Errealitatea: sare mugagabea

Gure buruaren ikuspegitik oinazea negatiboa da, eta, kosta ahala kosta, saihestu beharrekoa. Oinazea ez da, ordea, zerbait separatua gainerako errealitatetik. Errealitatea polarra da, beti bi aurpegiko txanpona: ez da alde-onik alderantzirik gabe.

Oinazearen aurrean, buruak bi gauza egiten ditu: a) saihesten ahalegindu, b) sublimatu eta balioren bat erantsi. Adibidez, erlijioek, sarritan, jarrera doloristak hartu izan dituzte (beharrezkoa zen Jesus gurutzean hiltzea, gu salbatuko baginen). “Jainko” esanez, nahiz eta beste mila izen eduki, izendatzen dugun horrek ez du oinazea propio sortu, ezta “bere Semea” gurutzean hiltzera kondenatu ere. Horiek beste garai bateko kontuak dira, eta gaur egun onartezinak.

Salbaturik gaude. Beno, salbaturik gaude baldin eta egoaren diktadurapetik libratzen ikasten badugu, eta identitate konpartituan finkatzen bagara. Kontrolik gabe libre dabilen pentsamenduarekin identifikatzen da egoa. Ez gara pentsamendu hori, baizik eta pentsamendu hori behatzen (kontrolatzen) duena. Gure burua (pentsamendua) iraganetik gerora dabil saltoka, tximua arbolan bezala, eta orainean kokatzea galarazten digu. Iraganean eta geroan (gehienetan gaizki) pentsatzeak hondatzen gaitu.

Inork ez du esaten burua beharrezkoa ez denik, arrazoimena baztertu behar denik. Nola, bada! Gauza baliosagoak gutxi munduan, baina gure izate osoaren baitan integratua behar du izan. Pertsonaren zentro operatiboa eta ezagutza eta bizitza emozionala uztartuko dituen gunea da burua, baina ez gure identitatea. Orain bat-batean, Xalbadorren bertsoa gogoratu zait, eta metafora polita da esaten ari garena argitzeko:

Anai-arrebak entzun ene aho-otsa:
izaite bat ez daike hezur hutsez osa;
herria da gorputza, hizkuntza bihotza;
bertzetik berextean bitarik bakotxa,
izaite horrendako segurra hil hotza.

Errealitatea, sare mugagabea bezala edo bezalakoa da. Ezer ez dago ezertatik separatua. Oinazea eta heriotza ere ez daude ezertatik separatuak. Jaiotzatik heriotzara, lagun izango dugu oinazea, gure existentziari lotua dago, ongizatearen beste aurpegia. Beti, bata bestearekin. Ba al dugu onartzea beste erremediorik?

Onartu beharra egongo da, baina, onartzen hasi aurretik, fase askotatik igaroko gara: ukatu, errebelatu, frustrazioa sentitu… eta gisako etapa emozionaletatik pasatu beharko dugu. Alabaina, lehenago edo geroago amore eman beharko dugu.

Izan ere, arrazoi bila hasteak ez du balio. Sarritan entzun izan diot jendeari: «Eta zergatik niri?». Konprenitzen dut, baina zentzu gutxiko galdera da hori. Noski, oinazea saihesteko medio guztiak erabili behar dira, baina azkenean azpian dagoen gaixotasuna onartu egin beharko da. Gaixotasunari ez dago begiratzerik (badakigu zaila dela) etsai bezala, baizik eta bizitzaren parte moduan. Ondo gestionatzen ikastea da benetako jakinduria. Besteak beste, oinazea eta mina dauden tokian maitasuna eta kariñoa ipintzea.

Jaiotza da bata eta heriotza beste poloa. Eta ez Bizia eta heriotza. Biziak bi poloak (jaiotza eta heriotza) batera hartzen ditu, eta horien gainetik dago. Grafikoki esateko (ez dakit ondo esana legokeen), Bizia da jaiotza eta heriotza manifestatzen zaizkigun Fondoa.

Horregatik, Bizia eta Errealitatea espresatzeko beste forma bat baino ez da heriotza. Hain zuzen, jaiotzea parerik gabeko dohaina da, baina heriotza asumitzen bada. Maisu  espiritual batzuek honelatsu espresatzen dute heriotzaren kontua:

Forma hiltzen da, identitatea ez… Ur-tantak itsasoarekin bat egitean gertatzen dena: forma erabat desegitean, orduantxe deskubritzen du bere benetako identitatea, beti izan dena, ez-jakinean, formarekin identifikaturik zegoelako. Heriotzako orduan, olatua (ageriko forma) ozeanoan (Kontzientzian) berrintegratzen da, lehen handik sortua izaki.

 (Cf. E. M. Lozano. Otro modo de ver. Otro modo de vivir. 8. Afrontar el dolor y la muerte desde la no-dualidad).

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s