dituztela. Denbora kronologikoari dagokiona kurtsiban eta urdinez ipini dut; Presente Hutsari dagokiona, berriz, beltzez. Gainera, bigarren bertsoak mugimendua lotzen dut denborarekin, beraz, kasu horretan, espazioa da denbora. Misterio-kutsua ere badu denborak, bertso horien arabera. Kasu horretan, azpimarratu egin ditut lerroak.

Zu zarela medio
gizadia dabil,
egun batean jaio
eta bestean hil
baduzu zenbat ate
hainbeste maratil
aldi berean zara
urrun eta hurbil.

 Bazoaz aurreraka
segundoz segundo
,
atzokoa zahar-beltz
bihurtuz egungo,
mugimendurik ez da
gelditzen egundo,
bestela ez zen ezer
berritzen jardungo.

 Inor ohartu gabe
bazoaz, denbora,
ezer ez da burutzen
zugandik kanpora,
ez gizon, ez abere,
ez harri ez lora,
pauso bat baizik ez da
zugandik Jainkora.

 Denbora ezin leike
jaso ta pilatu,
hurrena joandakoan
bertantxe bilatu,
momentu bat bi aldiz
ezin ailegatu,
beraz, ari denean
behar da saiatu.

 Zu neurtzeko gizonak
sortu du makina,
emanez prezisio
ahal den haundina,
zu, orde,legearen
zerbitzari fina,
neurtuko zaitu baina
gelditu ezina.

1991ean, neuretzat idatzi nuen lan batean hauxe esaten dut:

«Denbora eta espazioa gauza bera diren, diferenteak diren, continuum bat diren eta abarretan sartu gabe, funtzionatzeko erabiltzen ditugun kontzeptuen arabera, espazioa bada, eta espazioak denbora inplikatzen du. (…). Espazioa eta mugimenduaren artean denbora dago, baina derrigorrez. Inork sortu gabe. (…). Konklusioa hauxe da: denbora beti izan da edota ez da sekula existituko. Azken finean, gauza berbera da. Hitz egiteko modua besterik ez da aldatzen».

Orain esango nuke azkeneko konklusio horrek baduela ni, orduan, ohartu gabe nengoen inplikazio bat: horixe da Presente Hutsa (eternoa). Eta, hori, orain arte buruan geneukan  denboraren kontzeptutik at dago. Horixe da Jainkoa. Orduan “sekula ez da existituko” nioen. Bada, beste hitz batzuetan, oharkabean, presente ez-tenporalari buruz niharduen.

Tartean liburu, idatzi eta artikulu asko iritsi da nire eskuetara. Asko eta asko, Enrique Martínez Lozanorengandik zuzenean edo haren gomendioz. Horrelaxe iritsi zen Ken Wilber-en ‘La conciencia sin fronteras’. Luzamendutan ibili gabe, jo dezagun V. Kapitulura, ‘Momentos sin frontera’ izenekora. Kapitulu horretatik jasoko dut edo kapitulu horretan oinarrituko da hurrengo nire ekarpena.

Garai eta toki guztietako iluminatuek gauza bera diote: batasun-kontzientzia ez da tenporala, ez da gertatzen denboraren barnean, baizik eta ez-tenporala eta eternoa da. Ez daki ezer hasiera eta jaiotzaz edota amaiera eta heriotzaz.

Gizaki modernoari ez zaio geratzen mistika-zantzuaren arrastorik, eta, errespetu handienarekin erantzuten dizunagandik ere ez du entzungo hauxe baino: «Zer ikusi dauka horrek errealitate praktikoarekin?».

Mistikoak, ordea, azkar esango dizu: «Eternitatea ez da iritzi filosofikoa, ez dogma erlijiosoa, ezta ideal atzeman ezina ere. Baizik eta begi-bistakoa da, aurrez aurre daukaguna, begiak ireki eta bertatik bertara ikusten duguna, enpirikoki atzematen dena».

Esan gabe doa eternitatearen kontu hori oso gaizki ulertzen dugula. Denbora luze gisa irudikatzen dugu, segundoz segundo konta litekeena. Nahiz eta nahi duzun segundo guztiak, orduak, egunak, urteak, mendeak… kontatu, hori ez da eternitatea, sekula kontatzen amaitu ezta ere.

Mistikoak, inondik inora ere, ez du horrela ulertzen eternitatea, mistikoarentzat eternitatea ez da amaitzen ez den denbora luzearen kontzientzia. Baizik eta denboratik at ematen den kontzientzia. Momentu eterno momentu ez-tenporala da: ez dago iraganik eta etorkizunik, ez dago lehen eta gerorik, ez ‘atzo’rik eta ez ‘gaur’ik, ez da jaiotzen ez da hiltzen.

Baina ezin joko dugu aurrera, zerbait garrantzitsua galdetu gabe: zer da momentu ez-tenporala?

Gutako nork ez du bizi izan, inoiz edo behin, estasi- edo katarsi-esperientzia ikaragarria (bakoitzak jakingo noiz eta nola), zeharo atrapaturik, non dagoen ez dakiela, ezer pentsatzen ez duela, zentzumenen mende… Horrelakoetan, sarritan esan ohi da: «bazirudien denbora gelditu egin zela». Garbi hitz eginda, esan beharko genuke esperientzia ez-tenporala izan dugula, iragana eta geroa zeharo birrindurik, presente eternoan kokatu eta murgildurik. Egoera hori plazerarekin dago uztartua.

Momentu hori aztertzen hasiko bagina, ados egongo ginateke: momentu horrek ez du denborarik. Presente ez-tenporala da, eta, ondorioz, eternoa. Beraz, begiak itxi eta, beste ezertan pentsatu gabe, presentean barneratzea, eternitatean murgiltzea da. Ezer jaio eta ezer hiltzen ez den munduan sarrarazten gaitu.

Momentu presente horrentzat ez dago hasierarik, eta hasierarik ez duena jaiotzen ez dena da. Hau da, egiten duzuna egiten duzula, ezin da aurkitu, ikusi, sentitu… momentu presente honetako esperientziaren hasierarik. Era berean, ez dago amaierarik momentu presente honentzat. Hiltzen ez denak ez dauka amaierarik. Inoiz ez duzu izango momentu presentearen amaiera-esperientziarik. Hala esaten du Schroedinger-ek: «Presentea da amaierarik ez daukan gauza bakarra». Momentu presentea desegin ezina da, nahiz eta gure buruarentzat “logikoena” desegitea izan. Momentu presente honetan ez dago iraganik, ez dago gerorik; ez dago denborarik. Hala esaten du Seppo zen maisuak: «Eternitateak zer esan nahi duen jakin nahi baduzu, ez zara joango momentua baino harago».

Ez da inon eta inoizko momentuan existitzen oraina besterik. Presentea da errealitate bakarra. Hala eta guztiz ere, gure artean, gutxi dira erabat orainari atxikirik bizi direnak. ‘Atzo’ eta ‘bihar-a’ darabiltzagu hitzetik hortzera, mamu horietan kateaturik gabiltza. Oroitzenetan galdurik eta etorkizunean pentsatzen galdetzen du bizia, benetan bizi gaitezkeen denbora bakarra ahazturik.

Gure problema guztiak denborarekin uztartuak daude, beti lehenaz edo geroaz kezkaturik. Sufrimendu eta depresioaren iturria lehena; geroa, berriz, angustiarena. Lehena eta geroa dira bizitzen uzten ez diguten amarruak.

Presentean bizitzea da eternitatea eta batasun-kontzientziaren oinarria. Izan ere, presente ez-tenporala da denboratik eternitatera eta heriotzatik hilezkortasunera daramatzan bidea. Mistikoak ez du esaten lehena eta gero ahazturik bizi behar dugunik, esaten du ez direla existitzen. Ez dira muga sinbologikoak baino.

Orain, zentzumenei eman behar diegu lan pixka bat. Benetan, gure zentzumenei esker hautematen al dugu denbora? Ba al dugu zuzeneko esperientziari lehenari eta geroari buruz? Belarriari bagagozkio, entzuten dugun ez dezakegu entzun presentean baino. Ez ditzakegu entzun iraganeko edo etorkizuneko soinuak. Entzuten dugun gauza bakarra presentea da. Era berean, usaindu ez dezakegu egin presentean baizik. Zuzeneko pertzepzio oro ez-tenporala da.

Gogora, bai, egin dezakegu. Gogora ditzakegu gauza asko, gure historia pertsonala barne.  Badakigu zergatik, memoriaren jabe garelako. Baina gogoratu ere presentean egiten dugu. Hain zuzen, memoriarik ez bagenu, ez genuke izango denborarik ideiarik ere. Beraz, memoriak ematen digu iraganaren “ezagutza”, baina ez dezake esperimenta. Presentea bakarrik esperimenta daiteke. Lehenaren oroitzapena da daukadan guztia, ez besterik. Baina oroitzapena ere oraineko esperientzia. Oroitzapenaren esperientzia ere presentea da. Azkenean, iragana ere presentea da.

Era berean, geroa ere ez dezaket ezagutu. Espektatibak sortu eta proiekzioak egin bai, baina esperimentatu ez. Aurreratzea, gogoratzea bezalaxe, presenteko esperientziak dira.

Benetan ohartuko bagina Presente Hutsaren edo Presente Eternoaren esanahiaz, txunditu egingo gintuzke. Lasaitasun-iturri oparoa da. Ondorio izugarriak ditu, denak positiboak. Esate baterako, ez zitzaidan kabitzen buruan erlearen bizia 40 soil izatea. Ez nion zentzurik aurkitzen. Baina, entzun ondo, Presente Hutsaren ikuspegitik, zentzu berdina dauka 40 eguneko bizia izateak, 20 urtekoak, 100ekoak edo 1.000koak. Presente Hutsarentzat, 100 dira ez dira 10 baino gehiago. Presente Hutsean ez dago denborarik.

Ikusmolde horretatik, kalitaterik gabeko “bizia luzatzeak” ez dauka inolako zentzurik.

Unamuno saiatu zen soluzio bila. Formulazio zehatza ez dakit nola den, baina esanahia hau da, Unamunoren ustetan: “Gizakia traszendentea ez bada, beste bizitzarik ez badago…, berdin dio 100 ala 1.000 urte bizi”. Unamuno ez zen “ohartu” Presente Huts edo Presente Eternoaz. Denboraren barnean zebilen eternitate bila edo eske. Hark, segundoz segundo, denbora luzatu nahi zuen in eternum, eta ez denboratik atera. Gainera, Unamunok nahi zuen eran kontraesana da, ez dago eternitaterik: segundo baten atzetik bestea baitator, eta eternitateak segundo guztiak agortu behar ditu, bereak izan behar dute, harengandik kanpo ez dago denborarik.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s