Arratsalde bat Jaitzen

Arratsalde bat Jaitzen (Salinas de Oro’n). Ingurutik igarotzen den ur gaziko ibaiari edo ondoko gatzagari zor dizkio bai euskarazko eta bai erdarazko izena. Ehun eta hogei bizilaguneko herri txiki bat duzu Salinas de Oro. Noski, “ehun eta hogei bizilagun” esanez gero, soberan dago “herri txiki bat”, baina idazleok edozein gauza, orria betetze aldera! San Migel da herriko zaindaria eta bere omenez egiten dira festak.

Hain zuzen, San Migel arratsaldeko kontuak harrotzen dihardut. Eta Bilintxena moldatu eta zeharraldaturik, honela hasi beharko nuke:

Egunaren izena
badakit nola zan
eta seinalagarri
partida bat bazan
pilotan jokatzeko
Salinasko Plazan;
nahi dut asteleheneko
gertaera esan
jendeak egun on bat
zer den jakin dezan.

Lau gazte, zein baino zein, pilotan. Gorriz: Errandonea, berarra, eta Tabar, herriko semea; urdinez: Darío (Ezkaraikoa) eta Matute (Villar de Torrekoa, hau da, bi nafar bi errioxarren aurka. Aurrelariak, 17 eta 18 urtekoak; atzelariek, 26na urte. Hasiera ezin hunkigarriagoa. Hogei bat lagunek heldurik eta eutsita, pankarta erraldoia, frontoiaren atzealdetik frontis aldera, sugearen ibilbidea deskribatuz, baina sugerik gabe. Ni urduri eta harriturik han zer azalduko. Hauxe zioen pankartak: “Tabar, mundiala haiz”.

Izan ere, Tabar herriko semea Munduko txapelduna baita junior kategorian. Emozioa bikoitza: urteak eta urteak dira, auskalo zenbat, pilotaleku batean era horretako edukiarekin pankartarik ikusten ez nuela; gero, Tabarrek malko artean entregatu dio aitari, herritarrek egin dioten oparia; aita, halabeharrez, gurpildun eserlekuan aurkitzen, gaitz makurraren mende!

Hasieran ez dut esan, baina laurogeita hiru urteko pilotazale porrokatu bat eramatera joan naiz Argiñaotik Jaitzera. Eta gozamen ikaragarria izan da, niretzat, hura gozatzen ikustea. Haren txalo-zartadak! Eskertsuagorik gutxi!

Gaur… sorpresen eguna niretzat. Ez dago zalantzarik. Frontoira inguratu orduko, pilotarietako baten aitak: «Zu ezagutzen zaitut nik, nonbaitetik, Bortzirietako euskalki ederrean». Gutxi gorabehera, eman diot nire iritzia, nondik ezagutu nintzakeen; esan diot nongoa haizen ere. Eta harexek aurreratu dit, datorren larunbaterako, ‘lau t’erdiko’ kanporaketa ipini dutela Zaldibian, Lasa eta Mendizabalen artean.

Kasualitateak, batzuetan, katean heltzen dira. Beste talde batean kanporaketarena komentatzen ari nintzela, gizaseme batek bota zidan: «Sí… en principio el ganador se iba enfrentar al nuestro, pero…» Eta nik, amaitzen utzi gabe: «Nor da, ba, zuen hori?». Eta hark: «Zabaleta». Nik orduan, aita hila duela jakinik: «Zu, noski, osaba izango zaitugu?». «No, soy su abuelo».

Egun berean, lehenengo aldiz hitz egiteko, ez da posible bi lagun jatorragorik ezagutzea. Jatorrak eta hiztun dotoreak nola beratarra hala Goñikoa, bata euskaraz eta bestea erdaraz baina euskal kutsuarekin erdalduna ere. Bilobak partida guztietara eramaten omen du, eta nora nahira ere katerik gabe eramateko modukoa ematen du.

Beratarrak telebistaz ematen duen jator-irudia benetakoa da aurrez aurre. Pilotan jokatzen zuenean sinpatia nion, eta orain jarraitzeko bidea eman dit. Ez euskalduna bakarrik, euskaltzalea ere badela iruditu zait. Kontatu dizkit pasadizoren bat edo beste: «Nahiz eta neuk berarekin erdaraz egin, behin baino gehiagotan esan nion semeari euskaraz irakasteko». Pilota-kontuak ere asko aipatu ditugu; bereziki, Belokiren kontra jokatu zuen finala: «15 eta 12 irabazten joan eta 15ean geratu nintzen».

Bai Horixe, DV: 141002

 

 

 

 

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s