Biziaren kredoa

Bizia luza daiteke baina, maiz asko, bizi-kalitatea ez dator bat luzatze soilarekin

Sinesten dut egunen batean hilko naizela, eta ikusten dut gero eta gertuago nagoela piramidearen erpinetik, gizakiak azken arnasa ematen duen gailurretik. Sinesten dut erraustu eta nire errautsek bat egingo dutela lurrarekin. Uste dut, hiltzeak ‘pereza’ ematen badit, egoaren amarruz munduari eta munduko gauzei lotuegi nagoelako dela. Sinesten dut Bizia bakarra dela, eta ni jaio aurretik ere bazela, eta ondorenean ere izango dela. Eta sinesten dut Bizi horretatik hartu zuela forma nireak, eta, berriro, horra itzuliko dela, olatua itsasotik irten eta itsasora itzultzen den eran.

Sinesten dut Unamuno gaizki epaitua izan zela; hemen behintzat, ez zela epaitu gauza bakar batengatik baino. Iruditzen zait heriotzaren gainean bi gauza ‘genial’ esan zituela: “Heriotzak ez dituela hurrik ere kezkatzen esaten dizutenak, edo gezurretan ari dira edo babo hutsak dira, kartoizko arima dutenak”. Eta bigarren, honako esaldi adar-oker hau bota zuen: “Ez dut hil nahi, eta ez dut hori nahi izaterik ere nahi”. Hilezkortasunaren irrikak aterarazten dio garrasi ozen hori. Sinesten dut Unamunok, gaur egun bizi izan balitz, planteamendu errealistagoa egingo zukeela; geroarekin estutu eta borrokan ibili gabe, presentean hobeto kokatzen jakingo zuela, edo presentean aurkituko zuela hilezkortasuna.

Sinesten dut, gaurko aurrerapen teknikoei esker, bizia luza daitekeela, baina, maiz asko, bizi-kalitatea ez datorrela bat luzatze soilarekin. Helburua luzatze hutsa denean, are makurragoa suertatzen da heriotza. Ondorioz, gutxi mintzatuko gara heriotzaz, ospitale eta tanatorioetako estetikaren pean gorderik. Baina sinesten dut heriotza ‘asumiturik’ ez duena nekez biziko dela asebete, beti suaren eta uraren alderdi txarrak azpimarratu eta arranguratzen denaren antzera. Beraz, heriotza, jaiotza bezalaxe, biziaren parte dela ikusten duenak abantaila handia kentzen digu.

Sinesten dut, heriotzaren aurrean, batez ere ezustekoa bada, zenbait berehala hasten dela galdezka edo jainkoari deika: “Baina guri zergatik?”. Galdera absurdoa da, jarrera ulergarria bada ere. Eta horrelako galderek ihes egiten digute, ezer ere ulertu ez dugulako biziari, jaiotzari eta heriotzari buruz.

Sinesten dut maiatza sasoi ona dela heriotzaz mintzatzeko, eta iruditzen zait ‘Hemen’ aldizkarikoek monografiko bikaina osatu dutela heriotzaren gainean, espezialista handien eskutik, eta sinesten dut gustura irakurri eta asko ikasiko dugula.

Bai Horixe, DV: 150507

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

4 respuestas a Biziaren kredoa

  1. Kontu mamitsurik atondu diguk aspaldiko hire emanen sorta abaro honetan. Eskertzekoa duk. Mahai gainetik mokau gustagarriak bezala, idazkietatik, gustagarriak bainoago, betekadatxoa edo berdindutxua ematen dutenak izan ohi dituk pixka bat ‘plentzen’ gaituztenak. Eta, ‘Bai Horixe’, maiatzalde honetan ‘mahaiatzean’ edo ondoko apaltxoan, barne-berdindutxorik ematen duen mokau goxorik aurkitu ahal izan diagu. Beajondaiala, motel. ‘Bai Horixe’…
    Unamuno aipatu duk, eta aspaldi batean, gozatu ederrik, eta atseden-pasaldi ederrik topatu eta hartu ahal izan nian bere idazki batzutan. Eta inoiz ahaztu ez dudan, eta gustura gogoratzen dudan esaldia jaso nioan berari: “El morir es un desnacer”… esaldia ez berehorretan, baina mamia, artean ere gogortu ta elkortu ez zaidana, berbera duk… asma ezin dudana ‘desnacer’ horrek esaten didana hitz egokiz adieraztea: bazekiat nondik doan eta zertan datzan: Olatu eta uhinaldi indartsu ta trinkoenak ere, mariagora ta mariabehera, itsaso-amaren errai bigunera xume ta goxo itzuli ohi dituk, hantxe besarkatuak jasotzeko…

    • kafarnaum dijo:

      Mila esker. Oharra: blogean irakuri baduk, azkeneko paragrafoa falta zuan; berriro irakurtzea gomendatzen diat, orain osorik ipini diat eta. Eutsi goiari. Rufino.

  2. Zoragarria!

    Jaiotzak heriotza zor!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s