Mondejurik onenak, Arantxa Etxeberriarenak

(Diario Vasco, Herriz Herri: 141027)

Lehiaketako txapelduna ateratzeko, desenpatea egin behar izan zuten hiru onen artean

 Aralarko gaztarekin, berriz, Jeronimo Nazabal herritarra izan zen irabazle.

 Ardiki Kutur Elkarteak antolaturik, atzo egin zen, Zaldibian, XX. Ardiki Eguna. Jende ugari bildu zen, eta giro ederrean bete zen programan iragarririk zegoen guztia: lehiaketa, erakusketa, demostrazio, musika, dantza, eta abar. Eguraldiak ere asko lagundu zuen horretan, egun eguzkitsu eta garbia atera baitzen goizean goizetik. Damurik, eguna, argizkoa bederen, motzegi bezala suertatzen da; halabeharrez, egun horretan atzeratzen baita erlojua Europa osoan, salbuespenak salbuespen. Programan ez zegoenik ere izan zen: era bateko eta beste sailtzaile ibiltari asko inguratu zen Ardiki Egunaren aitzakian.

Zaldibiako Mendizabal baserriko Arantxa Etxeberriak, “musika-erakusduna eta etxekoandrea izan zen txapelduna”, Lizasok ederki esplikatu zuen eran. Ez da  txapela eskuratzen edo bururatzen duen lehen aldia, 2007 ere irabazi baitzuen. Zuloeta baserriko Amaia Urkola, iazko irabazlea, sailkatu zen bigarren. Maider Izagirre eta Mari Gorostidi zaldibitarrek lortu zuten hirugarren postua. Hogeita bat kazuela aurkeztu dira guztira, eta, esan dizuegun bezala, baztertzekorik bat bakarrik ere ez. Hain zuzen, txapelduna ateratzeko, desenpatea egin behar izan zuten hiru onenen artean.

Aralarko Gazta Lehiaketari dagokionez, Oiartzunen bizi den Jeronimo Nazabal zaldibitarrak lortu zuen lehenengo postua. Pagaben gobernatzen du artaldea; jakionarazi digutenez, artalde handia eta ona.  Errezilgo Juan Mari Zinkunegi buru den ‘Aitzarte elkartea, iazko irabazlea, atera zen bigarren. Egañak bikain esan zuen moduan, “saritik inoiz ez da ibiltzen aparte, aurten ere saridun irten da Aitzarte”. Hirugarren saria, berriz, Amezketako Karlos Beloki artzain ezagunak lortu du hirugarren saria. Honek Arritzagan larreratzen du artaldea. Hamasei gazta aurkeztu ziren lehiaketara; urterik urte, ugaltzen doa kopura. “Hori seinale ona da”, esan digute antolakuntzakoek.

Mondeju-lehiaketa, gazta-txapelketa eta mondeju-muturrak dastatzea dira plazako ekintza nagusiak. Eta hori bertsoak eta trikitiak alaituta: Egaña eta Lizaso bertsotan (portzierto, hori da etorria!; bertso txarrik kasualitatez ere ez zaie ateratzen. ‘Xapre’  eta ‘Furriela’ trikitia jotzen. Jendea, berriz, esan bezala, erruz, eta ezin falta animaziorik.

Adituen esanetan, kalitate handiko mondeju eta gaztak azaldu ziren plazara, eta mondeju-pintxoak gozotan jan zituen jendeak, azkeneko muturreraino. Herritar adituez gain, hauek aritu ziren epaimahaiko-lanetan, mondejuari dagokionez: Iban Mate, Beasaingo Dolare jatetxeko sukaldaria eta Jose Manuel Olano, Beasaingo harakina. Gazta lehiaketan, berriz, herritarrez aparte, hauek jardun zuten: Ttale Ouret, Iparraldekoa eta Iratiko artzaina, eta Ander Barandiaran, Idiazabalgo artzain ezaguna.

Gaineratiko ekintzek ere ikusmin handia sortu zuten; esate baterako, artisautza erakusketak. Denetik ikusi ahal izan zen: mondejuak egiten, Modesta Sukia eta Arantxa Etxeberria irabazlea; artilea lantzen, Jesus Mendizabal ‘Kaxkagorri’; saskiak egiten Manuel Labaka; gazta egiten, Jesusa Etxabe eta Bitoriotxeko Larrarte andrea; taila-lanekin, Santi Ormaetxea, eta abar. Ganadu-erakusketa ere aintzat hartzeko modukoa izan zen: ardiak, ahuntzak, pottokak…

Musika aldetik ere ongi hornitu zuten atzo Zaldibia. Horko txistulari, dultzainari, albokari eta abarren soinuen oihartzunak entzun daitezke oraindik kaleko horma zaharretan.

Mondeju-lehiaketa
  1. saria: Arantxa Etxeberria (Zaldibia), 300 eta txapela
  2. saria: Amaia Urkola (Zaldibia), 200 euro
  3. saria: Maider Izagirre eta Mari Gorostidi Zaldibia), 100 euro
Gazta-lehiaketa
  1. saria: Jeronimo Nazabal (Zaldibia), 300 eta txapela
  2. saria: Aitzarte elkartea (Errezil), 200 euro
  3. saria: Karlos Beloki (Amezketa) 100 euro

 

«Sekretu berezirik ez du mondejuak»

—Pozik izango zara txapelarekin?

—Bai, oso pozik; hori ez dago esan beharrik ere; lana ondo egin eta saria jasotzea polita da, nahiz eta beti ez den gertatzen.

—Zein da mondeju onak egiteko sekretua?

 —Ez dago sekretu berezirik: gogoa izan eta behar den denbora hartu, hori da dena.

—Osagaiak harategik hartu ala etxean hiltzen duzue ardia?

—Etxean hiltzen dugu. Inportantea da. Adibidez, ardi-haragiarekin salda egin eta, gero, salda horretan egosi mondejua.

—Beti osagaiak erabiliko dituzue, noski?

—Beno, nik, esate baterako, ez diot tripakirik botatzen; amak horrela irakatsi zidan eta horrela jarraitzen dut.

—Osagaien proportzioa neurtuta ala begira egiten duzu?

—Begira. Aurrena seboa ipintzen dut, gero, halako bi edo, porrua bota; baina ahal-iritzira ibiltzen naiz.

—Oker ez banago, lehen ere saria irabazita zaude.

—Bai, 2007an irabazi nuen. Orain, zazpi urte geroago. Badirudi zazpia dela nire zenbaki magikoa.

Arantxa, egin duzu
mondeju gozoa,
ez zegoen gazia
ezta ere zozoa
ongi dakizulako
horren prozesoa.
Juraduak agudo
bota dio soa…
txaloka ari zaizu
Zaldibia osoa.

Esta entrada fue publicada en Ardiki Eguna y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s