Bi anaia bat eginik

 

Asperturik eta deprimitua nago telebista ipinitako guztian berri txarrak entzuten

Goierrin, “bi anaie” esango genuke. Eta Goierrikoa da kasua. Notiziak, berez, ez leukake garrantzia handirik: beti egin izan dira mesedeak anaien artean. Baita, aurreko artikuluan esaten nuen eran, haserre dauden anaien artean ere. Normala da mila laguntza-mota batak besteari eskaintzea. Baina ez da hain normala pertsona batek besteari, bera bizi dela, giltzurruna ematea. Edo, agian, bai. Gerta liteke, oso irizpide zuzenarekin gainera, hori jada notizia ez izatea. Kasu horretan, ni naiz atzeratuta eta oker nabilena. Hain zuzen, donatze-mota horiek ohiko izan beharko lukete, eta ez zutabegile baten kontzientzia eta jakin-mina esnatzeko motibo. “Mea culpa”. 

Dena den, badut motiborik, horrelako berriak (arruntak balira hobe), lau haizetara hedatzeko. Asperturik eta deprimitua nago telebista ipinitako guztian berri txarrak entzuten. Ez noa zerrendatzera ere, nik bezain ongi jakingo duzue-eta. Mundua mendekuaren gainean eraikia dago. Beno, agian ez da horrela, baina hori erakusten zaigu informatibo guztietan. Badakigu ez dela argirik ilunik gabe, ez dela lorerik arantzarik gabe, ez dela pozik tristurarik gabe, osasunik gaixotasunik gabe, ez dela… Ezbairik gabe, errealitate konkretu bat ezagutuko dugu beti, kontrakoaren erreferentziari esker.

Baina, etenik gabe, beti errealitatearen polo bat bakarrik azpimarratu eta nabarmentzen badugu, beti alderdirik txarrena, ezin bizia eta aztoramena sortzen ari gara. Horregatik, nik sinesten dut gure barnean badela indarren bat, bi anaia horien kasua bezalakoak azaleratzeko irrikan dagoena, eta horrexek eusten digula bizirik hondoa jo gabe. Beraz, uste baino jakinduria gehiago dago gure nortasun sakonean.

Hamalau urte zeramatzan Joxek lehen transplantaturiko giltzurrunarekin. Eman zezakeena emanik, azkenetara zetorren, transplante-mota horrek bere epea baitu. Sutondoan goibel dago Joxe, emazte eta seme-alaben animoak gorabehera. Joxek badu anaia bat: Patxi. Denbora eta Joxeren bizia ahitzen ari direla ikusirik, giltzurrun bat eskaintzen dio Patxik Joxeri. Egin dituzte behar diren frogak eta denek ondo eman dute. Biak kirofanora. Ebakuntza ondo atera da. Patxiren giltzurrunek orain gorputz banatan dihardute. Iturri onetik dakit Patxik ez duela egin hori, kontzientzia lasaitzeko edo bere egoak, nartzisismo hutsez, “zeinen ona naizen” aldarrika dezan, baizik eta anaia, pertsona eta Den guztiarekin bat sentitzen delako. Notizia ona da.

Bai Horixe, DV: 150212

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s