DENA maitatu

 xxx Igandea, denbora arrunta, 141026, Mt: 22,34-40

 —Maisu, zein da Jainkoaren Legeko agindu nagusia?
—Maita ezazu Jainko Jauna indar oroz, eta lagun hurkoa zeure burua bezala.

 ***********************************************************

 DENA MAITATU

Badirudi, Jesusen garaian, eztabaida larria zegoela rabbien artean, Jainkoaren Legeko agindurik nagusiena zein ote zen jakin nahian. Batzuek esaten zuten larunbata errespetatzea zela.

Jesusi galdetzen zaionean, honek erantzuten du, ortodoxia tradizionaletik aldendu gabe, lehenengo agindua judutar batentzat hauxe da: Shema Israel (Entzun, Israel), Deuteronomio Liburuan (6,4-9) jasoa zegoen eran. Horra lehenengo agindua!, eta hori bizitzeko era da irizpide egokia, Erreinuaren proiektuaren bidean zuzen goazela jakiteko; alegia, Jesusek berak aipatzen zuen Erreinuaren proiektuaren bidean.  

Erantzunean, Jesusek, lagun hurkoarekiko maitasunarekin uztartzen du Shema Israel. Torako bi testu lotzen ditu: Deut 6,4-5 eta Leb 19,18. Alabaina, ez litzateke izango erabat Jesusena, erabat originala, zeren eta berarekin hizketan diharduenak —beste rabbi batek— era berean aitortzen du.

Egia esateko, ez dago beste inola jokatzerik: maitasuna ez dago zatitzerik; ematen da ala ez da ematen. Pentsamendu dualista da, bakarrik, kapaz bi dimentsioak bereizteko. Pentsamendu dualista horren arabera —sinestezina bada ere—, posible da Jainkoa maitatzea ingurukoak eta errealitate osoa maitatu gabe. Buruarentzat, denak objektu separatuak dira, eta, jakina, ez dauka inolako problemarik erlazio “separatuak” imajinatzeko. Errealitatea, ordea, ez da duala. Ez da existitzen gure maitasuna jaso dezakeen Jainko separaturik, den guztiarengandik kanpo. Horregatik, benetan esanda —Jesusek berak ere halaxe baieztatu zuen (Mt 7,21)—, Jainkoa maite du existitzen den guztia maite duenak. Eta Jesusek dioenez, hori egiten duena ez dago urrun Jainkoaren Erreinutik.

Inguru osoa maitatu gabe “Jainkoa maitatzeko” irudipen hori ez da fikzio engainagarria baino; horrela jokatzen duena bere burua justifikatzen dabil, eta, agian, segurtasun bila, “Jainkoarekin konplitzen dut” esanez. Baina maitasunak ez dauka zerikusirik: ez emozioarekin eta boluntarismoarekin, baizik eta separazio-ezaren ziurtasunetik jaiotzen da, eta dohaineko eta baldintza gabeko besarkada bihurtzen.

Ebanjelioko beste toki batzuetan bezala, Jesusek etika ipintzen du erlijioaren gainetik, hauxe baitio: “Bi agindu horiek dira Jainkoaren Lege eta profeten oinarri”. Toraren beraren funtsa da maitasuna, eta errebelazio osoarena.

Ebanjelioan gauzak hain garbi azalduta egonik, zail egiten zait ulertzea, kristau-tradizioan, bai aginte erlijiosoak eta bai predikazioak horrenbeste oztopo ipini izana planteamendu horri. Ematen du, Jesusek ez bezala, zeinek ez zuen nahi pertsonaren ongizatea baino, erlijioaren xedea dela, lehenik behintzat, bere burua indartzea. Baina Maisuak garbi utzi zuen: lehenengo agindua ez da “erlijioa salbatzea”, baizik eta maitasunean bizitzea.

Maitasuna —gorago nioen eran— ez da jaiotzen inolako boluntarismotatik, baizik eta nor garen konprenitzetik. Denok organismo bearen zelulak garelako ziurtasunean oinarritzen da. Hori ikusten denean, bere kasa isurtzen da, nahiz eta adi egon behar dugun egoaren inertzia zaintzeko, gauza guztiak alderantziz ikusten baititu. Platonena omen da esagun hau: “Maitasuna da Izaki sakratua izaki maitearen barnean sumatzea”. Baieztapen hori zabaldurik, Maitasuna da izaki bakoitzarengan Izaki nagusia edo garen Kontzientzia ikustea; inoren begitartean norbere begitartea deskubritzea, Denok konpartitzen dugun aurpegia ikustea.

Ikuspegi ez dualetik, “Jainkoa maitatzea” eta den guztia maitatzea gauza bera da. Jainkoa ez da, modu egolatran, maitasuna eta sumisioa erreklamatzen dituen Ente indibidual separatua,

DENA da Jainkoa, zeharo adierazezina eta erradikalki den guztitik ez-separatua. Gure muga mental eta hitzaren ezinaz oharturik, agian esan liteke Jainkoa dela den guztiaren Berberatasuna.

Erreal ororen azken Berberatasun hori, Kontzientzia eta Maitasuna, da existitzen den guztiaren nukleo bategilea, eta hedatzen doan prozesu osoa gidatzen duen jakinduria. Jainkoa maitatzeak, beraz, esan nahi du den oro maitatzea.

Gure buruak bi bloke oso berezituetan banatzen du dena: atsegin duena eta atsegin ez duena. Behin etiketatu ondoren, atzamarka atxikiko zaio (atsegin bazaio) edo indarren errefusatuko du (gogoko ez badu). Horrek garbi erakusten du egoaren funtzionamendua: “atxikimenaren eta ezinikusiaren legea”.

Burua (egoa), beraz, ezgai da den guztia maitatzeko. Hortxe dago hain zuzen ere, nahasketa eta sufrimenduaren kausa. DENAren kontrako erresistentzia da sufrimendua probokatzen diguna. Jakinduria da DENA maitatzea. Etiketak ipini aurretik eta gure buruak ezartzen dituen juizioen gainetik, den oro maitatzean, presentean finkatzen gara, kontrako erresistentzia bertan behera utzi eta biziaren Jakinduriarekin jalgitzen hasten gara.

Jalgitzean, Bizia bera (Jainkoa) espresatuko da gure bidez: “ubide” bihurtuko gara, eta ubide horretan barrena bizia da isuriko. Harmonia berreskuratu eta, momentu bakoitzean, jardun egokia da azaltzen.

Badakit buruak ezin duela “ulertu” planteamendu hori, buruarentzat absurdua baita eta… “injustua” ere bai. Ezinbesteko da esperimentatzea. Hala eta guztiz, badago pista bat guztia nabarmena iruditzen zaidana: gure burua bakean dagoenean, seinalea DENA dela nahi duguna.

www.enriquemartinezlozano.com
rufinoiraolagarmendiaren itzulpen librea.

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa. Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a DENA maitatu

  1. Mundiala, Rufo! Gutxitan atera zaizkik kontuak, ongi esanak, hain ‘erru’ gabe ta hain ‘fino’…!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s