Erlijioa eta espiritualtasuna nahasturik  

Erlijioa eta espiritualtasuna nahasturik bizi izan diren kulturatik gatoz. Munduan zehar, erlijioak indar handia izan du, eta erlijioa izan da espiritualtasunaren dimentsioa bideratzeko forma historikoa. Baina gertatu dena da formak edukia irentsi duela.

Fenomeno horrek, nola ez, ondorio larriak ekarri ditu. Erlijioaren absolutizazioak erlijioaren beraren eta, ondorioz, espiritualtasunaren gaitzespena edo gutxiespena eragin ditu oso esparru sozial zabalean. Erlijioa absolutizatzea ulertzea ez da hain zaila. Bere burua Jainkoarekiko erlazioan definitzean, ukiezina da, Jainkoa bera bezalaxe. Horrela, salbu dago kritika txikienetik ere.

Jakina, horrek arrisku handiak ditu: ortodoxiarekiko desadostasun oro, gogor zigortuko da. Kredo bakoitzeko eliztarrak arduratuko dira zigorra aplikatzeaz. Absolutizazioaren ondorioa dira intolerantzia, esklusioa, eta abar. Alde batera, logikoa da, gainera,  absolutuaren izenean mintzatzen denak besterik ez onartzea. Jainkoaren ondoan ez dago ipintzerik beste “jainkorik”. “Egiazko erlijioaren” ondoan ez dago ipintzerik beste erlijiorik.

Jarrera hori dela kausa, gizarteko sektore handi batek erlijioa eta horrekin erlazionaturiko guztia arbuiatu egingo du. Eta ondorioetako bat izan da, batez ere Ilustrazioa garaitik aurrera, giza dimentsioaren pobretzea, errealitatearen dimentsio espirituala ukatzea dela kausa.

Bestetik, erlijioak bere burua babesteko joera du.  Alde batetik, beligerantziaren ezpata astinduko du, eta, bestetik, biktimismoaren sehaskan gordeko da.

Gaur egun, jakitun gaude giza eraikuntza dela erlijioa. Eta, onenean ere, horren  (erlijioaren) bidez kanalizatu nahi izan da errealitatearen dimentsio espirituala.

Erlijioa, gizakiaren eraikuntza izateaz gain, garaiko marko kultural jakin batean sortua da, eta ezinbesteko lotura dauka marko horrekin. Bestalde, kontzientziaren maila mitikoaren garaian jaioa da erlijioa. Baina, absolutizatu denean, ahaztu egin zaigu eraikuntza erlatiboa zela, eta, maiz asko, perbertitu egin da.

Espiritualtasunak errealitate errealaren sakoneko dimentsioarekin du zerikusia, hau da, garen Misterioarekin. Misterioa ez da lotu behar enigma, problema, iluntasuna eta abarrekin; alderantziz baizik. Sakon-sakoneko gure errealitatea da Misterioa, den guztiaren izateko arrazoia. Nahiz eta adierazezina (inefablea) den gure hitzentzat eta atxiki-ezina gure buruarentzat, horri esker hitz egiten du gure mingainak eta horri esker pentsatzen du gure buruak.

Misterioa da ukigarria izan ez eta errealitatearen angelu guztietatik jalgitzen dena. Hau guztia dago Misterioari lotua: paisaia baten edertasuna, haur baten irribarrea, naturaren isiltasuna edo soinu bereziak, Denarekiko batasun-esperientzia, maiteminaren bozkarioa eta barrengo asebetea…  Gure baitan harridura, hunkidura, miresmena, emozioa, bulkada, lasaitasuna, bakea, irekidura, bizinahia, esker-ona, maitasuna, poza, elkartasuna, isiltasuna… esnatzen duen oro Misterioaz kutsatua dago eta misterioaz mintzatzen ari zaigu, eta hortxe finkarazten gaitu espiritualtasunak.

Gizatasunean hazteko, presondegi murriztailetik irten eta askatasunaren argia ikusteko, ezinbestekoa da espiritualtasunean haztea. Horrek hiru gauza eskatzen ditu: a) errealitate erreala uki daitekeena (tengiblea) bakarrik ez dela ohartzea, b) egoera honetara nondik nora iritsi garen konprenitzea, c) Misterioaren dimentsioa esperimentatzea.

Espiritualtasunaren ezaugarriak

Espiritualtasunak esan nahi: itxitura eta hesiak kentzea, esklusiorik eza, mugarik ez izatea, josturarik gabeko uztardura… Historikoki, erlijioak bahiturik eduki du espiritualtasuna. Nahastu egin ziren espiritua eta forma, ura eta ontzia. Formula mentaletan lotu nahi izan zen espiritua. Erlijioaren mugetan errendiarazi nahi zuten  espiritualtasuna eta ito egin zen. Izan ere erlijioa, uste eta sinesteen gainean eraikirik baitago, eta bere garaiko dinamikak hartaraxe beharturik, hertsia eta dogmatikoa da, jeloskor jokatzen du askatasuna eta berrikuntza guztiekiko.

Paradoxikoki, askatasuna eta berrikuntza dira Espiritualtasunaren bi ezaugarri nagusi. Gertatzen dena da “ego erlijiosoa” hertsia eta dogmatikoa dela, uste baitu aurkitu duela modu “absolutua” bere auto-afirmaziorako.

Hemen gauza bat daukat segituan argitu beharrekoa. Badakigu kredo beraren barnean jarrera pertsonal oso ezberdinak ikus daitezkeela. Baina ez naiz ari teologia aldetik aurrerakoiago edo kontserbadoreago direnak alderatzen, baizik eta erlijioa eta espiritualtasunaren arteko auzia “argitzen”. Egia esan, ortodoxiatik urrunxeago dabiltzanen artean argiago ikusten dira espiritualtasunaren zantzuak.

Bere egoarekin, bere buruarekin, kontziente ala inkontzienteki, identifikaturik bizi denarentzat Jainkoa objektu mentala da. Bestea (hurkoa) ez  da beste “ni” bat, Ekialdeko esperientzia askotan esaten den eran, baizik eta “zu” bat nire aurrean. Egoak dualtasuna sortzen du: ni-zu, ni-mundua, ni-Jainkoa. Hori da egoaren bizitokia edo bizitzeko eta irauteko era.

Espiritualtasuna isiltasunetik jaioa da, eta Isiltasunera garamatza. Espiritualtasunari esker hartzen dugu pentsamenduarekiko distantzia, erlatibo ororekiko distantzia. Eta miresmen eta harridura, kontenplazio eta maitasun unibertsal… moduan hautemanarazten digu errealitatea. Egoaren interesik gabeko begirada, ikusmoldea, eskaintzen digu. Errealitate errealaren dimentsio sakon eta absolutuarekiko kontaktuan ipintzen gaitu Espiritualtasunak, egoaren ahots arranguratsu guztiak isiltzean.

Sinple esateko (sinpleegi agian), [erlijioa = dualtasuna, pentsamendua, esplikazioa, araua, promesa, merituak egin]. [Espiritualtasuna = ez-dualtasuna, kontzientzia, harridura, askatasuna, bizitzea, “ni-naiz”].

Dena den, hemen ez gara ari erlijioak gaitzesten edo gutxiesten. Ez dago beren balioa ukatzerik. Lurraldea seinalatzen duten mapak dira, eta alde horretatik oso onuragarriak izan litezke, norabidea erakusteko, gero bidea norberak aurkitu beharko badu ere (espiritualtasunaren bidez).

Hainbat irakurketaren laguntzaz, batez ere E. M. Lozanoren La botella en el océano”n oinarritua). [apunteak berreginda]

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta, 2 Espiritualidad/Reflexión. Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a Erlijioa eta espiritualtasuna nahasturik  

  1. Mundiala, Rufino!
    Gai hain ‘inefableetarako’ ere badik mamirik euskarak, dena artez azaltzeko…

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s