“Alfonbra zoriontsuei ez zaie gustatzen hegan egitea”  

Horixe da gaur goizean (14.12.18) eskuratu dudan liburuaren izenburua. Javier Vidal-Quadras katalana da egilea. Esan liteke zorionari buruzko “alegoria” dela. Alfonbraren josketak, paraleloki, zorionaren eraiketa azaltzen digu. Izneburua, noski, gaztelaniaz dator. Itzulpena nirea da. Liburu horretan inspiraturik egin dut lan hau.

Baina… zer da zoriona?

Momentu bateko alaitasuna? Emozio egonkor bat? Egoera bat? Eta nor da zoriontsu? Diru asko duena? Prestigio handia duena? Lanbide ospetsua daukana? Edozein, ahalegintzen bada? Autoreak dio denetik ezagutu duela: batzuk aberatsak, besteak pobreak; batzuk lanbide ona dutenak, beste batzuk langile soilak; osasunez ongi dabiltzanak eta lur jota daudenak… Beraz, arrakasta eta zoriona ez dira nahastu behar.

Garbi dagoena da, nik ondorio hori atera dut behintzat, bakoitzak bere izatea eta naturak emandakoaren arabera bizi behar duela: “Alfonbra zoriontsuei ez zaie gustatzen hegan egitea”. Eta alfonbragileak behin eta berriz eskatzen dio bezeroari, denda aurreko alfonbra zapal dezan. Bezeroa, hasieran, alfonbra ez zikintzearren, aldamenetik igarotzen da. Itzularazi eta zapaltzeko agintzen dio. Alfonbra lurrean ipintzeko da.

Egilearen hitzetan, “boomerang” bat da. Urrunera indarrez jaurtiki eta ahaztu egin behar dugu. Besteei iritsiko zaie zoriona, eta itzulian datorrenean jantziko gaitu geu ere zorionez.

Bitartekoak eta bidea hautatu  

Alfonbra ehundu, ardatza eta gidak ipini behar izaten diren bezalaxe, zoriona eraikitzeko ere oinarriak ipini behar dira. Era guztietako ardatzak eta gidak aurkituko ditugu pilan: luzeak, motzak, okerrak, zuzenak, pisuak, arinak, egurrezkoak, plastikozkoak, aluminiozkoak… Gure bizitza ere aukera egitea da. Gauza askoren artean egin behar izaten da aukera: Jainkoa (Misterioa, Dena…), dirua, boterea, familia, prestigio soziala, lagunartea, besteenganako zerbitzua, azken modeloko autoa… Oker aukeratzen badugu, zoriona koloka geratuko da.

Hari-mataza osatu               

Gure etxe aurrean haria egiten jarduten duen artzaina datorkit gogora. Artzainak ilea ez dauka aukeratzerik. Ardiari kendutakoa dauka hartu beharra. Baina garbitu, kardatu eta txukuntzea artzainaren esku dago. Haria eten dakioke, baina berriro korapilatzea da bere lana.

Gure bizitzan, gauza asko geuk eskatu gabe iritsiko zaizkigu, eta dugunarekin konformatu beharko dugu. “Onartzeaz” ari gara hizketan. Zoriontsu izan nahi duenak, bere burua onartu beharko du lehenik. Gero ingurukoak, eta eman zaizkion talentuak. Eman zaiguna baliatzea dagokigu. Jasotako talentuei etekina ateratzen jakitea da bizitzen jakitea, eta zorionaren iturri. Ez naiz ari diruaz pentsatzen. Dirua, edaria bezalaxe, morroi ona eta nagusi txarra da.

Baloreak aukeratu

Inportantea gure alderdi sendoak eta ahulak aztertzea eta horiez kontzientzia hartzea, behar den tokian indarra egiteko, eta gehiegi dugunari hesia ipintzeko. Neurri batean, paper zuria da gure bizia. Paper hori bete behar dugu. Gure ideologia, gure baloreak eta gure espiritualtasuna ondo definituko ditugu planean, horren arabera jokatzeko.

Batzuetan, ilusio handiak izaten ditugu bizitzan. Abokatu, maisu, erizain, arotz, mekaniko, kazetari… izatearekin egiten dugu amets. Baina bizitza gogorra da. Agian, ez dugu ikasi dugun horretan lan egiterik izango. Hortaz, zorionari bide guztiak itxi al dizkiogu? Ez. Bi alternatiba daude: lan berrira moldatu, ahaleginak egin pozik sentitzeko.

Edo lan ofizialez kanpo, aseko gaituen beste eginkizun bat hartu. Adibidez, zenbat lan egin litekeen boluntario, besteei laguntzen! Satisfazio handiak ematen dituen lana. Errealizaturik eta zoriontsu sentitzeko bide egokia. Premisa bat izan behar dugu, beti, kontuan:  zenbat eta gehiago maitatu besteak, orduan eta gehiago maiteko dugu geure burua. Eta zorionak eskertuko du.

Baikorrak izatearen garrantzia

Sandra eta bere senarrarentzat ari zen alfonbragilea alfonbra egiten. Iritsi zen koloreak hautatzeko eguna, eta, ez bat eta ez bi, galdetzen dio dendariak senarrari: «Zer ikusi duzu herrian sartzean?» Eta senarrak: «Kale zikin batzuk. Deus ez. Udaletxe honek ez dauka ganorarik. Ez du egiten gauza bat ondo edukitzeko modurik». Gero, Sandrari egin zion galdera bera, eta honek erantzun: «Zeru-ortzi urdin puruak; benetan egun ikusgarria». «Alfonbraren hariak ez dira garrantzitsuak, guk nola hautematen ditugun baizik», harrituko ditu dendariak. Gure baikortasuna determinantea da zoriontsu izateko.

Ez dago zoriontsu izaterik begirada alai eta itxaropentsurik ezean. Garenari optimismoz begiratu behar diogu, egoera pertsonal, familiar eta osoari baikortasunez begiratzeak mesede handia egingo digu. Ikerketek demostratu duten eran, pertsona baikorrak, optimistak, zoriontsuagoak dira. Positiboa eta konstruktiboa izateak lagundu egiten dute zorionaren ateak irekitzen.

Bizia alaitzen saiatu

Sandra eta senarra (bezeroak) alai sentitzen ziren. Beraiek ere “ez zekiten” zergatik. Kontua da seme-alabak ere ohartu zirela horretaz. Horixe gertatzen da: alai gabiltzanean, albokoak ere kutsatu egiten ditugu, alai sentitzen dira. Ez al da obra bikaina hurkoa alaitzea? Ordainetan, ordea, geuk askoz gehiago jasotzen dugu. Lankideak eta lagunak erosoago sentitzen dira gure ondoan.

Behin batean, maisu espiritualak meditazio-metodo eta beste irakasbide batzuk eman omen zizkion ikasleari. Eta handik denbora puska batera galdetu: «Aldaketarik nabaritzen al duzu?», eta ikasleak erantzun: «Neuk ez, baina emazteak bai». Hara gertatu behar zuena gertatu! Ez dugu ikusten aldaketa, baina aldatu garelako antzematen dute besteek.

Jende asko dago egun jakin batzuetan alai sentitzen dena. «Gaur egun handia da» esango dizute, eta motiboa azaldu. Nire ustez, eta alfonbragilearen iritziz ere, egun guztiak dira handiak. Alaitasuna eta zoriona ez dira gorde behar egun jakin batzuetarako. Egun oroz izan behar da zoriontsu. Gaur egiten duguna ez da bihar egingo duguna baino garrantzitsuagoa. Prozesu batean, eta bizitza prozesua da, egun guztiak dira espezialak eta bereziak. Eta xedea ez da prozesua baino inportanteagoa.

Espektatibak neurrian  

Aldez aurretik, itxaropen edo espektatiba handiegiak sortzeak frustrazioa sor lezake. Alfonbrak bere basea behar du, hariz estaltzeko, eta zorionak bere zimentarria. Ur-aparraren gainean ez dago eraikuntza sendorik. Zorionak ere euskarri finkoa eskatzen du. Solidaritatea, errukia, enpatia… ezinbestekoak dira.

Alfonbra egiteko, hariak berdin zabaldu behar dira plataforma osoaren gainean. Guk ere pisu berdintsua ipini behar dugu gure ekintza diferenteetan. Aktibitatea ongi uztartu behar da, adibidez, gogoeta eta kontenplazioarekin. Aktibismo hutsean erortzea ez da ona. Fernandoren astoarena dakar: “Hiru asto eta bost karga”… Baina beti ere “A Dios rogango y con el mazo dando”.

Alfonbrak ez dauka perfektua zertan izanik. Guri ere ez digu inork eskatzen perfektuk izateko, zoriontsuak izateko baizik. Akats eta hanka-sartze batzuk izatea ez da zoriona kinka larrian ipintzea. Perfekzionismoa bera da akatsik handiena. Perfekzionismoak, gainera, besteei begira ipintzen gaitu. Besteek zer esango duten beldurrez gaude. Alfonbrak, pertzak, altzariak, labeak… gizakiak egiten duen guztiak izango du akatsen bat. Ez dio axola. Garen bezalakoak gara, eta ez begiratu gehiegi besteen iritziari.

Jomuga potoloegiak ez izendatu inoiz; batez ere, presaka. Urraska-urraska segi aurrera. Pazientziaz, bizi osoa gurea da-eta. Garbi izan utopiak utopia direla. Erreferentzia moduan bakarren bat ongi egon daiteke, baina erreferentzia moduan bakarrik. Ez dugu heriosuhar ibili behar ezin dena lortzen. Horrek zorionari mesede txikia egingo dio.

Trebetasunak eta entrenamendua

Alfonbragileak ederki esaten duen eran, trebetasuna lortzeko saiatu egin behar da. Munduko profesional onenak ere entrenatu egiten dira. Eta zoriontsu izan nahi duena nola ez da entrenatuko? Entrenamendua ez da besterik: gauzak askotan errepikatzea, nahiz eta errepika-aldi bakoitzean ez duzun erabat lehengoa esango edo egingo, baina paradigma baten barruan ibili bai.

Gauzak ez dira lehenengoan ateratzen. Etsi gabe segitu behar da. Eta eredu onei jarraitu. Zorionak ez digu agintzen besteengandik isolatzeko, beste guztiekin konpartitzeko baizik, bai entrenamendua eta bai emaitzak. Praktika kolektiboa, solidarioa denean, metodo ezin hobea da.

Gauzak behin eta berriz egin behar izaten dira. Behin eta berriz ikasi. Hori da entrenamendua. Zergatik behin eta berriz probatu? Hanka sartzen dugulako. Ez dio axola, ordea. Ohartuko ez  bagina, orduan bai. Saiatuaren poderioz etortzen dira bere onera gauzak. Gure promesak eta asmoak ez ditugu beteko askotan, baina ez dio axola. Berriro hasiko gara. Ez dio axola zenbat aldiz erortzen garen, zenbat aldiz jaikitzen garen baizik.

Distantzia hartu

 Noizbehinka, ona da distantzia hartu eta nora eta nola goazen gogoeta egitea. Itsumustuan eta tropelean jardunda ez da ezer aurreratzen. Zoriona ere ordenatu egin behar da orduan? Zoriona edo… lortzeko bidea, behintzat, bai. Arreta bizia ipini behar dugu gauza bakoitzaren gainean. Askotan, zer egiten ari garen ahanzten zaigulako egiten digu ihes zorionak. Arreta jartzea, bestalde, presentean bizitzea da, eta presentea da zorionaren beste iturrietako bat. Iragana gehiegi gogoratzeak estresa dakar, eta geroan gehiegi pentsatzeak, antsietatea. Iragana eta geroa ere “orainetik” gestionatu behar dira.

 Lehen ere aipatu dugu, baina berriro aipatuko dut meditazioa. Meditazioa modu askotara uler daiteke, tradizio asko dira. Azken urteotan ezagutu dudan  espiritualtasunari (gizaki ororen dimentsio espirituala aintzat hartzen duenari) buruz ari naiz hemen, oso ona iruditzen zaidalako. Kasu honetan, meditatzea ez da zerbaiti buruz, adibidez gauza sakratu bati buruz pentsatzen egotea, baizik eta burua isildu eta gorputzari entzutea; esate baterako arnasketan atentzio osoa ipintzea. Hori egitean, barnean sentitzen diren patxada eta atsegin-sentsazioa ikaragarriak dira. Zorionaren iturri.

Koherenteak izan

Koherentzia funtsezkoa da bizitzan. Bertsoek dioten eran, “Natural sentitzen dut egiten dudana, eta natural egin sentitzen dudana”. Batez ere, esaten duguna egitea eta egiten duguna esatea da koherentzia. Koherentzia-ezak aztoramena dakar gure barnera. Zorionaren zutoinean kolpe egiten dio horrek. Nazareteko Maisuari buruz, besteak beste, bi gauza esaten dira. Lehenengoa Testamentu Berria dator: “On eginez igaro zuen mundualdia”. Bigarrena maisu espiritual askori irakurri diet. Horien artean E. Martínez Lozanori: “Fue coherente hasta las últimas consecuencias”. Koherentziarik gabe, bizia beti koloka dago, eta gure izate osoa ere bai.

Ezusteko eta gertaera mingarriak eramaten jakin beharra dago. Atsekabe eta oinazea ez dago beti saihesterik. Oinazea ez dago ukatzerik, baina bai horra murriztu gabe bizitzea. Jasankortasuna lantzeak asko lagunduko digu gure oreka emozionalean, eta zorionaren zutoinei zutik eusten. Oinazea saihestezina da, baina sufrimendua saihestea gure esku dago. Sufrimenduak zeharo suntsitzen du zoriona. Eta zer da sufrimendua? Azkar esanda, oinazearen gainean hausnarrean, abereen antzera, aritzea.  Gauza bati behin eta berriz bueltak ematen zoratzea.

Sufrimenduaren espiralean sartzen garenean, zaila da zoriona. Zaila da zoriona, era berean, gorrotoa desagertzen ez bada. Mendekuaren bidean sartzen garenean ere zaila da zoriona. Zoriona afektaturik ikusi nahi ez badugu, modu zibilizatuan konpondu behar ditugu haserreak, diferentziak eta disputak.

Ez dago beste erremediorik: gainditu eta saihestu ezin den oinazea integratu beharra dago gure bizibidean. Oinazea onartu beharra dago, eta ahal bada zentzuren bat eman, edo konprenitzen saiatu. Oinazea krisi bat da, eta aukera ona izan daiteke gure bizitzari norabide berria emateko. Indarturik atera gintezke oinazetik. Batez ere, zorionari ez dio afektatu behar modu erabakigarrian. Oinazea ere bizitzaren partea. Hori ez dago ahanzterik.

Besteen zerbitzuan

Besteen zerbitzuan dauden “alfonbra” asko dago, zorionez, gure gizartean. Zoriontsuak dira. Aurrekoan, Janarien Bankukoei begira egon nintzen. Irribarre kutsakorra zuten aurpegian. Poza ematen zuten. Ez zuten beren lana utzi nahi. Errukia, solidaritatea, enpatia, karitatea, maitasuna… dagoen tokian, zoriona ere gertu dago. “Alfonbra zoriontsuei ez zaie gustatzen hegan egitea”. Gizaki zoriontsuei ez zaie gustatzen lagun hurkoa sokorritu gabe uztea.

(cf. “A las alfombras felices no les gusta volar”. Editorial Desclée De Brouwer)

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s