Premia eta ahulezia

25 Igandea, denbora arrunta, 140921, Mt: 20,1-16

 «Dei egin langileei eta ordaindu azkenekotik aurrenekora»

 

************************************************************************

 ERLIJIO ALIENAGARRITIK ESPIRITUALTASUN ASKATZAILERA

 Batzuetan, etekina eta beldurraren artean mugitu izan dira erlijioak. Erraza da ulertzea, kontuan hartzen badugu gizakiak premia eta ahulezia moduan hautematen duela bere burua. Premiaren aiekatik, Jainkoa da gure hustasunak bete ditzakeena; horrela ikusi izan dugu, eta hortik dator etekinaren erlijioa. Ahuleziaren aiekatik, berriz, botere gisa ikusi da Jainkoa; ondorioz, erraz asko jaioko da beldurraren erlijioa.

Ez da zaila bi ezaugarriak —premia eta ahulezia— konstatatzea haurraren bizitzan, gurasoekiko hartu-emanean. Aipaturiko ezaugarriek bi bulkada sentiarazten diote haurrari: batetik, aita eta ama gustura edukitzekoa, abandona ez dezaten; eta, bestetik, bere mesedeetan baliatzekoa, premiazkoa duena lortzeko. Kasik espontaneoa da, haurraren esperientzia horretatik, eskema berberak errepikatuko dituen formulazio erlijiosora pasatzea

Bi ezaugarri horiek elkartzen baditugu, hau izango da emaitza: merituaren ideian oinarrituriko erlijioa, eta erlijiosotasun merkantilista sortuko zaigu hortik: “Odolkiak ordainetan”; “zuk ematen badidazu, nik ere emango”. Merituari esker —haurrek gurasoak bezala—, nahi duguna da Jainkoa “gustura edukitzea”; baina, aldi berean, uste dugu eskubide batzuen jabe garela (egunsentian lanean hasi diren langileen moduan).

Non dago planteamendu horren tranpa? Jainkoa “ugazaba” separatu moduan hartzean, zeinek saritzen dituen merituak eta zigortzen bekatuak.

Jesusen mezuak, ordea, zeharo apurturik uzten du Jainkoaren ideia hori. Jesusek Jainkoari buruz dioenak ehun eta laurogei graduko itzulia eragiten dio ohiko heziketa erlijiosoak irakatsi izan duenari. Jesusentzat, Jainkoa Grazia da, debaldeko Maitasuna, onbera hutsa baita (Inbidia izan behar ote didazu ona naizelako?).

Jainkoa Ente separatu gisa ikusten dugunean, ez dezakegu ikus gure egintzak kontrolatzen dituen eta horien arabera sarituko gaituen “jauntxoa” baino. Horregatik, normala da pertsona erlijiosoa saiatzea harengandik etekina lortzen, portaera alienagarriaren kontura bada ere. Horrek esplika lezake sarri askotan gertatzen dena: pertsona bat autonomian eta segurtasunean hazten denean, Jainkoaren irudi-mota hori apurtu egiten da. Hau da, pertsona sakontasunean aurkitzen denean, erlijioa galdu egiten da.

Garbi esanda, jainko hura existitzen zen, soilik, hala proiektatu zuenaren buruan. Badirudi horrek guztiak erlijiotik —giza eraiketa den aldetik— espiritualtasunera —gizakiaren oinarrizko dimentsiora— igarotzeko gonbita egiten digula. Nahiz eta egoaren premia eta ahulezia (biguntasun eta zaurikortasuna) onartu, espiritualtasunak —adimen espiritualak— jabearazten gaitu gure identitatea ez dela ego gabeziadun hori, Kontzientzia betea baizik, den guztiarekiko substratu komun eta konpartitua. Erlijioa da honaino ekarri nahi gintuen “mapa”; espiritualtasuna, berriz, —jakin ez arren— beti egon izan garen “lurraldea”.

Lurralde honetan ez gabiltza “denario” baten eske —edo zerbait gehiagoren bila, “lehen ordukoak” izanik, merezi dugula uste dugulako—, zeren deskubritu dugu “mahasti” osoa dela gurea, eta hor dago, hain zuzen ere, gure bozkarioaren funtsa. Horregatik, bihotz-bihotzez nahi dugu gizaki guztiek aurki dezaten.

 www.enriquemartinezlozano.com
rufino iraolagarmendiaren itzulpen librea.

 

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a Premia eta ahulezia

  1. Igandeko homiliaren puntu pare bat hortik prestatzen ari nitxioan (gure tierrakoa duk ‘nitxioan’ hori). Puntu txuxenik bazagok bai, hire ta nire maisuaren ikuspegian, eta ‘lehen orduko langile’ erlijioso garenon barru-baitan… Segi fuerte, Rufino!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s