Kontzientziarik ezean, errealitatea desagertu egiten da (1, 22)

Hitzaurrea

Horrelako lan gehienek, nire kasuan behintzat, “OMEN” handi bat eraman beharko lukete, ez baitzaigu geratzen besterena baliatzea beste erremediorik geure gogoetak uztartzeko. Denbora hartu, ugari irakurri, gogoeta luzeak (ez naiz ausartzen “sakonak” esatera) eta euskara izaten dira nire osagaiak, emariak idazlan moduan jaulkitzeko.

Zuzeneko ikerketarik nekez egin lezake ni bezalako batek. Intuizioak eta bizi-esperientziak erakusten digutena aprobetxatuz edo liburuetan saiatuta lortzen dugu oinez ibiltzea. Baina korrika egiteko pretentsiorik gabe. Oraingo honetan, José Luis San Miguel de Pablos-en (aurreantzean SMP) ‘La rebelión de la consciencia’ izango dute sostengu nagusi nire ideia eta iritziek.

Azkenik, lan hauek neure kontsumorako eginak izaten dira. Printzipioz, inon publikatzeko asmorik gabe eginak. Gero, askotan, ordea, nire blogean bederen ipintzea deliberatzen dut, gehienetan norbaiti irakurtzeko eman eta hark animatuta. «Hau ere baliteke denborarekin hor azaltzea».

Cogito, ergo sum

Konbentziturik nago —eta hau ez da oraingo gogoeta soilik, aspalditik datorrena baizik— Descartesen silogismo haren premisei buelta eman beharko geniekeela, eta honela enuntziatu: “Sum, ergo cogito”. Nire ustez, edozein ‘pentsamenduren’ aurretik dago ‘izatea’. Beste kontu bat da ‘pensamendua’ eta ‘kontzientzia’ gauza bera diren ala ez. Hori jakiteko, itxaron egin beharko dugu. Aurrera egin ahala, beste batzuek zer dioten ikusi arte. Dena den, intuizioz, eta gogoetei kasu eginez gero, esango nuke ez direla gauza bat eta bera. Esate baterako, gu ez gara pentsamendua, lekuko kontzienteak baizik, pentsamendu horren kontzientzia. Edo, hobeto esan, kontzientziaren “pantailan” igarotzen da pentsamendua, gu lekukoak izanik. Gauzatxo bat: pentsatzeari uzten diogunean, zer gara? Ez al dugu izaten jarraitzen? Beraz, ez dut uste gehiegi esatea denik gure benetako identitatea ‘izan’ dela esatea.

Gizakia goren mailako eta beste guztietatik aparteko kontsideratu izan da, arrazoimena eta pentsamendua bereak bakarrik direla argudiaturik. Mendebaldean, nolabait esateko, gizakia erauzi egin da naturatik. Ez zaio utzi, adibidez, animaliekin afektua trukatzen, eta, tamalez, negargarri tratatu izan ditugu abereak, orain hori asko aldatu bada ere. Mendebaldeko korronte espiritualistei ezinezkoa zaie “kontzientzia hutsa”, kontzientzia purua onartzea. Dena objektu bihurtzeko joerak erruz erasaten dio biziari. Zerbait badela sinesteko, ikusi eta ukitu daukagu egin beharra, san Tomasen antzera. Zientzia naturalak aztertzen duena ez da kanpokoa baino, enpirikoki baiezta edo gezurta daitekeena. Esan daiteke, gainera, zientziak aztertzen duena ez dela esperientzia osoa, baizik eta sentsorialki atzeman daitekeena.

Zein da metodoa errealitatea aztertzeko? SMPen hitzetan, gure zentzumenak kriseiluak dira. Kriseilu horien argitan behatzen dugu errealitatea, eta datuak kontzientziara igarotzen dira. Hor sintetizatu eta elaboratzen dira. Zentzumenen jarraipena dira gizakiak errealitatea aztertzeko sortu dituen aparatuak ere; adibidez, mikroskopioa. Hauxe litzateke prozesua: kanpoko errealitatearen seinale sentikorrak, zentzumen-organoak eta instrumentala, neuronen transmisioa, garunaren sintesi sentsoriala, elaborazio mentala, kontzientzia hartzea.

Esta entrada fue publicada en 1 Ez-bi antologia y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s