Lehenengo bake-prozesua geure buruarekin

Lau urte tiro-hotsik gabe. Bi urte eta erdi armak behin betiko uztea erabaki zuenetik. Egun hartan atera zitzaidan zizpuru luze, sakon eta zaratatsuak oihartzun dagi oraindik Txindokiko harkaitzaren kontra. Gauzak ez direla deus aldatu esaten duenak, ez daki zer esaten duen edo sesio bila dabil. Eta bitxia da korapiloa: bi aldetan ditu kritikoak, batzuek, tiroak isiltzea, ez dela aski esanez, eta besteak oraindik gatazka politikoak hor dirauela adieraziz. Segur aski, biek dute arrazoi, eta espero dut arrazoimena ere biek izatea. Biek izan dezakete egiaren zati bana, hala ere ez da inor egia nagusiaren jabe: ideia politikoen izenean inor ez hiltzea da lehenengoa eta, zorionez, betetzen ari da. Bazen garaia!

Ondorioz, puri-purian daude bake-prozesua, elkarbizitza, adiskidetzea, kontaera, biktimak, presoak… Elkartasun, Enpatia eta Errukiaz tratatu beharreko gaiak denak ere. Nik gaur bakarrari helduko diot: ‘elkarbizitza eraikitzea herrian’. Bizikidetza kinka larrian al zegoen, bada? Bai, borroka armatuaren garaian hala egon da, batez ere herri txikietan. Badakit giroa ez dela bere onera etorriko gauetik goizera, baina etorriko da, eta uste dut baikorrak izateko obligazioa daukagula.

Dena den, boluntarismo hutsak ez du balio. Asmo onek, lan pertsonalik gabe, ez dute fruiturik ematen. Lehenengo baketze-prozesua geure buruarekin egin behar dugu: korapiloak askatu, amorruak eta herrak baztertu… Inportantea da bakoitza bere buruarekin adiskidetzeasentitzen duen guztiarekin onartzea, gero bestea ere den bezala onartzeko. Sakon-sakonean denok bat garela esperimentatzea, sare batean lotuta bezala gaudela ikustea. «‘Zu’ beste ‘ni’ bat zara», esaten dute maisu espiritualek. Bakoitzak bere bidea egin behar du besteei ezer exijitu gabe.

Gertaturikoa hor dago, baina aurrera egin behar dugu horra murriztu gabe, gelditu eta arrazoi nork zuen eztabaidatzen hasi gabe. Edo egin behar bada, delako kontaera hori ahalik zuzena izan dadin egin behar da. Egoaren ezaugarrietako bat da arrazoi izan nahia. Ez dugu tranpa horretan erori behar. Esan dugun eran, egia osoa ez dauka inork.

Adiskidetzea ez da etorriko sortzen diren foro “artifizialetatik”, nahiz eta onak diren teorizazio-lanerako, baizik eta bakoitzaren lan pertsonaletik: zabiltzan tokian hitz egin, parte hartu gabe egon zaren ekintza batzuetan parte hartu, erlazio-zirkulua zabaldu… baina zeure burua bortxatu gabe, giroak berak eramanda.

Sekulako garrantzia du presentean bizi izaten jakiteak; presentea da denbora erreal bakarra. Zergatik diot hori? Zahartu garelako, etxean geratzeko tentazioak jo gaitzakeelako. Gure belaunaldian sortu zen gatazka, eta bake-prozesua ondo bideratuta ikusi nahi genuke.

Horretarako, inportantea da aurreratze-ahalmena, xedeari, azkenari, begira egiten dena presentean gozatzeko.  Bestela, zaharrak zirkulaziotik erretiratzea dator. Baina guk ere disfrutatu nahi dugu bakeaz. Nola? Azkenaren aurreikuzpena prozesura ekarriz.

 Goierritarra: 140327, moldatua.

 

Esta entrada fue publicada en 1 Ez-bi antologia y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s