Mini-narrazioak

 Nabaritu

«Oraintxe joan da», esan zidan, eta malkoak zerizkion begietatik. «Itzulinguruka ibili da, baina alferrik; ederki antzeman diot», jarraitu zuen. «Aurpegian hainbeste kolore zeuzkan! Hala ere, kontraste gutxi. Denek norabide berean ipini naute. Susmo bakarra piztu didate: berriz ere hartzen hasi da», eta oraingoan zapi zuri handia atera behar izan zuen, malkoak lehortzeko.

Utzi

Izerdia lehortu nion. Udaberria zen. Aparteko berorik ez. Leihotik begiratzean loreak ikusten ziren beheko jardinean. Apirileko euri ugariak bustitzen zuen gelako kristala. Eta izerdiak haren bekokia. Azken arnasaren zain zegoen, arnasa hartu ezinik. «Hiltzeko, aukeran, nahiago nuke udazkena», ozta-ozta entzun nion, eta gorputzak eman ziezazkiokeen indar guztiak erabili zituen horretarako! Berriz ere zapia hurreratu nion, eskuarekin eragotzi nahi izan zidan; ezin izan zuen eraman, nahi zuen tokira. Orduan, «utzi» geldo bat atera zitzaion. Udaberrian hil zen, aparteko berorik ez zen egun batean… Izerditan!

Aurrerako?

Hala gertatu zenean, senarrari berehala kontatu nion. «Aurrerako dagoela?», bota zidan zizpuru, animalia eta pertsonen arteko bereizketa barik. Mandiotik atera eta baso aldera ezkutatu zen. Aldareko argi guztiak piztuta egin genion elizkizuna. Ez zela sekula aitona izango jakin gabe joan zen.

Atzeraka

Omenaldia. Oraintxe dira ehun urte amona jaio zela. Geroztik ez zuen denbora asko alferrik galdu: gelditu gabe jardun zuen lanean. Bazekien txahal ederrak hazten. Ondo ala gaizki, gutxienez hamabi aldiz erditu zen. Semea jarri zuen etxean. Ez zen gizon txarra, baina jokalari amorratua. Ez zeukan astirik familiari kasu egiteko. Amonaren txahalak ezkutatzen ziren, baina dirurik azaltzen ez. Egun batean, «etxetik atera beharrean gara», esan zion aitak amonari. Ordurako idirik gabe, geratzen zen behi bakarra uztarri motzean lotuta, leran, atzeraka eseririk, baserri zaharrari begira, eraitsi zuten amona beheko kamiora… eta handik ospitalera.

Erreakzioak

Erredakzioko mahaiaren gainean utzi zidan idazkariak argazkia. «Gero etorriko dela esan du», azpian oharra. Lirain eta airos ageri zen. Bular tenteak. Izterrak, lerden. Atea jo zidan, eta «Aurrera!» esan nion. Argazkiak bana-banan pasatzen hasi nintzen, eta ezin nuen aurkitu. Gora eta behera mugitzen nuen burua. Azkenean, idazkariaren oharretik jabetu nintzen. Aurpegian zimurrak. Freskotasunik ez. Prezioa esan nion, eta konforme. Eskua emanda agurtu nuen. Buelta hartu zuen, eta buruan geratu zitzaidan argazkiak eta paperekoak ez zuten antzik. Ez daukat ondorengo erreakzioen berririk.

Itzuli

Negu-giro. Txolarreak, txioka, lurmen bila. Guk trineoa genuen jostailu; elurra, bide. Ezin izan zuen gelditu, beheko pagondoa jo arte. Hiltzat utzi genuen. Den-dena kontatu zigun, tunel zuritik itzuli zenean: ahoz ahokoa nork egin zion, zeinek egin zuen negar asko eta zeinek gutxi, eta pitzaturiko burezurra nola lotu zioten. Arbola gainean pausaturik ikusi omen zuen dena. Bere gorputzaren erreakzio guztiak sentitzen omen zituen, eta apurturiko buruak zer pentsatzen zion ere bai. Eta itzultzeko gogo gutxi, nonbait, egun asko zalantzan egon ondoren itzuli zen. Medikuek miraritzat hartu zuten. Guk, harriturik. Berak, lasai. Ez omen dago norberak nahi duenean joaterik.

Poztu

Gau batean hil zen. Semeak dozena bat urte izango zituen. Grabaturik geratu zitzaion eszena. Sagardotegitik etorri zen, hainbatetan bezala; beti bezain bete. Baina inork ez zuen halakorik espero. Zurrungaz ari zen sofan, eta kolpean isildu zen. Denak aztarrika eta ezer egin ezin. Hura koadroa! Amak zenbat errieta eman zion, bere grina txarrengatik, eta egun hartan poztu egiten zela esan zuen, nahi eran bizitzen utzi ziolako, pasarazitako guztia ahantzirik. «Bizitza honi probetxua aterata joan da, behintzat, eta…»

Testigu

Istripua nire begien aurrean gertatu zen, eta testigutza egitera behartu ninduten. Suerte txarra. Hain ausarki kometa maneiatzen zuen mutikori begira geratuko nintzelako, bi minutu atzeratu nintzen, eta, justu, horiexek behar istripua ikusteko. Balantzea: gidarietako batek tibia hautsita, eta besteek ezer ez, txakurra barne. Hilabete batzuetara izan eman epaiketa. Nire iritzia eman nuen, ahalik eta ongien, epailearen aurrean. Eta bi gidariak haserretu zitzaizkidan.

 Argilés

Kromoak batzen genituen, albuma osatu eta baloia hartzeko. Txokolate-tabletan etortzen zen kromoa. Nire adineko neskato gazte eta jatorra egoten zen, askotan, dendan. Ni herabea naiz, lotsaturik sartzen nintzen dendara. Behin batean gertatu zitzaidana ez zait ahaztuko bizi naizen artean. Esan nion kromo bakarra falta nuela albuma osatzeko. Hark zein zen galdetu eta nik «Argilés» erantzun. Oso zaila zen. Neskatoak ez dakit nondik atera zuen tableta bat, eta Argilés barruan. Oraindik emozioak jotzen nau. Jakizu zergatik!

Gerran

Txikia zela, aita desagertu egin zen bere bizitzatik.
—Nora joan da? —galdetzen zion amari.
—Gerran da —esan zion amak alabari.

Eta horrek urteko askotako isiltasuna ekarri zuen etxe hartara. Alabak  hogei bat urte zituen aita itzuli zenean, gorputz handiko aingerua zen alaba. Amari edo ahizpari eskua emanda ibiltzen zen kalean. Aita bazetorrela esan ziotenean, galdetu zuen:
—Irabazi al du?

Negar

Osaba gerratik itzuli zen. «Horiek ibiliak! Gerra, nonbait, gauza motza duzu!» esaten zion bere buruari, osabari entzun ondoren. Eta negar egiten zuen, handia egindakoan gerrara joan beharko zuela-eta.

 Zabor-pila

Eskolatua ez, baina ikasia zen. «Berezkoa» esate zioten etxean. Borda izenean, etxea egin zuen. Hain berezia eta bitxi zen arkitektura aldetik! Gustura zegoen gizona, orduak ematen zituen bere obra handia kontenplatzen. Eta hain zegoen toki politean, mendi ertz batean gorderik! Kanpotik deigarria bezain atsegina eta praktikoa zen barrutik. Nola ez zekiela, azkenerako, erromes-toki itzel bilakatu zen. Galdera bera egiten zioten denek: «Zein arkitektok diseinatu du?» Azkena iritsi ziren erromesek ez zuten ikusi ahal izan zabor-pila handi bat baino. Borra handi bat zegoen zabor-pilaren gainean… eta bonbatxo zuriak aldamenean.

 Bidali

Hamar urte zeuzkan neskatoak. Bi ogitarteko hartzen zituen egunero, merienda egiteko. Denbora askoren buruan, neguko arratsalde batean, bakarra eraman zuen. Etxetik irten eta berehala, berriro, atea jo zuen. Amak ireki zion atea: «Bere herrira bidali  dute» esan zion, eta bi negar-anpulu lehertu ziren amaren oinetan.

 Bila  

—Nora hoa? —lagun batek besteari.
—Elizara. Hik ez al duk joan behar?
—Ez.
—Zergatik?
—Bila nabilelako.
—Zeren bila?
—Elizaren.

Geltokia

Tren-geltokian egin zuten topo idazleak eta pintoreak. Idazlea aurreratu zen agurtzera, baina pintoreak ez-ikusia egin zion, agintzen zuten politikoekin eta bere adiskideekin problemarik ez izatearren. Geroztik, harreman hotzak izan ziren beti bien artean, itsuskeria horren ondorioz. Lagun bati kontatu diot. Historia hori ongi ezagutzen duela esan dit. Izenak galdetu dizkit.

Sua

Sasiei su eman zien, literalki, inguruko sastrakak erre eta zelai-barrena txukuntzeko. Suak indar handia hartu zuen. Ezin izan zioten setioan eutsi aitonak bi biloba gaztek. Beheraxeago, gizon bat segan ari zen, ganadu-janak egiten. Umeek esan zioten zer gertatzen zen, eta ez zeukala laguntzerik erantzun zien, behiak goseak zeuden eta.

Banketxea

Halako batean hartu zuen. Hipoteka ez zuela ordaintzerik, langabezian geratu zela eta… epeak atzera bazitezkeen. Hori zen azaldu beharreko guztia. Ezezkoa eman zioten, eta exekuzio-prozesuari ekingo ziotela. Kale gorrian geratu zen emaztea eta bi alaba txikirekin. Janari-bankura jo behar izan du, Urtezaharra ospatzeko. Banketxeko zuzendaria ari zen elikagaiak banatzen. Bina ezpata zorrotz sartu dizkiote elkarri begietatik barrena, irribarre zuri eta hitz gozoekin nahasi. «Bai gizon jatorra, aita», esan dio alabak.

Maite

Haserrealdi luzearen ostean, topo egin zuten, eta esan zion:

—Maite zaitut.

Eta erantzun zion:

—Hamar aldiz huts egiten dudanean esango dizut hori.

Loreak

Lorezalea zen benetan. Hori jakin zuenean, lorategia ipini zuen etxe ondoko ortuan. Ondo zaintzen zituen loreak. Ureztatu eta jorratzeaz gain, hizketan ere egiten zien. Eguzkiari eta ilargiari inbidia emateraino ziren eder lorategiko loreak. Sartzen uzteko eskatzen zion maiteak, baina ez zion amore ematen.

—Sartu, sartu, nahi baduzu, baina ez ahaztu zakur handi eta gaiztoa dabilela ortuan jiraka. Hozka egin eta elbarri utz zintzake.

Maitea, bat-batean, ezkutatu egin zen lorezainaren bizitzatik, ez bihotzetik, eta loreei ez zien gehiago urik eman, ez zien gehiago ipuinik kontatu, eta zimurtu eta zimeldu egin ziren. Lorezainak ez baitzeukan jada loreak nori erakutsirik.

Soldadu

Ez dago esaterik bat non eta nola izan litekeen. Jaiotze honek baditu komeria galantak. Hogei urte eta soldadu joan behar, etxekoak penaz eta maingu utzita. Joan zenean ez zekien erdaraz eta, itzuli zenerako, euskaraz ere ahaztu egin zitzaion.

 Kuleroak

Mary urrundik heldu da New Yorkeko unibertsitatera. Oso bakarrik sentitzen da,  John ezagutu zuen arte. Unibertsitateko bakardadeak asko irakasten du. Hilabete batzuk geroago, Johnek bere apartamendura gonbidatzen du Mary. Beste ezertarako betarik gabe ohean sartu dira. Handik minutu batzuetara, ahots kraskatuaz, esaten dio Johnek Maryri: «Birjina zeundela jakin izan banu, asti gehixeago hartuko nuen», eta erantzuten dio Maryk: «Asti gehiago bazenuela jakin izan banu, kuleroak kenduko nituen.» (cf. Osho: ‘Destino, libertad y alma’). John leihotik begira geratu zen zer egin ez zekiela, eta Mary kalean, noraezean.

Arbolan

Mendira joan zen, aspaldikoa partez. Eguraldi ona egiten zuen. Txanoa jantzi zuen, baina ez eguraldi txarraren kontra, haizetik babesteko baizik. Pagadi zarratuan sartu zen. Kurrinka-soinua entzun zuen. Basurdeak! Ez zekien hamar ala ehun.  Orbeletan kraska-kraska! Labana sartuta ere ez zuen odolik emango. Hala ere suerteko suertatu zen: pago baten lepora igo zen. Aldapan gora urruntzen hasi zirenean, jaisten hasi zen, eta aldameneko pagoaren azpian mugimendua. Bikotea, basurdeez enteratu gabe. Premonizio bilakatu zen arestian pago gainean irakurri zuena: «Nos enamoramos inmediatamente, de una manera frenética, impúdica, angustiada. Y desesperanzada, debería agregar, porque aquellos arrebatos de mutua posesión sólo se habrían saciado si cada uno hubiera embebido y saturado realmente de cada partícula del alma y el corazón del otro.» Esan zidan, baina liburuaren izena ez dut gogoan. Argazkia baino ez dut gogoan: bi bare, elkarri josita.

Amodioa

Gurea amaitu da» esan zion neskak. Ez zion sinetsi. «Ezin liteke!» erantzun zion. Frogak ematen hasi zen neska. Ez zen azaldu ohiko hitzorduetara. Mutilari ez zitzaion geratu zauria miazkatzea baizik. Eta, gitarraren laguntzaz, hau kantatu zuen gitarra apurtu arte:

Amodioak hegoak labur
gogoa berriz luzea,
paradisua nahi den lekuan
suertatzen da leizea,
ferekatzea desio eta
sartzen dizute iltzea,
sufrimenduzko bizi ezina
baino hobe da hiltzea:
ez du merezi mundu honetan
arrastaka ibiltzea.

Gitarra apurtu zuenean, ingurumarian hain ugariak diren alertze pinu haietako baten gainera igo zen. Hantxe egon zen, bake-epailea etorri arte. Ez zen gauza arrastaka ibiltzeko ere.

Aulkia hutsik

Egunez argi gehiegi irizten diot. Ilun-bistan ateratzen naiz balkoira, pertsonak eta objektuak itzalen moduan ikusten hasten naizenean. Balkoiko leihoa ixtean, zizpuru egiten dut, eta eskaileratako bidea  hartzen dut, parkera joateko. Etxearen ondo-ondoan dago parkea. Eta parkean aulki asko, eta parkean aulki bat berezia, eta hutsik. Hasperen egitearekin batera, malkoek estaltzen dizkidate begiak eta, gero eta ilunago, itzulian etxera. Etxe osoa neuretzat dudala nabil, zonbi. Burkoak xurgatzen dit masailean beherako iturria, zu ez zaudelako.

Argazkiak

Jendeak ito egiten nau, eta bakardadera, berriz, ez naiz ohitzen. Zure argazkiak ipini ditut etxea osoan zehar, beteko zutelakoan, eta hustasuna areagotu baino ez dute egin.

—Argazkiak politak dira —esaten diot neure buruari.

—Argazkiak politak dira, han dagoenak berak komentatzen dizkizuenean edo han dagoena itzuliko dela espero duzunean —erantzuten dit.

Ez dago esan beharrik, pasaia ilundu egiten dute.

Batzuetan, geldi-geldi geratzen naiz zure argazkiaren aurrean, hatza ezpainean ipinita, isiltasun eske. Zer diozun entzun nahian.

 Lagun-mina

Zure lagun-minarekin egin dut topo. Parketik omen zetorren, lagunekin solasean egonda. Nik ez daukat lagunik.

Arranguratsu ikusi nau. «Ulertzen dizut, baina ni ere hementxe nago», esan dit.

Ez dakit, ordea, biok berdin gauden.

«Ezagutu aurretik zoriontsu baginen, zergatik ez desagertu ostean?», jarraitu du.

Nire zoriona, hein handian, hari lotua zegoelako. Ez dut ulertzen labankada berriez sendatu nahi zaituen jendearen jarrera.

«Zeuk ikusi, zeuk erabaki zorigaiztoko izan ala zorionera itzuli».

«Neuk erabaki?»

Gogoratu

Begi-bistan dago argazkien bidez ezin zaitudala ikusi. Beste egonleku guztietatik joan zatzaizkit eta nire buruan egin duzu habia. Psikologoa ere kontra daukat: «Buruko presentzia tumorea bezala da; alegia, gaixotasuna», esan dit. Oroitzeko modu zuzena aurkitu arte ez omen dut bakerik sentituko. Eta nik nola gogoratzea nahi duzu? Neure buruaz errukitzen ere ez dit uzten psikologoak. Nola lortuko ote nuke bizitzen lagunduko didan zure presentzia? Gogoan izango zaitut, ematen dizut hitza, baina, hain zuzen zure ohorez, bizitza normala egiten jarraituko dut. Ez nuke nahi ohea droga bihurtzerik. Ni pozik ikusteak pozten zintuela esan zenidan behin, eta badakit ez zarela aldatu.

Apaindu

Lankide bat medikuarengana joan zen depresioak jota. Dotore janzten zekienik baldin bazen, nire laguna bat.  Garbi eta maratza, euskal nobela zahar batean esan den bezala. Baina fabore ustekoa kontra atera. «Depresioa duena ez da hain dotore azaltzen goizean goizetik», esan dio, bada, medikuak! Ile-apaindegira noa ile lardats hauek zuzentzera. Aurpegian krema ematen hasi behar dut. Azkazalak pintatzen. Begietako rimela, malkoen errioak aurrean eramateko beldurrez, sei hilabeteotan eman ez badut, hastera noa ematen. Gehiago ez diot entzun nahi neure buruari, ispiluaren aurrean jarri eta marra beltz okerra ikustean, «bost axola niri begietako rimela…» Zure irribarre konplizea ikusten dut ispiluan.

Esan zidan (1)

Badira idatziak, bertsoak, poemak, argazkiak… begiraldi bakoitzean zerbait berria esaten dizutenak. Badira idatziak, bertsoak, poemak argazkiak… zeuk lehendik dakizuna besterik esaten ez dizutenak, baina begira iezaiezu hauei ere jakin-minez, haur-begiez, zerbait lehenengo aldiz ikusi zenuen ilusio eta magia berarekin; ziur nago beti aurkitu duzula zerbait berririk, nik Nañarriri begiratzen diodanean bezala. Gainera, esan didate, jakin dut, hori dela bizitzeko manerarik egoki eta interesgarriena.

Esan zidan (2)

Badira pertsonak bizitzatik ikasten dutenak; badira bertsoak buruan liburu mordoa sartzen dutenak; lehenengoek iraun egiten dute; bigarrenak kiskali egiten dira, direna direlako, hau da, paper-sorta baino ez direlako.

Tutera

Sei hilabete dira joan zinela. Sei hilabete zure berririk ez dudala. Bezperan pozik zeuden. Sekulako ilusioa zeneukan Tuterako lagunaren etxera joateko. Sekula izan gabe zeunden. Karrera amaitutako urtea. Amak errazago ematen du amore.

Lorategia

Gaur goizean lorategian begira egon naiz. Zuk geranioak zenituen tokian, orain pentsamenduak egon behar zuten, baina hutsik dago lorategia, denboraldiko lorerik ez dago, urte osokoak bai. Horiek monotoniaren sinbolo dira, denboraldiko lorea da dinamika. Oroitzen al zara nola jardun genuen geranioak aldatzen, euriak harrapatu baino lehen. Gainera, unibertsitateko zure lagunak etortzekoak ziren, eta lorategia erakutsi nahi zenien bereziki.

 Katua

Katua autoak harrapatu zuen. Sustoaren ostean, pentsatu nuen ez zuela ezer askorik izango, hanka hautsia-edo… Buruan zeukan kolpea, eta handik joan zen. Zabortegira deitu eta haiek eraman zuten. Zuk hainbeste jostatu zenuen txakurrarekin bakarrik geratu nintzen. Oroitzapen txarrak ekartzen zizkidan. Txakurtegira eraman nuen, gero bisitatuko nuen promesarekin, baina ez dut bete promesa.

Artzaina

Artzainari erosia zen, ardiak saldu eta txakurrekin bakarrik geratu zenean. Gizon atsegina. Mendiko haizeak forma emandako haren musu gorriak onberatasuna adierazten zuen. Nahi zenuena aukeratzeko esan zizun. Lagundu nahi izan nizun aukera egiten, baina ez zenuen ahorik zabaldu ere egiten, txakurrei begira. Ordu erdi bat baino gehiago generaman aukeraketan eta, halako batean, «hauxe» esan zenuen. Artzain-txakur arrazakoa zen. Aho-sabai beltzekoa. Horiek omen dira onak. Zurekin batera hazi zen gure etxean. Belarriak, berez, ez zituen tenteak, baina aztarnarik txikiena nabaritu orduko tentetzen zituen. Berriz diot: zenbat jolas egin zenuten!

Antsietatea

Sofan gelditu nintzen, konortea galduta. Klinikan esnatu nintzen. Ez nintzen ezertaz gogoratzen. Ezkerreko eskuan plastikozko hodi txiki luzea neukan erantsita. Handik elikatu omen ninduten konortea etorri arte. Jaikitzen hasi nintzenean, internista  koordinatzaileak bisitatu ninduen. «Antsietate-atakea izan duzu», esan zidan. Ondo zekien gure berri. «Bakarrik zaudenez, zerorri kontatuko dizut dena», adierazi eta begietara begiratu zidan. Nik begiak itxi nituen, baina kanila ez.

Eraztuna

Lehen, nahi nuena bakarrik esaten nuen, eta orain, berriz, damutzen naizenak ere gauza asko esaten ditut. Arrabia izugarria ematen dit, eta estrategia berria asmatu dut: zerbait gogoratu nahi dudanean, eraztuna aldatzen dut tokiz, baina eraztuna zertarako aldatu dudan ahazten zait gero.

Izarrak

Izarrei begiratzen diet, zu ikusiko ote zaitudan. Batzuetan, baietz iruditzen zait. Ilun dagonean, argi bat ikusten dut, eta huraxe ote zaren egoten naiz. Gero, izarrez betetzen da ortzi osoa; orduan nork antzeman! Izar asko dago zeruan.

Lotara

Gero lotara joaten naiz, egun osorako. Begiak ixten ditut, olatuen murmurioa hobeto entzutearren, edo musika klasikoa hobeto dastatzeko. Zeuk ekarriak dira etxean dauden disko gehienak. Pozik entzuten ditut. Loak hartzen nau, eta musikak jarraitu egiten du. Artzainaren ardien zintzarri-hotsak ere entzuten ditut…. Baina artzainak orain ez dauka ardirik!

Jainkoa

Negar-saioa egindakoan, Jainkoari kontuak eskatzen hasten naiz: «No zinen zezenak Dora harrapatu zuenean?». Eskola zaharrekoa naiz eta ezin isildu. Egia da, ondo gabiltzanean ez dugu Jainkoaren premiarik izaten. Zerbait ez dut ondo ulertzen edo ez zerbait ez digute ongi esplikatu. Horren ondorioa da garrasia, eta, koba-zuloaren beste aldean, garrasiaren oihartzuna baino ez da entzuten.

Ezinaren lanak

Ama tuntuna dela pentsatuko zenuke zuk. Jainkoa ez dela hori esango zenuke. Agian, arrazoi duzu, baina ezinak… pentsamendu gogorrak sortzen ditu gure gogamenean. Ezbeharra berritzeak oinazea dakarrela esaten zeuen. Eta gogoratzen ez baduzu, haria eten dela diotsu nik. Maitea joan eta, gainera, haren oroitzapenik gabe geratzea ez al da ikaragarria? Ohitura handia zenuen hau esateko: «Gauzak ez zaizkigu guri gertatzen, gure kontzientzian gertatzen dira». Eta esaldi polit horrekin zer konpontzen du alaba zezenak jota eta bota dion amak?

Proiektu berriak

Nire pentsamenduek atzeraka bakarrik egiten dute. Ez dut proiektu berririk. Hautsitako koadroa besterik ez dut aurrean. Eta hori osatzea ezinezkoa da. Neu joan eta hortxe uzten dudanean konponduko da.

Ametsak

Lehen, ametsak elkarrekin egiten genituen: kontsulta berria, oporrak… Animaliek ere egiten dituzte ametsak. Lehoiak atzaparrak astintzen ditu ametsetan. Presoari zeldako giltza iristen zaio gutunarekin barnean. Biziraupenerako ametsak dira, oro har. Horren harira, elkarrekin ondoan telebista ikusten gaudela amestu beharko nuke nik. Baina ez dut nahi amets hori. Zer abantaila du errealitatetik urruntzen zaituen ametsak? Nahiago dut ametsetako denbora esna pasatzea.

 Xoleren ametsak

Xolek ere egiten zituen ametsak, Etxauriko txakurtegira eraman aurretik. Behin batean, saloian telebista ikusten nengoela, buztan-kolpeka ari zen zoruaren kontra. Ametsetan ari zen.  “Agian, orduantxe itzuli zinen praktiketatik eta ongietorria ematen ari zitzaizun”.

Galderak

Zuk egingo zenidan galderaren zain-zain igaro zuen bizitza osoa. Eta sekula ez zenidan galdetu. Exijitu bazenik, emango nizun don Raimundoren berri. Don Raimundo gizon ona zen, eliztarrek estimu handitan zeukaten.

 Leihotik begira

Balkoiko leihotik begira egoten zinen askotan, pentsamenduetan galduta bezala.

—Zer ari zara pentsatzen? —galdetzen nizuna, eta:

—Zeruak amaierarik ba ote duen —erantzuten zenidan.

Eta, ironiaz, medikua zinela gogoratzen nizun.

Barre egiten zenidan; apika, nire ignorantziagatik.

Promesak

Nik ez nizun promesik egin, ez zinen-eta gaixo egon. Bat-batean hil zinen, zezenak jo eta espaloiaren kontra erortzean. Baina asko baldintzatzen nauzu. Zerbait egin edo erabakiren hartu behar dudanean, zu zauzkat beti gogoan, eta hasten naiz: “Dorak onartuko ote zukeen hau?”. Apurtzen ez den bidegurutzea daramat gainean. Zuri gustua egin nahi, eta ezin jakin nola.

 Ume bihurtzen

Ume bihurtzen ari naizela pentsatzen dut batzuetan. Lotsatu egiten naiz, horrelako gauzak esaten ditudalako. Baina pertsonari hizpide gehienak eteten zaizkio alabaren heriotzarekin. Ez elkarrizketarik, zu tartean sartu gabe. Umeak bezalakoak gara, ni behintzat: amak soineko berria erosi badio, umeak ez dauka beste konturik, eta koadrilako bati hilekoa etorri bazaio, harekin jardungo dute asteburu osoan; akaso, hilabete osoan. Niri berdin gertatzen zait: Dora da gai printzipala ailegaturiko toki guztietan. Sufritu eta sufrimenduari buelta ematen ez gara gelditzen. Penak eperik ez du. Gaur asko sufritu eta bihar amaituko balitz, onar daiteke dobleko sufrimendua ere, baina bihar ere gaurko programa bera duzu. Pertsonak mundu honetan nik adina sufritu behar badu, ez dago infernu beharrik. Baina zu zorrotza zinen: «Sufritzea erabakitzen duelako sufritzen du pertsonak.»

 Ez da igual

Absentziak ere diferenteak dira. Agian, zu minbiziarekin joan  izan bazina, nik orain ez nuen horrenbeste sufrituko. Baina, esan ohi den eran, horrelako deskuidu tonto batengatik hiltzea! Horrek sufrimendua areagotu egiten du. Disfrutatzera atera, eta gorpu itzuli. Ez da gauza bera onkologikotik etxera ekartzea. Guk zezen plazatik ekarri zintugun. Ez da igual! Eta horrek pisatu egiten du.

Katea eten

Sendo dagoen katea eteten denean, kolpea ikaragarria da: tsunamia da hori; kate horixe eten da Dora eta nire artean. Bi pertsonen artean komunikazioa dagoenean, elkarren iturritik edanez bizi dira. Zenbat eta gehiago hitz egin orduan eta gehiago gelditzen da esan gabe, komunikazio behar berriak sortzen dira eta. Hemen gelditzen da pilaturik hitz mordoa, ezertarako balio ez duela, zuretzat baitziren hitz horiek, eta zuk niri esan beharrekoak ere hor galduko ziren nonbait, zerbitzurik gabe, haizeak eramanak.

 Heriotza

Batzuen ustez, heriotzak ez dio axola. Biziaren bi aldeak dira jaiotza eta heriotza. Itsasostik gatoz, olatu izan gara eta olatuak itsasora itzuli behar du. Jaio aurretik adina izango omen gara hil ostean ere. Hori erraz esaten da. Kontzientziak neuri ere horixe esaten dit, baina pentsamenduek beste bide bat hartzen duten. Bien bitartean, ni bakarrik!

 Mundura ekarri

Haur bat mundura ekartzea handia da benetan. Gainerako zirkunstantziak ez dira deus ekintza nagusiaren ondoan. Nork konformatzen da jaiotza eta heriotza berdinak direla entzunda?

 Bajan

Atzo pertsonal buruarekin hitz egitera joan nintzen fabrikara. Bajan egoteko denbora asko omen da sei hilabete.

Paseoa

Arratsaldean, barruan ezin kabitu eta, paseatzera atera naiz. Ibili luzea egin dut, Bideberrietan barrena. Oso dotore ipini dute. Lehengo trenbidean orain oinezkoentzako paseoa ipini dute. Aulki ederrak ere han-hemenka, nekatutakoan esertzeko. Eta mapak, mendi aldera-edo atera nahiz izanez gero. Paseo ederra eman dut, asko distraitu naiz on egin dit. Eguraldia ere halakoxea zen, eta aulki horietako batean eseri naiz. Begiak itxi ditut, eguzkiari aurpegia emanda. Belar onduaren usain gozoa zekarren aire suabeak. Zurekin gogoratu naiz berriz ere. Zortzi bat urteko neska koskorra zinen. Eskutik heldurik etortzen ginen eskolatik etxera. Tartean parkea zegoen. Parkean landare asko; horietako batzuk zeuok landatuak. Beti haiek seinalatzen zenizkidan. Haien ondora eramaten ninduzun. Xehetasunik galdetu gabe kontatzen zenidan dena. «Arnasa hartzeko beharrezko dira arbolak», esaten zenidan. Putzu bat ere bazegoen parkean, eta miraria iruditzen zitzaizun uretan loreak (nenufarrak) egotea. Baziren igelak ere. Haien kroaka errepikatzea gustatzen zitzaizun. Bidean topatzen zenituen tximeleta eta xomorro guztiak agurtzen zenituen, batez ere amona mantal-gorri gustatzen zitzaizun. Bederatzi urterako ikasi zenuen txori txikia eta txepetxa bereizten; etxe ondoko erreka-ertzean ibiltzen ziren.

 Egun ederra

Egun ederra izan da gaurkoa, hartu beharreko erabakia erraza ez bada ere. Nekaturik nago, baina merezi izan du. Gauero leihora ateratzeko ohitura daukat, eta horixe egingo dut. Gozatu egiten dut ortziari begira, izarrak ikusten. Gainera, gaueko aire freskoak on egingo zidala esan zidan medikuak, sarritan sentitzen dudan itolarria arintzeko.

 Aurikularrak

Hasi dira kale-garbitzaileak. Biltzen da oraintxe zaborra! Gaur egun inor ez da kale garbitzen kantari aritzen. Horiek ere sartu dira modan: belarri-zuloetan aurikularrak dituztela dabiltza. Munduaren martxa ez dakit ondo ote dabilen. «Ama, zahartzen ariko zara!», “esaten didazu”.

 Portaera

Ez luke hala izan beharko, baina etxea segituan desordenatzen dut. Kafe-ontzia hartzen dut, kafea eta mahai gainean uzten dut, armairuan sartu gabe. Ontzi-garbitzekoa ez dakit zenbat aldiz ipini behar izaten dudan, garbitutakoak eta erabili berriak nahasten baititut behin eta berriro. Boladaz, etxeko argi guztiak piztuta edukitzen ditut. Hurrena, berriz, etxean soberan  dudan jeneroa igual erosten dut.

Kontzentratu

Erruz kostatzen zait kontzentratzea. Telebistari begira jartzen naiz, begiak erdi itxita. Ez nuke piztuko, baina zarata behar izaten dut. Hitz solteak baino ez ditut aditzen, haizeak urruneko oihartzuna ekartzen duen moduan. Halako batean ohartu naiz eutanasiaz ari zirela. Kolpean, tenteago jarri naiz sofan. Ni neu ere alde nago.

Serin

Sei urterekin izan nuen heriotzarekin lehenengo enkontrua. Gure baserrian bazen Serin izeneko zakur zuri handia, ni gainean erabiltzen ninduena. Eguerdi batean, eskolatik itzultzean, ez nuen aurkitu atariko langa aurrean itxoiten.

Gizona

Hiriko parkean dago gizona, tamarindo txikien gerizpean, zarpail, zurezko besaulki erosoan eserita, deseroso. Flauta jotzen ari da. Soinu tristea dario flautari, tristea. Kapela aurrean, zentimo batzuekin. Ez da denbora asko berak ematen ziela besteei.

Hala ere, ez ditu txanpon guztiak jasotzen. Hiriko emakume aberats, dotore eta elizkoi bat hamar zentimoko txikia botatzen hasi da. Zetorren eran, kapelan pausatzen utzi gabe, eskuan hartu eta aurpegira bota dio. Emakumeak «lotsagaldua» esan dio. Irribarrea atera zaio gizonari, berak dioenez, eguneko garaipen bakarraren aurrean.

 Nolakoa izan

Gurasoek, apaizek eta maisuek nolakok izan behar dugun esaten dizute. Inork ez dizu galdetzen nolakoa zaren.

 Eskultura

Eskultura bat errestauratzen ari bagina bezala egiten dugu gure artetik joan den pertsonaren irudia, komeni zaiguna azpimarratu eta bestea estaliz.

Bizia

Ez dut sinetsi nahi bizia bi denboren arteko lapsus txiki bat besterik ez denik. Nahiago dut presente eternoa dastatu.

 Gizakia eta animalia

Mendebaldean gizakia erauzi egin da naturatik. Ez zaio utzi animaliekin afektua trukatzen, eta, tamalez, negargarri tratatu izan ditugu abereak, orain hori zerbait aldatu bada ere.

Xake-mate

Ba omen dira makinak munduko xake-jokalari onenari irabazteko kapazak. Frogatua eta demostratua omen dago. Pena da zer egiten duten ez jakitea.

Animalia sinbolikoa

Gizakia animalia sinbolikoa omen da. Hala diote adituek, Horrek esan nahi du errealitate objektiboa, kanpokoa, bere barne errotan ehotzen duela, bere subjektibotasunetik heltzen diola errealitateari. Horrela bihurtzen omen du zentzudun edo esanguratsu. Egiazki ezagutu ote daiteke errealitatea, hor dagoen hori, zentzumenen bidez bakarrik? Ba al dago mundua ezagutzerik, den bezala, interpretazio sinbolikoa baztertuta? Niri ez galdetu, mesedez!

Materia

Materia, aldi berean, partikula eta uhina baldin bada, ez dut baztertzen “kontzientzia” ere izan dezakeela. Demokrito gizagaixoa ni bezain nahastua eta harritua geratuko litzateke, gaur munduratuko balitz, haren “atomoek” eraman duten martxarekin; endemas ere hau entzungo balu: “Elektroia toki guztietan dago behatzaileak kolapsatu arte”.  Utz ditzagun bakean horrelako gauzak, erotu baino lehen!

Dogmak

Dogma guztiak apurtu arte munduak ez dauka etorkizunik, etorkizun duinik guztiontzat.

 

 

Esta entrada fue publicada en 1 Narrazioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s