Parisko infernua

«Nor sinetsiko die ‘Jainkoa handia dela’, arma eta lehergailuen premian badago?»

 Jainkoa. Hain da hitz edo kontzeptu manipulatzen erraza, egundoko astakeriak egin dira bere izenean, historian zehar, erlijiorik gehienetan, eta batzuek oraindik ere egiten jarraitzen dute, Parisen Charlie Hebdo-ko kazetariekin gertatu den bezala. Parisko terroristak iritsi diren estremoraino iritsi gabe, beti izan dugu tentazioa Jainkoa “otzantzeko”, geure interesak defenditzearren. Orain esango dudanak ez du orijinaltasun handirik; ez beste inori ostu diodalako, baizik eta neuk asmatua eta askotan esana berriro esatera noalako: «Jainkoa defenditu nahia da Haren kontrako “bekaturik” handiena, neurririk gabeko harrokeria eta Jainkoa ezdeustzat hartzerainoko ezjakintasuna erakusten duelako».

Joxe Arregi teologoak ederki azaltzen du: «Nor sinetsiko die ‘Jainkoa handia dela’, arma eta lehergailuen premian badago? Nor erakarriko du fede horrek, oihu fanatiko, gorroto eta odolez artikulatua badago?». (Bide batez esanda, ni konbentziturik nago armaz eta lehergailuz defenditzen den ezer ez dela handia, nahiz eta mundu zabalean dirurik gehien armagintzan gastatu). Baina, zorionez, musulman guztiak ez dira fanatikoak. Islama, berez, bakearen erlijioa da, kredo horretako jende askok eta askok manifestazioetan, atentatuen kondenetan eta meskitetako errezoetan azaldu duten eran.

Hori garbi eta altu esan beharra dago, zeren gure bazkalosteko txolartetaraino iritsi baita Islamak laster zapaldu eta jango gaituen ideia, bakez ala terrorearen bidez jarraitzen diotenen artean inolako bereizketarik egin gabe. Beldurra eta ezjakintasuna nahasian dabiltza, gure artean, gai horren gainean. Eta ez nuke esango interesik ez dagoenik norbaitzuen aldetik, beldur eta nahasmen hori bultzatzeko.

Bestalde, Parisa itzulita, badakigu terroristek gaizki egin dutela, ez buru eta ez bihotz jokatu dutela, bineta batzuk ez direla inoiz ere motibo pertsonak modu anker horretan garbitzeko. Baina ziur jakinik, munduan zehar, milaka edo milioika  musulman ofenditurik sentituko zirela, publikatu behar al zituzten? Begoña Amestoy-k dioen eran: «Ironiaz mintzatuko naiz, parodiatu eta hitz zatarrak bota ere bai, baina inoiz ez dut egingo Mahoma, Jesukristo edo “sandiosen” karikatura iraingarririk».

Manifestazioa. “Chapou”. Ongi etorriak, terrorismoaren eta injustizia ororen kontrako manifestazioak! Baina beldur naiz norbaitek ez ote dituen utzi nahiko nire buruko ileak baino motzago adierazpen-askatasunaren hegoak?

Bai Horixe, DV: 150115

 

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s