Basarri, handia

Batez ere dira bere ideologiaren zabalkunderako baliatzen dituen idatziak

Handia buruz, handia kontzientziaz. Handia era guztietara. Handia Basarriren lana. Horrelaxe aurkeztu nahi genuke duela 101 urte Errezilgo Granada baserrian jaio eta orain dela 15 urte Zarautzen hil zen Ignazio Eizmendi ‘Basarri’, matizazio txikiren bat egingo badugu ere. Bi liburukitan argitaratu den bildumaren harira dator aipamena: ‘Basarri Gerraurrean kazetari, 1931-1935’ eta ‘Basarri Gerratean kazetari, 1936-1943’). Biak ere, Joxe Mari Iriondoren eskutik, Auspoak argitaratuak.

Basarriri inolako meriturik kendu gabe, baina, gauzak bere tokian ipintze aldera, esan dezagun haren idatziak zailak direla sailkatzen eta, gure ustez, nekez sartuko lirateke ‘kazetaritza’ generoan. Kronikak? Neurri txiki batean bai. Zutabe gisako artikuluak? Neurri txiki batean izan litezke.

Batez ere, bere ideologiaren zabalkunderako baliatzen du idazten duena. Eta, ez dakienik balego, Basarri abertzale sutsua da. Sabino Aranak  markaturiko bideari lotzen zaio estu-estu. Militante kualifikatua da Basarri. Neurri batean, lider papera hartzen du, ingurumariko jendeak mitin eta ekintza politikoetan parte har dezan. Mitin eta ekintza horietan gertatzen zena, objektiboki, azaldu ordez, berak han zer sentitu duen azaltzen du, baita beste guztiek zer sentitu duten interpretatu ere. Emozioa dario alde guztietatik, eta besteak hunkiarazi nahi ditu. Bere taldeko hizlariak eta pertsonak goraipatzen ditu sarri; eredu dualista guztietan bezala, baita kontrarioak izendatu ere: adibidez, M. Artola, J.M. Amilibia, Unamuno eta Baroja.

Basarri ez zen izan politikan bakarrik Sabino Aranaren jarraitzaile; baita hizkuntza aldetik ere. Zenbaitetan, maisuaren eredua jarraituz, neologismoz txertaturiko hizkuntza arrotza darabil, batik bat lehen liburukiko artikuluetan, nahiz eta herri-hizkuntza ere dotore erabiltzen duen. Gero eta hobeto ulertzen ditut, ni mutikoa nintzela, gure etxeko bi pertsonaren artean (biak ere gure artetik joanak) izaten ziren eztabaida bero haiek. Batarentzat, Uztapide zen benetako bertsolaria, naturala; bestearentzat, Basarriren jakinduria ez zegoen konparatzerik.

Basarrik, egia osoa esateko, ez zuen jardun politikaz bakarrik. Euskal unibertso oso bat irudikatu zuen, eta horrez guztiaz mintzatu zen: abertzaletasuna, euskara, nekazaritza, euskal ohiturak, euskal festak, euskal kirolak, “euskaldun fededun”… Nolabait esateko, gero Orixek “Euskaldunak” poeman kantatuko duena kontatzen du Basarrik.

Bai Horixe, DV: 140904

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s