Tenpluak & mendiak

Letrango Basilika, 141109, Jn: 2, 13-22

«Desegin tenplu hau eta hiru egunean eraikiko dut berriro»

 **************************************************

 ERLIJIOA ETA JESUSEN NOBEDADEA

Ebanjelio sinoptikoen arabera, behin bakarrik joan zen Jesus Pazkoaren ospakizunera —non entregatua eta exekutatua izan zen—. Joanek, aldiz, hiru aldiz aipatzen du. Tentuz dabil Joan, “jai judutarrak” esaten du —hau da, bere komunitatez kanpokoak—, beti ere ondo gogoan duela aginte judutarrarekin zeukan gatazka.

Dena den, argi dagoela dirudi Jesusen jardunbideak zerikusi handia izan zuela bere heriotzarekin. Hain zuzen, Kaifas Apaiz Gorenaren aurrean egindako epaiketan, hau izango da akusazio larrienetako bat: “Hau esaten aritu da, geuk entzun diogu: «Nik botako dut gizonek egindako tenplu hau eta hiru egunean eraikiko dut beste bat, gizonek egiten parte hartu gabea»” (Mk 14,58). Gai hori gurutzean ere azalduko da, irain moduan: “Zuk, tenplua desegin eta hiru egunean berreraiki behar zenuen horrek, salba ezazu zeure burua, jaits zaitez gurutzetik” (Mt 27,40).

Kontakizunaren historikotasunak —guganaino iritsi diren lau ebanjelioetan kontatzen da— ukaezina dirudi. Sinoptikoek, alabaina, Jesusen biziaren hondarrean kokatzen dute; Joanek, berriz, Jesusek bere jardunari ekin zion momentuan, hasiera-hasieran ipintzen du.

Historikoki adosago dago gertaerekin lehen proposamena edo sinoptikoena. Jesus eta agintari erlijiosoen artean in crescendo joan zen gatazka hartan, tenpluko gertaera da ontziari gainezka eragin ziona, erabakia bizkortuko duen detonagailua, hots, Nazareteko maisua atxilotu, kondenatu eta gurutzera eramateko erabakia. 

Joanek kontakizuna hasieran ipintzeko motiboa hau dela dirudi: laugarren ebanjelioaren autoreak egundoko tirria dauka Jesusen nobedadea azpimarratzeko. Horregatik, itun berriaren (Kanaango ezteiak) arduradun gisa aurkeztu nahi du, eta kultu berria (tenpluko gertaera eta emakume samariarrarekiko elkarrizketa) ezartzen duena da Jesus, eta sakon eta indartsu azpimarratuko du, haren proposamena konprenitu eta bizi ahal izateko, berriro jaio beharra (Nikodemorekiko elkarrizketa).

Jesusen ekinbidea ulertzeko, jestu profetiko moduan ikusi behar da, Israelgo profeta handien antzera. Eta horrela hauteman zuten bai agintariek eta bai aurrean ziren lekukoek. Tradizio harentzat, jestu profetikoa da, dramatizatuz, mezu oso sakona transmititu nahi duen ekintza sinbolikoa. Agian, esan daiteke ekintzazko parabola bat dela. Kasu honetan, Jesus parabola-kontari handiak ekintzara jotzen du, parabola bat gehiago eszenifikatzeko.

Horregatik, jestua zuzen konprenitzeko modua Jesusen beraren hitzaren bidez datorkigu: “Desegin tenplu hau eta hiru egunean eraikiko dut berriro”. Bere gorputzeko tenpluari buruz ari zela dio ebanjelioaren autoreak. Ordezkapen bat besterik ez da: erlijioaren tenplua zaharrak, bazterturik, tenplu berriari, Jesusi, egin behar dio tokia. Eta, horrenbestez, gizakiari, erreal orori.

Erlijioak —kontzientziaren maila mitikoan sortu zelarik— Jainkoa espazio separatuetan (tenplua) itxi nahi du, eta formula mugatu eta zehatzetan sartu (sinesteak), autoritate guztiz ahaltsua (hierarkia) begirale dela. Baina, hain zuzen ere, erlijio hori da Jesusek kritikatuko duena. Nahitaez, irakurketa patxadatsu batek begi-bistako konklusio honetara darama irakurle inpartziala: erlijioa eta autoritate erlijiosoa kritikatzen ditu Jesusek. Hori dela bide, gero eta gatazka handiagoa sortuko du, eta horrek heriotzara eramango.

Gero, urteetara, Jesusen irudia nahiko domestikaturik azalduko zaigu, izaki guztiz otzan eta leial (zentzu txarrean), eta erlijioaren bermatzaile bihurtzeraino. Horrela iritsi gara egundoko paradoxa larri eta sakonetara.    

Nolanahi ere, Jesusen jarrera bikain islatzen da laugarren ebanjelio honetako beste testu batean. Emakume samariarrarekiko elkarrizketan, andre horrek judutar eta samariarren arteko eztabaida erlijiosoez galdetzen dionean, honela erantzuten dio Jesusek: “Sinets iezadazu, emakume, ari da ordua iristen, hobeto esan, heldua da, non, Aitari kultua eskaintzeko, ez duzuen igo beharrik izango mendi [Garizim] horretara, ezta Jerusalema joan beharrik ere… Iritsi da ordua non Aitari benetako kultua eman nahi diotenek espirituz eta egiaz adoratuko duten. Horrela adoratua izatea nahi du Aitak. Jainkoa espiritua da, eta adoratzen dutenek, zalantzarik gabe, espirituz eta egiaz adoratu behar dute.

www.enriquemartinezlozano.com
rufinoiraolagarmendiaren itzulpen librea.

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa. Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a Tenpluak & mendiak

  1. Ederra, Rufino. Enriken esanahia ongi bildu duk. Failo ttiki batek aldegin dik: edo idazterakaoan, makinak berak sartu igoal (batzutan hitzak aldatzen baititu): “Aitari kultura eskaintzeko” diok lehenbizikoan, samariar emakumearekin ari haizela, eta bigarrenean, aldiz, guztiz egoki: “Aitari benetako kultua”… ez ziok inportik, ñabardura minimoak… espero diat igandean hortik erabiltzea…

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s