Lehengo eta oraingo bertsolaritzaren aldeak (2006), lehen partea  

Sarrera

Sarritan inguratu izan zait jendea, esanez: «Nik ez diat ulertzen gaurko bertsolaritza, gaurko bertsolaritzak niri ez zidak egiten graziarik, gaurko bertsolaritza(k)…». Zer zuen lehengo bertsolaritzak gaurkoak ez duenik? Edo, nahiago bada, alderantziz planteatu galdera: zer du gaurko bertsolaritzak lehengoak ez zuenik? Izan ere, bertsozale askok dio oraingo bertsolariak askoz hobeak direla, sakonago tratatzen dituztela gaiak, eta abar.

Aldeak egon badaudela uste izanik, jende asko dabil, neu tarteko, alde horien barrunbeak miatu eta ezagutzera nola iritsi asmatu ezinik. Aldeak. Ikusi baino gehiago, ‘sentitu’ egiten ditugu. Zerbait «mingainaren puntan daukat» esaten dugunean bezala gaude. Hortxe daukagu, kasik ukitzen dugula, baina ezin dugu adierazi, ezin dugu esplizitatu, berbalizatu. Gure intuizioak atzematen du, baina ezin objektibatu.

Gainera, aldeak ez dira kolpean nabarmentzen. Nik, baserritarra izanik, landarearen hazkuntzarekin konparatzen dut bertsolaritzaren edo beste edozein arte-lanen bilakaera. Egunero erreparatzen badiozu, ez zara ohartzen hazten ari denik, baina iritsiko da egun bat erabat haziko dena, fruitua helduta izango duena. Bertsolaritzarekin antzeko zerbait gertatzen da: Txirrita oinarri harturik, harengandik Uztapiderengana ez dugu alde handirik nabarmenduko; Uztapiderengandik Lopategirengana ere ez; ezta Lopategirengandik Egañarengana ere, edo honengandik Maiarengana. Bi muturrak hartzen baditugu, ordea, hau da, Maia eta Txirrita konparatzean, sumatuko dugu aldea bien artean, eta ez txiki-txikia ere.

Txirrita aukeratu dut mugarri, lehengo eta oraingo bertsolaritza banatzerakoan, denok ados baikaude Txirritarekin amaitzen dela historiaren zati bat edo ixten dela bertsolaritzaren ziklo bat. Beste arrazoi bat da Patziku Perurenak piztu zuen polemika: «Bertsolaritza Txirritarekin amaitu zen» esan zuenean. Beraz, egoki iritzi diot muga hortxe finkatzeari, erreferentzia gisa zerbitzu ona egingo digulakoan.

Ezagutza formala

Estreinako aldeak, lehengo eta oraingo bertsolarien artean, ezagutza mailakoak dira. Esan dezakegu lehengo bertsolariak ezagutza formal urrikoak zirela: eskolatu gabeak, kasik analfabetoak. Udarregirena izango dugu kasurik nabarmenena: analfabeto totala. Baina Txirritak berak ere apenas zekien askorik. Iloba Jose Ramon Erauskinek egiten zion idazkaritza: osabak kantatu edo esandako bertsoak apuntatu. Dena den, Txirritaz geroztik ere eskolatu gabeko bertsolari dezente izan da. Ez dut esango analfabetoak, baina bai eskola gutxikoak. Hortaz, erabateko muga garbia ezartzea oso zaila da. Baina, aldi berean, egia da Txirritaren ondotik aldaketak hasten direla. Basarri izango litzateke aldaketaren esponente nagusia.

Oraingo bertsolariak, batez ere Amurizaren ondorengoak eta, zalantzarik gabe, Egañarengandik aurrerako guztiak, eskolatuak dira. Asko eta asko unibertsitatetik pasatuak eta karreradunak. Ez dut uste izenak ematen hasi beharra dagoenik, mundu osoak daki eta. Normala da horrek bertsolaritzan ondorioak izatea.

Beste adierazleetako bat da batzuen eta besteen mundu erreferentziala. Lehengo bertsolarien mundua oso mugatua zen. Oso gutxi mugitzen ziren: euren auzo eta herrietan moldatzen ziren, hori zen ondo ezagutzen zutena. Hortik aurrera, munduko egoeraren berri gutxi zekiten. Batzuetan, soldaduska izaten zen mundu berriak deskubritzeko modua. Baziren Ameriketan senideak zituztenak. Hori ere iturri polita izan zitekeen, zeukaten ezagutza aberasteko.

Ez zen irratirik, egunkaririk ez zuten irakurtzen. Azokan, elizan eta herriko ostatuan jasotzen zuten informazioarekin bizi ziren. Bertsopaperak ere, batzuetan, laguntza handia ziren, gertaera eta kasu askoren berri ematen baitzuten. Adibidez, zenbat bertso-jarrialdi eskaini ote zitzaion Beizamako krimenari? Ahozko ipuina ere ohikoa zen garai zaharretan. Irakasbide asko egoten zen horietan. Horrez gain, Testamentu Zarra eta Berria eta horrelakoren batzuk izaten zituzten sukaldeko tximinia-ertzean.

 Udaletxeko iragarki-tauletan ez zen ipintzen oharrik. Aguazilak (hamabiak) hots egiten zituen oharrak udaletxeko balkoitik, jendea mezatatik ateratzen zenean. Komunikazio osoa ahozkoa zen, ahozko tradizio betean bizi ziren. Bestetik, bertsolari zaharrek kultura erlijioso handia zuten. Erlijioari eta elizari atxikiak bizi ziren. Buruz zekizkiten dotrina eta ebanjelioko pasarterik inportanteenak. «Euskaldun, fededun» zen lema nagusia. Giro horretan ikasten zuten. Hori zen haien kultura. Bertsotan, berriz, lagunartean eginez.

Aldaketa handia da. Gaur ez dago ahozko tradiziorik. Erlijioak, elizak eta fedeak ez dauka tokirik. Bertsolaria ere, nolabait esateko, globalizatu egin da. Informazio iturririk printzipalenak telebista eta irratia dira, bidaiatu egiten du, Internet dauka etxean, instantean daki mundu zabaleko berri, literatura idatzia ezagutzen du, informazio asko dauka, eta eskolan entrenatzen da bertsotan.

Bertsolari zaharrek esamolde eta esaera herrikoiez asko baliatzen ziren euren bertsoei indarra eta komunikagarritasuna emateko. Gaurko bertsolariek literatura idatziko baliabideak ere badarabiltzate. Txirritaren garaian pentsaezina zen hau esatea: «Enara batek ez du udaberria egiten». Agian, Txirritaren ondoren ere bai askorentzat. Basarrik kanta zezakeen, baina Egañaren garaia arte ez zen kantatu. Amurizak ere erabili zituen erdarazko literaturatik harturiko figura erretorikoak.

Hizkuntzaren eragina

Hizkuntzari dagokionez, lehengo bertsolariek euskaraz bakarrik zekiten. Oraingoak, aldiz, gaztelaniaz ere ondo mintzatzen dira. Askok ingelesa ere badakite. Lehengo bertsolariek eguneroko lan-tresna zuten euskara. Gaurkoak, sarri asko, erdaraz bizi dira eguneko momentu askotan: lanean, telebistaren aurrean, kalean… Alde handia dago, bertsotan aritzeko, euskara hutsean bizi, ahozko tradiziotik edan eta eguneroko hizkuntzan bertsotan egin, ala  erdaraz bizi eta euskaraz kantatu.

Laburbildurik, ahozko tradizioan oinarritua zegoen lehengo bertsolarien hizketa. Oraingoena: idatzitik hartua, batuan oinarritua. Lehengo bertsolariek ez zuten nabaritzen euskara landu beharrik. Erreminta egokia ikusten zuten egin behar zuten lanerako, nahiko zorrotza; hori bai, tokian tokikoa.

Gaurko bertsolariak eskolara joaten dira ahozko eredua lantzera, erreferentzia hori (ahozkoarena), neurri batean, atzendua baitute. Esango genuke euskara kamutsagoa darabiltela, baina osoagoa, hau da, kontrakzio gutxiagorekin, eta abar. Landu beharra ikusten dute eta lantzen dute.

Hiztegia. Labur-labur esateko, lehengo bertsolariak hiztegi zehatza bai, baina laburra erabiltzen zuen. Gaurkoak aberatsa. Euskalki guztietako hitzak. Normalean, bertsolariak asko jorratzen du hizkuntza, saiatzen da informatuta egoten… Jeneralean, gaurko bertsolariak euskara hobea darabil, adin bereko entzuleak baino. Bertso-jarduna, estiloa… oro har, aldatu dira eta, nahiz eta ulertu, entzule askorentzat arrotz samar gertatzen da; batez ere, entzulea adin puska batekoa baldin bada.

Bertsoaren egikera

Ahapaldia luzatu

Fenomeno berria. Amurizaren ekarpena. Batzuen ustez, positiboa. Gauza asko esan liteke, momentu hain egokia ez bada ere, eta horretantxe utziko dugu. Gu lehengo eta oraingo bertsolaritzaren aldeak markatzen ari gara, eta horretan jarraituko dugu. Frogatu nahi duenak hor ditu datuak Joxerra Garziaren Doktore Tesian edo, bestela, Juanito Dorronsorok egindako doinu bilduman. Harrigarriak dira zifrak, ahapaldiaren luzapenari eta doinuen ugalmenari dagokienez. Orain, doinu eta neurri librean uzten zaienean, inork ez dizu kantatuko 7 edo 8 puntutik beherakorik, ezta hasiberriek ere; gainera, errepika eta guzti. Lehengoek bertso motxa zuten maite. Azkar eta zorrotz esaten zituzten esan beharrekoak.

Zein da ondorioa? Lehen, bertso asko hartzen zirela gogoan eta oraingo bertsoak ez dagoela hartzerik. Egia osoa esateko, ba al dago premiarik ere gogoan hartzeko? Hurrengo egunean irratiak emango ditu, edo Interneten daude, nahi dituenak irakurri edo entzun. Logikoa denez, bertsoak gogoan jasotzeko ohitura eta gaitasuna galdu egin ditugu.

Oraingo bertsolaritzak inplikatzen al du entzulea lehengoak bezala? Bertsolari zaharrak bertsoa kantarazi egiten zion entzuleari. Hurrengo egunean, soroan edo zelaian behizain, bertsoan jardungo zuen. Gaurkoak ez. Besteak beste, hizkuntza aldetik ahozko eredutik urrundu delako eta ahapaldi luzeegiak kantatzen dituelako.

Memoariari lanak zaildu

Mundu osoa ados dago honetan: bertsoaren baldintza nagusia, lehenengo entzunaldian ulertzeko modukoa izatea da. Horretarako, ezinbestekoa da berbaldia gogoan jasotzea. Ordea, posible al da hain ahapaldi luzeak direnean? Bertsoa, berez, zirt edo zart egin beharreko generoa da. Bertsotan gauzak zorrotz eta labur esan behar dira. Energia kontzentratu egin behar da bertsoan, leherketa hunkigarria izan dadin; bestela, arrisku handia dago “plof” geldo bat ateratzeko.

Esaten ari gara bertsoak ulerterraza izan behar duela. Bertsoaren ulermena errazten duten elementuak hauek dira: erritmo egokia, neurri juxtua, errima ona eta doinu ezaguna. Askok usteko du, oker alafede, hori guztia estetika kontua dela. Ez da horrela; guztiz alderdi funtzionala da. Elementu horien guztien egitekoa da entzuleari bidea leuntzea, bertsoa gogoan har dezan, memoriari lanak erraztea. Ondorioz, hanka-sartze handi samarra da txapelketan doinu berriak ateratzea. Entzuleak bertsoa gozatuko badu, doinua entzunda eduki behar du. Jakina, oreka behar da: entzunegia bada, aspertu egiten du, eta sekula entzun gabekoa bada, haria eten.

Gaia

Gaia. Lehengo bertsolariak, hasi eta noiz amaitu ez zekitela, gairik gabe aritzen ziren. Hobeto esan, eguneroko bizimodutik eta euren inguruan gertatzen zenetik hartzen zuten kanturako haria (auto-horniketa). Oraingo bertsolariei, gaiak kanpotik ipintzen zaizkie. Txapelketak ezarritako eredua. Gaurko bertsolariei gairik arraroenak ipintzen zaizkie, lehengo askok ulertuko ez lituzketenak. Rolak: egoera bat antzeztu edo pertsonaiaren baten papera egin.

Meta-bertsolaritza dezente egiten zen garai batean, hau da, bertsolaritzari berari buruz mintzatu. Beste gai bat zen euskararen egoera txarra. «Gure euskara gaixoa». Hamaika bertso kantatzeko bidea eman du. Euskal bertsolaritza biktimismotik ez da oraindik erabat aldendu.

Gerago, nik uste, zabalago heldu zitzaiola gaiari: «Euskal Herriaren zapalkuntza» da orain os gai erabilia. Eta oraindik ere horretan gabiltza, neurri batean. Bertsolaritza zaharra ez zegoen gaurkoa bezain politizatua. Dena den, iruditzen zait gaurkoa ere ari dela pixka bat aldentzen bide horretatik.  Horrekin batera, esan behar da gaurko entzulea ez duela gai politikoak, orain dela hogei bat urte bezala, emozionatzen; ezta haserrarazten ere (hori ere beste emozio bat da, jakina). Bere kasa ari da bide berria sortzen; edo, hobeto esan, entzulea eta bertsolariaren arteko elkarreraginak dihardu mataza berria harilkatzen.

Azpillaga eta Lopategiren garaia izango da entzuleari politikak gehien ‘tiratzen’ zion garaia. Izan ere, horiek frankismoaren hondarrean ziren protagonista nagusi bertsotan. Bertsolaritza hura ez zen entretenimendu hutsa (inoiz izan baldin bada), guztiz funtzionala zen: erregimen zaharra dinamitatzen parte hartu nahi zuten, ahal zuten neurrian.

Oraingo bertsolariek gai gehiago eta modernoagoak erabiltzen dituzte. Beraz, esan al daiteke gaurko bertsolariak etengabe politikaz mintzatzen direnik? Ez. Bertsolariek oso gai bariatuak jorratzen dituzte. Esan daitekeena da, gai politikoaz kantatzen ari direnean, beti joera bertsua erakusten dutela, hots, Ezker Abertzalearen pentsamoldearekin hurbil dagoena edo haren tesiekin identifikatzen dena. Nekez ikusiko duzu bertsolari bat atentatua kondenatzen edo atentatuaren biktima izan denarekin solidarizatzen (gehienez ere, “negoziazioa eta dialogoa” aldarrikatuko ditu). Alderantziz, berriz, mila bider. Jo hemerotekara eta adibide ugari aurkituko dituzu. Nahiz eta Jon Sarasuaren hitzok beste zerbait ere sujeritzen duten:

«ETAren kasuan, agian, ez diagu gai batzuetan eragile azaltzeko behar adina asusardia izan. Baina atentatuen gaia aztertu ezak Xenpelar Dokumnetu Zentroan, eta uste baino mami gehiago aurkituko duk akaso».

 Nik neuk ez dut hala uste.

Gaiarekin jarraituz, oraingo bertsolariek erretorika gutxiagorekin eta zuzenago heltzen diote gaiari. Esan dugun eran, gaiak zabalak dira. Askotan gertatzen da bertsolaria tratatzen ari den gaiaz entzule batzuek informazio gehiegirik ez izatea: atentziorik ipini ez dutelako, denborarik izan ez dutelako telebista ikusi edo prentsa irakurtzeko… Aurre-jakintza konpartitua lehen handiagoa zen. Ez gehiago zekitelako, baizik eta eremua oso txikia zelako; lehengo bertsolariak eta entzuleak eremu berean ibiltzen zirelako… Gaur egun aurre-jakintza ez da hain konpartitua. Espezialitate asko dago. jakintza-espektatiba handiak daude. Horregatik, gaurko bertsolariak zailagoa dauka publiko guztiengana iristea.

Gaiaren inguruan azkeneko oharra hauxe dut: gaiaren trataeran, logikoa denez, oraingo bertsolariak aurrerakoiagoak dira. Lehen ipini ez zitezkeen gai asko ipintzen da orain. Adibidez, lehen pentsaezina zen homosexualitateari buruz kantatzea. Baina… orain ere bertsolari askok ez al du jotzen ‘politikoki zuzena’ izatera?

Azken-azkenekoa. Ez dago ondo bertsolariari gaia xehatuegi azaltzea, baina zabalegi uzteak ere baditu bere arriskuak. 2005eko Txapelketa Nagusian horixe gertatu zen gai batekin: “Aspaldiko partez bi begiak busti zaizkizu”. Edozein bide hartzeko modukoa. Edozer gairi buruz kantatzeko modukoa. Aurrez prestaturik ekartzeko modukoa. Saihestu!

Kritikaren objektua

Bertsolariak beti izan du kritikarako joera handia. Aldea dago objektua zein den. Lehen, bertso asko osatzen ziren, esate baterako, neska-zahar, mutil-zahar edo bertsolarien ondoan egokitzen zen xelebreren baten kontura. Gaizkileak aipatzen ziren bertsotan ‘haien bidetik’ apartatzeko esanez. Bertsolaritza aski moralizatzailea zen zentzu horretan. Kronika beltza ohikoa zen: hilketa-kasuak eta horien kronikak. ‘Saltsa arrosa’ ere ez al zuten asmatu bertsolariek? Horrela deitzen diot Ezkontza galdutako bertsoak sailari. Agintarientzat errespetu handia.

Lehengoak ez bezala, bertsolaritza berriak beste elementu batzuk topatu ditu kritikatzeko. Gaurkoak ez du beldurrik agintariei belarriak berotzeko, Eliza kritikatzeko, poliziari erasotzeko eta alderdi politiko jakin batzuen kontra mintzatzeko. Horiekin batera, gizartean puri-purian dauden gai handiak tratatzeko ere gauza da; adibidez, homosexualen ezkontza, eta abar

Komunikazioa eta teknika

Nire ustez, bertsoak komunikazio-tresna bezala balio handiagoa zuen lehen, orain baino. Funtzionaltasun handiagoa. Jendeak bertsoa gogoan hartzen bazuen, buruz ikasi eta kantatzen bazuen, zekarren mezua interesatzen zitzaiolako egiten zuen. Azokan bertsopaperak saltzen zituenak oso serio hartua zeukan ofizioa. Ekarpen handia egiten ari zen kontzientzia. Berripaperak  ziren askotan, batez ere gertakizun inportanteak zirenean. Ez zeukaten arriskurik, gaur egun bezala, azkarregi zaharkitzeko, gaiak denbora luzean egon ohi ziren aktualitateko. Azken detaile bat: saldu aurretik kantatu egiten zituen. Ahozkoak agintzen zuen seinalea!

Nik esan behar banu, bertsolaritza, lehen, lotuago zegoen bere garaiko bizimodu sozial eta lanbideari. Horren barruan ere, noski, betetzen zuen bere funtzioa, ikuskizun soilaz aparte.  Gaurko bertsolaritzak funtzio hori galduago dauka. Bere bertutea da ikuskizun gisa hobeto funtzionatzea. Dibertiaraztea. Ez da gutxi! Nahi bada exajeratu antzean esanda –ez dut esango bertsolaritza museoko pieza izateko arriskuan zegoenik–, baina bazeraman bide. Ordea, bertsolaritzak birmoldaketa handia egin du: ‘berotegia’ prestatu du bertsoarentzat, biziraupena ziurtatzeko. Horixe dira bertso-eskolak eta horien inguruan muntatu den guztia. Bertsoaren habitat naturala baserria zen. Hori desagertzean ezinbestekoa zen birmoldaketa.

Bertsolari zaharraren teknika: praktikaren bidez ezagutzen zuena, sinplea. Lau puntuko bertsoa, zortziko txikian edo nagusian. Bukera indartsu samarra eta haren inguruan bertsoa osatu. Doinu-errepertorio murritza. Exijentzia ere ez zen, ordea, handia. Baina horrexekin lortzen zuen entzulea emozionatzea. Entzulea inplikaturik dagoenean ez da misterio handirik behar. Oraingo bertsolariak teknika aldetik izugarri aurreratu du. Hala ere, niri duda sortzen zait. Bertsolaritzarekin gertatzen ari dena ez al da bizikletari motorra ipini nahi izatea bezala?

Lehengo bertsolaria teorizazio maila eskasekoa zen; eskasekoa esate gutxi esatea da; zuzen esanda, batere teorizaziorik gabekoa. Jakintza prozedimentala da berea. Gaurkoak, aldiz, asko teorizatu du. Jakintza kontzeptualaren jabe egin da. Teorizatzeak esan nahi gogoeta egitea. Gogoetak beti erabakia atzeratu egiten du, erabaki hobea hartzen lagunduko badigu ere. Baina berezkotasunak beti galduko du, ahozkotasunaren kaltetan. Horregatik ari dira orain batzuk, berriz ere, ahozkotasuna indartu nahian, horretarako ikastaroak egiten. Lehenago ez zegoen horren beharrik.

Teorizazioarekin lotuta, akatsez ere mintzatu behar dugu. Garai batean, hiru akats ziren garrantzizkoak: potoa, neurrian motzegia edo hanka-luzea eta betelana. Gaur egun, oso zehazturik dago dena (metrika kontuak, gaiari heltzeko moduak, errima aberatsak, potoarengatik zenbat kendu, hizkerari dagozkionak…). Dena txosten batean jasoa dago. Gauza askori buruz hitz egiten da han. Azkeneko txapelketako edozein libururen hasieran aurkituko duzue. Oro har, esan daiteke alderdi teknikoa orain hobeto errespetatzen dela lehen baino

Kanta-era

Kanta-era bizikoa zen bertsolari zaharra; ahotsa ere ona beharko zuen, zeren mikrofonorik gabe kantatuko baitzuen, nahiz eta guk ez dugun horrelakorik ezagutu. Oraingo bertsolariak ez luke asmatuko mikrofonorik gabe kantatzen. Oro har, kantari mantsoagoa da, erritmo motelagoa du. Horrek badu arrazoi bat: ahozkoan bakarrik hezi denak bizkorrago jaulkitzen ditu bere ideiak. Kultura idatzian ohitu denari alderantziz gertatzen zaio.

Entrenamendua

Antzinako bertsolariak ez zuen entrenamendurik egiten, benetan ari zenean izan ezik. Fede handia zuen bat-bateko. Kasik mito bat zen bat-batekoa eta bere buruari eta entzuleari traizio egitea bezala zen aldez aurretik prestatzea. Egundoko garrantzia ematen zion ‘etorriari’. Lazkao Txiki horrelakoa zen, nahiz eta badiren bestelakoak ere, hau da, agurra bederen etxetik prestatuta eramatearen aldekoak.

Oraingo bertsolaritza, berriz, ez dago ulertzerik entrenamendurik gabe. Txapelketa garaian benetako entrenamenduak egiten dituzte, gai jartzaile eta guzti. Errima- zerrendak dituzte, gogoeta egiten dute arrazoi bati beste batekin nola erantzun… Prestaketa hori egin ezik, bertsolari asko ez lirateke gauza izango plazan paper ona egiteko.

 Doinu berrien arazoa

Dena den, errimari buruz zerbait gehiago esan nahi genuke, doinu batzuek ekarri duten aldea dela medio. Baina, oraingoan, Joxerra Garziari ostuko diogu iritzia:

«Doinuak, ordea, oso eragin nabarmena du zenbait errima-hitzetan. (…). Errima-hitzak azentua azken aurreko silaban daraman errimari ‘emea’ esaten diote adituek, eta azentua azken silaban daramanari, berriz, ‘arra’. Euskal kantutegiko doinu gehienak (eta, ondorioz, bertso doinu gehienak), arrak dira, edo, gehien jota, neutroak (azentua oso nabarmen markatzen ez dutenak). Aspaldi honetan hain modan jarria den ‘habanera’, ordea, nabarmen emea da azentuaren aldetik. (…) Gertatzen dena zera da: paperean erremidakideak badira ere, ‘abisu’ eta ‘naukazu’, habaneraren doinua kantatuta ez direla errimakide, doinu horretan ‘abísu’  eta ‘naukázu’ kantatzen baitira nabarmen, eta azentua daraman bokalak markatzen du noiz hasten den errima».

Gu betikora goaz. Hori problema zaharra ala berria den aztertzera. Eta, inolako zalantzarik gabe, esan behar da oso berria dela. Baliteke lehengo bertsolariek errima pobrexeagoa erabiltzea (duela/dela, zuan/nuan), baina errimen hoskidetasuna ongi errespetatzen zuten.

Gaitik rolera

Autorea, narratzailea, narratarioa (nori kontatzen zaion) eta entzulea

Fikzioan, oro har, konplikatua da autorea eta narratzailea bereiztea. Bertsolaritzan  are nekezagoa. Egia esan, aipatzeak ere beldurra ematen dit! Hori zaila bada, esadazue zer izango den narratarioa eta entzulea bereiztea! Agian, pedantekeria  hutsa da nirea, eta barkatuko ahal didazue! (orain zortzi urte idatzitako kontuak dira).

Bertsolariari gaia ematen zaionean, rol bat ipintzen zaio, eta pertsonaia bat antzeztu behar du. Pertsonaia horren barrenetik ari da hizketan, eta pertsonaia hori da mintzatzen dena. Hona adibide bat, 1997ko Txapelketa Nagusikoa:

«Zuk, Iñaki amak, zure semeari kondoiak eman egiten dizkiozu, beharrik badu erabiltzeko. Sebastian amarentzat hori gehiegizkoa da».

Kasu honetan, garbi daude autorea eta narratzailea. Eta Muruak eta Lizasok zuzen eutsi zioten arrastoari. Inoiz gertatu izan da, ordea, autorea eta narratzailea nahastea. Adibidez, komentatzen ari garen kasuan amaren (narratzailearen) paperean hasi eta benetan dena Sebastian edo Iñaki bezala (autore moduan) amaitu. Badakit gehiegizkoa dela horretan sartzea, baina gauza zailagoak asmatu dira bertsolaritzan.

Gauza bera gertatzen da narratarioa (nori kontatzen zaion) eta entzulearekin Arestian ipini dugun adibidean hori ere argi dago: entzulea (tautologia hutsa) publikoa da, eta narratarioa, ostera, ‘Iñaki ama’ eta ‘Sebastian ama’ dira txandaka, elkarri kontatzen baitiote beren iritzia. Ez dira ari zuzenean publikoari hizketan. Baina, bertsotan, askotan, gertatzen da narratarioaz (nori kontatzen ari den) ahaztu eta entzuleari (publikoari) hitz egitea. Hori zuzena al da? Gutxienez, ondo aztertu beharrekoa bai. Egon liteke justifikatua. Dena den, koherentziaz jokatu beharko lukete, hau da, narratarioa eta entzulea nahastu gabe jardun. Badut adibidea; hau ere 1997ko Txapelketa Nagusitik hartua:

«Zuk, Juan Mari (Narbaiza) nagusiak, etxegintzarako egurrak ekarri zenituen atzo. Unai (Iturriaga) langilea, gaur goizen hotz handia zela-eta, egundoko sua eginda haren ondoan aurkitu duzu».

Hona Narbaizaren 3. bertsoa:

Andaluz itxurakin
tipo txarra dauka,
bizi guztian dabil
nagusian aurka.
Orain fraude kontuan
nahi dezu burruka?
Zeuk sutan erre eta
neretzako kulpa.

Begi-bistakoa da lehenengo bi puntuetan eta azkeneko bietan ez dela narratario bera. Ez dut uste bertsolariak inolako efektu berezirik sortu nahi duenik aldaketa horrekin. Bai zera! Errimak behartuta egiten du. Eta gaizki al dago? Ez dakit, baina puntuak eman baino kendu errazago egingo nizkioke.

Gauza bertsua esan daiteke Iturriagaren laugarrenari buruz:

Badakizue obra
zelan izaten dan;
goizeko hotzak  jota
buruakin teman,
eskabadorai ere
gasoleoa edan,
sua piztea asko
kostatzen zitzaidan.

Beste bertso guztietan, nagusiari (narratarioari) mintzatzen zaio. Bertso honetan ez, publikoari? baizik, entzulea eta narratarioa nahasturik.

Beste batzuetan, garbi-garbi, autorea eta narratzailea berbera dira. Esate baterako, 1997an Sarriegiri ipini zioten puntu honetan:

Oriotik Castrora
Joan zaigu Korta.

Egia esateko,
neri ez dit inporta.
Nere ustez Oriotik
hori dute bota,
azkenaldi honetan
jasangaitz dago-ta.

Beste batzuetan, autorea eta narratzailea garbi daude, baina batek daki nor den narratarioa. Hona adibidea, liburu beretik hartua:

«Herri txiki batean bizi zara (Lujanbio). Astelehen goiza da, eta herriko haur guztiak ondoko hirira joan dira eskolara. Leihotik begira zaude».

Autobusari nago begira,
gure umeen parre dizdira,
arratsaldetan jolasten dabiltz
herrian jira ta bira.
Baina goizetik alde egin eta
joaten dira urrutira;
geratzea komeni da!
Hola aurrera gure umeak
bertako izango dira.

Maialen Lujanbioren bertso horretan, eta aurreko bietan ere, sekulako anbiguotasuna dago narratarioari dagokionez. Benetan ez dakigu nori zuzentzen zaion. Hori ona ala txarra da? Nire ustez, gauzak zehaztea beti da ona.

Beti bezala, orain falta zaiguna da lehen eta orain paretsuan ote zebiltzan jakitea. Ea lehen gaur adina bereizten ote diren autorea eta narratzailea, eta narratarioa eta entzulea. Ikus dezakegunez, lehen ere ematen zitzaien rolak bertsolariei, baina ez zitzaien eskatzen, gaur bezain garbi ez behintzat, pertsonaia baten larruazalean sartzeko. Baditugu adibide batzuk. 1960 Bertsolari Nagusiaz baliatuko gara. Esate baterako, honela eman zitzaien gaia Uztapide eta Perurenari:

«Perurena, korbata erabiltzen duena. Uztapide, korbata erabiltzen ez duena».

Bakoitzak bere iritziak defenditzen ditu, baina Uztapide ‘Uztapide’ da, eta Perurena ‘Perurena’

Oraindik ere nabarmenagoa da Mitxelana eta Mattinen kontua:

Mitxelena apustu eta jokoaren kontrarioa. Mattin, apustu eta jokozalea”.

Begira zeinen bakoitza” ziren, inolako pertsonaiaren paperik hartu gabe:

Aizazu, nere lagun Mattin, gaur
eman beaizut aditza;
errukarri da zuk aspaldian
daramakizun bizitza;
bide txarrari heldu zenion
da ezin zerade zintza;
zorioneko joko oiekin
leku gaiztuan zabiltza.

 Mitxelena hunek leku onian
derauka bere burua
eta nik ere ireki  beaut
orain nere liburua,
neri betitik gustatu baizait
joko edo pariua,
lekuz aldatzeko ez ote da
egina gure dirua?

Egia da lehengo bertsolariak ere jarduten zutela fikzioan, baina bertsolariak berak prestatzen zizkion izen-deiturak eta ahotsa pertsonaiari, orain ez bezala. Gainera, eguneroko errealitatetik hurbilagoko paperak ematen zitzaizkien. Bada beste alde bat ere, oraingo bertsolariak errazago transzenditzen du bere burua eta pertsonaiaren iritzia da azaltzen duena. Lehen, bertsolariaren beraren iritzia zen, beti, ematen zena.

Eszenatoki eta giro aldaketa

Erabilera esparrua

Eszenatokiaren aldaketa, ezbairik gabe, begi-bistakoa da. Erabilera esparrua asko zabaldu da. Amurizak ederki azaltzen duenez, menu askotako platera da: ezkontza, bataio, despedida, kirol tartean, herriko jaietan, bertso saioa zineman, eskolan, elizan… Gehienean festa giroa da bertsoaren erabilpen esparrua, baina baita hileta girokoa eta agur sentikorren testigantzaren emaile ere.

Bertsolari zaharrak, batez ere, sagardotegian kantatzen zuen, parranda giroan. Topikoa da jadanik Basarrik eraman zuela tabernatik teatrora, eta halaxe da.  Bertsolariak duda-mudako fama zuen Basarri iritsi arte. Basarri hasi zen bertsolaritzari prestigioa eta izena ematen. Baserri-giroa zen nagusi bertsolarien artean; denak baserritarrak ziren edo, baserritarrak ez baziren ere, baserri-giro peto-petoan bizi zirenak. Basarri da lehenengo bertsolari kaletarra, nahiz eta baserrian jaio zen: zazpi urterekin aldatu zen zen Errezilko Granadatik Zarauzko Azken Portura. Egia da, Basarri salbuespena zela, haren garaiko beste guztiak baserritarrak zirela. Baina gaur? Gaur ez dabil bertsolaritzan baserritar bakar bat ere. Ez da deskuidua, gazteei buruz ari bainaiz. Agian, norbait baserrian bizi liteke, baina ez baserri giro hutsean. Segur aski, baserritik ere ez.

Giro aldaketa

Gaurko bertsolariak ez du ezagutzen baserriko benetako giroa, folklorea baizik: Santo Tomas, Ordiziako sariketa, Santa Luzia folklorizatuak, Gernikako urriko azoka instituzionalizatua, Legazpiko Artzain Eguna eta horrelakoak bakarrik. Aldaketa sozial horrek ere eragin behar, noski, bertsogintzan. Izugarrizko gauza mordoa dago, azkeneko 50-60 urteotan, beren funtzionaltasuna galdurik, folklore bihurtu dena edo museo etnografikoetan gordetzen dena. Pentsatu, behiak jezteko aulkiak hiru edo lau hanka dituen eztabaidatzeraino iritsi gara. Nik uste era askotako aulkiak zirela langintza horretarako. Gure etxean, behintzat, esnea beti gutxi, baina aulki modelo asko ezagutu dut, ipurdian zumitz askorik gabekoren bat ere bai.

Eta gaurko bertsolaritza non dabil? Zinema-aretoak ere txikiegi  geratu zaizkio. Orain Donostiako Kurtsalean egiten ditu jaialdiak edo Bilboko Arriagan. Musika saioak eta opera emanaldiak egiten diren tokian bertan ari da. Telebista-kamerak aurrean dituela kantatzen du. Eta ahaztu baino lehen esan dezadan Barakaldoko BECen jokatu zela 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala.

Baina ez da hori bakarrik. Bertsolaritzak prentsan, irratian eta telebistan ere espazio handia irabazi du. Garai batean nork pentsa zezakeen horrelakorik? Beraz, alderdi horretatik asko hazi eta aldatu dira gauzak. Begi-bistakoa ezin da ukatu.

Azkenerako propio utzi dut aldaketa guztiz esanguratsua. Lehen, Zaldibia, Muxika, Goizueta edo Azpeitia izan zitezkeen bertso saiorik gehien egiten ziren herriak. Gaur egun, zonalde erdaldunetan ere saio asko egiten da; esate baterako, Algortan.

Bertsolaritzaren funtzioa

Hemen, lehenik, Joxerra Garziak galdera egin eta Jon Sarasuak emandako erantzuna gogoratuko dugu: ´

«Bertsopaperak galdu egin dik inoiz izan zuen funtzio informatzailea eta dibertimenduzkoa. Beraz, nik uste diat bertso tradizioaren adar horri ez zaiola besterik gabe eutsi behar. Nik uste diat kulturaren jarrera izan behar duela funtzionatzen duen harekin aurrera egitea. Orduan, bertsolaritza idatziaren tradizioa galdu behar baldin badu gal dadila. Funtzio izango duen zerbait egin beharko diagu, eta ez epaimahaian agortuko dena».

«Interesatzen diren bertso jarriak dituk publikoan kantuz ematekoak. Eta hala direnean ere kolpean ulertzeko modukoak izan behar ditek. Ulerbide bat baino gehiago izan zitzakek, muga hortxe zagok: ulerbidetako bat, bederen, kolpean jasotzeko modukoa izan dadila».

Bi paragrafo dira eta biak interesatzen zaizkigu. Berez, bigarren hori bertsoaren ulergarritasunaz eta bertsoaren luze-laburraz idatzi dugunarekin batera joan beharko luke, baina Sarasuaren berbaldia ez dugu bere testuingurutik atera nahi izan. Horregatik eman dugu bere horretan, aurrekotik banandu gabe.

Hemen, bat-bateko bertsolaritzaren funtzioaz arituko gara. Baina interesgarria iruditu zaigu Sarasuaren ekarpena. Aretxabaldarrak dionak denetarako balio du: bertsopaperentzat, bat-batekoentzat zein literatura idatziarentzat. Gainera, berriro ere gogoan har dezagun, beti bezala, lehengo eta oraingo bertsolaritzaren funtzioa dela gure gaia. Zer funtzio izan ditzake, oro har, bertsolaritzak? Funtzio informatzailea, funtzio ludikoa –jolas eta dibertimenduarena–, iritzi-sortzailea eta kritika-funtzioa.

Begi-bistakoa da bertsolaritza komunikazioaren arloan sartzen dela bete-betean. Beraz, goian izendatu ditugun funtzio horiek, printzipioz, ondo izendatuta daude. Baina komunikazioaren esparrua oso zabala da, gero eta zabalagoa, eta gero eta elementu gehiago sartu dira esparru horretan. Ondorioz, gero eta zati txikiagoa dagokio bakoitzari. Gainera, batzuek (telebistak, irratiak, prentsak) etengabe handitu dute euren eragin-eremua. Bi datu: batetik, gehiagoren artean banatu behar tarta; bestetik, batzuek gero eta tarta pusketa handiagoa harturik, besteen razioak gero eta txikiagoak izango dira. Bertsolaritza azkeneko talde horretan dago.

Horrek esan nahi du funtzio informatzailea galtzen joan dela. Ondorioa garbia da: lehengo bertsolaritzak funtzio informatzaile handiagoa zuen gaurkoak baino. Zertaz informa zezakeen lehengo bertsolariak? Zer zen bertsolariak jakin eta herriak ez zekien hori? Edozein modutan ere, asko ez. Baina jende normala baino gehiago ibiltzen zirenez, eduki zezaketen besteek ez zekiten informazioa. Adibidez, Santo Tomasetan Donostian izan baziren bertsotan, eta hurrengo igandean Lesakan, bertsotan egin zezaketen kronika, Donostian ikusitakoa aipatuz. Adibidez, Basarri zalea zen herri batera joan eta astean zehar egunkarian irakurri zituenak kantatzen: Errusia eta Amerikarren arteko kontuan, etab. Gaur egun hori alferrikakoa litzateke. Sukalde-txoko guztietara iristen da informazioa instantean. Txirritaren bertsoetan ere ikus daiteke funtzio informatzailea. Esan genezake gaurko bertsolaritzak erabat galdua duela funtzio hori.

Eta gaineratiko funtzioak? Adibidez, iritzi sortzailearena ere informatzailearen pareko ibiliko litzateke. Lehengoek gehiago informa bazezaketen, iritzia sortzea ere oraingoentzat baino errazagoa izango zen.

Baina bertsolaritzaren benetako funtzioa, lehen eta orain, ludikoa izan da, jolas eta dibertimenduarena. Bertsolaritzaren xedea da, batez ere, emozioak sortzea: barrea eragitea, errukia piztea, poza areagotzea, solidaritate-sentimendua indartzea… Eta hemen ere lehengoaren alde hitz egingo dut: dibertimendurako aukera gutxiago zegoenez, lehen hobeto beteko zuen funtzio hori. Gaur gauza asko utzi behar dituzu beste bat, adibidez bertso saioa, aukeratzeko. Beste zaletasun batzuekin hainbeste konpartitu eta lehiatu beharrik gabe bizi zuen lehengo entzuleak bertsolaritza. Hori demostratzen dute, behintzat, hainbeste bertso buruz ikasi eta gero ahoz aho gureganaino iritsi izanak.

Ez bakarrik ikasi. Hainbestexe inplikaturik zegoen bertsozalea, non bertsolariak kantaturiko bertsoaren bertsio berriak sortzen zituen. Hori gaur ez da posible; besteak bete, bertsoa medio teknikoetan jasotzen delako. Baina, era  berean,  adierazten du herriak zenbateraino bizi zuen, lehen, bertsolaritza.

Kritika-funtzioa geratzen zaigu. Nik uste dut horretan gaurko bertsolariak erraz irabazten diola lehengoari. Oraingo bertsolariak kritikoagoak dira, behintzat gai jakin batzuetan: politika, gai sozialak, etab. Lehengoek status quo errazago onartzen zuten. Gainera, kritikak ere korronte nagusiaren aldekoak ziren lehen. Esate baterako, Elizaren parametroetatik kritikatzen zuten gizartea: erretiro txarrak, gona motzak, etab. Guztiarekin ere esan behar da, bertsolariek oholtza gainean egiten dituzten kritikek ez dutela transzendentzia handirik. Kritika horiek eta beste halako hamaika eginak baitaude prentsan. Hala ere, bertsolariak ironia- eta umore-klabean egin lezake ekarpenik.

Atala amaitzeko, berriz ere, Jon Sarasuarengana joko dugu. Honela mintzatzen da bertsolaritzaz, honen funtzioarekin zerikusia duen puntu bat ukitzean:

«Azken finean, informazioz saturatuta dagoen gizartean jolas bat duk. Besteak  beste, aukera txiki bat informazio sozial eta pertsonalari modu umoretsu eta poetiko batean hausnarraldi bat emateko. Hedabideek markatzen diate ez bakarrik iritzia, baita iritzia zertaz izan behar duen ere».

Baina bertsolaritzaren funtsa borroka dialektikoa da, bestea menderatzea. Beraz,  bertsolaria publikoa konbentzitzen saiatzen zen: nik dut arrazoi eta ez honek (aldameneko bertsolariak).

Hori lehen nabarmenagoa zen, orain beste joera batzuk ere bai baitaude: elkar hartuta kantuan egitekoak, eta abar. Gaur narrazioak, deskribapenak… ere egiten dira bertsotan.

Bestetik (errepikatzea da, baina zehazte aldera), bertsolariak beti izan du bokazio moralizatzailea. Garai bateko bertsolariak gizartean onarpen handia zuten gauzen alde jarriko ziren, eta onarpenik ez zutenen kontra. Hor ditugu Txirritaren eta Basarriren hainbat bertso: ohitura onak, garbitasuna, euskara, erretiro onak, fedea, moral katolikoa eta abar aldarrikatzen dituztenak.

Gaurko bertsolariak ere badira moralizatzaileak, baina beste zentzu batean. Politika aldetik. Batez ere, Euskal Herriaren eskubide indibidual eta kolektiboen aurrean dira moralizatzaileak. Hor energia dezente xahutzen dute, bertsolari konkretu batzuek bederen.

Bertsoa testu gisa

Planifikatu

Gaur egun, testugintzaz ari garelarik, lehen-lehenengoa da plan orokorraz galdetzea, hau da, egileak orokorki testua nola planifikatu duen jakitea. Bertsolariak egiten al du horrelako planik? Hemen teknika eta plana bereizi beharko genituzke lehenik. Teknika izan daiteke plana uztartzeko moldea, eta plana molde horretatik ateratzen den produktu antolatua, emaitza.

Prosazko testua paragrafoka planifikatzen da; bertsoa ere planifika daiteke horrela, bakarra bada; baina normalean bertso saioa izaten da antolatu beharrekoa, hainbat ahapaldiz osaturiko unitatea. Jakina, ahapaldiek paragrafoek baino dibertsitate handiagoa dute, autonomoagoak dira. Beraz, planifikazioa ezberdina da.

Ez dut uste lehengo bertsolariek bertso saioaren planifikaziorik egiten zutenik. Agian, bai bertso bakarrarena. Honelatsu: hasiera erretoriko samarra, tartean betelan dezente batzuetan, eta azkenean arrazoi indartsua. Txirritaren aurreko garaietan hori aski ohikoa zen.

Uste dut gaurko bertsolariak gehiago planifikatzen duela; izan ere, eskolan asko erakusten zaie horretan. Bestetik, beharrak ere planifikarazten die. Arrazoietako bat da bertso luzeak egiten dituztela eta planifikaziorik gabe ulergaitz samarra gerta daiteke.

Andoni Egañari adituta dakigu bertso luzea hark honelatsu planifikatzen duela: hasieran metaforizatu, tartean esklamazio edo gisako egitura sartu, eta amaieran arrazoitu. Hori bertso bakarra denean, baina hiru estrofako bertso-saioa denean zer? Bakarka ari bada, bertsolariak, normalean, hiru arrazoi hautatu eta ordenatuko ditu; gero, planifikazioa egingo du lehen esandako horren arabera eta hirurak kohesionatzen saiatuko da, diskurtso koherente baten bidez. Hori da aldea lehengo bertsolariarekin konparatuta: hark bertsoka egiten zuen planifikazio antzekoa bat, oraingoak, berriz, saioka.

Oharra: Dena den, Andoni Egañak berak esana da 2005eko Txapelketa Nagusian bertso abstraktutik konkretura pasatu zela. Beraz, goiko egitura  hori ez zuen erabili, baina ideiak sortzea, ordenatzea eta egoki formulatzea ahaztu gabe aritu zen

Zer gertatzen da, ordea, planifikazioari dagokionez, bertsolariak elkarrekin teman ari direnean? Lehengo bertsolariak, oro har, aurkariak zer esaten zuen aditzen egoten ziren, eta ondoren hari erantzungo zioten. Oraingo bertsolariek erdibidera-edo (askotan bidetik kanpora ere bai) jotzen dute. Lagunari entzuten, baina belarri batetik bakarrik, eta, aldi berean, kontrarioari kasu handirik egin gabe hurrengo bertsoa prestatzen aritzen dira. Entrenamendu on baten bidez posible da erdibide hori hartzea. Beraz, berriro ere esan behar dugu oraingoek prestakuntzan ere fede handia dutela, eta lehengoek inprobisazio gorria nahiago zutela askotan.

Testu-motak

Batez ere, argudiozko testua zen lehengo bertsolariena. Hori oso logikoka da, ‘borroka’ (dialektikoa) baitzen haien xedea. Nork nor menderatuko aritzen ziren, eta askotan benetan. Gero ere horrek horrela iraun du, baina ‘broman’ bezala eztabaidatzen dute.

Esan dut argudiozko testuak izan duela indarrik handiena bertsolaritzan, baina badira bestelakoak ere. Esate baterako, Lazkao Txikik kontzientziari botatzen dion bertsoan argudioa eta preskripzioa konbinatzen ditu maisuki:

Kontzientzia nolakoa den
ez zaiteztela atzendu;
gizonak nola bizi behar dun
ederki erakusten du:
premiz danari lagundu eta
inori ezer ez kendu,
lege beharrik ez genduke guk
hori egingo bagendu.

Lazkao Txikik deskripzioak ere baditu. Adibidez:

Bertsoa botaiozu
zeure buruari

Ezagun det eta
erreza det hori:
mutiko txikia ta
koloreak txuri,
atzo jaiotako antxu-
metxoa dirudi.

Azalpen-testuak ere badira. Hauxe adibidez. “Uztapide eta Xalbador anaiak dira. Uztapide egunsentian lanera doa. Xalbador, berriz, gaupasa eginda etxera. Uztapidek galdetzen dio”

(…)
Ia mesedez esan zaidazu,
non pasa dezu arratsa?


Xalbadorren esplikazioa:


Taberna baten egonak gira
auzoko Antton da biak,
eta gero hor ohartu gabe
atzeman gaitu argiak.
Zoazi lanera, nik istant batez
itxi behar tut begiak,
atzartzeakin moldatuko tut
txerriak eta behiak.

Ikusten duzuen bezala, testu hau  jo daiteke azalpen-testutzat, nahiz eta baduen zatitxo bat preskriptiboa ere.

Beraz, nahiz eta argudiozkoa izan nagusi, ikusten ari gara testu mota guztiek dutela tokia bertsolaritzan; batez ere, preskritiboak indar handia du; argudioaren ondotik bera izango da bigarren postuan. Horrek esan nahi, bertsolaria gomendio eta aholku eman zalea dela.

Beste bat, non deskripzioa eta preskripzioa konbinaturik dauden. Oso bertso entzuna eta ez dut xehetasunik emango :

Batetikan korroska,
bestetik herrena,
ohia okupatu du,
hori da txarrena;
ez da pinta kabala
honek dakarrena;
kantzontzilorik gabe
ohean barrena;
pixkat gutxio edan
ezazu hurrena.

Narrazioa, testu-mota gisa, guztiz eskasa da bertsolaritzan. Maialen Lujanbioren batzuk hurbiltzen dira asko. 2001eko txapelketakoak dira, honako gai hau ipinita kantatuak: “Zure ustez hagitz guraso aurrerakoiak eta jatorrak zenituen. Poz-pozik esan diezu mutil beltzaran batekin maite mindu zarela. Gurasoen aurpegiak erabat aldatu dira berri hori eman diezunean”.

Hiru bertsoak hasten dira kontaketarekin. Lehenengoari erreparatuko diogu apur bat

Kontaketa (narrazioa)

Munduan barna bidai batera
joan nintzan pozez zeharo,
Ikuskizunak ta esperientziak
izan nituen oparo.
Jordaniara iritsi ginen
bidaia hortan… akabo!

Hortik behera, diskurtso tipoari dagokionez, kontaketa (narrazioa) da. Testu mota aldetik berriz, preskripzioa, argudioa eta berriro ere preskripzioa. Bukaera nahasi samarra du.

Aita ta ama hartu gogoan,
ni maitemindurik nago,
mutiko hori bihurtu baitzait
sentimenduen arrago,
Bera beltza da, jakin zazue,
arabiarra zehatzago.
Aita ta ama horren zuriak
ez zerate, ba, izango?
Bera beltza da baina halare
ez da ni baino beltzago.

Konklusio modura esango nuke argudioa eta preskripzioa direla bertsolariek gehien ekoizten dituzten bi testu motak, eta, gainera, preskripzioa argudioari laguntzeko erabiltzen dute.

OHARRA: Harritu nau zenbat perpaus baldintzazko egiten duten bertsolariek. Eta zenbat galdera erretoriko, bestalde!

Esta entrada fue publicada en 1 Opuskulua y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s