Akaina eta Podemos  

Problemak konpontzen ez direnean…  egoera lehertu egiten da

Askotan erabili izan dut akainaren irudia edo metafora gure gizarteari aplikatuta. Akaina, dakigun eran, parasito beldurgarria da, animalien bizkarretik bizi dena. Odola xurgatzen dio biktimari, erabat puztu arte. Inoiz badaki gehiegi edan eta lehertzen ere. Orduan animaliaren gorputzak sistema oso bat ipiniko du martxan, leherketa pozoitsuak, lehenaz gainera, kalte gehiago egin ez diezaion eta zauria senda dakion.

Horregatik da metafora ona gure gizarteari aplikatzeko: problemak konpontzen ez direnean, sektore batzuk horrenbeste zigortzen direnean, korrupzioak horrenbesteko proportzioak hartzen dituenean…  egoera lehertu egiten da. Eta ezinbestekoa da zauriak sendatu edo, ahal den neurrian, arinduko dituen mekanismoak sortzea, eta esango nuke mekanismo horixe dela Podemos.

Eta horra paradoxaren paradoxa! Egoera larri hori guztia probokatu dutenak, egin dutena aitortu ordez, ‘erremedioa’ ‘gaitz’ moduan tratatzen hasi dira, azeria oilategian sartzea balitz bezala, kasik oilorik gabe eta, noski, arrautzarik gabe utzi gaituztenean.

Izenik gabeko irainak eta akusazioak entzuten ari gara Podemos eta bere liderren aurka, inpunitate osoz, edozein garaitan eta zernahi programatan, aurrekoan Carlos Herrera, Onda Cero-n, aritu zen bezala, “el redentor” eta beste hitz “eder” batzuk eskainiz. Ez da kritika politikoa; hori dioenak gezurra dio. Ongien mintzatzen denak ere ‘idealista’ hutsak baino ez direla esango dizu.

Orain arte nahi dutena eta gehiago egin dutenak, pastela gogoak emanda bezala banatu dutenak, beldurrak hartu ditu, nonbait, eta, kasu askotan, mauka amaitzera doakiela ikusirik-edo, katuaren atzaparrak baino zorrotzago eginda jarri dira, botereari eusteko, horretarako atzaparkada lotsagarriak eman beharko badituzte ere.

Barcinak harritu nau. Berriro aurkeztuko zela uste nuen, baina ez. Badoala esan du, utzi egiten duela politika. Neuk ere badut, ordea, gaiztakeria apur bat eta pentsatutakoa esan egingo dut: kasualitate hutsa ote da Podemosen emaitzei buruzko sondeoa publikatu baino hiruzpalau egun lehenago bazihoala iragartzea ala bazekien zerbait, bazekien porrota asumitu beharko zuela?

Podemosi buruz hitzik zentzuzkoenak nire lagun bati entzun dizkiot: «Abilak izango dituk, baina horiek ere norbaiti kendu beharko ziotek; han, Puerta de Solen eserita zeuden haiei ez zietek asko kenduko». Egia. Baina ohartzen al gara batzuek lapurtu dutenarekin bakarrik zenbat egin zitekeen?

Bai Horixe, DV:141127

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s