Jesusen nortasuna

Nazareteko Jesus nolakoa zen edo nortasunaren ezaugarriak

 «Nire bizitza da nire mezua», esan zuen Gandhik, eta askoz ere arrazoi handiagoz aplika dakioke hori Nazareteko Jesusi. Beraz, haren bidea eta proposamenak konprenitzekotan, bere bizitzari begiratu beharko diogu. Egia da Jesusi buruzko dokumentu historikoak urriak direla, eta, egia esan behar  bada, “partzialak”, ez baita gureganaino iritsi “kronika historikorik”. Hamarkada batzuk geroago, katekesi-helburuarekin,  elaboraturiko kontakizunak dira. Hala eta guztiz ere, ikus daitezke Jesusen nortasunaren marra nagusiak eta haren jardun-modua markatzen duten ardatzak.

Jesusen nortasunari ondo begiratzen badiogu, E. M. Lozanoren arabera, zazpi bat ezaugarri nagusi detekta ditzakegu: a) gizon bitxia eta koherentea, b) gizon pobrea, pobreen ondoan, c) gizon librea, d) erlijioarekin gizon kritikoa, e) gatazkaren erdian, bake-gizona, f) gizon anaikorra, g) bere sekretua “Abba” zuen gizona.

Gizon bitxia eta koherentea.- Hogeita hamargarren urte aldera azaltzen da Jesus Galilean. Gizon bitxia, benetan! Judutar marjinal eta ibiltaria. Denak harritzen ditu, indiferente inor utzi gabe. Tabu ukiezinak apurtzen ditu. Adibidez, senidetasuna eta estatus soziala, bere borondatez piramidearen mailarik baxuenean, azkenekoen artean, kokaturik. Bere burua estigmatizatzen du, gizartetik eta erlijiotik kanpo geratuta.

Familia bila datorkio. «Burutik eginda» zegoela zioten (Mk 3,21). Bere etsaientzat –agintari eta lider erlijiosoentzat–, deabruak harturik zegoen (Mk 3,22) eta tripazain eta mozkor hutsa zen, eta “bekatarien” laguna (Lk 7,34; (Mt 11,19) eta “biraoka” ari da (Mk 2,7); iruzurtia izatea leporatzen diote (Mt 27,63), eta matxinadak proboka ditzaketen doktrinak irakastea (Lk 23,2).

Alabaina –nahiz eta “a posteriori”, Pazkoa esperientziaren ostean, “berrukituriko” espresioak diren–, gauza hauek ere esaten ziren Jesusi buruz: «inoiz ez dugu ikusi horrelakorik» (Mk 2,12), «dena ongi egin du» (Mk 7,37), gainera «jendea txunditurik uzten zuen irakasten zuenarekin, autoritatez irakasten baitzuen, eta ez lege-maisuen moduan» (Mk 1,22). Atentzioa ematen du bere koherentziak: esaten duena egiten du beti, eta egiten duena esaten, etsaiak berak ere harriturik uzteraino (Mk 12,14).

Gizon pobrea, pobreen ondoan.- Bere borondatez “desklasatzen” da, pobrezia hautatzen du (Mt 10,21), beti pobreen alde dago –normalean, gizarteak mespretxatuak eta erlijioak “bekataritzat” hartzen zituenak–, gogor salatzen du aberastasunaren arriskua (Lk 6,24; Lk 16,19-31; Lk 12,15-21; Mk 10,25), eta pobrezia jotzen du aldarrikatzen duen berriona atzemateko ezinbesteko baldintzatzat (Lk 6,21; Lk 4,18; Mt 11,5).

Gizon librea.- Jesus libre sentitzen da kanpoko edozein presioren aurrean: libre familiaren presiotik, lagunen presiotik, teologo ofizialen presiotik, agintari erlijioso edo politikoen presiotik; libre, sakratua dirudien hartatik ere: maiseo eta kritikatik; libre usadio, arau eta errituetatik; libre… eta, azkenik, libre, edukitzearen grinatik, boteretik eta itxurakeriatik: horiexek dira tentaziorik ohikoenak gizakien artean.

Bere misioarekiko fideltasuna zinez handia da Jesusengan, eta fideltasun horren beste aurpegia da askatasuna. Horrek ahalbidetzen dio inoren alde egiteko prest bizitzea, eta, ondorioz, maitatzeko pronto.

Badakigu zerk kentzen digun askatasuna: sortzen ditugun premiek eta beldurrek. Noski, gure premiak ase beharra dago. Baina beharrezko horretatik gora premiak sortzen hasten garenean etortzen dira problemak. Hor hasten dira egoismoak eta bizia zertarako den ahanzteak. Jesusengan ikusten dugun libertateak asko pentsarazi behar liguke: erruz lagunduko liguke geuk sortu ditugun premien tiraniatik irteten eta besteentzat bizitzen.

 Erlijioarekin kritikoa.- Ebanjelioen arabera, Jesus oso kritiko agertzen zaigu erlijio ofizialarekin edo, gutxienez, planteatzeko moduarekin. Eta erlijioak, hasiera-hasieratik, etsaitzat hartzen du Jesus, eta, nola edo hala, “paretik kendu beharra zegoen” (Mk 3,6). Aldi berean, Jesusek, autoritate eta agindu erlijiosoen kontra bota zituen hitzik gogorrenak; izan ere, ebanjelioak dioenez, “Jainkoaren interesak” ipintzen dituzte pertsonaren interesen gainetik.

Jesusen irizpidea, aldiz, garbi dago. Erlijioarentzat, edozein erlijiorentzat, pertsonaren ongiak izan behar du lehenengo. Horrela planteatzen dugu, ezagutzen dugun testu polemikoenetako bat aintzat hartzen badugu: «Zer dago onartua larunbatean, on egitea ala kalte egitea, bizia salbatzea ala desegitea?» (Mk 3,4). Garbi dago: ikuspegi argi batetik, galdera horri erantzun behar erlijio orok (eta edozein giza jarduerak). Beraz, Jesusen Jainkoa eta erlijioaren Jainkoa guztiz antagonikoak ziren. Bonhoeffer-ek esan izan zuen eran: «Jesusengan errebelatzen den Jainkoak azpikoz gain ipintzen du gizaki erlijiosoak Jainkoarengandik espero duen guztia». Eta halako azkena izan zuen: erlijioaren jainkoak eliminatu egin zuen Jainkoaren Jesus.

Bake-gizona.- Gatazkaren erdian, bake-gizon bezala bizi izan zen Nazareteko maisua. Jaiotza adierazten duten testuetatik bertatik hasten da bakearen aldarrikapena: «Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean hark hain maite dituen gizon-emakumeei!» (Lk 2,14). Begira berpiztuaren agurra ere: «Bakea zuekin!» (Lk 24,36).

Jesusek berak esaten duen eran, beti “Aitarengan” dagoelako ziurtasunetik sortzen den bakea da. Ez ibili beste ezeren bila, baizik eta fidela izan haren Borondatearekiko (Jn 16,32; 4,34). Azken finean, haren bakea oinarri honen gainean eraikia dago: “Aita eta biok bat gara” (Jn 10,30).

Maitasuna eta libertatea bezalaxe, Jesusen bakeak handia izen behar zuen; handia, kutsakorra eta erakargarria. Handik urteetara, lehen komunitatean hala esaten zen: «Jesus da gure bakea» (Ef 2,14).

Gizon anaikorra.- Jesusen barne-muinera jotzen badugu, ikusiko dugu bere ezaugarri nagusi eta zentrala anaikortasuna dela, erruki gisa sentitua eta zerbitzu moduan bizia.

Jesus gizon anaikorra. Anaia bat, arreba bat, ikusten du inguratzen zaion guztiengan. Amultsuki hartzen ditu denak; bereziki, arazo sozial eta erlijiosoengatik bazterturik daudenak (gaixoak, “bekatariak”, emakumezkoak, haurrak; Zakeo, Maria Magdalena, adulterioan harrapaturiko andrea…). Entzuten dakien gizona da. Badaki pertsonen bihotzera iristen, eta hitz egoki eta justua dauka bakoitzarentzat. Badaki pertsona bakoitzaren egoera bereizten, eta haren tokian jartzen. Errukitu eta kupitu egiten da premiaren eta sufrimenduaren aurrean. Errukiak ederki deskribatzen du Jesusen izatea, sentitzea eta jokatzea.

Pertsona da balore gorena Jesusentzat, eta beste edozeren gainetik defendituko du beti; lege, larunbat, usadio eta tradizio eta abarren gainetik. Maitasuna da haren agindu bakarra. Etsaiari ere barkatu egingo dio, etsaia ere maitatu egingo du. Benetakoa eta baldintza gabeko maitasuna eskaintzen du (Lk 6,27-36).

Hain sakon bizi du Jesusek anaikortasuna, gizakiari loturik sentitzen da, batez ere sufrimenduenarekin bat eginik. Eta esango digu bera maitatua sentituko dela beharrean dagoena maitatua denean: “Gose nintzen eta jaten eman zenidaten” (Mt 25,31-46).

Pena da hitz horien erradikaltasuna eta nobedadea ez atzematea. Ez da Jesusek behartsuenganako duten “borondate on hutsa”, baizik eta bestearengandik ez-diferente edo ez-separatu moduan sentitu eta bizitzea. Ezagutzen al dugu pareko testigantzarik?

Horregatik, maitasunaren erradikaltasuna horrenbeste azpimarratzen duenean, maitasunaren bere bizipena azaltzen ari da. Maitasun horrek forma asko ditu: onberatasuna, harrera ona, hurbiltasuna, anaikortasuna, pertsonaren defentsa, entrega eta zerbitzua… Bere izate eta bizitzearen arrazoia besteak dira: «Ez naiz etorri zerbitza nazaten, zerbitzatzera baizik» (Mk 10,45); “maita ezazue elkar nik maite izan zaituztedan bezala” (Jn 13,34). Dohainekoa eta baldintza gabea da Jesusen maitasuna. Oztopo guztiak gainditzen dituen maitasuna (kritika, tranpa, traizio, abandonu, ukazio, gorroto…, eta gurutzera arte eutsiko diona: «Aita, barka iezaiezu, ez dakite-eta zer egiten duten» (Lc 23,34).

Bere sekretua “Abba” da.- Jesusen identitatearen barne-muina (nukleoa), bihotza, bere bizi-sekretua: Jainkoa da. Ez du beste inork bizi izan Jesusek Jainkoarekin bizi izan duen esperientzia. Bakarra da haren esperientzia. Hasiera-hasieratik, ageri zaigu hori. “Abba” esango dio (Aita maitatua). Bera seme maitatu eta otzan sentituko da, eta bizituko, bi jarrera nabarmentzen zaizkiola: konfiantza eta disponibilitatea.

Jainkoa definitzen duena –esango du Jesusek– ez da bere boterea, paganoen artean bezala; ezta bere juizioa ere, Bautistaren kasuan bezala; baizik eta bere onginahia eta maitasun errukitsua (Lk 15),  dohainekoa eta neurrigabea. Jesusengan Jainkoak utzi dio anbiguo izateari: Maitasuna da bakar-bakarrik.

Jesusek Aitarengandik bizi du bere bizia, haustura eta separaziorik gabe. Eta horri esker da besteentzako bizia; eta horri esker da maitasuna bere jokabide osoaren eta bere mezu guztien ardatza.

Ikusi dugun eran, gauza guztien zentroa Maitasuna da Jesusengan, bai praktika moduan eta bai mezu gisa. Misterioa (Jainkoa, Dena… maitasuna eta dohaintasuna da: Mt 20,1-16), eta besteenganako erruki moduan espresatzen da.    

Testuan aipaturiko zitak

A

  • Jesusen senitartekoak, jakin zutenean, hartu eta eramateko asmotan etorri ziren, burutik egina zegoela uste baitzuten (Mk 3,21).
  • Deabruaren indarrez botatzen ditu honek deabruak (Mk 3,22).
  • A ze tripazain eta mozkorra, zergalari eta bekatarien laguna! (Lk 7,34; Mt 11,19).
  • Biraoka ari duk. Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak berak baizik? (Mk 2,7).
  • Jauna, gogoratu engainatzaile horrek, artean bizi zela, hau esan zuela: “Hiru egunen buruan piztu egingo naiz” (Mt 27,63).
  • Gure nazioa nahaspilatzen harrapatu dugu gizon hau; enperadoreari zergak ordaintzea galarazten du, eta Mesias, erregea, dela esaten (Lk 23,2).
  • Jaiki, ohatila hartu eta han joan zen. Harriturik gelditu ziren denak, eta Jainkoa goresten zuten esanez: “Ez dugu horrelakorik ikusi” (Mk 2,12)
  • Ongi egin du dena: gorrei entzunarazi eta mutuei hitz eragin (Mk 7,37).
  • Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez irakasten baitzien, eta ez lege-maisuek bezala (Mk 1,22).
  • “Eman Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari”. Txunditurik utzi zituen erantzun horrekin (Mk 12,17).

B

  • Zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei; (…); gero, zatoz eta jarrai iezadazu (Mk 10,21).
  • Baina ai! zuek, aberatsok, baduzue-eta zeuon poza (Lk 6,24). “Aberatsa eta Lazaro” (Lk 16,19-31). Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat izango da pilatu duzuna? (Lk 12,20). Orratzaren begitik gamelua pasatzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino (Mk 10,25).
  • Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko zaituzte-eta Jainkoak. Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue (Lk 6,21). … berak bainau sagaratu, behartsuei berri ona emateko; berak nau bidali, gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera, eta zapalduak askatzera (Lk 4,18). … itsuek ikusi egiten dute, eta herrenak badabiltza; lepradunak garbi geratzen dira, eta gorrek entzun egiten dute; hildakoak piztu egiten dira, eta behartsuei berriona ematen zaie (Mt 11,5).

D

  • Handik atera orduko, fariseuek eta Herodesen alderdikoek elkar hartu zuten Jesusen kontra, nola hilko (Mk 3,6).
  • Larunbatez zer dugu gizalegezkoa, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala kentzea? (Mk 3,4).

E

  •  “Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean hark hain maite dituen gizon-emakumeei!” (Lk 2,114).
  • Jesus agertu zitzaien erdian eta esan zien: “Bakea zuei”.
  • Badator ordua –hobeto esan, heldu da–, nor bere aldetik sakabanatu eta bakarrik utziko nauzuena. Baina ez nago bakarrik, nirekin baitago Aita (Jn 16,32).
  • Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte (Jn 4,34).
  • Aita eta biok bat gara (Jn 10,30).
  • Izan ere, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu hark bi herriak, bereizten zituen etsaitasunaren hesia deseginik (Ef 2,14).

F

  • Maitatu etsaiak, egin ongi gorroto zaituztenei… Masail batean jotzen zaituenari eskaini bestea ere; soingainekoa kentzen dizunari, ez ukatu soinekoa ere… Besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei… Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala.
  • Benetan diotsuet: nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten” (Mt 25,31-46).
  • Zeren Gizonaren Semea ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera (Mk 10,45).
  • Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar (Jn 13,34).
  • Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren (Lk 23,34).

G

  • Seme, zu beti nirekin zaude, eta nire guztia zurea duzu. Baina egoki zen poztu eta festa egitea, zure anaia hau hilda baikenuen, eta piztu egin zaigu; galdua genuen, eta aurkitu egin dugu (Lk 15,31-32).
  • Mahastiko langileen parabola: bakoitza noiz hasi zen begiratu gabe, denei berdin ordaindu. “Ni ona naizelako ezinikusia al didazu? Azkenekoak lehenengo izango dira, eta lehenengoak azkeneko (Mt 20-15-16).

 Bibliografia: Enrique Martínez Lozano, Otro modo de ver. Otro modo de vivir”, (EDITORIAL DESCLÉE DE BROUWER, S. A., 2014)

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s