Sagastia eta sagarrondoak

Sagastiak sagasti izaten jarraitzen du, sagarrondo batzuk erauzi arren, sagarrondo bakoitza sagasti osoa baita, nahiz eta arbola guztiek forma diferentea izan. Denok gara zerbait handiagoren zati, baina zatia ere ‘dena’ da. Forma diferenteak ez du esan nahi azken hondoan bat ez direnik (urrezko katea eta urrezko eraztuna, formak forma, azken hondoan urrea dira), goragoko beste ‘unitate’ batean elkartzen baitira, sagarrak ‘sagasti’ unitatean batzen diren bezalaxe. ‘Izadi’ osoko elementu guztiak sare bakarrean uztartuak gaude.

Joera handia du gizakiak bitasunak sortzeko, ‘kontrario pareak’ sortzeko. Adibidez, ‘egia’ eta ‘gezurra’… Baina horiek ere, erraz jabetuko ez garen arren, elkartuta daude goragoko unitate batean. Galtzek, eta gauza guztiek, beti aldeona eta alderantzia dituzte. Aldeonak eta alderantziak ez diete, ordea, galtzei bi izanarazten. Egiak eta gezurrak –edo zernahi kontrario parek−, espazioak eta denborak duten erlazio bera dute. Batak bestea inplikatzen du, katetoek hipotenusa eskatzen duten bezalaxe. Hizketa-modua da beste guztia, gure buruak (oraingoz) bestela funtzionatzen ez dakielako. Derrigorrezkoa du dena zatitzea.

Bestetik, badira ‘egia-gezurra’ kategorian sartzen ez diren elementuak. Esate baterako, ipuina ez da egia eta ez da gezurra; bien gainetik dago. Mitoa ez da egia eta ez da gezurra, parabola bat, edo ebanjelioa bera, ez diren bezalaxe. Aipatzen ari garen hori guztia hizkera sinbolikoa da, gizakiarentzat esanahi eta mezu transzendentalak dituena; aberatsa eta jakinduriaz betea. Hain zuzen, errorea eta hanka-sartzea izan dira horiek literalki ulertu nahi izana, mezuari eta azpian duten jakinduriari erreparatu gabe. Arriskua ere bikoitza da: literalki ulertu nahi duena, fanatismoan eroriko da; dena gezur huts dela uste duena, nihilismoan amilduko. Biak dira jarrera arriskutsu eta, nire uste apalean, kaltegarriak.

Errealitate sozial eta kultural jakin batean sortzen den edozerekin ibili behar da kontuz, hori beste paradigma batean zeharraldatzerakoan. Bi hizkuntza diferentetan eskribituriko testuekin topo egitea bezala da. Nola ulertu, egoki eta zuzen itzuli gabe?

Espazio eta denbora aldetik aski gertu ditugun adibide batzuekin jarraituko dut. Koka gaitezen XX. mendearen erdi aldean (kasik atzo goizean). Trumoia eta tximista zirenean, suari erramu bedeinkatua sartu eta atarian ur bedeinkatua bota ohi zuen gure amak. Edo maiatzaren 3an, erramu-egurrez egindako gurutzeak ipintzen ziren baserriko soro eta belardietan (kontzientzia-maila magikoaren garaiko gauzak, nahiz arrazionalismoan egon). Usadio horiek galdu direlako, nostalgiaz eta penaz egotea, hil ala biziko zerbait galdu dugulakoan, edo jokabide horri burla egitea, gure arbasoak (kasu honetan gurasoak) ezjakin eta atzeratu batzuk zirela esanez, biak dira jarrera gaitzesgarriak. Bietako edozein jarrerarekin identifikatzen bagara, gu gara ezjakinak. Sinbolismo horiek errespetatu eta ongi interpretatzea da jakintsua izatea.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a Sagastia eta sagarrondoak

  1. ona, oso ona benetan.
    eta gure herri ohiturei holan urreratzea, zoragarria!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s