Irakurri, idatzi

Irakurtzen eta idazten jarraitzen dugu, eta, agian, auto-zentsura praktikatzen

Bizitza osoa daramagu liburu eta paper artean. Izango da hori sinetsiko ez duenik, esan dit RIGek, txapela erantzi eta buru soila ispiluan duela. Ez nau harritzen gurea bezalako baserri batean jaiota, jarraitu du. Baina egia da. Ez ziren izango munta handiko liburuak, nik esaten dut hori. Batez ere, bertso-liburuak… eta bertso-paperak. Ez zen irakurtze hutsa. Buruan jaso beharreko generoa zen bertsoa. Askotan, irakurri baino areago, gozokiaren antzera, zupatu egiten genuen bertsoa, zuku guztia atera eta buruan sartu arte. Buruz ikastea, hala ere, erdi bidea zen. Okasioa zenean kantatzea zen gure apeta edo azken helburua. Duela 55/60 urteko kontuak.

Denboraren trenean aurrera eginik, koka gaitezen soldaduska osteko urte gorabeheratsu haietan. Kintoak ez ezik, egun berean jaioak gara RIG eta biok. Dena militantziaz egin beharreko garaiak (omen) ziren haiek. Gu salbuespena izango ginen. Militantziaz baino areago, gustatzen zitzaizkigulako antolatzen genituen bertso-saioak eta kantaldiak. Beti izan gara saltseroak. Bide batez, herriarentzat onuragarriak baziren, hainbat hobe. Hori bai, militantziaz erosten eta irakurtzen genituen liburuak. Noski, liburu iraultzaileak eta euskarazkoak. Klandestinitatearen garaiak zirenez, amak, kezka handiez gain, lana ere izaten zuen gure liburuak zakuan sartu eta berak zekien tokian gordetzen. Lehen idazlanak ere garai horretakoak dira.

Klandestinitatea aipatu dugu, eta badakigu zer-nolako komeriak izaten genituen zentsurarekin. Orain, horrenbeste urte igaro ondoren, sentsazioa dut, esan dit RIGek, berriro ere zentsura handia datorrela gure artera. Berealdikorik azkarrena leporatuko dizute halako edo bestelakoren apologia, eta kontuz ibili. Bertsolariok, idazle, kazetari eta luma apur bat astintzen dugun guztiok, berriz ere, has gaitezke informazioak, iritziak eta hitzak ondo neurtzen. Eta orain etorri behar horrek, paradoxikoki, armak isildu direnean!

Beno, parentesia itxi eta segi dezagun. Esaten ari nintzen asko irakurri dugula. Eta sarritan ez dakizu zein diren zure ideia propioak eta liburuetatik jaso dituzunak. Bestalde, askotan gertatu izan zait neroni burutik pasaturiko ideiak liburuetan aurkitzea. Baina batek daki horiek ere ez ote diren nonbait irakurritakoaren oroitzapena. Beraz, nola jakin oiloa ala arrautza den lehenago? Kontuak kontu, irakurtzen eta idazten jarraitzen dugu, eta, agian, auto-zentsura praktikatzen.

Bai Horixe, DV:150122

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s