Kixkurretik begira

Aiñar errekan, gure haur denboran, ez zen falta izaten aingira eta karramarrorik

Izotza izan da apopilo Zelear baserriko etxe azpiko soroan aurtengo Eguberritan. Txindokiren magalean dago etxe azpiko soroa, Txindoki ordenadorearen pantaila eta soroa ordenadorearen teklatua balira bezala, angelu kamutsa osatzen dutela. Astebete osoz egin du “bertan goxo” izotzak, egunero, eguzkia esnatu arte. Ni izan naiz testigu. Abioi baten kabinatik bezala egon natzaio begira, hotzetik ongi babesturik. Kixkurre taberna du izena behatokiak. Eta gutxi dira ikusmira ederragoak. Kixkurre ez da taberna soila, baserriko produktuak ere saltzen dira, nahiz eta baserriaren kontzeptua asko zabaldu behar den. Tuteraraino, gutxienez, alderdi hartako esparrago zuriak ere badaude-eta.

Aldi berean, Goizane izeneko poligonoan kokatua dago Txixkurre, Larraitzako bidean, Zaldibiako plazatik kilometro eta erdira. Kixkurrek Goimen du aitapontekoa. Garai batean teila-fabrika zen tokian daude eraikiak Goizane eta Kixkurre. Teila-fabrika 40 urtera ez zen iritsiko. Hargin galiziarrek egindako labeko horma tzar isuridunek gehiago iraun bazuten ere. Artean eskabadorerik ez zenez, auzoko bi idi parek egin zituen golde-lanak, eta mutil gazteek palaz kargatu Froilanen kamioia.  Miguel Angel Imaz etxarriarra zen nagusietako bat, euskaraz hitzik ere egiten ez zuena. Ez dakit ez zekielako ala nahi ez zuelako. Sasoi hartan, asko eta asko, karreradun edo nagusi izate hutsagatik, behartuak sentitzen ziren erdaraz hitz egitera. Estatus altuagoren seinale zen erdara. RIGek esango lukeen moduan, “gauzak horrela ziren eta punto! Ez eman buelta gehiago”.

Teila-fabrika eta Imaz jauna baino zaharragoa da, ordea, paraje hori. Behean, kamio-ertzean, soroa zen eta soroaren kontra baso bikaina. Buztin-lurra, noski. Hala behar da, teilak egingo badira. Igartzeta baserriaren ingurutik  behera jaitsi ohi zen Aiñar  izeneko erreka du muga aldetik batetik, Zelearrerako bidea bestetik, eta goi aldetik beste baso batzuk.

Gurekin batera egin du aurrera paraje horretako historiak, geu horkoak garelako. Adibidez, Aiñar errekan, gure haur denboran, ez zen falta izaten aingira eta karramarrorik. Eskuak betean ateratzen genituen karramarroak edozein putzu-zulotatik. Zelear baserrian, “teknologia aurreratua” zen ordurako. Saturdi aldeko goiko zelatik txirrikan bota eta ganbararaino sartzen zen belar-sorta. Hantxe ezagutu nuen sagar jotzeko lehenengo makina elektrikoa ere. Bizitzak zenbat buelta, berriro lehengo tokira iristeko!

Bai Horixe, DV: 150108

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s