Lehengo eta oraingo bertsolaritzaren aldeak (2006), bigarren partea

UGARITASUNA

Puntu horretan ba al dago alderik lehen eta orain? Dena den, apur bat argudiatu dut lehen partean, esanik orain eskolako bertsolari asko dagoela, eta, lehen, herri bertsolari ugari zela. Baina bertsolari izena merezi izateko, ezinbestekoa da plazan kantatzea. Hori kontuan harturik, gaur egun bertsolari gehiago egongo da.

Diotenez, ehun bat bertsolari dira plazan kantari ari direnak. Ehun bertsolari horietatik, hogeita hamar ez dira izango maiztasun dezenteko batez ari direnak. Beraz, lehen eta orain, Euskal Herrian dagoen bertso-eskea asetzeko nahikoa ziren hogeita hamar bertsolari, eta dozena pare batek ere, hortxe-hortxe, egingo lituzkete hemengo lanak, jakinik, gainera, bertsolari askok hirurogeitaka urterekin ere kantuan segitzen duela.

Datu bat ematearren, Bapatean 2005 liburura jo dugu. Dakizuen bezala, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak (EHBE) urtero ateratzen duen liburua da. Saio nagusien memoria gisakoa izan ohi da. Hirurogeita lau bertsolari agertzen dira. Saioen kopuruari dagokionez, alde izugarria dago batzuengandik besteengana. Asko dira liburuan behin bakarrik azaltzen direnak;  justu erdiak. Jakina, horrek ez du esan nahi bertsolari horiek saio gehiago egin ez dutenik, baizik eta memoria horretan ez daudela erregistratuak. Gehiena egin dituenak, dokumentu horren arabera, 13 saio egin ditu.

Badugu guk, ordea, eskupean gorderik, beste datu bat: gehien jarduten duten horiek, urtean, 130 bat saio egiten dituzte. Beraz, 10 litzateke kohefiziente zuzentzailea. (10×13=130). Horrek ondorio hau du: bertsolarien erdiek, urtean, 10 bat saio (ofizial edoerregistratu) egiten dituzte. 4 bat  dira asteko 2,5 saiora iriste direnak; 7 bat-edo, asteko saioa gainditzen dutenak (1,5 inguru); 19ren bat, hileko saio bat inguruan edo hortik pixka bat gorago dabiltzanak. Beti ere saio “ofizialak” hartzen ditugu kontuan.

Ez dut lehengo daturik –gogoratu konparatzea dela nire lanaren xedea–. Baina, nire intuizioaren arabera, Basarriz geroztik bertsolaritza ez zen egongo zifra horietatik behera. Ohartu zenbat ibiltzen ziren Basarri bera, Uztapide, Lasarte, Lazkao Txiki, Lopategi, Azpillaga, Lazkano, Agirre, Lizaso, Xalbador, Mattin…

Ikusten dugunez, ez dago denentzat lanik, ehun bertsolarirentzat. Hori ez da hain harrigarria: futbolari edo pilotari guztientzat ere ez dago lanik. Bakoitzaren mailaren arabera, lortzen dituzte fitxak eta hartzen dituzte postuak, eta gainerakoak bidean gelditzen dira. Agian, bertsolaritzan apur bat diferentea da. Denak kontatzen jarraitzen dugu, estatistiketan denak sartzen. Badago halako jarrera afektiboa bat behin plazara azaldu diren guztienganako. Lirudike bertsolaritzak denak dituela beharrezko, eta  kantatzen ez dutenek ere egiten dutela bertsolaritza. Egia oso gordina da: bertsolaritzak eta bizitzako beste edozein arlok behar dituenak behar ditu, besteak “soberan” daude. Hala eta guztiz ere, bertsolari ugari egoteak, eskoletan lantzeak eta abarrek abantaila badu: horrekin zaletasuna indartu daiteke.

Bazen proiektu bat edo plan bat bertsolariak sailkatzeko eta, horren arabera, batzuk herri mailako bertsolariak lirateke; besteak, eskualdekoak eta, azkenik, elitekoak. Egia esan behar badut, ez dakit proiektu hori zertan geratu den. Nik uste ezinbestez gertatzen dela mailaketa gure gizartean. Hori berdin aplika dakioke bertsolaritzari eta beste zernahi eremuri. Ondorioz, badira entrenamendu edo lagunartetik aparte oso gutxi jarduten direnak. Zergatik? Sarri askotan, auzorik txikienean eta ospakizun xumeena antolatzeko ere, ahal dela, puntako bertsolariak eskatzen dituztelako.

Bertsolaritza mundua oso idealista da batzuetan, baina errealitateak ateak jotzen dituenean denok makurtzen dugu burua. Asmo onak horixe baino ez dira izaten gehienetan. Tristea bada ere, merkatuaren legeak agintzen du toki guztietan.

GAUZAK  JOAN ALA ERAMAN?

Biak, seguruenik. Gauzei ez dago iraunarazterik. Norbaitek horrelakorik pentsatu baldin badu, oker dago. Ibaiko urarekin gertatzen dena gertatzen da bizitzaren osagai guztiekin. Urak beti joanean dabiltza, inork eragin gabe, ezarri zaien legea horixe delako. Ur bera ez da toki beretik bi aldiz igarotzen. Baina ur guztiak, itsasora bidean, ibaitik igarotzen dira. Honela dio Jon Sarasuak elkarrizketa batean:

“Kontua ez duk tradizioari iraunaraztea. Biziz eta sortuz bakarrik ematen zaio zentzua tradizioari.”

Ados nago aretxabaletarrak dioenarekin. Nik oraindik gehiago esango nuke: nahita ere ez dago iraunarazterik tradizioari. Izatekotan ere, zirkunstantziek eragiten diote, bultza egiten diote, edo motelarazten abiadura. Azkenean, ordea, eskema berean murgiltzen da dena: jaio, bizi eta hil. Noski, gizakiaren eskuak, neurri batean, eragin edo alda dezake joera.

Baina ni bai gauzek harritzen nautela! Orain dela gutxira arte –duela 30/40 urte–, paradigma “pre-modernoan” bizi zen bertsolaritza. Eta aro “modernotik” igaro gabe, garai “potst-modernoan” presentatu da, ia-ia entzuleak baino lehenago. Gaurko gizartearen produktua da bertsolaritza. Gaurko munduak zizelatu eta moldeatu du horrela, lehengoa beste era batera osatua eta egina zegoen bezalaxe. Izan ere, aldatze eta moldaera berria ezinbestekoa zaie bertsolaritzari eta nekazaritza aroan sorturiko beste edozein kultur adierazpideri, zibernetikaren garai postmodernoan iraun nahi baldin badute. Moldatze berri horren ondorioa da gaurko bertsolaritza. Industria aurreko kultura desagertzean, kultura horretako espresio-formak –adibidez, erlijioaren kasua nabarmena da– lur-hondorik gabe geratzen dira, eta gainbehera hasi.

Utzidazue beste gaitxo bat hemen tartekatzen: bertsolarien talde-kontzientzia. Esate baterako, bertsolariak ez du sufritzen bera gaizki ari denean bakarrik, baita laguna gaizki ari denean ere. “Saioa salbatzea” izan ohi dute helburu, eta ez norberak luzitzea bakarrik. Frontoiak eta estadioak betetzen direnean, “ego kolektibo” batek bezala funtzionatzen dute. Ez da sekula faltako aipamen hau: «Gaur bertsolaritza atera da irabazle.» Sinesten dut, gainera, horrelaxe sentitzen dutela. Gaurko psikologo modernoek kontzientzia-maila “transegoikoa” deitzen diote horri.

Eta zer da “jarrera kreatzailea” bertsolaritzan? Bizi den denbora historikoaren testigu izatea. Horrek edozeinentzat balio du, edozein arte motarentzat. Denbora historikoaren barruan sartuko lirateke eboluzioa, orijinaltasuna, berrikuntza, aurrerabidea, eta abar. Egia esan, bertsolaritzak beti eboluzionatu du, baina azken urteotan bezala inoiz ez, nahiz eta batzuentzat zenbait berrikuntzak zalantzak sortzen dituen.

Lehengo bertsolaritza erretorika-zalea zen, eta metabertsolaritza askoz gehiago egiten zen. Orain ere egiten den “metabertsolaritza” ez da berdina: bertsolariak berak bihurtu dira bertsoaren teoriko nagusi. Bertsolaritzak asko aurreratu du teknika eta formaren aldetik. Baina, beharbada. ez hainbeste ahozkotasunaren aldetik.

Bestalde, bi sentimen kontrajarri sortzen zaizkit: batetik, bertsolaritza ez dakit nongo izarretaraino jasotzeko pretentsioa ikusten dut, etxeren bati zutoinak edo zimentarriak ipintzen ari bagina bezala; bestetik, idisko adar-okerrari uztarri txiki berezia lotzen jardungo bagenu bezala, idi bihurtzen denean adaje dotorea, estetikoa eta uztarrian lotzeko baliokoa izan dezan. Alabaina, ez dago bertsolaritza okerrik, garaian garaikoa baizik. Hobeto esan, daude bertsolaritza zaharra eta berria, bakoitza bere bertute eta akatsekin.

Nora iritsi nahi nuen gogoeta horrekin? Nire ustez, ez dute zentzurik “tradizioari eutsi eta iraunarazi ala modu kreatiboan tratatu” bezalako planteamenduek, zeren eta bertsolaritzaren barnetik egiten den lan kontzientea baino erabakigarriagoak dira, sarritan, kanpoko faktoreak. Ez bertsolaritzan bakarrik, baita beste hainbat eremutan ere, kulturalak nahiz bestelakoak.

Gaur egun, Marx aipatzea ez dirudi politikoki zuzena, baina hemen ere, aldez edo moldez, badago gainegitura eta azpiegituraren kontu hori. Gizartean ematen diren harreman eta erlazioek (politkoak, sozio-laboralak…) definituko dute bertsolaritza. Esate baterako, egunen batean sistema barrutik kantatzen hasten bada, gauzak ez al dira asko aldatuko? Gutxienez, gaur nabarmenak diren paradoxa batzuk ez dira ikusiko. Adibidez, aste osoa sistemari atxikirik egiten dute, eta asteburuko bertso-saioan bakarrik aritzen dira sistematik kanpo. Alabaina, ez da bertsolaritzaren bekatua bakarrik –bekatua baldin bada–, gizarte osoa bizi da moral bikoitzean murgildurik, gauza batean ez bada bestean.

Beraz, bertsolariek kanta bitzate bertsoak, landu bezate bertsotarako tresneria, utz diezaietela kritikoen lana kritikoei, itxaron dezatela erretiratu arte entrenatzaile edo teknikoaren postua hartzeko. EHBE ondo dago, ondo dago bertsolarien interesak defenditzeko: tarifak, kanturako baldintza minimoak, autore eskubideak, etab. Baina EHBEren lana al da, adibidez, txapelketak eta lehiaketak antolatzea? Ez al litzateke hobea erakunde independente batek antolatzea?

TRANSZENDENTZIA ABERTZALE ETA EUSKALTZALEA

Erraza da bereizketa egin eta muga ipintzea. Kasu honetan ere, halabeharrez, Basarrik markatzen du aldaketa. Nazionalismoak beretzat konkistatzen ditu Basarri eta bertsolaritza, Aitzolen eskutik. Geroztik beti, salbuespenak salbuespen, bertsolaritzak abertzaletasunari esku emanda egin du bidea, nahiz eta abertzaletasun hori ez den beti izan esplizitua; besteak beste, egoera politikoarengatik. Euskaltzaletasuna errazagoa izan da errebindikatzeko, ez zuen abertzaletasun politikoak adinako arriskurik. Gai emankorra ere bazen “euskara gaixoaren gainbehera eta egoera tristea”. Bestalde, auto-flagelaziorako joera handia izan du euskal bertsolariak: «Geu ginen errudunak, seme-alabei erdaraz egiten genielako». Jakina, horrela errazagoa zen erregimenaren begirada zorrotza saihestea. Bide batez, bertsolariak, euskararen alde lan handia egiten ari zelako konbentzimendu osoa zuen.

Hala ere, egokiena izango da Etor-Ostoa argitaletxeak, Euskal Kantu Herrikoia epigrafe orokorraren pean, 2001ean, atera zuen liburukira jotzea eta han nik neuk idatzi nuenetik zertzelada batzuk jasotzea. Urrunegira jo gabe, Kepa Enbeita, Pedro Mari Otaño eta Txirritarekin hasiko gara. Gerra zibilaren aurreko urteak dira. Bada aipatu beharreko funtsezko datu bat: Sabino Aranaren ideologia indarra hartzen ari da, abertzaletasunaren garaia da, aurreko mendeko erromantizismoaren eragina hasi da fruituak ematen (hemen ere barruko indarrak baino kanpoko haizeak eragin handiagoa izan zuen). Kepa Enbeita lotzen zaio estuen Sabino Aranaren ideariumari. Mitin giroan jardungo du kantuan. Inguru-egoera horretan kantatu zuen harako bertso famatu hura:

“Viva España” didarka dagoz
neuk bere “viva”  dirautsak,
gorrotorikan ez dagolako
nigandik Españarentzat.
Katolikook jakin dagigun
Zer diñon goiko Juezak:
“Besten gauzari bakean itxi
zaindu beria bakoitzak”.
Hargatik “viva” diñot berriz be
izan bedi Españarentzat;
Baita be diñot “Gora Euskadi”
geuria da ta, geuretzat.

      Txirritak, bere aldetik, foru galduen jiran ardaztu zituen pentsamendua eta mezu politikoa. Hala kantatuko dio euskal fueroak kendu zituen Canovasi:

“Hil da Canovas, juan da Canovas, pikaro gaizki hazia.”

     Hain zuzen, euskal kontzientziari dagokionez, eboluzio nabarmena ikusten da, adibidez Xenpelarren garaitik Txirritaren garaira. Dakigunez, Xenpelarrek honela kantatuko du:

“Gure gera iru probintzi”, …

     Txirritak, berriz:

“Arrosa baino ederragoko gure zazpi probintziak.”

Nahiz eta Espainia eta Frantzia, “frantsez euskaldun” eta horrelakoak ere inolako aurreiritzirik gabe erabiliko dituen. Beraz, bazegoen halako anbiguotasun edo, agian, pragmatismo bat Txirritarengan, nahiz honako hau irakurtzean besterik pentsa litekeen:

“Arrasoa baino ederragoko gure zazpi probintziak, (…) lau Espaniyan morroi gaudenak, hiru han ditu Frantziak”…

     Hirugarrenak, Pedro Mari Otañok, euskara hartu zuen banderatzat. Zizurkilgo poetak euskara jotzen du herritasunaren oinarritzat. Hurrengo bertso honetan ederki ikusten da hori:

Arbola baten zainetatikan
sortzen diran landariak
bezela gera Bidasoaren
bi aldetako jendiak.
Berdinak dira gure jatorri,
oiturak eta legiak,
Ama Euskerak magal berian
Azitako senidiak.

Aro berrian sartzen gara Basarrirekin. Hasieran, batez ere, batzokiaren inguruan garatuko da Basarriren bertsogintza. Beraz, ez da harritzekoa, horregatik eta beste motibo askorengatik, bertsolaritza nazionalismoarekin lotuta ikustea.

Baina fenomenorik garrantzitsuena, beharbada, Azpillaga eta Lopategirena izango da. Frankismoaren aurkako bandera bere egin zuten bi bertsolari bizkaitarrok, eta guztiz ikuspegi abertzaletik egin ere. Berez, hain bertsozale ez zen jende asko erakarri zuten; izan ere, beren saioak benetako mitinak ziren. Azpillagaren bertso honek laburbiltzen du ederki dena:

Herririk herri pregonatutzen
bertsolarin eztarria,
era bakarra asetutzeko
euskaldunen egarria.
Gaur inoiz baino gogorragoa
dago gaztegi  berria,
askok galdutzat bazeukan ere
salbo da Euskal Herria.

Ederki kostata bada ere, iritsi zen demokrazia aroa. Demokraziaren etorrerak, eta horren Autonomia Estatutuak, gauza asko aldatu zituen. Nazionalismoa bera zatituko da, autonomista eta hausturaren aldekoen artean. Hausturaren aldekoek irabaziko dute, eta hortik aurrera bertsolaritza abertzalea ez ezik, Ezker Abertzelearen orbitari atxikiko zaio neurri handian.

Ez nago batere ados Jon Sarasuaren esaldi honekin:

“Izatekotan ere, gure belaunaldiak kendu egin ziok aurretik eman zitzaion transzendentzia abertzale, euskaltzale eta etnikoa.”

Hark ala nik dugun arrazoia jakiteko, aski da azken urtetako edozein bertso liburutan begiratzea edo edozein saiotara joatea.

Bi Adibide tipiko dauzkat hemen, biak ere paradigmatikoak bertsolariaren jokabidearekiko. 1993 Bertso Txapelketa Nagusikoak dira. Aurkezleak hitz hau eman zion bertsolari bati, bertsoa osa zezan: Julio. Egun haietan, Julio Iglesias Zamora sekuestraturik zegoen. Entzun zer-nolako ihesbidea aurkitu zuen:

Bakar batzuek ikusten ditut
orain serio-serio,
nunbait hau berba handia data,
jaunak, zer erremedio!
Hau kantatuta orain jendeak
Tankera emango ahal dio…
Chabeli asko maite det, baina
ez haren aita Julio.

Hurrengo bertsoa hau da, hesia gaitzat ipinita:

Euskal Herriko egoera hau
ez al daukagu nahasia?
Askatasuna guk euskaldunak
daukagu irabazia.
Lehendikan ere makila zer dan
ongi degu ikasia;
denon artean hautsi dezagun
jartzen diguten hesia.

Bi bertso horiek ederki laburbiltzen dute bertsolaritzaren pentsamoldea, edo, hobeto, jokabidea.

HAUSTURA BATEN HISTORIA LABURRA

Hurrengo atalean barneratu aurretik, Sarasuari hitza ematera noa hirugarren aldiz:

“Abertzaletasun moderatuak egin duen apustua herri honen gaitasun sozialean oinarritu beharrean paktismoan eta eskean oinarritzen duk.

”Ezker abertzaleak Estatuaren erantzunean jartzen dik gakoa, estatua behartzean jartzen dik itxaropena, eta ez herri honen gaitasun sozialean.

”Koherentzia bati eutsi nahia eta distantzia ez dituk uztarrezinak

”Nik behintzat hori estimatzen zioat gehien bertsolaritzari ideologia diferenteen arteko elkarbizitza.

”Hizkuntza komunitatean pentsatu gabe ez gaituk urrutira joango.

”Hemen proiekturik ez dago: ezker abertzaleak ez dik garatu eta abertzalismo moderatuak ere ez.

”Egia duk badagoela, nolabait, ezker abertzalearen inguruko gehiengo bat.

”ETAren kasuan, agian, ez diagu gai batzuetan eragile azaltzeko behar adina ausardia izan. Baina atentatuen gaia aztertu ezak Xenpelar Dokumnetu Zentroan, eta uste baino mami gehiago aurkituko duk akaso.”

Lehenago esan dugu bertsolaria aldatu den heinean aldatu dela entzulea ere. Uste dut hori horrela izan dela beti. Dena den, matizatu beharra dago. Izan da garai bat, 80ko hamarkadaren hondarrean-edo hasirik, estilo eta formazio anitzeko bertsolariak eszenatoki gainera igo direna. Aldi berean, entzulea ere, bere gustu eta formazioari dagokionez, askotarikoa zen. Esan dezagun A eta A’ren artean eta B eta B’ren arten ondo funtzionatzen duela komunikazioak. Baina ez hainbeste A eta B’ren artean edo A’ eta Bren artean. Eta zer gertatzen da? Entzule mota bat, nolabait esateko estilo zaharraren jarraitzailea, atzendu egiten da.

Hori soziologikoki. Baina politikoki ere komeni da zerbait esatea. Bertsolaria, Basarriren garaitik hasita edo garai horretan hasita, batez ere, abertzaletasunarekin identifikatu da, salbuespenak salbuespen, abertzaletasun horrek forma diferenteak hartu baditu ere. Ni hemen abertzaletasun politikoaz ariko naiz. Euskal bertsolariarentzat, Francoren kontra egotea ez zen soilik erregimen mota jakin baten kontra egotea, baizik eta, modu etereo samarrean bada ere, euskal nazioaren alde egotea zen. Ez gara ari esaten hori bertsolari bakoitzarengan nola konkretatzen zen; baina, adibide bat jartzearren, Azpillaga eta Lopategiren jarrera modu irekian eta esplizituan nabarmendu zen.

Herriak hori nahi, eta bai ederki bete ere herriaren mandatua. Hain zuzen frankismoaren kontrako borroka zen euskal indarrei, bertsolaritza barne, batasuna eta kohesioa ematen ziena.

Paradoxikoki, demokrazia garaian hasten dira arazoak. Bertsolariek, begiratu batera, nahiko baturik jarraituko dute, baina ez hala entzuleak. Entzulea asko zatikatu zen. Sarasuak aipatzen duena, alegia, Ezker Abertzalearen inguruko gehiengoa, hemen hasten da nabaritzen. Nik uste dut inguru horrek kontrolatu zuela bertsolaritza; esfortzu handirik gabe, gainera. Bertsolari gehienak alde horretarako isuridunak ziren, eta entzulea zer esanik ez. Orduan, politikoki beste orbita batekoak zirenak erretiratu egin ziren bertso arlotik edo, bestela, etsipenez Ezker Abertzalearen “babesean” jarraitu zuten. Ezker Abertzalea nahi baino indar handiagoarekin aurkitu zen bertsolaritzan, besteei kontzesioak egiteko moduan. Bertsolaririk gehienak (eta eskubide osoz) isuri horretakoak direla esan dugu, eta hori jakiteko ez dago urrutira joan beharrik: esplizituki azaldu dute edo euren jardun mota batzuek ez dute zalantzarako atakarik uzten. Norbaitek esango dit badirela tartean Ezker Abertzalekoak ez direnak ere. Egia da. Baina batzuk egoera horretara moldatu egin dira, eta aurrera jarraitzen dute; beste batzuek, hori eta beste arrazoi batzuengatik utzi egin diote. Oso gutxik, egia da.

Badago beste data bat ere: 1983a. Orduan etena sortu zen betiko antolatzailearen (Euskaltzaindia) eta bertsolarien artean. Joxe Mari Aranaldek honela azaltzen du hil baino hilabete batzuk lehenago Bertsolari aldizkarian eskainiriko elkarrizketan:

Hor, niretzat, gauza pertsonal mingarri samar bat gertatu izan zen. Ni epaimahaiko nintzen, eta nik kanpotik, atzetik jakin nuen zenbait bertsolari nola zegoen disgustura orduan eman zen erabakiarekin eta mahaiak egin zuen lanarekin. (…) Giro hartan, Santutxuko bertsolari eskolak dokumentu bat argitaratu zuen bertsoa nola neurtu eta balioetsi behar zen esplikatuz. Gutxi gorabehera honela hasten zen:

“Ardura eta kezka handia ikusi dugu azkeneko txapelketan…”

Aranaldek aipatzen duen lehenengo zati hori ez da garrantzitsuena. Hori izan daiteke tribu txikien arteko borroka; baina azpian zegoen hor galdara irakinean. Zentzu horretan, Aranaldek berak egiten du argi, elkarrizketatzaileak hurrengo puntuan galdetzen dionean:

—Baina zer zen eztabaidan zegoena, bertsolaritza eredu bat ala…?

—Nik ez dut esango 82ko txapelketa horrek sortu zuen arazoa zergatik sortu zen, ez baitut nahi, baina hau esango dut: niri motibo pertsonalak gehiago izan zirela iruditzen zait, motibo teknikoak baino.

Aranaldek “motibo pertsonalak” ipintzen duen tokian, agian, beste zerbait ipini beharko litzateke, baina hortxe utziko dugu, Joxe Marik berak ez baitzuen aurrerago jarraitu nahi izan.

Baina Sarasuaren haritik jota, Badira Ezker Abertzaleak bertsolaritza bere kontrolpean ezarri zuelako argudio gehiago ere. Esate baterako, 1986an, Lizaso txapeldun atera zenean, Imanol Muruari jo zizkioten txistuek nabarmen adierazi zuten hori. Baina ez zizkioten jo Imanol Murua pertsonari, Diputatu Nagusiari baizik. Imanol Murua oso pertsona estimatua zen bertsolarien artean. Beraz, euskal instituzioak onartzen eta errespetatzen ez zituen jendez osaturik zegoen entzulearen zati handi bat. Gero, bertsolariek , isilka, “desagrabioa” egin zioten Imanoli Azpeitian: Joxe Mari Arrietaren hitzaldia, afaria eta bertso saioa izan ziren. Egia esan, ekintza haiek beste modu batean ere interpreta daitezke: Sebastian Lizasori omenaldia eskaini zitzaion, eta Imanol Murua gonbidatua izan zen. Hor dituzue denak: nire intuizioa eta datu objektiboak.

Beste gauza bat ere bada begi-bistakoa. Sekula ez da joan lehendakaria txapeldunari txapela ipintzera, pilota finalean joan den bezala? Ez. Hori ez da kasualitatea. Hori gertatzen da bertsolaritzaren kontrola instituzioen (hauen) aurka dagoen taldeak daramalako. Beste modu batean esanda, agian, errealitatera gehiago hurbilduko naiz: oro har, bertsozale munduan gaurko instituzioen aurkako jende gehiago dago, eta antolatzaileek badakite hori. Gero mila forma emango zaizkio, bertsolaritza euskal instituzioen aurka ez dagoela erakusteko: agintarientzat palkoa prestatu, eta abar. Guztiarekin ere aitortu beharra dago txapel-emaile egokiak aurkitu dituztela beti.

Esaten ari naizena baieztatu besterik ez du egiten 2005eko finalean gertatu zenak: Miren Azkarateri ere ez zioten barkatu. Berak eta instituzioen beste ordezkari batzuk txistu hots ederrak entzun behar izan zituzten. Uzatapidek txapela irabazi zuenean, ez zen horrelakorik gertatu.

Beste adierazle bat, zein publiko klaseren aurrean gabiltzan ikusteko, tresna ona da txalometroa. Ezker Abertzalearen posizionamenduaren aldeko aipamenek berehala eragiten du erreakzioa publikoarengan; erraz aterako zaizkio txalo luzeak. Ez naiz ezer epaitzen ari, konstatazioa egiten baizik.

Gaur eta beti abertzaleen esparrua izan da bertsolaritza, eta halaxe erabakia dute bai “separatistek” eta bai “unionistek”.

Honaino helduta, Jon Sarasuak 2001eko txapelketari egindako iruzkinaren zatitxo bat aldatuko dut hona. Hiru bertso eta bi iruzkin du izenbura. Miatu topikoa du izena artikuluak. Honela dio:

“Nagusitzen ari den belaunaldiaren anistasun faltaz ere entzun ditut gauzak. Ailetor bertsolari konstituziozale, hippie, kristau edo neoliberalik plazetako elitera. Biziki interesgarria litzateke, baina ez diet horren falta dabiltzanei egotziko. Eta lehenengoa : epaitzerako ezagutu. Bertsolari gazteen iritzi politikoan dauden ikuspegiak, zalantzak eta ñabardurak, gutxienez beraienak etiketatzaileenak bezain aberatsak direlakoan nago. Erakutsiko du plazak etorkizunean. Eta hala ez balitz ere eman beza bakoitzak beretik. Bidenabar, aspertzen ari naiz ikusirik zer esparru zabalean hedatu zen bertsogintzaren ‘aldebateratzearen’ bertsioa, bertsolariren baten alboratzea aipatuz argudio lagungarri. Behingoz esan beharko da bertsotan gustura sentitzeko eta bertsozaleek maitatua izateko garrantzi gehiago dutela izakera kontuek, herrikoitasunak eta bizitza-estiloko hautuek, eta ez hainbeste iritzi politikoek, norbaitzuk azken honetan zuritu nahi badute ere zenbait frustrazio pertsonal eta kolektibo.”

Jon Sarasuak panorama kasik perfektua marrazten du bertsolaritzaren munduan. Ez dago, beraz, aniztasun faltarik, eta, baldin badago, dabiltzanei ezin errurik bota. Azkeneko horrekin bat nator. Baina Jonek aniztasun faltarik ikusten ez badu; nire ustez, eremua asko murrizten duelako da. Dena den, ez dakit hitza ‘aniztasun falta’ den. Aniztasuna egongo da munduaren ikuspegi unibertsalari begira, baina Euskal Herriko politikari begira, berriz diot, bertsolari gehienek oso antzeko posizionamendua daukate. Hori ikusteko ez dago edozein saiotara joatea besterik.

Bestetik, hitz gogorregiak iruditzen zaizkit Jon Sarasuarenak puntu batean. Jendea baztertzearena “izakera kontua” gehiago omen “arazo politikoa” baino. Jonen argudioak baluke indarrik baldin eta alboratzea orokorra balitz; ez, ordea, sektore jakin batek bakarrik norbait baztertzen duenean. Izakera kontua da, jakina, peaje politikorik ordaindu nahi ez izatea ere.

Puntu honetan, azkenik, bertsolarien alde esan nahi dut inor baldin badago bakearen eta normalizazioaren alde bertsolarien sektorea dela. Pozik ikusiko lukete bakea, inork lortuko balu. Bertsolaria herri osoaren zerbitzuan egotearen aldekoa da, baina… testuingurua den bezalakoa da, eta, esperantzarik galdu ez badugu ere, aldatzen zaila.

ORIGINALTASUNA BERTSOLARITZAN

Originaltasuna era askotatik azter daiteke. Batzuetan, berrikuntzan dago originaltasuna. Adibidez, bertsolaritza modernoak berrikuntza asko egin ditu. Denetan handiena da bere inguru naturaletik atera eta alor berri batean txertatzea, baso-zelaietako landarea hormigoizko “lurretan” itsatsaraztea, bertso eskolaren bidez. Horrekin batera, bertsoa luzatzea ere berrikuntza da; baita doinu berriak sortzea ere. Ez naiz sartzen balorazioetan, ez da momentua horiek positiboak ala negatiboak izan diren esateko. Teknika aldetik ere nik uste bertsolaritzak asko irabazi duela, lehengoak baino perfektuagoak dira oraingo bertsoak. Dena den, lehengo bertsolariak oraingoak bezain erraz edo errazago heltzen ziren publikoarengana. Diferentzia batekin, oraingoek gogoeta gehiago egiten dute.

Originaltasuna bada inoiz entzun gabeko arrazoi eta argudioekin ezustea ematea ere. Hor paretsuan ibili gara lehen eta orain. Oraingo bertsolariek duten beste  originaltasun mota bat da erdaraz eta idatzizko baliabideak transformatu eta ahozkoan erabiltzea. Lehen aipatu dugun hori, adibidez, “Enara batek ez du udaberria egiten”.

Oraindik gehiago esango dut: niretzat, positiboa da ideia bera testuinguru diferenteetan erabiltzeko moduan moldatzea. Horretan Jon Sarasuak arrazoi osoa du, inoiz ez duela bertso berdinik kantatu esaten duenean, “uneari eta tokian tokiari egokituak baizik”. Antzeko gaia garatzeko, antzeko testuinguruan, antzeko bertsoak botatzea, ez da inolako meriturik eza edo inprobisazioari iruzur egitea, meritu handia baizik, bertsolaria koherentea dela erakusten baitu.

BERTSOLARITZA ETA EUSKAL KULTURA

 Ikusi beharko litzateke kultura zer den. Definitu beharko litzateke, behingoz, Joxerra Garziak “definigaitz” deitzen dion hori, alegia kultura. Eta horren barruan euskal kultura zer den edo, hobeto, zein den. Joxerra Garziak ez du esaten kultura hurrengo hau denik, baina esaten du europarrak zerekin harritzen ditugun:

“(…) txikiteoa, kuadrilak, kantu-zaletasuna, pilota, harrijasotzaileak, elkarte gastronomikoak, segalariak, estropadak…denak zaizkie harrigarri.

“Bertsolaritza ere bai, jakina. (…).Bertsolaritza, ordea, jar ote liteke harri jasotzaileen eta segalarien sail eta maila berean?”

Joxerrak oraindik ere adibideak ematen jarraitzen du Jon Sarasua bertsoispiluan barrenaliburuan:

Kontsidera dezagun estropaden mundua. Garai batean, balearen bat ikusi, eta hura nork lehenik harrapatuko omen zen lehia: bizigaiak eskuratu beharrak eragindako norgehiagoka. Gaur egun, ordea, balizak daude baleen ordez, epaileen arauak dira bete beharreko zer bakarra, ez jendearen sabelak. Arraularien aurraunketa suharrak ez du helburu praktikorik, nor gehiago den eraskuste bera izan ezik. Bizibide zena ikuskari bihurtu zaigu, ikuskarien gizartean bere lekua egin duen ikuskari eder eta berezia, baina ikuskari hitsa.

Garziak galdetzen du, gero, bertsolariak zertan ari ote diren. Estropadetan bezala sasoia eta abildadea erakustearren bakarrik ote dabiltzan, ikuskari huts bihurturik, ala euskaldunontzat bizigai izango diren balizko baleen ehizan.

«Ondare bat gure jolas bizigarri bihurtzen», erantzungo dio Sarasuak.

Niri galderak sortzen zaizkit, bi maisu horien arteko gogoetaren haritik: bertsolariak inoiz izan al du arraunketaren betekizunik?, Jon Sarasuaren erantzuna egokia al da?

Erantzuten hasi aurretik komeni da ohartaraztea  ‘bizibide/ikuskari’ zikloa edo zirkulua, sarritan, nola ixten den: bizibidea ikuskari bihurtzen da, eta, maiz asko, ikuskaria bizibide.

Galderetara itzulirik, esango nuke bertsolaritzak osotara ez duela izan arraunketak izan duen betekizunik inoiz. Baina, aldi berean, aitortzen dut lehengo bertsolaria oraingoa baino gehiago hurbiltzen zela arraunketara. Nik uste komunikazio elementu praktikoa izandako zantzuak badituela lehengo bertsolaritzak. Bestetik, erdizka baino ez da zuzena Sarasuaren erantzuna. Jolas bizigarria baino zer edo zer gehiago izatea nahiko lukeen jende asko dago hemen. “Herriaren ahotsa, herriko problemak jorratuko dituena…” Batzuek ez dituzte oraindik erabat baztertu amets horiek.

 «HERRIARENTZAT JAIO, HERRIARENTZAT HIL»

 Hori da bertsolarien artean dabilen beste esagun edo eslogan bat. Gainera, sinesten dut bertsolari askok, justu-justu hori ez bada ere, horrelako zerbait sentidu izan duela. Eta ez daukat ezer sentimen horren aurka, egia baita bertsolariak herria zerbitzatzen duela, bertsozale den herria. Hala ere, ez legoke gaizki gauzak apur bat desmitifikatu eta erlatibizatzea; “erlatibismoan” erori gabe, noski. Ni neu bertsolaritzan sartu-sartu eginda ibilia naiz, baina ez dut behin ere izan sekulako gauzak egiten ari naizelako usterik. Gustu hutsez egin dut egin dudan guztia edo gehiena, nahiz eta inoiz sufritu ere egiten den. Batzuetan arriskutsua da herriarekiko identifikazioa, batez ere herria zatituta dagoenean, orain bezala. Bertsolariak ere jende askoren bekatu berean erortzen dira. Herriari buruzko ikuspegi idealizatua da daukaguna, eta hortik epaitzen dugu dena. Herriarenaurrekontzeptu bat dugu, eta  kontzeptu horrekin bat datorrena da herria. Errobik esaten zuen moduan, herria maitatzeko modu asko dago. Horrek ez du esan nahi bertsolariak bere ikuspegitik esan beharrekoak esan behar ez dituenik. Bertsolariak bere ideologiatik kantatu behar du, baina herri osoaren izenean ari delako pretentsiorik gabe.

Lehengo bertsolariek bazuten alde pixka bat puntu honetan ere. Ez zen “herria” zerabilten kontzeptua, euskara baizik. Bazuten halako ideia bat, argi edo ilunagoa, baina euskararen alde ari zirelako sentimendu handia zuten. Gainera, neurri batean egia da euskarazko edozein produkziok egiten dio mesede hizkuntzari. Kontua da gehiegi ez ote zuten baloratzen. Alde batera, arrazoi zuten, ez baitzegoen beste ezer askorik. Gaur egun ere bertsolaritza euskararen eta euskal kulturaren aldeko elementu bat gehiago da. Beste elementu bat gehiago, ez bakarra. Horren jakitun dira gaurko bertsolariak. Beraz, lehengoak baino apalagoak pretentsio kontuan, baina haiena ere ulertzekoa da.

 BERTSOLARIAK ETA JAINKOA

 Jada esana dut gaurko bertsolariaren jardunean ez dela entzuten “Jainkorik”. Egungo bertsolariarentzat eta, oro har, bertsozalearentzat Jainkoa “hila” dago. Ez dute erabiltzen ezta errekurtso moduan ere. Lehengoek, bai, ederki aprobetxatzen zuten Jainkoa! Ez zaio garrantzi handiegirik eman behar, garaian garaiko kontuak eta kitto! Jainkoaren kontua ulertzen erraza da. Jainkoa gizakiak sortua da, gizakiak pentsatua, objektu mentala. Noiz sortua, ordea? Modernismoaren aurretik, industria aroa baino lehen, kontzientziaren estadio mitikoaren garaian. Jainkoaren orduko kontzeptuak ez du balio gaur egun. Kultur problema da, eta ez besterik. Agian, berriz ere hasiko dira esan ezin den HORRI buruz zerbait esaten. Erlijio aldetik, aro berri baten aurrean gaude.

Jende asko hurbildu da bertsolaritzara misterio bila, beste munduko zerbait balitz bezala. Bertsolaritza ez da miraria, ez da “zaila” ere. Zaila da Fernando Alonso izatea, Ronaldinho izatea; hau da, puntaren puntan egotea. Zaila da Txirrita izatea, Xalbador izatea, Lazkao Txiki izatea, Egaña izatea. Baina ez da nekezagoa bertsolari ona izatea  pilotari ona izatea baino. Zenbakiek, bederen, hori erakusten dute. Nik uste dut bertsolariek gehiago hitz egin beharko luketela benetako MISTERIOAren gainean, azken finean hori baita bizitza. Hasiko dira.

Askok dio bertsolariak bere burua jainkotu ote duen. Izatekotan ere, jendearen irudimenean da jainko bertsolaria. Berak bere burua ez du jainkotu. Bertsolaria nahiko eskurakoia da, nahiz eta niretzat lehen eskurakoiagoa zen. Hori nire problema da, ez beste inorena, eta hein handian adinarena.

Bertsolariak ez dira profesionalak ere. Bertsotatik bakarrik bizi diren bertsolariak oso gutxi dira. Areago oraindik, zenbat saio egiten ote dituzte doan? Iazko udan txapeldunak esaten zidan : «Sarritan leporatu zigutek guk diru beltza darabilgula, baina inork ez dik esaten zenbat saio egiten ditugun debalde». Beraz, batekoz beste kito.

BERTSOA NOLA EBALUATU, KONPARAZIOETAN GALDU GABE

“Bertsoa ebaluatu” esaten dugunean, epaimahaiak darabiltzan oinarrietatik oso bestelakoak planteatu nahi ditugu. Hemen ez gara hasiko bertsoa teknikoki eta teorikoki aztertzen, baizik eta ikuspegi guztiz pragmatikotik. Beraz, ez gara hasiko konparatzen lehengo bertsoa hobea zen ala ez, baizik eta “demostratu” nahi genuke bertsoaren kalitatea, momentu historiko guztietan, parametro berberetan oinarritu dela. Zein dira parametro horiek?

Lehenengoa da inolako, zalantzarik gabe, emoziorik eragin duen. Emoziorik eragin duen kantatu den une horretan eta kantatu dion publikoarengan. Bertsoa ez da ebaluatu behar hurrengo egunean prentsan irakurrita, zeren nekez lekualda daiteke egunkarira bat-batean sortu eta sortu ahala eskainitako bertsoak testuinguru hartan eragindako emozioa. Eta zein da emozioa eragin duen ala ez ebaluatzeko datua? Txaloak dira. Bertso batek esku zartada luzeak eta sakonak jaso baditu, emozioa eragin duen seinale nabarmena da.

Jakina, bertsozaleak badaki bertsoak baldintza batzuk bete behar dituela. Lehenengo baldintza da bertsoa entzun ahala ulertzeko modukoa izatea. Entzulea ohartuko da, bestalde, bertsolaria gaitik aterata ari den ala ez edo emandako papera ondo betetzen diharduen ala ez. Pauta horiek asko baldintzatuko dute emozioa. Baina sekula ere ez epaimahaiaren irizpideekin erabat bat etortzeko adina. Horregatik dago inoiz amaituko ez den eztabaida bertso neurketari buruz. Posible al da bertsoa neurtzea?

Lehen, txaloak aipatu ditugu. Bada hemen afera bat: txalo errazen afera. Zer da hori? Edo noiz gertatzen da? Hori da entzuleak aditu nahi duen hura kantatzea. Batez ere, arlo politikoan gertatzen da. Ideologien arazoa oso konplexua da, eta norbere ideologiarekin bat datorren zerbait entzuten dugunean, erraz, errazegi, saltatzen da gure emozioen mekanismoa. Hori salbuespentzat hartu beharko litzateke. Ez dut esango disfuntzio psikologikoa denik, baina bai ongi erreparatu beharreko kontua. Askok uste du enpatia dela, eta, hain zuzen, benetako enpatiaren kontrako jokaera da. Izan ere, zinezko enpatia da bestelakoa denaren tokian jartzeko gaitasuna. Kasu horiek osotasunean azterturik, ondorioa da adimen afektiboaren porrota. Edo, psikologo transpertsonalek dioten eran, etnozantrismoa.

Bertsolari ona da publikoak entzun nahi duena eta berak esan nahi duenaren arteko tentsioari eusten diona, eta horrekin emozioa eragiten duena; beti ere, errazkerian erori gabe.

Beste baldintza bat, azkenerako apropos utzi dudana, sinesgarritasuna da. Zer ulertzen dugu sinesgarritasunaz? Gutxienez, bi gauza: lehenik, berbaldia gizarteak espero duen logikaren arabera egitea, gizarteko korrontearekin bat datozen ideiak eta iritziak ematea bertsotan. Adibidez, autoa lapurtu dizun lapurrari ez barkatzea, eta abar; bigarrena da entzuleak hauteman dezala, bertsolaria, sentitzen duena esaten ari dela. Nire ustez, sinesgarritasun handiena transmititzen zuten bertsolariak Xalbador eta Lazkao Txiki izan dira.

Norbaitek esango dit lehengo bertsolariek errazago zeukatela sinesgarritasuna lortzen, fikzio lana gutxiago agintzen zitzaielako. Posible da, baina inoren rolean ari direnean ere ederki ematen zaie antza, benetan ala espedientea betetzen ari diren.

BERTSOLARIA: INPROBISATZAILEA ETA PUZZLEGILEA

 Bertsolariak, egin duen aurrerabide teknikoa gorabehera, inprobisatzaile izaten jarraitzen du. Bere jardunean ez daude bi denbora diferente: igorri eta jaso denbora berean egiten dira. Bertsolariak jardun berean, performance berean, eraiki eta jaulkitzen du berbaldia. Dena den, puzzle itxura pixka bat ere badu. Zergatik? Aldez aurreko lana ere badagoelako. Bertsolariak errimak gogoan hartzen ditu, doinuak ikasten ditu, hipotesiak egiten ditu egokitu lekizkiokeen gaien inguruan, eta gai horiek lantzen ditu, beste edozein arlotan bezalaxe entrenamenduak egiten ditu, esamoldeak eta formulazio egokiak aurkitzen saiatuko da, ahalik eta ongien argudiatzeko metodoak aztertzen ditu, pertsuasio teoriak ikasi…

Beraz, betiko eztabaidaren aurrean, esango nuke gaitasun jakin batzuekin jaio behar duela bertsolariak, beste edozein eremutan nor izango denak bezalaxe, baina ezinbestekoa da gero gaitasun horiek egoki lantzea.

Esta entrada fue publicada en 1 Bertsoa, General Castellano y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s