Nork sortu zuen eliza?

SPP FST, 140629, Mt 16,13-19

 «Tu es Petrus, eta harri horren gainean eraikiko dut nire eliza»

 **************************************************

 JESUSEK EZ ZUEN ELIZARIK SORTU

Testu honetako azken hitzak sarriegi erabili dira, Jesusek Eliza zuzenean sortu zuela, argudiatzeko eta Pedro ipini zuela Eliza horren buru defenditzeko.

Hortik aurrera badakigu. Eliz agintea bera arduratu da “Elizaren jatorri jainkotiarra” harilkatu eta aldarrikatzeaz; baita gogor saiatu ere Pedroren nagusitza, “pontifize goren” edo “lehen aita santu” gisa, indartzen; horrela bihurtu dira bere “oinordeko” gainerako guztiak, gaur arte eten ez den kate luzea osaturik; segida horretan, 265. da Frantzisko Aita Santua.

Hitz haiek euskarri harturik, eliztarrek hainbat jokabide diferente izan dituzte historian zehar: konfiantza haustezina (infernuaren indarrak ez du suntsituko); Elizarenganako maitasuna; batzuetan, noski, bere absolutizatze eta idealizapen osoarekin, jainkozkoaren “gizon-egite etengabea” balitz bezala; era berean, aita santuarenganako maitasuna, sarritan papolatria mitiko eta infantiloidearen gisako zerbait tartean dela. Eta ez ahantzi komentatzen ari garen testuan oinarritu zela aita santuen botere absolutuaren doktrina hura guztia —gogoratu inbestidura-borrokak—, “Kristoren bikariotzat” hartuak baitziren; praktikoki botere osoa beren eskuan zuten, infabilitatea edo hutsezintasuna barne.

Botere orok ditu arriskuak —zenbat eta absolutistago orduan eta handiagoak—, eta Eliza ez da izan salbuespena. Alde batetik, barrura begira, monarkia absolutuaren atzeko zerbait bilakatu zen eliz instituzioa, jaun eta jabe izango zen autoritate bakarrarekin, talde-gidaritza inolako biderik gabe utzirik. Bestetik, kanpora begira, kontrol eta aginte guztia bere esku zuen instantzia ahalguztidun zen Eliza. Hala ere, noizbait, ez nahi orduko, apurka-apurka uko egin behar izan zion aginte horri, gizartea bere autonomiaren alde borrokatzen zen heinean.

Praktikan, maiz asko, Elizak ahaztu egin ditu Jesusen hitz jakintsuak (Jesus ez zen inoiz fidatu botereaz): «Dakizuenez, buruzagiek tiraniaz hartzen dituzte mendean herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezarriz zapaltzen. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zerbitzari. Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi» (Mk 10,42-44).

Beraz esan dezagun, Elizaren eraikuntza-prozesu historikoaren zilegitasuna zalantzan ipini gabe, gaur egun exegeta zorrotzenen artean kontsensua erabatekoa da: aipatzen ari garen hitz horiek, inolaz ere, ez dira Jesusenak. Baizik eta Mateoren komunitateak berak egindako gogoeta (berandu samarrekoa), eta Jesusen ezpainetan ipiniak, indar eta autoritate handiagoa emateko.

Hain zuzen, Mateoren idatzian bakarrik azaltzen dira baieztapen horiek; hori datu esanguratsua da. Markosen (orginalagoa, eta Mateok berak ere jarraitzen duena) eta Lukasen testu paraleloetan ere aurkitzen dugu Jesusek bere ikasleei egiten dien galdera bikoitz bera: «Nor dela dio jendeak gizonaren Semea?»; «Eta zuek, nor naizela diozue?». Baina hor amaitzen dira (Mk 8,27-30; Lk 9,18-21). Hauen testuetan ez da azaltzen Mateorengan azaltzen den eranskin espezifikoa. Beraz, Mateoren komunitateak egindako irakurketaren aurrean gaude, baina ez Jesus historikoaren hitzen aurrean.

Horrela idaztea ez zen harritzekoa antzinatean: talde batek garrantzitsutzat jotzen zuena lepora zekiokeen, zuzenean, pertsonaia famaturen bati —kasu honetan, Maisuari berari—, indar eta autoritate handiagoa emateko.

Hori konprenitzean, aita santutza eta Elizaren inguruan eraiki den doktrina kasik fundamentalista erlatibizatzen ari gara, eta hori oso sanoa da: ebanjelioaren xumetasuna berreskuratzen dihardugu; horren argitan, Elizak berak ere berritu beharko luke.

Argi dagoena da Jesusena ez zela izan mezu “erlijiosoa”, eta ez zuen sortu eliza espezifiko bat. Harena proiektu espiritual bat (guztiz gizatiarra) da, eta edonork “konekta” dezake proiektu horrekin.

Denak barruan —inolako getotan geratzen ez den besarkada unibertsal batean bezala— hartzen dituen mezu espiritualak baldin badu lehentasuna, Elizak, aita santuak eta erlijioak dute zentzua, bakar-bakarrik, pertsonaren eta espiritualtasun irekiaren zerbitzuan bizi diren neurrian.

            www.enriquemartinezlozano.com
rufino iraola garmendiaren itzulpen librea.

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s