Kale gorria ala beste mundua

Estella-Lizarrako Kale Nagusiak Santiago plazarekin bat egiten duen gunean egoten zen. Etxetik ekartzen zuen eser-aulkia. Kristal lodiko betaurrekoen babesean gordetzen zituen begiak. Ez zen ilegorria, berez lurralde hartakoei tokatzen zaien moduan. Berrogeita bost urte botatzen nizkion. Izenik ez dakit. Makuluari eusten zion esku batez; bestean, saski txiki bat edukitzen zuen. “Limosnatxo bat Jainkoaren izenean” eskatzeko adina ahots ozta-ozta jaulkitzen zuen haren eztarriak.

Behin, “zerbait emanez galdetu nion, ahal zen modurik onenean, ea zein gaitzek zeukan hala harturik mendean”. Erantzun zidan bosniarra zela eta ditxosozko gerra madarikatu haren erruz zegoela hala. Hortik aurrera, ez zidan eman xehetasun handirik eta neuk ere ez nion asko galdetzen, ez nuen nahi gehiegi oroitaraztea, oroimena sufrimendua baitzen harentzat, eta niretzat. Hala ere, behin aitortu zidan hiru aldiz zauritu zutela eta , metraila puska asko zeukala gorputzean.

Han etorkizunik gabe geratu bide zen, eta hegoaldera jo zuen, eta Estella-Lizarran ‘aterrizatu’, peripezia askoren ostean. Lagun batzuen etxean bizi zen, limosnetatik ateratzen zuenarekin iristen zitzaiona ordainduz, eta gainerakoa Jainkoak ordaintzekotan. Nik ere ematen nion zerbait. Hura ikusteak gauza bera gogoratzen zidan astero: “gaur osteguna duk.” Ahots-hari meheaz ematen zizkidan eskerrak, baina ez zeukan eman beharrik, konpentsatua sentitzen nintzen harekin bost minutu egonda.

Azkeneko ostegun hauetan ez dut ikusi. Ez dakit zer paraderotan dabilen gizona. Txarrena pentsatzen dut, baina inork ez dit baieztatu. Izan ere hemen, Jainkoak ez bada, beste inork ez du eramaten anonimatuan bizi eta hiltzen direnen konturik. Eta zenbat bizi eta hiltzen den anonimatuan, Granadako gizon koitadu hori bezala: etxea kendu behar zioten egunean, hilda aurkitu dute, etxeko patioa patibulu bihurturik, zintzilika, jada etxe barrua berea ez dela onartu izan balu bezala. Alternatiba hori aukeratu du, beste bat ere bazeukan: astiro-astiro kale gorrian suizidatu.

Lehorrez zein itsasoz, zorrotz dabil heriotzaren sega, baina sega ez da mugitzen inork astintzen ez badu.

Bai Horixe, DV: 121128, moldatua.

 

Esta entrada fue publicada en 1 Ez-bi antologia y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s