“Zoriontsu izatea ausardia da” eta “Pozik bizitzea artea da”

Bi esaldi horiek irakurri ditut aldizkari banatan. Era guztietako atxikimen, dependentzia, errutina, iritzi oker, kezka, beldur eta abarren mende bizi gara. Horiei buelta ematen saiatzea da zorionari ateak irekitzea. Uste dugu sentsazio bat, emozio bat, dela zoriona. Eta gauza iheskorretan konfiantza ipintzen dugulako, hatz artetik urak bezala egiten digu ihes zorionak.

Zorionak ez du gradurik. Ez dago izaterik “apur bat zoriontsu”. Bidea, beti, norbera onartzetik hasten da. Biziaren eszenatokian garen bezala azaldu behar dugu: geure pentsamenduekin, konplexurik gabe, besteek gugatik diotenak aztoratu gabe… Pentsamendu eta kezka horiek denak albora utzi behar ditu zoriontsu izan nahi duenak. Nik uste dut izate hutsa dela zoriontsu izateko motibo handia. Ohartzen al gara izate hutsagatik zer-nolako misterioaren aurrean gauden, zer-nolako esperientzia eta bizipenak izan ditugun eta izango ditugun? Ikusi, sentitu eta eraikitzen parte hartu dugun guztiarengatik merezi zuen jaiotzea. Hori da zoriona. Beste era batean esanda, mundu honetan zerbaitetarako gauden kontzientzia da zorionaren oinarria. Horien artean, kontenplatzeko.

Beraz, zoriona ez da sentsazio bat, ez da pentsamendu bat. Garunean ez dago zoriona. Eta gauza materialen bidez aurkitu nahi izatea oker handia da. Zorionaren bila ez da inora joan behar. Gure barnean dago. Ordea, obsesioak jota hasten bagara bila, horrek berak egingo gaitu zorigaitzeko. Bizia zoriona da, eta gu testigu. Bizi-espresioa gara, bizi-forma bat. Gure bitartez espresatzen da bizia. Beraz, gutako bakoitza zorion-forma bat da. Pentsamenduak hondatzen gaitu. Egin dugunaren edo egin gabe utzi dugunaren damu gehiegi darabilgu, eta, ilargia zakuan sartu nahian edo geroari begira, antsietatez josita bizi gara.

Haurra, normalean, zoriontsu da, ez baitauka iraganik eta geroa ez dio axola. Presentean bizi da beti. Hor dago zoriona. Haurrak ez du epaitzen sentitzen duena. Bizi egiten du. Esperimentatzearen zoriona du haurrak. Oinazeak ez al du ezabatzen eta deuseztatzen haurraren zoriona?  Oinazea sintoma bat da, eta ez dio erasaten zorionari, onartzen baldin badakigu. Jakin behar dugu hor dagoela oinazea kentzeko posibilitatea ere. Garen bezala onartzea eta gertatzen zaigunari beldurrik ez izatea da zoriona.

Beldurra eta zoriona adiskide txarrak dira. Harrigarria bada ere, denari diogu beldur. “Zorion-sentsazioa” badugu, galtzeko beldurrez airean gaude. Helduak izatearen ondorioa, beldurrez josita bizitzea da, eta zoriona kontzeptu bat, aspirazio bat, baino ez da. Eta lortu ezina. Zoriona emozio bati, kontzeptu bati, ideia bati… lotzen diogunean, galdu dugu automatikoki. Sentitzen dugun horren atzean zer dagoen arakatzen badugu, ikusiko dugu ez dugula sufritu nahi. Azkenean, ez sufritzearekin konformatzen gara, baina harago gauza asko dauzka bizitzak, gozatzeko.

Sarri askotan, emozioetan lokartzen gara. Horren atzean, beti bezala, beldurra dago: estatusa, lana, bikote-laguna, semea edo alaba, etxea, dirua, eta abar galtzeko beldurra. Okerrena, geure buruari ere sekulako beldurra diogula, gauza askorengatik: hanka sartuko ote dugun, barregarri geratuko ote garen, gehiegi ez ote dugun edango, gezurren batek ihes egingo ote digun, guk esandakoa norbaitek gaizki hartuko ote duen, fisikoki zatartuegia ez ote zauden (adin batetik aurrera, garrantzi handiagoa eman behar genioke ondo jantzi eta txukun presentatzeari),  eta abar, eta abar.

Beldur horiek geure buruaren errefusatzea edo inorengandik ezkutatzen ibiltzea dakar. Norbaitek esaten zuen denbora gehiegi pasatzen genuela geure burua errefusatzen, eta egia da: ez dugu horrelakoak izan nahi, ez dugu hori sentitu nahi, han ez gaituzte onartuko. Baina egoera atseginera iristean ere, ez gaude ongi.  Gehiago nahi dugu, eta ezer gabe geratzen gara. Zoriontsuak izan nahi dugula diogu. Nola? Sentitzen duguna sentitzera mugatuta, onartuta. Drogatu egiten gara. Zer da Drogatzea? Distraitzea, sentitzen duguna isilaraztea, beste aldera begiratzea. Oso ondo dago kirola egitea, pasatzea, musean jokatzea, taldean afaltzea…, baina hori propio beste zerbait ahanzteko egiten denean, esan genezake alarmak piztu direla. Gauzak egin behar dira bere baitan onak direlako, bestela problematikoak dira.

Nik zalantza handiak izaten ditut “formak gordetzea” espresioarekin. Sentitzen dudanak horretarako motiborik ematen ez badit ere, irribarre egingo dut. Gehiegitan ematen dugu amore, gehiegi “irentsi”. Hobe da “zure egia” azaltzea, edukazio osoarekin, noski, ez haserretzearren edo faltsukeriaz isiltzea baino. Gauza bat darabilt aspaldian buruan bueltaka: isilean barrendik negar egitea eta agresibitatez erasotzea, azken finean, erantzun bera dira. Kasu batean zein bestean, nire benetako sentimenduak ezkutatzen ari naiz. Egoki espresatu ez dugun sentimenduaren ondorioak dira biak.

Gure biziak ez dauka beste misteriorik: egokitu zaigun hori bizi nahi dugun ala ez. Hori da dena. Baietz erabakitzen badugu, sufrimendutik libre geratuko gara. Garen hura bizi nahi ez dugunean sortzen da sufrimendua. Beste gauza bat: oinazea eta sufrimendua bereizi egin beharko genituzke. Norbaitek masaileko bat ematen badigu, horrek, noski, min ematen digu. Baina horri bueltak ematen hasten banaiz, eta, adibidez, mendeku hartzea erabakitzen badut, sufrimenduan murgilduko naiz. Sufritzeko erabakia nire esku dago.  Oinazeak badu konponbidea. Sufrimenduak, nekez.

Munduak eraman gintzake bi bide ezberdinetatik. Eta eskaintzen diguna konprenitzen ahalegintzen bagara, ondo ibiliko da. Edo har dezaket guztiz jarrera biktimista, orduan esango dut: «Besteen erruz ez naiz zoriontsu». Bistan da, bigarren jokabide horrek sufrimendura bultzatuko nauela.

Identitatearen gainean. Egoa integratu eta gainditzen dugunean azaltzen da gure benetako identitatea: kontzientzia gara. Ez gara identifikatuko gertaerekin, ez gara gertaera horiek. Gertaerak gure kontzientzian gertatzen dira, pantaila batean bezala. Horren lekukoak gara gu. Nork bere burua, den bezala, ez bizitzea, ez sentitzea, anomalia iruditzen zait. Geure burua onartzen dugunean, beste guztiak onartzen ari gara.

Sarritan uste dugu gure buruak pentsatzen duena egia dela. Hori iritzia edo ideia bat besterik ez da. Sinestera beharturik sentitzen gara. Hil ala bizikotzat jotzen dugu. Uste dugu horrek bizi gaituela, horrek eusten digula zutik. Ez da horrela. Engainu hutsa. Egoaren trikimailua.

Eta ona izatea. Hori hortik honakoa! Besteek niregandik zer espero duten ikertzen denbora asko ematen dugu. Eta lortzen dugunean, egoera horrekin “koherenteak” diren jokabideak indartzen saiatzen naiz. Horren arabera, epaitzen dut nolakoa naizen. Baita besteen begietan ona izateko zer egin behar dudan ere. Eta “ekintza onak” egiten jardun beharko dut. Horiekin identifikatzen naizenean, esan dezaket alienaturik nagoela, eta ez dakidala bizitzen. Ezin naiz kokatu munduan. Normala da mingostasuna.

Kontzientzia egoaren kaiolatik libratzen dugunean hasten gara nor izaten. “Izan” da gure identitatearen beste izen bat. Presentzia gara. Ni-Naiz. Besteei errua botatzeari utzi eta geure burua geuk sostengatzen hasi behar dugu. Fisikoki zutik gabiltza, baina emozionalki oraindik ez. Nire historiaren erantzukizuna nirea da. Hori horrela dela onartu behar dut. Hala egiten badut, zimentarri bikainak ipiniko dizkiot nire zorionari.

Azkenik, existitzea da, lehen esan dugun eran, zoriona. Eskertsu bagaude existentziarekiko, existitzen garelako bakarrik, besterik gabe, orduan ere zoriona eraikitzen ari gara.

(cf. dar lugar 2, 37-45 or.).

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta. Guarda el enlace permanente.

4 respuestas a “Zoriontsu izatea ausardia da” eta “Pozik bizitzea artea da”

  1. Mundiala, Rufino. Bazeuzkeat hor, hiru astetarako meditazio ta kontenplazio gaiak, azukre-koxkor bana bailiran, mingainpean urtuz gozatzeko tamainakoak. Saiatuko nauk, mendi edo muino punta batetara igo eta hantxe –non hobeto?, Jesuek ere ez al zuen mendi-muinotan, eta gauez, eguzkiaren argi bila otoitz egiten?…– Negu honetarako materiala eskaini diguk. esker mila.

  2. Gaia hain mamitsua denean, balirudikek euskeraz hau dena emateko, basta edo zakutto egokiak falta zaizkigula. Egin duan lana eskertzekoa duk: esaldi eta pentsamentu batzuk geurera egokituak utzi dizkiguk. Erderaz, eta berean, egia duk, jasotzen ditiagu, baina ez duk etxeko jeneroa: sagarrak eta mizpirak, zein sagarrondoko edo zein mizpiraondoko diren ere antzematen geniean haurtzaro oparo haretan… eta horixe sentitzen diat euskaraz kontu eta gai hauek denak, ‘enrriketasun’ zigilua dutenak, geure geurean, txindoki-azpiko erranairuetan jasotzen ditudanean.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s