Herriarekin ezkondu

II. Igandea, Gabon Garaia, 141207, Mk: 1,1-8

“Prestatu bidea Jaunari, berdindu bidezidorrak”.

 *****************************************

BIZIA GARELA GOGORATZEKO MEZUA

Markosen ebanjelioan ez dago Jesusen jaiotza eta haurtzaroari buruzko inolako aipamenik. “Izenburu” zentzuz beteriko horren ostean, Bautistarekin hasten da kontakizuna, Isaiasen profezia gogoraturik –nahiz eta, garbi esateko, gero Malakiasen (3,1) eta Isaias beraren (40,3) testuak nahasten diren–; mezulari edo aitzindari moduan aurkeztua dator Bautista.

Ebanjelioko lehen hitza ez da hasiera bakarrik, kontakizunaren izenburua baizik. Eta Biblia hebrearra ezagutzen zutenentzat guztiz adierazgarri izango den hitz batez hasten da: “Hasiera” edo “hastapena”; badirudi Genesi liburuaren hastea aipatu nahi dela: «Hastapenean Jainkoak zeru-lurrak sortu zituen» (1,1). Modu sinple horretan, keinu bat egiten die autoreak irakurleei: Jesus da benetako hasiera; harekin ekiten zaio benetako kreazioari.

Izenburu horretan bertan, ebanjelariak garbi adierazten du bere komunitateak Jesusengan –Kristo (edo Mesias), Jainkoaren Semea–  zeukan fedea. Lehen terminoarekin, Nazareteko Maisuarengan bete direla promesa mesianikoak adierazten da; bigarrenarekin, esparru zerutarrean sartzen du, nahiz eta ez dagoen ulertzerik Nizeako Kontzilioak aldarrikatuko duen zentzuan, zentzu indartsuan.

Aldi berean, Markos literatur jenero berria asmatzen ari da: ebanjelioa. Jesusi buruzko idatziak aipatu nahiko ditu horrekin. Ordura arte, “ebanjelio” terminoak “berri onen” bat adierazten zuen, bereziki eremu militarrean.

Izenburuaren atzetik, Joan (Bautista) aurkeztuz ekiten dio autoreak kontakizunari. Jesus izendatu eta seinalatzen duen “aitzindari” moduan aurkezten du. Hain zuzen, Elias handiaren moduan jantzita agertzen zaigu (2 Re 1,8) eta nomada batek bezala jaten du.

Basamortua konnotazioz josiriko lekua zen herriarentzat: proba-lekua eta, aldi berean, Jainkoarekiko intimitatearen lekua izateaz gain, liberazioaren bidea izan zen, Egiptotik Lurralde Prometatura. Joanek, basamortuan exodo berria iragartzen du, Jesusengan gauzatuko den liberazioa: hori da autoreak erabiliko duen hondo-irudia (era berean, laugarren ebanjelioan ere agertuko den irudia).

Uretaratze-erritua zen bataioa; hiltze/pizte sinbolismoz jantzia; erlijio askotan ezagutu dugu hori, egoera-aldaketarekin dago uztartua. Lehen komunitate kristauan, Paulok berak berrartuko du, Kristorengan “bizi berriaz” hitz egiten duenean: «Bataioaren bidez, Kristorekin lurperatuak izan gara, eta haren heriotzari lotuak gaude, Hura hilen artetik, Aitaren ahalaz, piztu zen bezalaxe, guk  ere horrelaxe bizi berria bizi dezagun» (Rom 6,4).

Baina ebanjelariari benetan inporta zaiola da Joanen aldarrikapena; espresio bikoitz hau erabiliko du Jesusi buruz: «Sandaliak askatu ezin zaion hura» eta «Hark Espiritu Santuaz bataiatzen du». Zer esan nahi dute hitz horiek?

Lehen espresioaren bidez, Markosek Jesus aurkezten du herri berriaren, gizadiaren, senar moduan. “Sandaliak askatzea” errituak –Deuteronomio liburuak (25,5-10) kontatzen duen moduan– “lebiratuaren legera” garamatza (latinez “levir”, koinatua). Lege horren arabera, gizona oinordekorik utzi gabe hiltzen bazen, anaiak alargunarekin ezkondu behar zuen; ezetza ematen bazuen, alargunak (koinatuari), herriko zaharren aurrean, «sandalia hankatik kendu eta txistua botako zion aurpegira» (Deut 25,9).

 “Hankatik sandalia ez kentzeak” esan nahi du Jesus prest dagoela herriarekin ezkontzeko. Era horretan, Markosek bere irudi maiteenetako batez aurkezten du Jesus –laugarren ebanjelioarentzat ere halaxe da–, hau da, senargai edo senarraren irudiarekin. Profetek Yhwh-ri kantatzen zioten bezala, herriarekin ezkontzen zelako, Markosen herri berriaren senar berri bezala aurkezten du Jesus.

Bigarren espresioarekin, Jesusen misioa laburbiltzen da. Lehen esan dudan eran, Jaiotza berriaren keinu sinbolikoa zen Joanek ematen zuen urezko bataioa: pertsona uretan sartu eta handik garbi ateratzen den eran, bataioa hartzen zuena prest zegoen zaharra “hil” eta bizi berrira “pizteko”.

Horrela, bada, aurreko irudi horri kontrajarririk esaten da, Jesusi buruz, “Espiritu Santuaz bataiatuko duela” . Espiritu Santuaz bataiatzeak esan nahi du jainkozko bizia bera komunikatzea. Eta hor geratuko da dotore definiturik bere misioa; Joanen ebanjelioan ere antzeko hitzez jasoa dator: «Ni, noski, bizia –eta bizia ugari eta betea gainera– izan dezaten etorri naiz» (Joan 10,10). Jainkozko bizia, bizi ugari eta betea da.

Zehatz esanda, bizia “komunikatu” baino gehiago, Jesusek, bera bezalaxe, Bizia garela deskubriarazten digu

            www.enriquemartinezlozano.com
rufinoiraolagarmendiaren itzulpen librea.

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s