Moralik gabekoa

Egunean egunekoa egin; pasaturikoa doala, eta etorkizunari etorri arte utzi

Moralik gabeko gizartea nahi nuke. Zenbaiti astakeria irudiko zaio. Bakarren batek esango dit burutik eginda nagoela. Norbaitek usteko du filosofo handiren batek hitzak direla. Ez. Gure herriko gizaseme batengandik (g.b.) datorkit inspirazioa, nahiz eta ez den bakarra, besteren batzuk ere aipatu beharko nituzke. Baina hura hartuko dut guztien ordezkaritzat. JBA inizialekin izendatuko dut.

«Hura zen gizona, hura!» esan beharko nuke nik ere, Txomin Agirrek ‘Garoa’ nobelan Joanes Artzaiari buruz esaten duen eran. Baina ezin jarraitu, ordea, «zazpi oin eta erdi bai luze» esaten, ez baita egia, moztaka eta sendoa genuen. Errepika dezakedana da «pagorik lodiena bezain zabal!». Eta orain, parafraseatuz, nik ezagutzerako, milaka aldiz ikusiko zuen eguzkia sortzen Nañarri atzetik gora, Amezketa aldetik barrena. Hark berrogeita dozena inguru eta  nik hamar bat nitueneko kontuak dira.

Adinean aldeak alde, izan genuen harremanik. Bertsozalea hura ere. Eta otordu on eta ugari samarraren aldekoa. Ibilera, hizkera bezalaxe, patxadatsua, ahots sakona. «Errekoino!» maldiziorik handiena. Berezkoa zuen onberatasuna. Inori txarrik egiteko konturik sekula ez. Denekin adiskide, eta eraman handikoa. Haserretzen ez zena. Beti eskertsu eta txaloka, baita bertsolariek handiena berari botatzen bazioten ere. Beti pozik eta alai. Gustura. Izaera zuen halakoa. Bozkarioaren iturria zen haren barrena.

Zuenarekin konforme, erregeari ere inbidiarik ez. Bere baitan aurkitzen zuen zoriona,  eta lagunartean konpartitu eta gozatu. Egunean egunekoa egin. Pasaturikoa doala, eta etorkizunari etorri arte utzi. Horrelako jendearekin zertarako duzu morala edota erlijioa?

Beraz, nik moralik gabeko gizartea nahi nuke. Zeren  morala eta horrelakoak txakurraren katea bezala dira, berez portatzen ez dakienari setioan eusteko. Bai, badakit utopikoa dela, baina, helburu moduan, zilegizkoa ere bai. Horretarako, eredua aldatu beharko litzateke. Hasteko, ‘edukitzeari’ baino garrantzi handiagoa eman ‘izateari’. Nork bere barnean bilatu behar omen ditu zoriona eta asebetea, JBAk bezala, objektu materialetan dagoen engainua alde batera utzita. Lehia zoroan estresaturik dabilen gizarte honek gelditu, egoari hegoak ebaki, eta egoten ikasi behar omen du. Gure benetako identitate konpartitura esnatu. Eta Den Guztiarekiko lotura ikusi, eta bizi: «Ni beste Zu bat naiz». Kontzientziaren bilakaera eta hedapenetik etorriko omen da aldaketa.

Bai Horixe, DV: 140731

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s